211. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IGANTZI

Ordenantza, Unanuko Bordaren erabilera eta kudeaketa arautzen dituena. Behin betiko onespena

Igantziko Udalak, 2022ko abuztuaren 3an egin ohiko osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen hasiera batez onestea Unanuko Bordaren erabilera eta kudeaketa arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia argitara eman zen 2022ko 167. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 23koan, eta Igantziko Udalaren iragarki-taulan. Era berean, espedientea jendaurrean jarri zen 30 egunez, eta epe horretan ez zen alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan xedatutakoarekin, behin betiko onetsi da Unanuko Bordaren erabilera eta kudeaketa arautzen dituen ordenantza.

Beraz, argitaratu egiten da.

Igantzin, 2022ko urriaren 5ean.–Alkatea, Juankar Unanua Navarro.

UNANUKO BORDAREN ERABILERA ETA KUDEAKETA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen aplikazio-eremua Unanuko Borda izenekoa da. Borda hori Igantziko Udalak eta Igantziko Abelu Ehiza Elkarteak eraiki dute lankidetzan.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea Unanuko Bordaren erabilera eta kudeaketa, bai eta erabiltzaileei aplikatuko zaizkien eskubide eta betebeharrak ere.

3. artikulua. Abelu Ehiza Elkartearen eskubideak eta betebeharrak lagapen aldian.

1. Abelu Ehiza Elkarteak Unanuko Borda erabiltzeko eta kudeatzeko eskubide esklusiboa izanen du hegaztien migrazio denboraldian. Denboraldi hori urrian hasi ohi da, eta azaroan amaitu.

2. Elkartearen ahala izanen da Unanuko Bordari lagatzen zaion aldian egokitzat jotzen dituen erabilera eta luperketarako barne arauak ezartzea.

3. Lagapen aldian sor daitezkeen kalte-galera guztiak Abelu Ehiza Elkartearen kontura izanen dira.

4. Elkarteak, lagapen aldia amaitutakoan, Igantziko Udalari jakinaraziko dio, instalazioak entregatzeko, eta jasotako egoera berean entregatu beharko du borda.

4. artikulua. Igantziko Udalaren eskubideak eta betebeharrak lagapen aldian.

1. Igantziko Udalak bordako giltzak emanen dizkio Abelu Ehiza Elkarteari ehiza denboraldia hasi aurreko astean, garbitasun egoera ezin hobean, ehiza aterpe gisa instalazioak behar bezala egokitu ahal izateko.

2. Elkarteko bazkideek bordarako sarbide esklusiboa izan dezaten, sarrailan bonbin bat jarriko da, eta horren kopia guztiek izanen dute, Batzar Orokorrean hala erabakitzen badute.

3. Lagapen aldia amaitu ondoren, Igantziko Udalak berriro aldatuko du sarrailako bonbina, udalak berriz kudea dezan.

4. Kexak aurkezten badira, Udalaren ahala izanen da har litezkeen neurriei buruz hausnartzea, eta, hala iritziz gero, Abelu Ehiza Elkarteari borda erabiltzeko emandako lagapena indargabetzea.

5. artikulua. Borda lagapen alditik kanpo erabiltzeari buruzko gogoetak.

1. Igantzin erroldatutako bizilagunek lagapen alditik kanpo ere eskuragarri izanen dituzte Unanuko Bordaren instalazioak.

2. Instalazioak erabili ahal izateko, interesdunak aldez aurretik giltza eskatu beharko du udaletxean, jendearentzat irekita dagoen ordutegian, eta berariaz adierazi beharko du zenbat lagunekin joanen den eta zein egun eta ordutan erabiliko duen.

3. Borda erabiltzeko eskaerarekin batera, 10,00 euroko fidantza jarri beharko da bertara joanen den pertsona bakoitzeko. Fidantza hori eskatzaileari itzuliko zaio, baldin eta instalazioak aurkitu zituen baldintza berberetan badaude.

4. Bordara sartzean ikusten bada tresnaren bat hautsi dela, higatuta dagoela edo gaizki dabilela, argazkia aterako zaio, eta berehala jakinaraziko zaio udaleko arduradunen bati.

5. Instalazio eta tresna guztiak erabiltzen ahalko dira, bordaren kanpoaldean pilatuta dagoen egurra izan ezik, hura Abelu Ehiza Elkartearena baita ehiza enboraldirako.

6. Bordara eraman nahi diren elikagaiak, galkorrak, erregaiak eta garbiketakoak eskatzailearen kontura izanen dira.

7. Bordan gaua ematen ahalko da, betiere eskatzaileak hala adierazi badu eta apaintasun publikoko eta gizarte ongizateko arauak betetzen badira.

8. Ezin da musika ozen jarri instalazioetan, inguruko fauna eta flora babeste aldera.

9. Bordaren erabilera amaitutakoan, garbitasun eta ordena egoera ezin hobean utzi beharko da, beste erabiltzaileek hura baldintza berberetan erabili ahal izan dezaten, eta eskatzailearen erantzukizuna izanen da neurri hori betetzea.

10. Ezin da produktu galkorrik utzi Unanuko Bordan.

11. Istripu edo ez-egiteren baten ondorioz instalazioak hondatzen badira, eskatzaileak konpondu, ordezkatu edo ordaindu beharko ditu.

12. Lokala erabiltzeko epea amaitutakoan, giltzak Igantziko Udalera itzuliko dira hurrengo hiru egun balioduneko epean, lokalaren erabilera amaitzen denetik zenbatzen hasita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau indarrean jartzen denetik indarrik gabe geldituko dira, ez baliorik ez ondoriorik ez dutela, kontra egiten dioten xedapen edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L2213306