213. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

27/2022 FORU LEGEA, urriaren 11koa, Lurralde Kohesiorako eta Kultura eta Kirol Departamentuetarako aparteko kreditu bat ematen duena.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, LURRALDE KOHESIORAKO ETA KULTURA ETA KIROL DEPARTAMENTUETARAKO APARTEKO KREDITU BAT EMATEN DUENA.

HITZAURREA

Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian ikusi da finantzaketa behar dela trazadura berri bat eraikitzeko Berako Kalbario errekaren lurpeko tartean, eta ez dagoela horretarako krediturik.

Joan den urtarrilaren 10ean, euri-erauntsi baten ondoren, Kalbario errekan zulo bat egin zen erreka lurperatzen den tartearen hasieran. Horren ondorioz, urak arrastaka eraman zituen zenbait material ubidean barrena, eta horrek ekarri zuen material horiek eta emariak ibaian behera pilatzea, Plaza Zaharreko etxebizitzen multzoaren hegoaldean. Hori horrela, aipatu plazan kokatutako etxebizitzen eraikin bat aldi baterako hustu behar izan zuten, ubideak gainezka egin zuelako eta egiturak kalteak jasan zitzakeelako.

Espedientean jasota dago Herri-lanen Zuzendaritza Nagusiaren txostena, non eragindako kalteak eta egindako entseguak deskribatzen baitira, eta zera ondorioztatzen da: etxebizitzek ez dute inolako patologiarik zimenduetan, baina beharrezkotzat jotzen da berriz ere eraikitzea Kalbario errekaren bideratzearen eraispenak kaltetutako zatia.

Exekuzio-proiektu bat idatzi da Kalbario erreka lurperatzeko trazadura berria eraikitzeko obrak zehaztu daitezen.

Premiazkoa da proiektu hau gauzatzea; izan ere, erauntsiak errepikatzen badira, kalte larriak eragin ditzakete errekaren egungo egoeraren ondorioz, nabarmen murriztu baita haren ur-garraiorako gaitasuna.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian ez dago jarduketa horiek gauzatzeko finantzaketarik.

Horrenbestez, proposatzen da partida berri bat sortzea Nafarroako 2022ko gastuen aurrekontuan Lurralde Kohesioko Departamenturako, jarduketa hori diruz laguntzeko.

Bestalde, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian agerian jarri da Erriberriko El Fosal plaza eta inguruaren urbanizaziorako lan osagarriak eta Atarrabiako Nafarroako Gorteak plazako haur parkea estaltzeko lanak finantzatzeko beharra. 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legean aurrekontu partida hau jasotzen da: 710006 71500 7609 414102 "(E) Erriberriko Udalarentzako transferentzia: herri-lurretako ureztalurrak", 85.000 euroko hasierako kreditua duena. Onuraduna Erriberriko Udala da. Erriberriko Udalak Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren 316.709,57 euroko laguntza bat du "El Fosal plazaren eta inguruaren berrantolamendua eta sarbidea hobetzea, I. fasea" proiektuaren lanak finantzatzeko. Lan horiek egiterakoan, aipatu Ministerioak diruz lagundutako proiektuan aurreikusitako lanen osagarri diren beste lan batzuk egiteko beharra sortu da. Lan osagarri horiek finantzatzeko xedez, proposatzen da partida izendun bat sortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontuetan eta horri 85.000 euroko zuzkidura ematea aparteko kreditu baten bidez.

Halaber, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan honako gastuen aurrekontuko partida hau jasotzen da: 210001 21300 7609 45B146 (E) "Atarrabiako Udalarentzako transferentzia, Antso VI.a Jakituna plaza, haur parkea estaltzea", 40.000 euroko hasierako kredituarekin. Onuraduna Atarrabiako Udala da. Ikusi da ezinezkoa dela teknikoki Atarrabiako Antso VI.a Jakituna plazako haur parkea estaltzeko inbertsioari ekitea, alde horretan lur azpiko aparkaleku bat dagoelako eta horrek eragozten duelako estalduraren egiturak behar dituen zimenduak egitea. Hala, Atarrabiako Nafarroako Gorteen plazako haur parkea estaltzeko beharra sortu da, eta horretarako proposatzen da partida izendun bat sortzea Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian eta 40.000 euroko zuzkidura ematea aparteko kreditu baten bidez.

Aurreko guztia ikusirik, aipatu inbertsioak ezin dira hurrengo ekitaldira atzeratu, eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak ez du finantzabiderik horiek egin ahal izateko. Hori dela eta, proposatzen da Nafarroako 2022rako gastuen aurrekontuan partida bana sortzea Lurralde Kohesiorako Departamentuan.

