208. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

UHARTE

Deialdia, zerbitzu anitzetako arduradunaren lanpostu bat, C mailakoa, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko, Uharteko Udaleko D mailako funtzionarioen artean

Alkatetzak 2022ko maiatzaren 22an emandako 2022/1238 Ebazpenaren bitartez, honako hau erabaki da:

1. Onestea honako deialdi honen oinarriak: zerbitzu anitzetako arduradunaren lanpostu bat, C mailakoa, Uharteko Udaleko D mailako funtzionarioen artean oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdia.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea deialdiaren eta haren oinarrien iragarkia, argitara dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Erabaki honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Uharten, 2022ko irailaren 29an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako arduradunaren lanpostu bat betetzea Uharteko Udaleko D mailako funtzionarioen arteko oposizio murriztuaren bidez, babes harturik Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren 15.6 artikulua. Lanpostu hori Uharteko Udalaren plantilla organikoan agertzen da.

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen den izangaia, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aurrera, C mailakoa izanen da, eta ordura arte zuen lanpostua amortizatu eginen da.

1.3. Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz. Ordainsariak izanen dira indarrean dagoen plantilla organikoan ezarritakoak.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

2. oinarria.–Bete beharreko eginkizunak.

–Arlo hauek kudeatzea: Mantentze Orokorra, Bideen eta Eraikinen Garbiketa, Kirol Instalazioen Mantentzea, Lorezaintza eta Atezaintza.

–Zerbitzu anitzetako lantaldearen koordinazioa, plangintza eta jarraipena, esleitutako langileen eta baliabide materialen eraginkortasunaren ardura hartuta.

–Gainerako zerbitzuburuekin koordinatzea, arlo bakoitzean egunero egin beharreko lanean.

–Lorezaintza arloarekin lanak koordinatzea, zereginak bi zerbitzuei dagozkienean eta bi zerbitzuetako langileek elkarri lagundu behar diotenean.

–Udaleko lurperatze lanen kudeaketa koordinatzea lorezaintzarekin.

–Bideen mantentze-lanak koordinatzea albienteen buruarekin, hala nola obrak egitea, seinaleak jartzea, pintatzea eta abar. Baita trafikoarekin eta bide-segurtasunarekin lotutako guztia ere.

–Materialaren edo tresnen erosketa aurreikustea eta egitea, edo zerbitzuak kontratatzea, organo eskudunak ikus-onetsi ondoan, eta erosketa horiek kontrolatzea.

–Lanpostuari lotutako txosten txikiak, memoriak, idazkiak eta proposamenak egitea.

–Arduratzea zerbitzu anitzetako materialaren, tresnen, ibilgailuen eta gainerako makineriaren kontrolaz, inbentarioaz eta mantentze-lanez.

–Kontrolatzea Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akatsak, matxurak eta hausturak, eta horien jarraipena egitea; orobat, horiek aldatzeko edo konpontzeko proposamen eta aurrekontu zehatzak egitea.

–Zerbitzuak hobetu daitezen sustatzea eta laguntzea, proposatuz hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak.

–Bide eta espazio publikoak egoera onean dauden begiratzea, baita Udalaren higiezinak ere, eta proposamenak egitea haien mantentze-lanetarako eta/edo hobekuntzarako.

–Larrialdi eta ezusteko saihetsezinetan laguntzea (edo laguntza koordinatzea), ohiko lan ordutegitik kanpo.

–Kontrolatzea eta koordinatzea kanpoko zerbitzuekin (eraikinak garbitzea, argiteria publikoa mantentzea, sare informatikoak mantentzea, etab.), eta haien lanak koordinatzea, beharrezkoa denean.

–Instalazioak (igogailuak, berogailuak, suteen kontrako sistemak eta abar) mantentzeaz arduratzen diren enpresen lanak gainbegiratzea. Lanen jarraipena egin beharko du, zerbitzu horiek behar bezala egiten direla ziurtatzeko.

–Udaleko ingeniariarekin eta arkitektoarekin koordinatzea mantentze-lanei eta obrei eragiten dieten gai guztiak.

–Kultura energetikoa eta ingurumen irizpideak sustatzea ekipoak mantendu eta konpondu edo aldatzeko koordinazio lanetan, betiere helburu izanik energia kontsumoa murriztea eta ingurumeneko baliabideen aprobetxamendu jasangarria.

–Hilero, instalazio publikoen energia kontsumoa kontrolatzea (elektrizitatea, gasa, gasolioa, ura), eta hura murrizteko neurriak proposatzea.

–Langile aski ote dagoen kontrolatzea, eta kontratazioak proposatzea oporretarako, bajetarako eta halako iraupen jakineko lan berezietarako.

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea eta betearaztea, behar bezala baliatuta lan bakoitzean erabiltzen diren babes ekipo egokiak.

–Mantentze-lanetarako urteko gastu-aurrekontua proposatzea Udalari, partidak bereiziz, eta aurrekontuaren gauzatzearen jarraipena egitea.

