209. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

METAUTEN

Ordenantza, euskara ikasteko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Udalak 2021eko otsailaren 17an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zen Euskara ikasteko laguntzak arautzen dituen ordenantza.

Jendaurreko epean ez denez erreklamaziorik aurkeztu, zuzenean behin betiko izatera pasa da Metautengo Udaleko Osoko Bilkuraren behin-behineko erabakia, Euskara ikasteko laguntzak arautzen dituen ordenantzari buruzkoa.

Bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan ezarritakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), ez denez erreklamaziorik, kexarik eta oharrik aurkeztu jendaurreko informazioaren tramitean, argitara ematen da aipatutako aldaketa Nafarroako Aldizkari Ofizialean, aipatu legearen 326. artikuluari jarraituz.

Metautenen, 2022ko urriaren 3an.–Alkate udalburua, Oihana Beraza Martínez.

ORDENANTZA, EUSKARA IKASTEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da euskara sustatzeko dirulaguntzak arautzea. Udal honek emanen ditu laguntza horiek, euskara ikasteko ikastaroak egiten dituzten pertsonei.

2. artikulua. Baldintzak.

Dirulaguntza horiek jasotzeko eskubidea izanen dute udalerri honetako 16 urtetik gorako bizilagunek, erroldatuta baldin badaude gutxienez ere eskaeraren data baino urtebete lehenagotik eta udal-mugarteko kontzejuetako batean egiazki bizi baldin badira. Helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitateek emandako ikastaroak egin behar dituzte.

Matrikulatutako ikastaroan bertaratze kopuruak % 80tik gorakoa izan beharko du.

3. artikulua. Sartzen diren ikastaroak.

Dirulaguntzei dagokienez, lehentasuna emanen zaie euskara ikasteko ikastaro homologatu estentsiboei, trinkoei eta barnetegiei.

4. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Oro har, matrikularen kostu osoaren % 50 izanen da, gehienez ere 250 euro pertsonako.

Dirulaguntzen zenbateko osoa handiagoa bada Udalaren aurrekontuan deialdirako erreserbatutako diru kopurua baino, hainbanatu eginen da deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntzen onuradun direnen artean.

5. artikulua. Salbuespenak.

Ez dira inola ere gastutzat hartuko garraioari eta materialari dagozkienak. Aurreko urteetan dirulaguntza jaso duten ikastaroak baino maila altuagoa ez duten ikastaroek ere ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Administrazio Publikoan lan egiten duten udalerriko bizilagunek, Administrazioko euskara ikasteko programetan parte hartzen badute, ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso.

6. artikulua. Epea.

Dirulaguntza eska daiteke urte bakoitzeko irailaren 1etik hurrengo urteko abuztuaren 31ra bitarte egindako ikastaroetarako.

Epe hori luzaezina da, eta ez da eskaerarik onartuko epetik kanpo.

7. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Agiri guztiak jatorrizkoak izanen dira edo Udalak konpultsatuak. Eskatzaileen datuak tratatuko dira Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

Ikasleak honako hau aurkeztu beharko du:

–Berariazko eskabidea.

–NANaren fotokopia.

–Ikastaroa antolatu duen entitatearen egiaztagiria. Horrek ikastaroaren ezaugarriak (iraupena, maila, ordu kopurua eta kostua) zehaztuko ditu eta egiaztatuko du matrikulan agertzen den maila gainditu duela ikasleak.

–Matrikularen ordainagiria, matrikularen zenbateko osoa ordaindu dela egiaztatuko baitu.

–Banku-kontuaren zenbakia, dirulaguntza bertan sartzeko.

8. artikulua. Ebazpena eta ordaintzeko modua.

Ikastaroa bukatuta eta eskatutako agiri guztiak aurkeztuta Udalak dirulaguntza ordainduko du, Idazkaritzak eta ahalmena duen udal organoak aldeko txostena egin ondoren.

Ordenantza honetan aurreikusitako laguntza lortzeak ez du esan nahi automatikoki berrituko denik hurrengo ikastaroetarako. Eskabidea eta dokumentazioa ikasturte bakoitzean aurkeztu behar dira eta horrexetan bakarrik balioko dute.

Udalean dirulaguntzaren onuradunaren ez ordaintzeren bat agertzen bada, horren zenbatekoa konpentsazio bidez kenduko zaio jaso beharrekoari.

9. artikulua. Eskatzailearen betebeharrak.

–Diruz lagunduriko ikastaroetan gertatzen diren aldaketa garrantzizko guztien berri ematea Udalari.

–Diruz lagundutako ikastaroak eskatzen dituenak arrazoi beragatik beste erakunde baten dirulaguntza jasotzen badu, horren berri eman beharko dio berehala Udalari, eta Udaleko Batzordeak erabakiko du dirulaguntzaren zenbatekoa.

10. artikulua. Ez-betetzeak.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak laguntza emateko ebazpena aldatzea edo deuseztatzea ekarriko du berarekin.

11. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako, aplikatuko dira Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/190 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko udal ordenantza eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2213265