Azkenik, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan honako gastuen aurrekontuko partida hau jasotzen da: A50001 A5400 7609 336154 (E) "Lapoblación-Meanoko Udalarentzako transferentzia, Meanoko pilotalekua egiteko 2. faserako", 30.000 euroko hasierako kredituarekin. Onuraduna Lapoblación-Meanoko Udala da. Egiaztatu da ezinezkoa dela aipatu inbertsioa bere osotasunean egitea; izan ere, partidaren xede den frontoiaren lehenengo faserik ez dago. Bada aukera inbertsio horren fase bati ekiteko eta, hori dela eta, proposatzen da xede horretarako partida izendun bat sortzea Nafarroako Kirolaren Institutuan, 30.000 eurokoa, aparteko kreditu batekin finantzatuko dena.

Inbertsio hori ezin da beste ekitaldi batera atzeratu eta Nafarroako Kirolaren Institutuak ez dauka egin ahal izateko finantzaketarik. Hori dela eta, proposatzen da Nafarroako 2022rako gastuen aurrekontuan partida bat sortzea Kultura eta Kirol Departamentuan.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 48. artikuluaren lehen paragrafoak ezartzen du ezen, hurrengo ekitaldira arte berandutu ezin den gasturen bat aurrekontu indardunaren kargura egin behar bada horretarako krediturik egon gabe, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, foru lege proiektu bat bidaliko diola Nafarroako Parlamentuari, aparteko kreditu bat emateko. Bigarren paragrafoak xedatzen duenez, aparteko kreditu hori ekitaldi ekonomiko bereko diru-sarrera handiagoen kontura finantzatzen ahalko da, diru-sarrera horiek errealak edo aurreikusiak direla ere.

Era berean, foru lege bidez partida izendunak sortzeak udal horiei laguntzak zuzenean ematea ahalbidetzen du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.2.a) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

1. artikulua. Aparteko kreditu bat ematea Lurralde Kohesiorako Departamenturako.

2022ko ekitaldian 623.000 euroko kreditu bat ematen da, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren beharrak finantzatzeko.

Kreditu hori aurrekontuko partida honi aplikatuko zaio:

PARTIDA

ZENBATEKOA

210001 21300 7609 452300 Kalbario errekaren trazadura berria Beran

498.000 euro

210001 21300 7609 261679 Erriberriko Udala. El Fosal plaza eta inguruaren urbanizaziorako lan osagarriak

85.000 euro

210001 21300 7609 45B166 Atarrabiako Udala. Nafarroako Gorteak plazako haur parkea estaltzea

40.000 euro

2. artikulua. Lurralde Kohesiorako Departamenturako aparteko kredituaren finantzaketa.

623.000 euroko aparteko kreditu hori finantzatuko da indarrean dagoen gastu aurrekontuko "Itzulketak" izeneko 110003 11500 3800 000000 partidan dagoen kreditu erabilgarriaren kargura 498.000 euroko zenbatekoz, 85.000 euroko kreditu erabilgarria duen 710006 71500 7609 414102 "(E) Erriberriko Udalarentzako transferentzia: herri-lurretako ureztalurrak" partidaren kargura, eta 40.000 euroko kreditu erabilgarria duen 210001 21300 7609 45B146 (E) "Atarrabiako Udalarentzako transferentzia, Antso VI.a Jakituna plaza, haur parkea estaltzea" partidaren kargura.

3. artikulua. Aparteko kreditu bat ematea Kultura eta Kirol Departamenturako.

2022ko ekitaldian 30.000 euroko kreditu bat ematen da, Kultura eta Kirol Departamentuaren beharrak finantzatzeko.

Kreditu hori aurrekontuko partida honi aplikatuko zaio:

PARTIDA

ZENBATEKOA

A50001 A5400 7609 336154 Lapoblación-Meanoko frontoia estaltzeko eta beste jarduketa batzuk egiteko proiektuaren idazketa.

30.000 euro

4. artikulua. Kultura eta Kirol Departamenturako aparteko kredituaren finantzaketa.

Aparteko kreditu honen 30.000 euroko kopurua indarrean dagoen gastu aurrekontuko "Lapoblación-Meanoko Udalarentzako transferentzia, Meanoko pilotalekua egiteko 2. faserako" izeneko partidan dagoen kreditu erabilgarriaren kargura finantzatuko da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko urriaren 11n.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2213579