211. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

340E/2022 EBAZPENA, urriaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Berriobeitiko udal mugartean plastikozko gaien pintura eta dekoraziorako dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera. Instalazioaren titularra TID Técnicas Industriales en Decoración SL da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 11.6 taldean.

2022-04-26an, titularrak bere ingurumen baimen bateratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen; zehazki, II. eranskinean agertzen den zerrendako 26. eta 29. fokuen isurtze-baldintzak, ez-sistematiko bihurtu baitira.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Onartzea Berriobeitiko udal mugartean plastikozko gaien pintura eta dekoraziorako dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra TID Técnicas Industriales en Decoración, SL da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau TID Técnicas Industriales en Decoración SLri eta Berriobeitiko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2213507