213. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

110/2022 FORU AGINDUA, urriaren 18koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira "Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga. Autolikidazioa" izeneko 587 eredua eta "Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga. Itzulketa eskaera" izeneko A23 eredua, eta arautzen baitira lurralde-erregistroko inskripzioa eta izakinen kontabilitatea eramatea.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 36. artikuluak ezartzen du, Nafarroak, Berotegi Efektuko Gas Fluordunen gaineko Zergaren esparruan, Estatuko lurraldean unean-unean indarrean dauden arau substantibo eta formal berberak aplikatu behar dituela, baina aitorpen- eta sarrera-ereduak onets ditzakeela, gutxienez lurralde erkideko datu berberak dituztenak, eta likidazio-aldi bakoitzerako sarrera-epeak adieraz ditzakeela, Estatuko Administrazioak ezarritakoen oso bestelakoak ez direnak.

Tributu kudeaketarako ahalmen horretaz baliatuz, Nafarroak onetsi du 5/2022 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 31koa, Tributu Harmonizazioari buruzkoa, martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen bigarren artikulua aldatzen duena. Haren bidez, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga arautu ziren. Arau honek berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren funtsezko foru-erregulazioa Estatuan indarrean dagoen araudira egokitzen du. Estatuan, ingurumen-fiskalitatearen arloan zenbait neurri ezarri eta beste zerga- eta finantza-neurri batzuk hartzen dituen urriaren 29ko 16/2013 Legearen 5. artikuluak arautzen du zerga. Lege hori berriki aldatu du Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea aldatzen duen uztailaren 8ko 14/2022 Legearen azken xedapenetako lehenengoak, kontratazio publikoan mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen (ETE) estatistikak arautzeko.

Egindako aldaketek zergaren funtsezko elementuei eragiten diete, hala nola zergapeko egitateari, zergadunei, sortzapenari eta likidazio-aldiari.

Foru arau honen xedea da, lehenik eta behin, zergaren autolikidazio-eredua onestea, zergaren konfigurazio berriaren arabera. 587 eredu honek Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abuztuaren 12ko 12/2015 Foru Aginduaren bidez onartutako 587 eredua ordezten du.

Bigarrenik, foru arau honek zerga-itzulketaren eskaera (A23 eredua) onesten du, martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen bigarren artikuluko hamalaugarren apartatuan jasotako kasuetarako.

Azkenik, 11/2015 Foru Legearen bigarren artikuluko hamabosgarren apartatuko 3. eta 4. zenbakiek ezartzen dituzten betebeharrak garatzen ditu, lurralde-erregistroan inskribatzeko eta izakinen kontabilitatea eramateko.

Martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen bigarren artikuluaren hamalaugarren apartatuan eta hamabosgarren apartatuaren 2., 3. eta 4. zenbakietan emandako gaikuntzak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. 587 eta A23 ereduen onespena.

1. Onesten da "Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga. Autolikidazioa" izeneko 587 eredua, zeinaren edukia foru agindu honen I. eranskinean bildu baita.

2. Onesten da "Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga. Itzulketa eskaera", zeinaren edukia foru agindu honen II. eranskinean bildu baita.

2. artikulua. 587 eredua aurkeztera behartutakoak eta epeak.

1. Zergaren xede diren gasak fabrikatzen dituztenek edo Europar Batasunaren barnean eskuratzen dituztenek eta gas fluordunen biltegizainek 587 eredua aurkeztu behar dute eta horren ondoriozko zerga-zorraren zenbatekoa ordaindu. Inportazioetan, aduana-zorrerako aurreikusitako moduan likidatuko da zerga, aduana-araudian xedatutakoaren arabera.

2. Aurreko apartatuan xedatutako betebeharretik salbuetsita daude Europar Batasunaren barnean zergaren xede diren gasak eskuratzen dituztenak, ordaindu beharreko kuota ez den likidazio-aldietan.

