209. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

326E/2022 EBAZPENA, irailaren 28koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, San Adriango udal mugartean dagoen eta elikagai aurrekozinatuak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra General Mills San Adrián SL da. Aldaketaren xedea da latak eta beirazko ontziak betetzeko makina berria jartzeko eta ekoizpenerako gaitasuna eta isurketaren gehieneko muga eguneratzeko proiektua gauzatzea. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak bete beharko dituzte.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 28ko 324E/2015 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 213E/2016 Ebazpenaren bidez aldatua.

2019ko apirilaren 12an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, lata eta beirazko ontziak betetzeko makina berri bat jartzeko eta ekoizpenerako gaitasuna eta isurketaren gehieneko muga eguneratzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2019ko apirilaren 17an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.

2019ko apirilaren 30ean, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratua aldatzea, aipatutako proiektua gauzatzeko, hau da, latak eta beirazko ontziak betetzeko makina berria jartzeko eta, horren ondorioz, ekoizpenerako gaitasuna eta isurketaren gehieneko muga handitzeko.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–San Adriango udal mugartean dagoen eta elikagai aurrekozinatuak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzea. Instalazioaren titularra General Mills San Adrián SL da. Aldaketaren xedea da latak eta beirazko ontziak betetzeko makina berria jartzeko eta ekoizpenerako gaitasuna eta isurketaren gehieneko muga eguneratzeko proiektua gauzatzea. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau General Mills San Adrián SLri, San Adriango Udalari eta Nilsari helaraztea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko irailaren 28an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2213249