21. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ENERITZ

Ordenantza, padel pistaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Enerizko Udalak, 2021eko irailaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udalaren padel pistaren funtzionamendua arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2021eko 256. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 9an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Eneritzen, 2022ko urtarrilaren 4an.–Alkatea, Raúl Elizalde Villamayor.

ORDENANTZA, ENERIZKO PADEL PISTAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Enerizko padel pistak eta jabari publikoko ondasunak dira, eta funtsean kirol, kultura eta gizarte helburuetarako erabiltzen dira.

2. artikulua.

Ordenantza honen xedea da arau multzo bat ematea, padel pistako kirol, gizarte eta aisialdiko jardueren plangintza egiteko. Azken helburua da eskura dauden baliabideak, materialak zein giza baliabideak, erabat aprobetxatzea.

3. artikulua.

Enerizko Udalak beharrezko diren esku-hartze administratibo guztiak eginen ditu instalazioetan egiten diren jarduera guztietan, eta horrez gainera kontrol-lanak eta zaintza-lanak ere eginen ditu, bai eta bere eskumeneko agintaritza-lan guztiak ere.

4. artikulua.

Enerizko Udalaren Osoko Bilkuraren egitekoak dira:

a) Ordenantza hau onestea, aldatzea edo indargabetzea.

b) Udalerrian kirol jarduerak sustatzea, egiten diren ahalegin eta ekimen guztiak ikuspegi orokor batekin koordinatuz, beste erakunde batzuei dagozkien eskumenak deusetan ukatu gabe.

c) Ikasleen eta zaleen kirol jarduerak bideratzea eta sustatzea.

d) Inbertsio planetatik sortutako betebeharrei eta instalazioen gastu arruntei aurre egiteko, urtero behar diren aurrekontuak zehaztea.

e) Instalazioak erabiltzeko ordaindu beharreko tarifak finkatzea.

f) Ordenantza hau interpretatzea eta sortzen diren zalantzak ebaztea.

5. artikulua.

Alkatearen edo beraren ordez aritzen denaren egitekoak dira:

a) Instalazioak zuzentzea eta zaintzea, eta bertako zerbitzuak antolatzea.

b) Instalazioen erabilera egokia dela gainbegiratzea, baita kirol jardueren programak ere, eta instalazioak erabiltzeko baimenak ematea, bai kirol entitateei bai kultura edota eskola arlokoei eta entitate sozialei ere.

c) Instalazioak erabiltzeko ordutegia finkatzea, bai eta oporrak edo konponketak direla-eta egiten diren itxialdiak ere, arrazoiak emanez. Bandoen bidez jakinaraziko da hori guztia, deusetan ukatu gabe ohiko erabiltzaileei banan banako jakinarazpena egitea.

d) Gastuak xedatzea, betiere bere eskumenen eta aurrekontuetan onartu diren kredituen barrenean.

e) Legez ezartzen diren tasak jasotzeko baimena ematea.

f) Jarduerak ikuskatzea eta ordenantza honen aurkako arau-hausteak zehatzea.

g) Nafarroako Gobernuari, korporazio publikoei, enpresa pribatuei eta partikularrei dirulaguntzak eta bestelako laguntzak eskatzea eta haiek emandakoak onartzea, instalazioak hobetzeko.

II. KAPITULUA

Instalazioen erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

6. artikulua.

Erabiltzaileek eskubidea dute instalazioak erabiltzeko, kontuan hartuta haien izaera, baimendutako jarduerak, federazio arauak eta ordenantza honek erabilerari buruz ezarritako arauak.

7. artikulua.

Erabiltzaile orok eskubidea du egoki iruditzen zaizkion erreklamazioak eta iradokizunak egiteko arduradunari edo, idatziz, Alkatetzari.

8. artikulua. Betebeharrak:

–Erabiltzaileek konpromisoa hartzen dute instalazioetako ondasun higigarri eta higiezin guztiak errespetatzeko. Ondasun horiei egiten zaizkien kalteak egileak berak edo beraren ordezkari legalak ordaindu beharko ditu. Udalak auzibidera jo dezake kalteak eta balizko kalte-ordainak erreklamatzeko.

–Erabiltzaileek erabiltzen duten materiala jarri eta jaso beharko dute, eta instalazioak aurkitu bezala utzi beharko dituzte.

–Parte-hartzaileek, erreserba egiten duten unean, kirol ariketak eta jarduera fisikoa egiteko sasoian egon behar dute. Enerizko Udalak ez du edukiko inolako erantzukizunik instalazioetan egiten den jardueraren ondorioz gertatzen diren lesioengatik.

