209. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

325E/2022 EBAZPENA, irailaren 28koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berrikusten baita landare-olioen eta animalia-koipeen hondakinak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Gestión de Recursos y Soluciones Empresariales SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 17ko 2354/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 174E/2017 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 15eko 22E/2021 Ebazpenaren bidez aldatua.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren Batzordearen abuztuaren 10eko 2018/1147 Erabakiaren bidez; erabaki horretan hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege horren testu bategina) aplikatuz, 2022ko otsailaren 1ean Gestión de Recursos y Soluciones Empresariales SLri eskatu zitzaion 2022ko apirilaren 17a baino lehen aurkez zezala ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2022ko maiatzaren 5ean aurkeztu zuen dokumentazioa.

Aurkezturiko dokumentazioa berrikusi ondoan, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du instalazioa bat datorrela Batzordearen abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakiarekin.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Berrikustea Los Arcosko udal mugartean dagoen eta landare-olioen eta animalia-koipeen hondakinak kudeatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Izan ere, egiaztatu da instalazioa bat datorrela Batzordearen abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakiarekin, non teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri baitziren; hori guztia bat etorriz teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin, zeina jasotzen baita ebazpen honen eranskinean. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Gestión de Recursos y Soluciones Empresariales SL da.

Bigarrena.–Zentroak Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan dituen inskripzioak mantentzea, hots, 15G02029033672013 inskripzioa hondakin arriskutsuen kudeatzaile gisa, eta 15G04029033672008 inskripzioa hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile gisa. Sortzen ahal dituen hondakinak ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Gestión de Recursos y Soluciones Empresariales SLri eta Los Arcosko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko irailaren 28an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2213250