213. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERRIOBEITI

Deialdia, arkitekto tekniko/aparejadore lanpostuan bitarteko kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda oposizio-lehiaketa bidez osatzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak 2022ko irailaren 30eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, administrazio-kontratuak egiteko zerrenda bat oposizio bidez osatzeko deialdiaren oinarriak onetsi ziren.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriobeitin, 2022ko urriaren 17an.–Alkatea, Raúl Julio Bator Pérez.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

Deialdi publikoa egiten da, oposizio-lehiaketaren bitartez, arkitekto tekniko/aparejadore izateko lanpostuan bitarteko administrazio-kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez osatzeko, Berriobeitiko Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

1.1. Lanpostuak B mailako lansariak izango ditu, baita plantilla organikoan jasotzen diren osagarri guztiak ere, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Berriobeitiko Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.2. Lanaldia osoa izango da eta uneoro zerbitzuaren beharretara egokituko da. Administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera. Edozein kasutan, zerbitzua lehentasunez goizeko ordutegian emateko aukera berariaz jasotzen da.

1.3. Lanpostuari dagozkion eginkizunak oro har honako hauek dira:

  • Arkitekto tekniko/aparejadoreari dagozkion eginkizunak.

Deialdi honen ondorioz izendatzen den lagunak bere mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizun eta lanak eginen ditu, zehatz-mehatz, hauek:

–Txostenak egitea honako hauei buruz: jardueratarako lizentziak, obra txikiak, mota guztietako jardueratarako irekiera lizentziak, etxebizitzen lehen okupazioko lizentziak, eta administrazio tramitazioak.

–Txostenak, inspekzioak, irizpenak, memoria baloratuak, balorazioak, azterlanak, peritazioak, analisiak, eta/edo proposamenak egitea.

–Hirigintza diziplinako txostenak (salaketak eta legezkotasuna berrezartzea eta zehapen-txostenak; betearazpen aginduak, ordezko betearazpenak), etxebizitzen, merkataritza lokalen, nabe industrialen eta bestelakoen ikuskapenak.

–Legeak ezartzen dituen epeetan lizentzia eskaeren gaineko txostenak egitea, horietan barne direla obra lizentziak, lehen okupazioko lizentziak, itxiturak, lurzatiketak, eraikuntzak, eraispenak, etab. egiteko lizentziak.

–Udal obren eta emandako lizentzien segimendua eta kontrola.

–Ingurumen ukipenen ikuskapena eta analisia eta kontrol txostenak.

–Partikularren obrak gauzatzeko faseak ikuskatzea eta kontrolatzea (zuinketa, eraikingintza, urbanizazioak onartzea, obren bukaera eta lizentzia eta jarduera).

–Lehen aipatu eginkizunetatik eratorritako txostenak egitea eta espedienteak ebaztea.

–Jendeari arreta ematea Udalak ezarritako orduetan, obren eta jardueren araudiari buruzko kontsulta orokorrei eta bereziei erantzuteko.

–Beste teknikari batzuei laguntzea eta haiekin lan egitea, txostenak, azterlanak, proiektuak, etab. prestatzen, bakoitzak bere eskumenaren barnean.

–Bere ezagupen berariazkoetan eragina duten ordenantza fiskalen eta hirigintzakoen ondorioz zerga arloan indarra duten xedapenak zehazki aplika daitezen laguntzea.

–Aholkularitza eta laguntza ematea balorazio teknikoa egin beharreko kontratazio mahaietan, bai eta Hirigintzako Informazio Batzordean ere, beharrezkoa bada.

–Bere eskumenekin lotuta dauden bilera, batzorde eta abarretara joatea eta haietan parte hartzea, bai Udaletxekoetara bai kanpokoetara, baldin eta gobernu organo eskudunari iruditzen bazaio Udalak bertan egon behar duela.

–Aurretik aipatu eginkizunetatik eratorritako azterlanak, planak, programak eta txostenak, irizpenak, balorazioak, analisiak, estatistikak, katalogoak eta proposamenak egitea. Oro har, Udalak eskatzen dion guztia, bere lanbide trebakuntzaren barnean sartzen bada.