III. KAPITULUA

Ikusleen eskubideak eta betebeharrak

9. artikulua.

Ikusleek errespetu, tolerantzia eta kirol-legezko portaera egokia izanen dute ikuskizun edo ekitaldi orotan, haietan sartzea baimentzen bada.

Kirol jardueren garapen egokia eragozten duten ikusleak instalaziotik kanporatu ahalko ditu bertako arduradunak.

10. artikulua.

Kirol esparruan ez da animaliarik sartuko. Itsu-txakurrak sar daitezke, behar bezala identifikatuta badaude, beren lana egiteko bada eta higiene eta osasungarritasun baldintzak betetzen badituzte.

IV. KAPITULUA

Erabiltzeko baldintzak, erreserbak eta jardueren koordinazioa

11. artikulua. Erabiltzeko baldintzak:

–Padel pista erabiltzeko ordutegia honako hau izanen da: astelehenetik igandera, 8:00 - 22:00. Debekatuta dago instalazioak ordutegi horretatik kanpo erabiltzea, Udalak berariazko baimena eman ezean.

–Pista estalia erabili ahal izateko beharrezkoa da erreserba egitea eta tasa ordaintzea.

–Gehienez ere lau pertsonek erabili ahalko dute pista. Ikusleak ez dira pistan sartzen ahalko.

–Pista barruan ezin da jan, erre edo beirazko objekturik sartu, ez eta soropila edo itxiturak narriatzen ahal dituen bestelako objekturik ere.

–Pistan sartzeko kirol ekipamendua beharko da, kirol horretan aritzeko egokia. Padeleko palak eta pilotak erabiliko dira soilik; ezin da erabili bestelako talka-tresnarik, hala nola teniseko erraketak, hondartzako palak, frontoiko palak, ez eta teniseko pilotarik edo frontoiko pilotarik ere. Pista egokitua dago padelean aritzeko eta, beraz, debeku da beste jolas batzuetan aritzea.

–Jokaleku-aldaketak pistetara sartzeko ateetatik baino ezin dira egin. Ezin da sarearen gainetik jauzi egin jokalekua aldatzeko.

–Pistatik irtetean ahaleginak egin behar dira ezer botata ez uzteko: tresnak, osagarriak, arropa, pilota-potoak. Enerizko Udalak ez du edukiko inolako erantzukizunik instalazioetan uzten diren gauzak galtzen badira edo inork lapurtzen baditu.

12. artikulua. Erreserbak:

–Padel pista nornahik erabiltzen ahalko du, eskatu eta bidezko tasa ordainduz gero.

–Udalaren padel pistaren erreserbak 60 edo 90 minutukoak izan daitezke. Pertsona batek gehienez bi erreserba egiten ahalko ditu astean.

–Erreserbak egiteko Enerizko Udalak horrexetarako kontratutako online plataforma erabili behar da: domosport.com/eneriz

–Pistako sarrera erreserbatutako ordua baino bost minutu lehenago irekiko da (beste pertsona batzuk erabiltzen ari ez badira), eta erreserbaren iraunaldi osoan sartzen ahalko da bertara.

–Erreserbatutako aldia amaitutakoan erabiltzaileek bost minutu edukiko dituzte instalaziotik irteteko, ateak itxita.

–Eneritzen erroldatuta dauden pertsonek zazpi (7) egun lehenago egiten ahalko dituzte erreserbak, gehienez. Herrian erroldatuta ez daudenek bost (5) egun lehenago egiten ahalko dituzte gehienez. Ez batzuek ez besteek ezin izan dute egin erreserbarik esandako egunak baino lehenago.

–Erreserba egitean bi gauza egiaztatu behar lirateke: erreserba ongi egin denez, batetik, eta zer egunetarako eta zer ordutarako egin den erreserba.

–Ez da onartuko erreserba besterentzat egitea. Erreserba egiten duen pertsonak pistan egon beharko du erreserbatutako ordutegian. Ez badago, erabiltzaileek pistatik irten beharko dute.

–Instalazioa erabiltzeko tasa erreserba online egiten denean ordaindu beharko da.

–Debekatuta dago honako hauek pista erabiltzea:

  • 14 urtetik beherako adingabeek, pertsona heldu baten zaintzapean egon ezean.
  • Ordenantza honen arabera zehapena jaso duten pertsonek. Debekuak zehapenak bezainbat iraunen du.

13. artikulua.

Udalak edo erakunde ofizialek antolatzen dituzten jarduerek lehentasuna izanen dute gainerako jardueren eta entitateen aurrean.

