209. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

120/2022 EBAZPENA, irailaren 26koa, Industria, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, eraikitzeko administrazio baimena ematen diona "SAN MARCOS II" haize-parkearen eta haren ebakuazio azpiegituren proiektuaren aldaketari, Larraga, Lerin eta Oteitzako udal-mugarteetan.

1.–2022ko ekainaren 29an egindako eskaera.

2022ko ekainaren 29an, Agrowind Navarra 2013 SLk eraikitzeko administrazio-baimena eskatu zuen "SAN MARCOS II" haize-parkearen proiektuaren aldaketarako.

Proiektuaren xedean azaltzen denez, irtenbide teknikoki fidagarria eta ekonomikoki optimizatua eman nahi da, diseinu elektrikoaren estandarrekin bat betiere; aditzera ematen da honako aldaketa hauei ekin zaiela:

–"San Marcos II haize-parkea" delakoaren sistema biltzailea San Marcos-Erriberri aireko linearen 4. euskarriari lotuko zaio. Aireko linea hori beste proiektu baten xede da.

–Hasierako proiektuan aurreikusitako "SAN MARCOS" transformazio azpiestazio elektrikoa kentzen da.

Proiektuaren gainean aurkeztu diren aldaketek ez dute ondoriorik ez bestelako erakunde edo zerbitzuetan ezta beste lurzati mugakideetan ere.

2.–Aurrekariak eta administrazio-izapideak.

"SAN MARCOS II" haize-parkearen eta haren ebakuazio azpiegituren proiektua Agrowind Navarra 2013 SLk sustatu duen "Nafarroako Proiektu Eolikoa" izeneko goi-tentsioko instalazio elektrikoen multzoan dago sarturik.

Ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenaren eta irailaren 11ko 698E/2018 Ebazpenaren bidez, biak ala biak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiarenak, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen Agrowind Navarra 2013 SLk sustatutako "Nafarroako Proiektu Eolikoa" Udalez gaindiko Proiektu Sektorialerako.

Bestetik, Nafarroako Gobernuaren 2018ko urriaren 3ko Erabakiaren bidez, "Nafarroako Proiektu Eolikoa" Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zen. Erabakia 2018ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 22koan.

"SAN MARCOS II" haize-parkearen eta haren ebakuazio azpiegituren proiektuak aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ditu, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren urtarrilaren 19ko 2/2021 Ebazpenaren bidez emanak.

Halaber, espedientean jasota dago Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren otsailaren 14ko 12/2022 Ebazpena, "SAN MARCOS II" haize-parkearen proiektuaren onura publikoa zehazki deklaratzen duena.

3.–Ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Nafarroan Parke Eolikoetarako Baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuak ezartzen du, 21. artikuluaren 1. apartatuko b) letran, ezen aurretiazko administrazio-baimena duten parke eolikoen aldaketek eraikitzeko administrazio-baimena eskuratzen ahalko dutela aurretiazko administrazio-baimen berriaren beharrik izan gabe, baldin eta aldaketak ez badaude Ingurumen Ebaluaziori buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio esparruan.

Horrenbestez, 2022ko uztailaren 22an kontsulta egin zitzaion Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalari, txostena egin zezan Agrowind Navarra 2013 SLk sustatutako "Nafarroako Proiektu Eolikoa" Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena indarrean denetz adierazteko, proiektuari aurkeztutako aldaketei dagokienez.

2022ko abuztuaren 1ean jaso da Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalaren txostena; hartan irizten zaionez, proiektuari egindako aldaketek ez dute eraginik egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan kontuan hartu ziren ondorioetan, eta proiektuak beteko luke ingurumen-inpaktuaren adierazpena, zeina Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenaren eta irailaren 11ko 698E/2018 Ebazpenaren bidez eman baitzen. Hala ere, gogorarazten du ingurumen-inpaktuaren adierazpen horrek barne hartzen dituela bete beharreko baldintza batzuk, hala zehaztu baitzen Ingurumen Eraginaren Atalak 2020ko abenduaren 24an emandako txostenean.

4.–Lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 21. artikuluak xedatzen duenez, aldaketa hauek, kasua bada, lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrien baimena beharko dute, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko legeria indardunean araututakoa.

Hori dela eta, 2022ko uztailaren 22an kontsulta egin zitzaion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurraldearen Antolamenduaren Atalari.

2022ko abuztuaren 29an, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin zuen, eta ondorioztatu zuen ezen, ikusirik azaldutako aldaketek ez dakartela jarduera eta erabilera aldatzerik, ez bolumena handitzerik ez eta zerbitzu-eskaera berririk ere, ez dela lurzoru urbanizaezineko jardueren beste baimenik tramitatu behar "SAN MARCOS II" haize-parkearen eta haren ebakuazio azpiegituren proiektuan egindako aldaketetarako.

5.–Espedientearen azterketa teknikoa eta eraikitzeko administrazio-baimenaren proposamena.

"SAN MARCOS II" haize-parkearen proiektuaren aldaketaren barruko aldaketak ikusirik, baldintza hauek betetzen dituzte:

a) Instalatutako potentzia ez da jatorrizko proiektuan zehaztutako potentzia baino ehuneko hamar handiagoa, eta ez du ekarriko sarbide baimenean emandako sarbide gaitasunaren igoerarik.

b) Aldaketak ez daude Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio esparruan.

c) Ez dakarte segurtasun gorabeherarik, ez instalazio nagusian ez zerbitzuan dauden instalazio osagarrietan.

d) Aurreikusitako aldaketak egiteko, ez da beharrezkoa onura publikoa zehazki deklaratzea.

e) Ez da ondoriorik eragiten energia elektrikoa ekoizteko zerbitzuan dauden beste instalazio batzuetan.

Ikusirik Nafarroan Parke Eolikoetarako Baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 21. artikulua, non xedatzen baita aurretiazko administrazio-baimena duten parke eolikoen aldaketek eraikitzeko administrazio baimena eskuratzen ahalko dutela aurretiazko administrazio baimen berriaren beharrik izan gabe.

Ikusirik Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren urtarrilaren 19ko 2/2021 Ebazpena, Ingurumen Eraginaren Atalak 2022ko abuztuaren 1ean egindako txostena eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren 2022ko abuztuaren 29ko txostena.

Espedientean jasota dagoen informazioa ikusirik, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak proposatu du espedientea ebaztea eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea "SAN MARCOS II" haize-parkearen proiektuaren aldaketa izeneko instalazio elektrikoari.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Eraikitzeko administrazio-baimena ematea "SAN MARCOS II" haize-parkearen proiektuaren aldaketa izeneko instalazioari. Agrowind Navarra 2013 SLk sustatu du, Larraga, Lerin eta Oteitzako udal-mugarteetan.

2. Instalazioak gauzatzeko aurkeztu den proiektuaren araberakoa izanen da obren exekuzioa. Javier Magdalena Saiz industria ingeniariak izenpetu du proiektua, eta obrak gauzatzeko hogeita lau hilabeteko epea eman da.

3. Instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera gauzatu beharko dira, eta honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko dute beti: Goi-tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua; Goi-tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua; eta Hegaztiak goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua.

4. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

5. Eraikitzeko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

7. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari.

8. Ebazpen hau Agrowind Navarra 2013 SLri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

9. Ebazpen hau Larraga, Lerin eta Oteitzako udalei jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ezertan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko irailaren 27an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2213040