3. Likidazio-aldia bukatu eta hurrengo hilabetearen 1etik 20ra bitartean aurkeztuko da 587 eredua eta, hala badagokio, zerga-zorra ordainduko da. Ondorio horietarako, likidazio-aldia hiruhileko naturalarekin bat etorriko da.

4. Martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen bidez arautu ziren energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga. Foru lege horren bigarren artikuluko hamalaugarren apartatuko 3. zenbakian aurreikusitakoaren arabera, urte naturaleko azken likidazio-aldian sortutako kuoten zenbatekoa gainditzen duten kenkari-zenbatekoak dituzten zergadunek eska dezakete beraien alde dagoen saldoa itzultzea likidazio-aldi horri dagokion 587 eredua aurkeztuz.

3. artikulua. A23 eredua aurkezteko ahalmena dutenak eta epeak.

1. Inportatzaileek eta eskuratzaileek, 11/2015 Foru Legearen bigarren artikuluko hamalaugarren apartatuko 1. zenbakian aipatutakoek, ordaindutako zergaren zenbatekoa itzultzeko eska dezakete; horretarako, A23 eredua aurkeztuko dute.

2. A23 eredua aurkeztu beharko da, 11/2015 Foru Legearen bigarren artikuluko lehen zenbakian deskribatutako egitateak izan direla egiaztatzen duten frogagiriekin batera, eta eskatutako itzulketari dagokion zerga ordaintzea.

3. A23 eredua aurkeztu beharko da itzulketa-eskaera eragin duten gertakariak gertatu diren hiruhilekoa amaitu eta hurrengo hilabetearen 1etik 20ra bitartean.

4. artikulua. 587 eta A23 ereduak aurkezteko modua, baldintza orokorrak eta prozedura.

587 eta A23 ereduak nahitaez aurkeztu beharko dira bide elektronikoz, Internet bidez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera. Agindu horretan, zenbait zerga-aitorpen telematikoz edo ordenagailuz irakurtzeko moduko euskarrian aurkezteko kasuak arautzen dira.

587 eredua aurkezteko eta, hala badagokio, zerga-zorra ordaintzeko betebeharra Nafarroako Foru Ogasunean bete beharko du zergapekoek beren jarduera garatzen duten Nafarroan kokatutako establezimendu bakoitzak. Subjektu pasiboa Nafarroan establezimendu bat baino gehiagoren titularra denean, Nafarroako Foru Ogasunak baimena emanen dio autolikidazio zentralizatu bakarra aurkezteko eta ordaintzeko baimendutako erakunde laguntzaile batean. Europako Erkidego barneko eskuratzaileen kasuan, 587 eredua aurkezteko eta, hala badagokio, zerga-zorra ordaintzeko betebeharra zerga-egoitzari dagokion bulego kudeatzailean bete beharko da.

5. artikulua. Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga lurralde-erregistroan inskribatzea eta inskripzio-txartelaren eredua onartzea.

1. Arauz aurreikusitako baldintzetan, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren lurralde-erregistroan inskribatzeko eskatu beharko dute zergadunek eta zerga aplikatzen den lurraldean finkatuta ez dauden zergadunen ordezkariek, zerga horrekin dituzten betebeharrei dagokienez zerga-administrazioaren aurrean ordezka ditzaten.

2. Aurreko apartatuan xedatutako inskripzio-betebeharretik salbuetsita daude operadore ekonomikoak ez diren inportatzaileak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko 952/2013 (EB) Erregelamenduaren 5.5 artikuluan aurreikusitako definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez Batasuneko Aduana Kodea ezarri zen.

3. Oro har, aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera lurralde-erregistroan inskribatu behar diren pertsonek edo erakundeek alta emanda egon beharko dute garatu beharreko jardueraren ekonomia-jardueren gaineko zergari dagokion epigrafean, eta eskaera bat aurkeztu beharko dute dagokion kudeaketa-bulegoan, honako hauek jasota:

a) Eskatzailearen izen-deiturak edo sozietate-izena, helbide fiskala eta identifikazio fiskaleko zenbakia, eta, hala dagokionean, ordezkariarenak, ordezkaritza hori frogatzen duen dokumentazioarekin batera.

b) Non dagoen kokatua jarduera gauzatzen duen establezimendua. Adierazi behar dira helbidea (hala badagokio, partzela-zenbakia), herria eta instalazioak edozein tituluren bidez edukitzeko eskubidearen ziurtagiria.

Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Zerga honen xede diren produktuetarako gaitasuna egiaztatzen duten agiriak, eskagarriak badira.

b) Gas fluordunen biltegizainei dagokienez, 11/2015 Foru Legearen bigarren artikuluko zortzigarren apartatuko 4. zenbakian aipatzen den araubidea aplikatuz zergaren xede diren gasak eskuratzen dituen kudeaketa-bulegoaren baimena.

c) Inportatzaileei dagokienez, F-GASen aldez aurreko baimena eskatuko da inportatzaileari eskagarria zaion kasuetan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 517/2014 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera.

4. Jarduera hasi aurretik egin beharko da inskripzio-eskaera lurralde-erregistroan; elektronikoki egin behar da, Nafarroako Foru Ogasunaren webguneko Erregistro Orokor Elektronikoan. Artikulu honek indarra hartu aurretik hasi badira jarduerak, inskripzio-eskaera indarra hartu eta hurrengo hilabetean zehar egin beharko da.

5. Eskaera jaso eta behar den espedientea tramitatu ondoren, kudeaketa bulegoak erabakiko du, hala badagokio, zergaren lurralde-erregistroan inskribatzea.

Inskripzioaren erabakia interesdunari jakinaraziko zaio eta, harekin batera, inskripzioa egiaztatzen duen txartela igorriko zaio (hartan gas fluordunak identifikatzeko GFK kodea agertuko da).

6. Onesten da lurralde-erregistroko inskripzio-txartelaren eredua, zeina foru agindu honen III. eranskinekoa baita).

6. artikulua. Berotegi-efektuko gas fluordunak identifikatzeko kodea.

1. Berotegi-efektuko gas fluordunen identifikazio-kodearekin (GFK) identifikatzen dira, zergak ordaintzeari begira, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren lurralde-erregistroan inskribatutakoak.

2. Kodeak 13 karaktere izanen ditu, arauz xedatutakoaren arabera banatuak.

3. Zergapekoek jarduera bezainbat GFK izan beharko dituzte eta, hala badagokio, beren jarduera garatzeko erabilitako establezimendu bezainbat. Salbuetsita daude inportatzaileak eta zergaren xede diren gasen Europar Batasunaren barneko eskurapenak egiten dituztenak; horiek GFK bakarra izan beharko dute jarduera bakoitzeko.

4. Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren jarduera-gakoak onetsi dira, foru agindu honen IV. eranskinean jasota daudenak.

7. artikulua. Kontabilitateko betebeharrak.

1. Zergaren xede diren gasak fabrikatzen dituztenek edo Europar Batasunaren barnean eskuratzen dituztenek, bai eta gas fluordunak biltegiratzen dituztenek ere, zergaren xede diren produktuen kontabilitatea eraman beharko dute, foru agindu honen V. eranskinean jasotako edukiaren arabera.

2. Zergaren xede diren gasen Europar Batasunaren barneko eskurapenak egiten dituztenek ez dute kontabilitaterik eraman beharko Europar Batasunaren barneko eskurapenak ez egiteagatik ordaindu beharreko kuota ez den likidazio-aldietan.

3. Fabrikatzaileek, Europar Batasunaren barneko eskuratzaileek eta biltegizainek kontabilitatea dagokion likidazio-aldiaren hurrengo hilabetearen 1etik 20ra bitartean elektronikoki aurkeztu beharko dute Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian.

4. Inportatzaileak artikulu honetan xedatutako kontabilitate-betebeharretatik salbuetsita daude.

Xedapen gehigarri bakarra.–Datu pertsonalen tratamendua.

