211. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LODOSA

Ordenantza, Udalaren eraikin, lokal, instalazio edo altzarien erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Lodosako Udalak, 2022ko uztailaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udalaren eraikin, lokal, instalazio edo altzarien erabilera, bai eta bakoitzari dagokion tasa ere, arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2022ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 2an.

Jendaurreko aldia, hogeita hamar egunekoa, iragan da, eta zenbait alegazio jaso dira. Azken horiek 2022ko urriaren 5eko osoko bilkuran ebatzi, eta behin betiko onetsi zen Udalaren eraikin, lokal, instalazio edo altzarien erabilera, bai eta bakoitzari dagokion tasa ere, arautzen dituen ordenantza.

Horiek horrela, ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lodosan, 2022ko urriaren 7an.–Ordezko alkatea, Laura Remirez Noguera.

ORDENANTZA, UDALAREN ERAIKIN, LOKAL, INSTALAZIO EDO ALTZARIEN ERABILERA, BAI ETA BAKOITZARI DAGOKION TASA ERE, ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea

1. artikulua. Ordenantza honen xedeko tasa ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean.

2. artikulua. Ordenantza honen helburua da udal eraikin eta lokalen erabilera arautzea eta kontzeptu horri dagokion tasa ezartzea.

3. artikulua. Ordenantza honen arauak aplikatuko zaizkie partikularrek erabil ditzaketen udal eraikin, lokal, instalazio eta altzari guztiei, ez baldin badute berariazko ordenantzarik.

4. artikulua. Udal eraikinak eta lokalak erabiltzeko interesa dutenek, Udalaren baimena eskuratu beharko dute aldez aurretik.

5. artikulua. Baimena lortzen duten eskatzaileek udal eraikin eta lokalak erabili beharko dituzte haien izaera eta xedea kontuan hartuz, haietan inolako kalte edo galerarik sortu gabe, nahiz eta higadura gerta daitekeen, zertarako eskatu zen, helburu horrekin egindako erabilera ohikoa, egokia eta arrazoizkoa dela eta.

6. artikulua. Udalaren eraikin eta lokalak ezin izanen dira inoiz erabili baimendutako helburuaz bestelakoetarako.

7. artikulua. Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabiltzaileek zainduko dute haien garbitasuna eta antolamendua. Egun bateko erabilaldiaren ondotik, altzariak eta barneko elementuak ordenatuko dituzte, eta utziko dituzte beste hartzaile batzuek berehalakoan erabiltzeko moduan.

8. artikulua. Udal eraikin eta lokalak erabili nahi dituzten pertsonek edo entitateek idatziz eskatu beharko diote Udalari, beren identifikazio datuak, beharrak, erabilera-denbora, okupatzaileen nortasuna eta kopurua eta erabileraren helburua adieraziz.

5. kategoriako jarduerei dagokienez (irabazi asmoa duten entitateak edo pertsona partikularrak), autonomoen kuotaren azken ordainagiria eskatuko da, bai eta ekonomia-jardueren gaineko zergaren altaren ziurtagiria ere.

Dokumentazio edo informazio osagarri guztia eskatzen ahalko du Udalak, egoki irizten badio eskatutakoaz ebazteko. Eskatzaileak bat baino gehiago badira, erabilera dela-eta izaten diren harremanetan, horrexetarako izendatzen den lagunarekin ariko da Udala, edo, halakorik egon ezean, eskatzaileetan lehenbizikoarekin.

Erabiltzeko eskabideak astebete lehenago aurkeztuko dira, eta irekitzeko ordutegietara eta jadanik ezarririk dagoen programaziora moldatuko dira, hala kultura etxeari nola gainerako instalazioei dagokienez.

9. artikulua. Udalburuak kasu bakoitzean bidezko jotzen duena erabakiko du, kontuan izanik eskatutako ezaugarriak dituzten eraikin edo lokalen erabilgarritasuna, okupatzaile kopurua, helburua eta erabilera-denbora.

10. artikulua. Udalak fidantza eratzeko eska dezake, legez onarturiko edozein modutan. Fidantzaren xedea izanen da udalaren eraikin, lokal eta instalazioak behar bezala erabili eta lagapenaren aurretik zeuden horretara lehengoratzeko betebeharrei erantzutea. Halaber, lagatako eraikin, lokal eta instalazioetan kalte-galerarik eragin bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da fidantza.

Fidantzaren zenbatekoa, 5. kategorian, hilabeteko tarifaren parekoa izanen da, eta gainerako kategoriak fidantzatik salbuetsirik egonen dira.

11. artikulua. Udalaren eraikinaren edo lokalaren erabilera bukatutakoan, erabiltzaileek horren berri emanen diote Udalari. Udalak nahi beste ikuskapen egin dezake, egiaztatzeko ea erabiltzaileek betetzen dituzten ezarritako betebeharrak, hala ordenantza honetakoak nola indarrean dauden gainerako legedikoak. Frogatzen bada erabiltzaileek bete dituztela ordenantza honetan ezarritako betebeharrak, ez dela kalte-galerarik izan eta ez dela zehapenik paratu behar, Udalak fidantza itzuliko du, horrelakorik eratzea eskatu baldin badu.