–Esleitzen zaizkion bestelako aldi baterako eginkizunak egitea, dela arrazoi justifikatuengatik edo premiazkoengatik, edo arrazoi funtzional eta organikoengatik, Udalaren lan planetan edo interesetan ezarritako balioaniztasun irizpidea aplikatzearren.

–Segurtasun eta osasun azterlanak eta haien jarraipena egitea Udalaren garrantzia txikiko proiektu eta obretan.

–Udalaren laneko arriskuen prebentzioaren koordinazioa.

–Udalak sustatzen dituen urbanizazio eta eraikuntza lanetan segurtasun eta osasun neurriak betetzen direla berraztertzea, ikuskatzea eta esijitzea, bai eta altzarien eta instalazioen mantentze eta berrezartze lanetan ere.

–Bere alorreko giza baliabideak kudeatzea eta bere kargura dauden zerbitzu anitzetako langileak koordinatzea (obretakoak, lorezainak, etxezainak, garbiketakoak), elkarlana behar den jardueretan.

–Hiriko, kaleetako, urbanizazio elementuen eta azpiegituren mantentze-lanen eta hiri altzarien, lorategien eta kale garbiketaren plangintza eta jarraipena.

–Hirigintzako, obretako, lorategietako eta oro har garbiketa planetako txostenak, ikuskapenak, irizpenak, memoria baloratuak, balorazioak, azterlanak, analisiak, eta proposamenak egitea.

–Udal eraikinen, lokalen eta zerbitzuen mantentze lanak kontrolatu, programatu eta ikuskatzea, horien alderdi teknikoak eta eraikuntza alderdiak, eta segurtasun, osasun, eragimen eta hobekuntza energetikoaren neurriak, eta irisgarritasuna eta egoerari dagozkienak.

–Laguntzea baldintza-agiriak egiten obra-kontratuetarako, makineria, materialak, hornidurak, altzariak eta abarrak erosteko, zerbitzu anitzen arloan.

–Zerbitzu anitzen aurrekontua kudeatzea, haiei eragiten dieten gastuak ontzat ematea, bai eta hornitzaileekin harremana izatea eta kontratatutako obrak ikuskatzea eta obrak ziurtatzea ere.

–Aipatuez gain, bestelako zereginak beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkionak.

2.–Baldintzak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek, aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.1.2. Arkitekto tekniko/aparejadorearen tituluaren jabe izatea edo Eraikuntzaren ingeniaritza gradu tituluarena, edo horien baliokidea, arkitekto teknikoaren eskumenak betetzeko, eta kasu horretan harekin batera aurkeztu behar da aipatu baliokidetza frogatzen duen ziurtagiria, erakunde eskudunak luzaturikoa, edo eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

2.1.3. Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

2.1.4. Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.5. Ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, B motakoa.

2.2. Oinarri honen 2.1.2) apartatuan eskatzen diren titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 32.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

2.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Berriobeitiko Udaleko Erregistro Orokorrean (Udaletxe plaza 1) aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 15 egun naturaleko epean, azken eguneko 14:00ak arte, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Berriobeitiko Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Berriobeitiko Udalaren egoitza elektronikoan dago (https://sedeelectronica.berrioplano.es/eu/). Kasu horretan, parte hartzeko eskabide berariazkoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eransteko, Erregistro Orokor Elektronikoan artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

3.2. Eskabideak II. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio. Horiek Udaleko bulego orokorretan eskura daitezke, baita Interneten ere, www.berrioplano.es/eu helbidean. Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.3. Eskabidearekin batera, izangaiek nortasun agiri nazionalaren kopia aurkeztu behar dute, baita titulazioaren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak eta lehiaketako baremazioan kontuan hartzea nahi dituztenak ere, hau da, 2.1.2) oinarriko titulazioaren fotokopia aurkeztuz, edo hura lortzeko eskubideak eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehenago ordaindu izanaren frogagiriarena, eta gainerako dokumentazioarena.