Zergapekoak bere zerga-eskubide eta -betebeharrak betetzean emandako datu pertsonalak tributu-sistema aplikatzeko erabiliko dira, eta Nafarroako Foru Ogasuna izanen da datu horien tratamenduaren arduraduna. Tratamendua bat etorriko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin. Nafarroako Gobernuaren webgunean emanen da Erregelamenduaren 13. artikuluak exijitzen duen informazioa, balizko tratamenduei eta horien gaineko eskubideen erabilerari buruzkoa.

Lehen xedapen iragankorra.–Izakinen kontabilitatea eramateko betebeharrak izanen dira Tributu Harmonizazioari buruzko abuztuaren 31ko 5/2022 Legegintzako Foru Dekretuak indarra hartzean. Legegintzako foru dekretu horren bidez aldatu zen martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legea, zeinak arautu baitzituen energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga eta kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga.

Zergaren xede diren gasak fabrikatzen dituztenek eta gas fluordunak biltegiratzen dituztenek beren izakinen kontabilitatean sartu beharko dute beren establezimenduetan 2022ko irailaren 1ean dauden berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren xede diren berotegi-efektuko gas fluordunen kopurua.

Bigarren xedapen iragankorra.–Izakinen kontabilitatea 2022ko irailean.

2022ko iraileko kontabilitatea 2022ko azken hiruhilekoari dagokion kontabilitatea aurkezteko aurreikusitako epean aurkeztu beharko da, foru agindu honen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarren xedapen iragankorra.–2022ko bigarren seihilekoari dagokion autolikidazioa.

2022ko bigarren lauhilekoari dagokion autolikidazioa aurkeztera behartuta daudenek Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abuztuaren 12ko 12/2015 Foru Aginduan ezarritako "Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga. Autolikidazioa" izeneko 587 eredua erabili beharko dute.

Laugarren xedapen iragankorra.–Berotegi-efektuko gas fluordunekin 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitartean egindako eragiketen laburpen-adierazpena.

Berotegi-efektuko gas fluordunekin egindako eragiketen laburpen-aitorpena aurkeztu behar dutenek 2023ko martxoan aurkeztu beharko dute, 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitartean egindako eragiketei dagokienez, "Berotegi-efektuko gas fluordunekin egindako eragiketen laburpen-adierazpena" izeneko 586 eredua onartzen duen Ogasun eta Finantza Politikako kontseilariaren urriaren 13ko 46/2015 Foru Aginduan ezarritako 586 ereduarekin bat etorriz. Abenduaren 27ko 1042/2013 Errege Dekretuaren bidez onartutako Berotegi-efektuko Gas Fluordunen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 5. artikuluaren arabera aurkeztu beharko da aitorpen hori.

Bosgarren xedapen iragankorra.–Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren lurralde-erregistroan jadanik inskribatuta dauden zergadunak lurralde-erregistroan alta ematea.

Interesdunak eskatuta, Nafarroako Foru Ogasunak inskribatuko ditu, gas fluordunen biltegizain gisa, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren zergadunak, baldin eta 2022ko abuztuaren 31n inskribatuta badaude berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren lurralde-erregistroan, 11/2015 Foru Legearen bigarren artikuluaren arabera. Xedapen hau aplikatuko zaie "Europar Batasunaren barneko fabrikatzaileak, inportatzaileak eta eskuratzaileak" (GF) eta "Beste birsaltzaile batzuek" (GV) identifikazio-letrekin inskribatutako pertsonei.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arau-indargabetzea.

Hirugarren eta laugarren xedapen iragankorretan ezarritakoa gorabehera, honako hauek indargabetzen dira:

1. 12/2015 Foru Agindua, abuztuaren 12koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, "Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga. Autolikidazioa" izeneko 587 eredua onesten duena.

2. 46/2015 Foru Agindua, urriaren 13koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, "Berotegi-efektuko gas fluordunekin egindako eragiketen aitorpen laburtua" izeneko 586 eredua onesten duena.

Azken xedapenetako lehena.–Helbideratu daitezkeen ereduak.

