210. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

334E/2022 EBAZPENA, urriaren 4koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Eguesko udal mugartean bilgarriak eta enbalajeak fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzea. Instalazioaren titularra Papeles el Carmen SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak martxoaren 23ko 694/2009 Ebazpenaren bidez emana, eta gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 197E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2022ko maiatzaren 18an, titularrak bere ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aldatzeko eskatu zuen. Zehazki, honako hauek:

–Hondakin berri hauek sartzea ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan:

  • hondakin arriskutsuak, EHZ kode hauekin: 160504*, aerosol hutsak, 120109*, olioa urarekin, 150202*, olio-iragazkiak eta xurgatzaile kutsatuak, 200121*, fluoreszenteak, 120112*, koipe erabiliak, 110105* azido fosforikoa, 110107*, sodio hidroxidoa;
  • hondakin ez-arriskutsuak, EHZ kode hauekin: 080308, uretarako tintak dituen ura eta garbitzailea, 080318, tonerren eta kartutxoen hondakina, 080410, iraungitako itsasgarriak, 150102, plastikozko bidoiak, 160509, iraungitako produktuak, eta 200101, papera eta kartoia.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

–Eta finantza-bermea kontratatzetik salbuestea, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28. artikuluan xedatutakoaren arabera. Horretarako, ingurumen arriskuen ebaluazio txosten bat erantsi zuen, aplikatu beharreko araudiarekin bat zetorrena.

Eskaera oinarritzen da titularrak, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzu honi 2021-10-14an igorri zion erantzukizunpeko adierazpenean, haren arabera uste baitu nahitaezko finantza-bermea eratzetik salbuetsita dagoela, 300.000 eta 2.000.000 euro artean dagoelako kalkulatu den kalteak konpontzeko zenbatekoa, eta UNE-EN ISO 14001 ingurumena kudeatzeko sistemara atxikita dagoelako.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta egiaztatu du operadoreak bete dituela urriaren 23ko 26/2007 Legean eta hura partzialki garatzeko erregelamenduan ezarritako baldintzak, hots, finantza-bermea zehaztu eta, hala badagokio, eratzekoak.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzea, artikulu horretan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea Eguesko udal mugartean bilgarriak eta enbalajeak fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Papeles del Carmen SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Papeles El Carmen SAri eta Eguesko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 4an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2213311