3.4. Azterketarako eskubideen tasa honako kontu hauetako batean ordaindu izanaren frogagiria:

ES78 3008 0078 4107 0326 6023 (Nafarroako Rural Kutxa).

ES49 2100 5184 5921 0015 8629 (CaixaBank).

Ordaindu beharreko zenbatekoa 16,36 eurokoa izango da oro har.

Azterketarako eskubideen tasa ordaintzen ez bada edo, frogagiria aurkezten ez bada, kasua zein den, izangaia baztertu egingo da.

3.5. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek aurkeztu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria, organo eskudunak emana. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

3.6. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Behin-behineko zerrendak: eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Berriobeitiko Udaleko alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du Berriobeitiko Udaleko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian (www.berriobeiti.es/eu) argitara dadila.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Izangai baztertuek 5 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.2. Behin betiko zerrendak: erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du www.berrioplano.es/eu Udalaren webgunean eta iragarki-taulan bakarrik argitaratzeko. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da proba zer leku, egun eta ordutan eginen den.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere esku daukana azterturik, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek galduko dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako ondorioetarako (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

5.–Oposizioaldia: 75 puntu.

Oposizioak honako proba hau izanen du; haren bidez, lanpostuko jardueraz izangaiak dituen ezagutzak baloratuko dira.

Test motako galdetegi bat erantzun beharko da idatziz, eranskineko gaiei eta oinarrizko alderdi teknikoei buruzkoa. Gehienez ere 75 puntu lor daitezke, eta bazterturik geldituko dira 37,5 puntura iristen ez diren izangaiak. Erantzun okerrek penalizazioa ekarriko dute, epaimahaiak erabakitzen duenaren arabera, eta azterketa egunean jakinaraziko da.

Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Baztertuta geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

Hautaproba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenendako bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

6.–Lehiaketa: 25 puntu.

Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu, honako merezimenduen baremoaren arabera. Merezimendu guztiak alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, hautapen prozedura honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

6.1. Lehiaketaldian, 25 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

6.2. 3.3 apartatuan ezarritakoari jarraikiz alegatu eta frogatutako merezimenduak honako baremo honen arabera puntuatuko dira:

a) Lanbide-esperientzia (20 puntu gehienez).

–Administrazio publikoetan arkitekto tekniko edo arkitekto tekniko/aparejadore gisa egindako lanengatik: 5 puntu urte bakoitzeko. Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

–Entitate ez publikoetan arkitekto tekniko/aparejadore gisa egindako lanengatik: 2 puntu urte bakoitzeko. Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

b) Euskaraz jakiteagatik (gehienez ere 5 puntu). Ofizialki egiaztatutako euskararen ezagutza-erakundeek emandako ziurtagiria edo titulua izateagatik:

–A1 maila, Europako erreferentzia esparruaren arabera: 1 puntu.

–A2 maila, Europako erreferentzia esparruaren arabera: 2 puntu.

–B1 maila, Europako erreferentzia esparruaren arabera: 3 puntu.

–B2 maila, Europako erreferentzia esparruaren arabera: 4 puntu.

–C1 maila, Europako erreferentzia esparruaren arabera: 5 puntu.

Merezimenduak egiaztatzeko sistema honako hau izango da:

Lanbide-esperientzia egiaztatzea: administrazio publikoetan, lan egindako administrazioko organo eskudunak emandako zerbitzuen ziurtagiria aurkeztuz. Hartan zehaztuko da lanean emandako denbora zehatza eta zein lanpostu zehatzetan.

Erakunde ez publikoetan, dagokien kontratuen, enpresa agirien edo nominen bidez; nolanahi, eskumena duen erakunde ofizialak emandako lan bizitza edo Gizarte Segurantzako alta eta bajen agiria aurkeztuko da.

Merezimenduen balorazioa eginda, jendaurrean jarriko dira emaitzak Berriobeitiko Udalaren iragarki-taulan eta web orrian (www.berriobeiti.es/eu).

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Raúl Julio Bator Pérez, Berriobeitiko Udaleko alkatea.

Ordezko epaimahaiburua: eskuordetza ematen zaiona.