Gehitu da "Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga. Autolikidazioa" izeneko 587 eredua Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduaren eranskinean helbideratu daitezkeen artean ageri diren ereduetan; foru agindu horren bidez, hein batean garatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2022ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2021eko urriaren 18an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

I. ERANSKINA

Autolikidazio eredua

587 eredua. Berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zerga. Autolikidazioa.

Aitorpenaren edukia:

Identifikazio datuak:

Subjektu pasiboaren IFZ, deiturak eta izena edo sozietatearen izena paratu behar dira.

Subjektu pasiboak IFZ izan behar du eta egon behar du identifikatuta Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren pekoen zentsuan, gas fluordunen jarduera kodearekin (BIG). Baldintza horietakoren bat falta badu, eskatu edo alta eman beharko du eredu hau aurkeztu aurretik.

Epea:

–Urtea: aitorpena zein urteri dagokion, haren lau zifrak idatzi behar dira.

–Hiruhilekoa: aitorpena zenbatgarren hiruhilekoari dagokion jarri behar da.

Harremanetarako datuak:

Harremanetarako posta elektronikoa eta telefonoa eremuak nahitaez bete beharko dira.

Likidazioa.

Zergaren likidazioan banakatuko dira zergapetutako produktuak –produktu horiek zerga sortu dute–, baita salbuespen kasuren bat aplikatu zaien produktuak ere.

Lauki hauek beteko dira:

–"GFK" 10 laukia: zergapekoen jarduera eta, hala badagokio, hura gauzatzen den establezimendua identifikatzen dituen kodea. Hamahiru karaktere ditu.

–"Identitatea" 20 laukia: produktu bakoitzaren epigrafea, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren egoitza elektronikoan argitaratutako taulen arabera.

–"Zerga-oinarria" 40 laukia: produktuari eta likidazio-aldiari dagokiena izanen da, eta zergaren xede diren produktuen pisuaren araberakoa. Kilogramotan adieraziko da, hiru dezimalekin.

–"Zerga-tasa" 50 laukia: atmosfera berotzeko duen ahalmenaren araberakoa izanen da. Sortzapenaren unean indarrean dauden tasak aplikatuko dira, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren egoitza elektronikoan argitaratutako taulen arabera. Kilogramo bakoitzeko euro kopurua adieraziko da, bi dezimalekin. Salbuespena den kasuetan, tasa zero izanen da.

–"Kuota" 60 laukia: oinarria zerga-tasaz biderkatzearen emaitza.

–"Kuota, guztira" 03 laukia: lauki automatikoa, 60 laukien batura biltzen duena.

–"Kuota osoa" 70 laukia: kuotetako bakoitzaren batura.

–"Kenkaria" 80 laukia: aurreko likidazio-aldietan ordaindutako zergaren zenbatekoak, zeinak murrizten baitu 70 laukian aitortutako zenbatekoa, martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen bigarren artikuluko hamahirugarren apartatuko 1. zenbakian xedatutako gorabeheraren bat gertatu delako.

Kenkariaren zenbatekoa eurotan adieraziko da, bi dezimalekin.

–"Konpentsazioa" 85 laukia: aurreko likidazio-aldietan konpentsatu gabeko zenbatekoak, zeinak murrizten baitu 70 laukian aitortutako zenbatekoa, martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen bigarren artikuluko hamahirugarren apartatuko 2. zenbakian xedatutakoaren arabera.

Konpentsatu beharreko zenbatekoa eurotan adierazi behar da, bi dezimalekin.

II. eta iii. ERANSKINA

II. Eranskina.–Itzulketa eskaeraren eredua.

III. Eranskina.–Izena emateko txartela.

Deskargatu II. eta III. eranskinak dituen agiria (DOC).

IV. ERANSKINA

Jardueren gakoak

Erregelamendu bidez aurreikusitako baldintzetan, lurralde-erregistroan inskribatutako pertsonak edo erakundeak garatzen duen jardueraren identifikazio-ezaugarriak honako hauek dira:

G1: gas fluordunen fabrikatzailea.

G2: gas fluordunen eskuratzailea (Europar Batasunekoa).

G3: gas fluordunen inportatzailea.

G4: gas fluordunen biltegizaina.

