21. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1383E/2021 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen baimen integratua ematen duena Caparrosoko udalerriko esnetarako behi-aziendaren instalaziorako eta abere hondakinen digestio prozesuaren bidez hondakin organikoetatik biometanoa sortzeko plantarako. Instalazio horien titularrak honako hauek dira: VALLE DE ODIETA SCL eta HIBRIDACIÓN TERMOSOLAR NAVARRA SL.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 30eko 850E/2018 Ebazpenaren bidez ukatu egin zen VALLE DE ODIETA SCL eta HIBRIDACIÓN TERMOSOLAR NAVARRA SL enpresek Caparrosoko udalerrian dauzkaten esnetarako behi-aziendaren instalaziorako eta abere hondakinen digestio prozesuaren bidez hondakin organikoetatik biometanoa sortzeko plantarako emandako ingurumen baimen integratua funtsean aldatzea esnetarako 3.450 behi heldu eduki beharrean 7.200 edukitzeko (12 abere-nabe) eta biometanizazio plantaren funtzionamendua erregimen termofilora aldatzeko.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak abenduaren 21eko 333/2020 Epaian partez baietsi zuen HIBRIDACION TERMOSOLAR NAVARRA SL eta VALLE DE ODIETA entitateek aurkeztutako errekurtsoa:

“Partez baiesten dugu HIBRIDACION TERMOSOLAR NAVARRA SL eta VALLE DE ODIETA entitateek (ordezkaria: Carlos Hermida Santos prokuradorea; defendatzailea: Miguel Javier Echarri Iribarren abokatua) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 6ko 25E/2019 Foru Aginduaren kontra aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Foru agindu horren bidez ezetsi egin zen urriaren 30eko 850/E/2018 Ebazpenaren kontra aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa (ebazpen horrek ukatu egin zuen 2013-1-18an eskatutako funtsezko aldaketarako ingurumen baimen berria). Ondorioz:

a) Aipatu ebazpena deuseztatzen dugu, ez baita zuzenbidearen araberakoa.

b) Aitortzen dugu demandatzaileak eskatutako ingurumen baimen integratua jasotzeko eskubidea duela 2015-12-22ko ebazpen-proposamenean azaltzen den moduan. Proposamen hori baimena ematearen aldekoa da, eta baimena emateko bete beharreko baldintzak ezartzen ditu.”

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 12ko 222E/2021 Ebazpenaren bidez Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren abenduaren 21eko 333/2020 epaia betearazi zen, eta hari jarraikiz ingurumen baimen integratua eman zen VALLE DE ODIETA SCL eta HIBRIDACIÓN TERMOSOLAR NAVARRA SL enpresek Caparrosoko udalerrian dauzkaten esnetarako behi-aziendaren instalaziorako eta hondakinen biometanizazio plantarako. Instalazio horiek eta jarduerak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak ere bai.

2021eko azaroaren 22ko 163/2021 Autoaren bidez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak epaia betearazteko fasean betearazleak aurkeztutako arazo intzidentala ezetsi zuen, adierazi zuen zuzenbidez erabat deuseza zela Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 12ko 222E/2021 Ebazpena, eta demandatutako administrazioari eskatu zion betearaz zezala epaia bertan adierazten zen bezala, autoaren bigarren arrazoinamendu juridikoan azaltzen zen moduan.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 103.2 artikuluak ezartzen du alderdiek epaiak bete behar dituztela haietan ezartzen den moduan. Beraz, artikulu hori aplikatuz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ingurumen baimen integratua ematea VALLE DE ODIETA SCL eta HIBRIDACIÓN TERMOSOLAR NAVARRA SL enpresek Caparrosoko udalerrian dauzkaten esnetarako behi-aziendaren instalaziorako eta abere hondakinen digestio prozesuaren bidez hondakin organikoetatik biometanoa sortzeko plantarako. Instalazio horiek eta jarduerak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak ere bai.

Bigarrena.–Instalazioa ezartzeko proiektuari dagokion ingurumen eraginaren adierazpena egitea: proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik.

Hirugarrena.–Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea instalazio horrentzat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera.

Laugarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan hondakin arriskutsuen ekoizle gisa zentroak 15P01065033742009 zenbakiarekin duen inskripzioa mantentzea, eta hondakin ez-arriskutsuen ekoizle gisa ere inskribatzea, 15P03065090022015 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean aldaketaren bat gertatuz gero, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Bosgarrena.–Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile izateko gaur egun daukan baimena mantentzea, Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroko 15G04065033742009 zenbakiduna. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta besterik gabe berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (hondakinak tratatzeko eragiketen baimena). Sozietatearen helbidea dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitate batek ustiatu beharko du instalazioa, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Seigarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 650170058/1/3 plana onestea.

Zazpigarrena.–VALLE DE ODIETA SCL eta HIBRIDACIÓN TERMOSOLAR NAVARRA SL, instalazio osorako balio duen ingurumen baimen integratu bakar baten titularrak direnez, baimen horretako baldintzak betetzearen erantzule solidario izanen dira, baita instalazioaren funtzionamenduak eragin ditzakeen ondorioena ere.

Zortzigarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan jasotako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua, edo Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikulua.

Bederatzigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.

Hamargarrena.–Instalazioan aldaketaren bat egiteko, titularrak aitzinetik jakinarazi beharko du, arrazoiez adieraziz aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hamaikagarrena.–Handitutako instalazio zatia funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Hamabigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak agiri hauek aurkeztu beharko ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan:

–Jarduketa programa bat, non azalduko baititu lurzorura eta lurpeko uretara iristen ahal diren emisio kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsu nabarmenenak– saihesteko neurri erabilgarriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketak.

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Fidantza jarri izana frogatzen duen agiriaren kopia. Agiri hori instalazioaren ingurumen baimen integratuaren oinarrizko dokumentazioari gehituko zaio.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea VALLE DE ODIETA SCL eta HIBRIDACIÓN TERMOSOLAR NAVARRA SL enpresei.

Hamabosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Caparrosoko Udalera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, Abeltzaintza Zerbitzura, Nekazaritza Zerbitzura, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura, Ingurumena Zaintzeko Atalera eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Hamaseigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko abenduaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2200113