1.–Mahaikidea: David Azcona Ruiz de Galarreta, Berriobeitiko Udaleko arkitektoa.

1.–Ordezko mahaikidea: eskuordetza ematen zaiona.

2.–Mahaikidea: Marta Pérez Corella, EEBBko arkitekto tekniko/aparejadorea.

2.–Ordezko mahaikidea: eskuordetza ematen zaiona.

3.–Mahaikidea: Silvia Barbarin Gómez, Berriobeitiko Udaleko arkitektoa/hirigintzako aholkularia.

3.–Ordezko mahaikidea: eskuordetza ematen zaiona.

4.–Mahaikide-idazkaria: Idoia Suárez Urrutia, Berriobeitiko Udaleko idazkaria.

4.–Ordezko mahaikide-idazkaria: eskuordetza ematen zaiona.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, gertatzen direnean urriaren 1eko 39/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Halaber, zilegi da epaimahaia osatzen duten kideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean. Abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio epaimahaiaren konposizioa aldatzen bada, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren arazoak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

8.–Emaitzak.

8.1. Parte hartzen dutenen artean gertatzen diren berdinketak kalifikazio epaimahaiak ebatziko ditu, berariaz antolatzen duen jendaurreko zozketa baten bidez. Zozketaren emaitzak web-orrian (deialdiaren aipuan) eta Berriobeitiko Udaleko iragarki-taulan argitaratuko dira.

8.2. Proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Berriobeitiko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.berriobeiti.es/eu) jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.

8.3. Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera jarria, Tokiko Gobernu Batzarrari bidaliko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, onets dezan.

9.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

9.1. Gainditu duten izangaiei Berriobeitiko Udalean gertatzen diren beharren arabera egingo zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Orobat, kontratazio horiek egiterakoan kontuan hartuko da aldi baterako langileak kontratatzeko zerrendak kudeatzeko Berriobeitiko Udalak onetsitako erregelamenduan ezarritakoa. Behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak egiaztatzea Berriobeitiko Udalari dagokio.

9.3. Lokalizatzeko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

9.4. Aldi baterako kontratazioa egin behar denean lanpostu baterako, dei eginen zaio une horretan zerrendako lehen lekuan dagoen izangaiari.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo, bestela, gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–1/2017 Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena: hirigintzako lizentziak. Lizentzia behar duten egintzak. Eskumena eta prozedura. Eraginkortasuna. Iraungitze-data. Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzak. Exekuzio-aginduak eta udalaren ordezko exekuzioak. Aurri-adierazpena eta motak.

2.–Eraikingintzaren Kode Teknikoa-DB-SI Oinarrizko Dokumentua, Suteetarako Oinarrizko Segurtasuna.

3.–2267/2004 Errege Dekretua, abenduaren 3koa, Industriako establezimenduen suteen kontrako segurtasunerako erregelamendua onesten duena.

4.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena.

5.–26/2022 Foru Dekretua, martxoaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen erregelamendua (http://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5485).

6.–142/2004 Foru Dekretua, martxoaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena. Urtarrilaren 16ko 5/2006 Foru Dekretuak aldatu zuen.

7.–Uztailaren 23ko TMA/851/2021 Agindua, zeinaren bidez garatzen baita irisgarritasuneko eta diskriminaziorik ezeko baldintza oinarrizkoen agiri teknikoa, espazio publiko urbanizatuak eskuragarri eta erabilgarri egon daitezen.

8.–Segurtasuna eta osasuna obretan. 1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa, eta hura aldatzen edo osatzen duten arauak. Segurtasunari eta osasunari buruzko azterketak. Laneko segurtasun eta osasun plana. Segurtasunaren eta osasunaren arteko koordinazioa. Esku hartzen duten eragileen betebeharrak. Gorabeheren liburua. Aurretiazko abisua. Eranskinak.

9.–Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak. Nafarroan aplikagarria den araudia: Foru Legea, katalogoa, erregulazioa ordutegiei, hotsei eta dardarei buruz.

II. ERANSKINA

Eskabide eredu ofiziala (DOC).

Iragarkiaren kodea: L2213688