G5: Espainian ezarri gabeko berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren zergadunaren ordezkaria.

V. ERANSKINA

Izakinen kontabilitatea

11/2015 Foru Legearen bigarren artikuluko hamabosgarren apartatuan xedatutakoaren arabera, zergadunek izakinen kontabilitatea eraman behar dute, bitarteko elektronikoen bidez, Nafarroako Foru Ogasunaren webgunearen bitartez eta honako eremu hauekin:

Izakinen kontabilitatea:

Idazpen-zenbakia

(1)

Kontzeptua

(2)

Gasaren identitatea

(3)

Produktuaren, ekipamenduaren edo aparatuaren identitatea

(4)

Data

(5)

Kopurua

(6)

CEP

(7)

Zerga-araubidea

(8)

Hartzailea edo Hornitzailea (9)

Hartzailea edo Hornitzailea (10)

Idazpen-zenbakia (1): dagokion likidazio-aldian korrelatiboa izan behar duen kontabilitate-idazpenaren zenbakia; fabrikatzaileen edo biltegizainen kasuan, hasierako izakinei dagokiena izanen da.

Kontzeptua (2): kontabilizatutako gertakariari dagokion kontzeptua, honako hauek bereiziz:

–Zergaren xede diren berotegi-efektuko gas fluordunen hasierako izakinak, likidazio-aldiaren hasieran, gas fluordunen fabrikatzaileek edo biltegizainek biltegiratuta (1 zenbakiarekin identifikatuta).

–Zerga honen xede diren berotegi-efektuko gas fluordunen fabrikazioa, inportazioa, Europar Batasunaren barneko eskurapena eta gainerako eskurapenak, kasuaren arabera fabrikatzaileek, Europar Batasunaren barneko erosleek edo gas fluordunen biltegizainek eginak (2 zenbakiarekin identifikatuta).

–Zergaren xede diren berotegi-efektuko gas fluordunak, kontabilizatuak eta biltegiratuak, ematea edo eskura jartzea, gas fluordunen fabrikatzaileek edo biltegizainek eginda (3 zenbakiarekin identifikatuta).

–Zergaren xede diren berotegi-efektuko gas fluordunen kontabilitateko gainerako bajak, kontabilizatuta eta biltegiratuta daudenak, gas fluordunen fabrikatzaileek edo biltegizainek egindakoak (4 zenbakiarekin identifikatuta).

Gasaren identitatea (3): zergaren xede diren berotegi-efektuko gas fluordunak identifikatzeko kodea, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren egoitza elektronikoan argitaratutako taulen arabera kontabilizatuta.

Taula horietan zergaren xede diren berotegi-efektuko gas fluordunak identifikatzen dira, berotegi-efektuko gas fluordunei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 517/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean agertzen direnak, bai eta horiek dituzten nahasteak ere.

Produktuaren, ekipamenduaren edo aparatuaren identitatea (4): zergaren xede den berotegi-efektuko fluordunak dituen produktua, ekipamendua edo aparatua identifikatzeko kodea.

Eremu hori bete behar da, baldin eta zergaren xede diren berotegi-efektuko gas fluordunak foru agindu honen VI. eranskinean zerrendatutako produktu, ekipamendu edo aparatuetan badaude.

Data (5): data, kontabilizatutako gertakariari dagokion eguna, hilabetea eta urtea adierazita.

Gas-kopurua (6): zergaren xede den berotegi-efektuko gas fluordunaren kopurua, hiru dezimalekin kilogramotan adierazi behar dena, txikiagora edo handiagora biribilduta, laugarren zifra dezimala 5etik beherakoa den ala ez kontuan hartuta.

Atmosfera berotzeko ahalmena (ABA) (7): zerga kontabilizatuaren xede den berotegi-efektuko gas fluordunaren atmosfera berotzeko ahalmena, berotegi-efektuko gas fluordunei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 517/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoaren arabera zehaztuko dena.

Atmosfera berotzeko ahalmena eurotan eta bi dezimalekin adierazi behar da, hirugarren dezimala 5etik gorakoa izan edo 5etik beherakoa izan, goitik edo behetik biribilduz, hurrenez hurren.