Kontrara gertatuz gero, bidezko diren erantzukizunak galdatuko ditu. Horrelakoetan, fidantza izanen da ordenantza honetan ezarritako betebeharrak ez betetzeak eta eragindako kalte-galerek ekarritako diru-erantzukizunak ordaintzeko.

II. KAPITULUA

Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasak

12. artikulua. Zerga-egitatea. Zerga-egitatea da pertsona fisiko nahiz juridikoek, baita, nortasun juridikoa izan ala ez, erakunde edo entitateek ere, Udalaren lizentzia eskuratu ondotik udal eraikin, lokal edo instalazioak edo hiri-altzariak erabiltzeagatik ordaindu behar den tasa.

Ez daude ordenantza honi loturik irabazi asmorik gabeko kultura, kirol edo ongintzako elkarteak, egoitza soziala Lodosan badute, edo Lodosan erroldatutako edozein pertsona fisiko, baldin eta arestian aipatu xedeetako bat badu.

13. artikulua. Subjektu pasiboak. Pertsona naturalak edo juridikoak daude behartuta ordainarazpenok ordaintzera, baldin baimena badute udal instalazioa beren intereserako eta irabazi asmoarekin erabiltzeko, besteak beste, instalazio hauek: kultura etxea, udaletxeko erabilera anitzeko gelak (1. eta 3. solairuak), musika eskolako ikasgelak eta ekitaldi aretoa, kiroldegia, El Medianil igerilekuetako jarduera aretoa.

Lokalak erreserbatzeko eskaeran adierazi beharko da zein den gauzatuko den jarduera, zein den parte-hartzaile kopuru zenbatetsia, noiz hasi eta bukatuko den jarduera, bai eta beste edozein informazio garrantzitsu ere.

14. artikulua. Erabiltzeko baimena dekretu bidez ematen den unean sortuko da ordaintzeko betebeharra.

15. artikulua. I. eranskinean agertzen dira aplikatuko diren tarifak; horiek espazioaren erabilera orduen arabera kalkulatuko dira, salbu eta ikastaro jarraituei dagozkienak, horietan hilabeteko tarifak aplikatuko baitira.

16. artikulua. Lokalen eta altzarien erabiltzaileek une oro bete beharko dituzte portaera arauak nahiz instalazioa edo altzariak erabiltzeko paratutako arauak. Eskatzailearen betebeharra izanen da udal lokala eta/edo altzariak behar bezala uztea.

17. artikulua. Eskatzaileak bere gain hartzen du lagatako espazioaren erabilerak ekarritako erantzukizun oro, eta Udalak ez du batere izanen erantzukizun subsidiariorik, higiezinaren edo espazioaren jabea izateagatik.

18. artikulua. Iruzurtzat joko da Udalaren baimenik gabe lokalean sartzea edo altzariak erabiltzea.

19. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiko zaio.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

I. ERANSKINA

KULTURA ETXEA - UDALETXEKO ERABILERA ANITZEKO GELAK - ­MUSIKA-ESKOLAKO IKASGELAK ETA EKITALDI ARETOA - KIROLDEGIA - EL MEDIANIL IGERILEKUETAKO ERABILERA ANITZEKO ARETOA

IREKITZEKO OHIKO ­ORDUTEGIA

1. kategoria: Udalak eta kasu bakoitzean zehaztuko diren beste entitate publiko batzuek, beren baliabideak erabilita, sustatu, antolatu edo koordinatzen dituzten jarduerak. Lehentasuna dute eskaera egitean eta gelaren esleipenean.

Tasarik gabe

2. kategoria: Irabazi asmorik gabeko elkarte edo erakundeek sustaturiko kultura, kirol edo ongintzako jarduerak, horiek egoitza soziala Lodosan badute, legez eratutakoak edo Udalaren babesa dutenak izanik.

Tasarik gabe

3. kategoria: Sindikatu, kooperatiba, auzo elkarte, gremioetako elkarte, eta horien gisako beste entitate batzuek, betiere irabazi asmorik ez badute eta gizarte arlokoak ez badira, beren taldeko interesak sustatu eta/edo defendatzeko jarduerak egitea (esaterako, merkatarien elkarteak, automobilismo federazioa, etab.).

4 euro orduko

4. kategoria: Irabazi asmoa duten entitate edo pertsona pribatuek antolatu edo gauzatutako jarduera puntualak.

12 euro orduko

5. kategoria: Irabazi asmoa duten entitate edo pertsona partikularrek antolatutako ikastaro jarraituak egiteko erabilera.

120 euro hilean astean 2 ordu baino gehiagoko eta gehienez 4 ordu arteko ikastaroetarako

70 euro hilean astean 2 ordura iristen ez diren ikastaroetarako

Kultura etxeko auditoriuma lagatzea lanak "txarteldegiaren kontura" antzezteko: 400 euroko kostua izanen du okupazio egun bakoitzeko, eta 200 euroko fidantza paratu beharko da.

(*) Hori, kontuan izan gabe laguntza teknikoaren, aretoko langileen, garbiketaren, txarteldegiaren eta abarren gastuak.

Iragarkiaren kodea: L2213516