210. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

71/2022 EBAZPENA, urriaren 5ekoa, Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita Persea Nurseries SL Landareen Operadore Profesionalen Erregistroan (ROPVEG) inskribatzeko, espezie azpitropikalen ekoizle mantentzaile gisa (1.D taldea, Azpitropikalak).

Ricardo Manuel Da Sylva Pereira jaunak (NANa: Y9603134G) 2022-09-28an eskatu zuen Persea Nurseries SL enpresa Landareen Operadore Profesionalen Erregistroan inskribatzeko, 1.D taldeko (ahuakatea) ekoizle mantentzaile gisa.

Eskatzaileak aurkeztutako dokumentaziotik ondorioztatzen da ekoizpen-prozesu guztiak egiteko instalazioak Huelva probintziako nekazaritza-finka batean daudela, zehazki, Ayamonte udalerrian (15. poligonoa, 98. lurzatia).

Finka horren barruan, 12.096 metro koadro (1,2 hektarea) berotegirako erabiltzen dira, eta bertan egiten dira ekoizpenaren lehenengo faseak, hau da, haziak ernamuintzea, etiolazioa (argirik eza) eta landareen ondorengo garapen begetatiboa, baita landareen txertaketa ere. Berotegitik kanpo, 1,5 hektareako eremu bat dago, landareak egokitzeko erabiltzen dena.

Kalitate-kontrolei dagokienez, ongarritzeari eta tratamendu fitosanitarioei buruzko kontrolak daude aurreikusita. Ekoizleak langile eta baliabide egokiak ditu jarduera hori garatzeko.

Ekoizle horrek Nafarroan du egoitza soziala, eta jarduera Huelvan. Labore-ikuskapenak Andaluziako autonomia erkidegoan egin behar dira nahitaez.

Landareen Operadore Profesionalen Erregistroa ezartzen eta arautzen duen azaroaren 30eko 1054/2021 Errege Dekretuaren 13. artikuluan, ekoizle mantentzaile gisa baimentzeko baldintzak ezarrita daude.

1. taldeko ekoizle mantentzaileen kasuan –kasu honetan, hain zuzen–, ez da eskatzen eskatzaileak betetzen ez duen baldintzarik.

Hala ere, indarrean dagoen araudiak horretarako ezartzen dituen baldintzak bete behar dira, batez ere ekainaren 9ko 929/1995 Errege Dekretuan (Mintegiko fruta-arbolen landareak kontrolatu eta ziurtatzeko Erregelamendu Teknikoa onesten duena) eta Mintegiko haziak eta landareak kontrolatu eta ziurtatzeko Erregelamendu Tekniko Orokorrean jasotakoak. Hori dela eta, baimen hau ematea proposatzen du.

Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloetako eginkizunak eskualdatzeari buruzko abenduaren 18ko 2654/85 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

Adierazitakoarekin bat eta Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 28ko 16/2019 Ebazpenaren bidez emandako eskuordetzea erabiliz, ebazpen horren bidez Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariaren esku utzi baitziren indarreko araudiak Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari esleitutako nekazaritza arloko administrazio eskumen batzuk,

EBAZTEN DUT:

1.–Persea Nurseries SL enpresa (IFZ: B71459036) Landareen Operadore Profesionalen Erregistroan (ROPVEG) inskribatzea, ES15310470 kodearekin, eta baimena ematea 1.D taldeko (Azpitropikalak) ekoizle mantentzaile gisa aritzeko.

2.–Ebazpen hau interesdunari eta Nekazaritza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritzako Merkatu eta Produkzioen Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko urriaren 5ean.–Nekazaritza Zerbitzuko zuzendaria, Rubén Palacios Goñi.

Iragarkiaren kodea: F2213383