Zerga-araubidea (8): foru agindu honetako VII. eranskinean adierazitakoaren arabera betetzeko.

Hornitzailea edo hartzailea (9): Eremu hori kasu hauetan bakarrik bete behar da, hornitzailearen izenarekin edo izen sozialarekin: kontabilizatutako zergaren xede den berotegi-efektuko gas fluorduna inportatzen denean, erkidego barnean eskuratzen denean edo gainerako eskurapenak egiten direnean (2 zenbakiarekin identifikatutako kontzeptua), edo, hartzailearen izen sozialarekin, kontabilizatutako gasa edo nahasketa entregatzen edo eskura jartzen denean (3 zenbakiarekin identifikatutako kontzeptua).

Hornitzailea edo hartzailea (10): Eremu hori aurreko laukian adierazitako hornitzaileari edo hartzaileari dagokion IFZ, IFZ BEZ, AIZarekin bete behar da. GFKrik izanez gero, hornitzailea edo hartzailea harekin identifikatu behar da.

VI. ERANSKINA

Kontabilitate liburua. Produktuaren, ekipamenduaren edo aparatuaren identitatea

PRODUKTUA, EKIPAMENDUA EDO APARATUA

KODEA

Etxeko hozkailuak eta izozkailuak:

a

Hozteko industria-konpartimentuak eta merkataritza-instalazioak:

b

Izozteko industria-konpartimentuak eta merkataritza-instalazioak:

c

Aire girotuko ekipo eramangarriak:

d

Eraikinetako aire girotuko sistemetarako, bero-ponpetarako eta hezetasuna kentzeko gailuetarako hozte-ekipoak:

e

Turismo-ibilgailuetarako aire girotua.

f

Furgoneta, kamioi eta orga garraiatzaile-jasotzaileetarako aire girotua.

g

Karabana, autokarabana eta ibilgailu berezietarako aire girotua.

h

Autobusetarako aire girotua.

i

250 mililitroko edo gutxiagoko edukiera duten aerosolak:

j

500 mililitroko edo gutxiagoko eta 250 mililitrotik gorako edukiera duten aerosolak:

k

500 mililitrotik gorako eta 1.000 mililitroko edukiera edo hortik beherakoa duten aerosolak:

l

Ate eta ate isolatuak.

m

Apar zigilatzailea:

n

Isolamendurako poliestireno estruitua.

ñ

Hotz-ganberetarako eta izozkailuetarako panelak.

O

Esnea hozteko tangak, zeharkako hozte-sistema.

p

Esnea hozteko tangak, zeharkako hozte-sistema.

q

Bestelakoak.

r

VII. ERANSKINA

Kontabilitatea. Zerga-araubidea

11/2015 FORU LEGEAREN BIGARREN ARTIKULUA

KODEA

Zergapekoa.

Zergapekoa eta ez-salbuetsia.

a

Ez-zergapekoa: sei 1a.

ABA 150 edo txikiagoa.

b

Ez-zergapekoa: sei 1b.

Fabrikatzaileak zergaren aplikazio-lurraldetik kanpo igortzea.

c

Ez-zergapekoa: sei 1c.

Biltegizainak zergaren aplikazio-lurraldetik kanpo igortzea.

d

Salbuespena: zazpi 1a.

Eraldaketa kimikoa.

e

Salbuespena: zazpi 1b.

Suntsitzea.

f

Salbuespena: zazpi 1c.

Ekipamendu militarrak.

g

Salbuespena: zazpi 1d.

Europar Batasuneko eskuratzaileak zergaren aplikazio-lurraldetik kanpo igortzea.

h

Salbuespena: zazpi 1f.

Nazioarteko nabigazioa.

i

Araubidea: zortzi 4.

Geroratzea sortzapenean.

j

Salbuespena: hemezortzi.

Sistema elektrikoak.

k

Salbuespena: hemeretzi.

Farmazia-osagaiak.

l

Iragarkiaren kodea: F2213897