14. artikulua.

Kasu berezietan, alkateak eskubidea edukiko du pista ordu-tarte batean edo gehiagotan erabiltzeko baimena deuseztatzeko, baldin eta eskaera berezi bati erantzun beharra badago, Udalak ekitaldiren bat antolatzen badu edo mantentze-lanak egin behar badira.

V. KAPITULUA

Instalazioak mantendu eta zaintzea

15. artikulua.

Enerizko Udalak instalazioak zainduko ditu eta seguru eta osasungarri mantenduko ditu.

16. artikulua.

Enerizko Udalak ematen dituen jarraibideak eta arauak uneoro bete beharko dira.

Instalazioko ohiko jardueren ondorioz gertatzen diren anomalia edo narriadura guztien berri eman beharko zaio Enerizko Udalari posta elektronikoz, berehala konpon ditzan: concejaleseneriz@gmail.com

VI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

17. artikulua.

Enerizko Udalak dauka zehapenak ezartzeko ahala, erregelamendu hau betearazteko eta instalazioan dauden udal ondasunak begiratu beharrez.

18. artikulua.

Arau-haustetzat hartuko da ordenantza honetan jasotako arauak ez betetzea ekar dezakeen edozein egintza, eta apartatu honetan aurreikusitako zehapenak jartzea ekarriko du.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

19. artikulua.

Arau-hauste arinak dira:

1. Erabiltzeko baldintzak ez errespetatzea.

2. Kirol instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.

3. Berariaz debekaturiko eremuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

4. Erregelamendu honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, berariaz falta astuntzat edo oso astuntzat hartzen direnak izan ezik.

Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

–Kirol instalazioetatik gehienez 15 egun naturaleko aldi baterako kanporatzea. Aldi horretan instalazioak erabiltzeko eskubide guztiak galduko ditu.

–Ohartarazpen publiko edo pribatua.

–Arau-hauste arintzat hartutako egitateen ondorioz instalazio, ekipamendu edo materialetan kalte-galerarik eragin bada, zehapenean agin daiteke haren kostua ordaintzeko; azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

20. artikulua.

Arau-hauste astunak dira:

1. Beste erabiltzaile baten kontrako liskarrak edo/eta eraso fisikoak edo jendearen intimitatearen aurkako erasoak piztea edo/eta haietan parte hartzea.

2. Kirol instalazioak hondatzen dituzten animaliak eta/edo gaiak sartzea.

3. Kirol instalazioak eta/edo ekipamendua nahita zikintzea edo hondatzea.

4. Hiru arau-hauste arin egitea.

5. Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste arau-hauste oro.

6. Instalazioko edozein ondasun higigarri edo higiezin hondatzea.

7. Instalazioaren barnean ordena larriki nahastea dakarren egite edo ez-egite oro.

Arau-hauste astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

–Kirol-instalazioetatik denbora baterako kanporatzea, gehienez ere 3 hilabeterako. Bitarte horretan, instalazioak erabiltzeko eskubide guztiak galduko ditu.

–Arau-hauste astuntzat hartutako egitateen ondorioz instalazio, ekipamendu edo materialetan kalte-galerarik eragin bada, zehapenean agin daiteke haren kostua ordaintzeko; azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

21. artikulua.

Arau-hauste oso astunak dira:

1. Instalazioaren barnean bizikidetza, ordena eta segurtasuna bereziki okertzen dituzten jarduketak.

2. Instalazioen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larri eta nabarmenak jartzea.

3. Ekipamendu, azpiegitura, elementu edo instalazioak modu larri eta nabarmenean hondatzea.

4. Hiru arau-hauste astun egitea.

Arau-hauste oso astuna egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

–Kirol instalazioetatik aldi baterako kanporatzea, gehienez ere 6 hilabeterako. Bitarte horretan, instalazioak erabiltzeko eskubide guztiak galduko ditu.

–Arau-hauste oso astuntzat hartutako egitateen ondorioz instalazio, ekipamendu edo materialetan kalte-galerarik eragin bada, zehapenean agin daiteke haren kostua ordaintzeko; azken hori betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

22. artikulua.

Kalte-ordaina ez bada pagatzen hura kitatzeko jarritako epean, zenbatekoaren arabera jarritako horretan alegia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 101. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

23. artikulua.

Ematen diren ebazpenen aurka, indarreko legedian oro har ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki-erakundeen egintza edo erabakiak deuseztatzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan. Indarrean egonen da berariaz aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L2200191