–Partida propioen gastua kontrolatzea, eta hurrengo ekitaldietarako partidak proposatzea.

–Halako lan jakin batzuk egiteko makinak edo ibilgailuak eskuratu, erosi edo alokatzea.

–Arduradun funtzioak neguko planean eta uholdeetarako larrialdi-planean.

–Eta, oro har, Udalak eskatzen dion guztia, bere lanbide trebakuntzaren barnean sartzen bada.

3. oinarria.–Izangaien betekizunak.

3.1. Izangaiak, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Uharteko Udalaren zerbitzuko D mailako funtzionarioa izatea.

b) Zerbitzu anitzetako arduradunaren lanpostu baterako izendatua edo esleitua izatea.

c) Batxilergo titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea eta administrazio publikoetan 5 urteko antzinatasun onartua duela frogatzea. Bestela, Uharteko Udalean zortzi urtez aritu izana frogatuko da.

d) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

e) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

f) B motako gidabaimena edukitzea.

g) Behar diren gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea eginkizunak betetzeko.

3.2. Aurreko baldintzak deialdi honetan jasotako epean eta moduan frogatu beharko ditu gainditu ondoren lanpostua eskuratzen duen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean bete beharko dira, baita hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte ere.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Uharteko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, 30 egun naturaleko epearen barnean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabidea I. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoa izanen da.

4.2. Eskaera aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitara eman eta ondoko 10 lanegunetan erreklamazioak aurkeztu ahal izanen dituzte eta akatsak zuzendu, halakorik egin badute.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Alfredo Arruiz Sotés, Uharteko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Edorta Beltzunegi López, Uharteko Udaleko alkateordea.

–1. epaimahaikidea: Juan Andrés Viedma Feligreras, zerbitzu anitzetako administraria.

Ordezkoa: izendatzen dena.

–2. epaimahaikidea: Oier Aizkorbe Arlegui, Burlatako Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.

Ordezkoa: izendatzen dena.

–Epaimahaikide-idazkaria: Gustavo Jiménez Martín, Uharteko Udaleko Giza Baliabideetako kudeatzailea.

–Epaimahaikidea: Gustavo Marsal Esnaola, Uharteko Udaleko ordezkari sindikala.

Ordezkoa: Uharteko Udaleko langileen ordezkari bat.

Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

7. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

7.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizio-lehiaketa. Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako probak.

7.3. Lehiaketaldia.

7.3.1. Lehiaketaldian, 10 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

Bakarra) Euskaraz jakitea:

EGA titulua edo baliokidea izateagatik, 10 puntu.

Beste agiri bat aurkeztu nahi bada (Nafarroako Gobernuaren egiaztagiria, Hizkuntza Eskola Ofizialaren ziurtagiria edo euskaltegiren baten ziurtagiria), era proportzionalean emanen dira puntuak, baina azken lau urteetan egindako ikastaroak baino ez dira onartuko.

Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira lehiaketaldian alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten jatorrizko agiriak edo kopia kautotuak.

7.4. Oposizioak proba bakarra izanen du:

Proba teoriko-praktiko bat egin beharko da; zehazki, lanpostuarekin zerikusia duten proiektu edo kasu praktiko jakin batzuk garatu beharko dira. Epaimahaiak zehaztuko ditu proiektu edo kasu horiek, eta deialdiaren xede den lanpostuaren funtzioei buruz izangaiek dituzten ezagutzak eta benetako jarduna frogatzeko izanen dira.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du. Gehieneko puntuazioa 90 puntukoa izanen da, eta gainditzeko, gutxienez 45 puntu lortu beharko dituzte izangaiek.

8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Azken ariketa kalifikatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda emanen du argitara, izangai bakoitzak erdietsi duen puntuazioaren hurrenkeran. Zerrenda hori alkateari igorriko dio, puntu gehien lortu dituen izangaiaren aldeko izendapen proposamenarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 15 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Uharteko Udalaren bulegoetan:

a) Jaiotza aktaren ziurtagiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Eskatutako tituluaren jatorrizkoa edo kopia behar bezala konpultsatua, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, edo Uharteko Udalean emandako zerbitzu urteen ziurtagiria.

c) Medikuaren agiria edo txostena, egiaztatzen duena interesdunak karguaren eginkizunak betetzeko behar den gaitasun psikiko edo fisikoa duela.

d) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatu eta defendatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

8.3. Epe horretan, behar bezala frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, interesdunak agiri horiek ekartzen ez baditu, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak indarrik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna.

9. oinarria.–Izendapena.

9.1. Hautapen prozesua bukatutakoan, eta izangaiak 8.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Udaleko alkateak Uharteko Udaleko C mailako funtzionario izendatuko du.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hamabost egun naturaleko epean. Epe horretan, eta ezinbestekoa izan ezik, izendatuak ez badu lanpostuaren jabetza hartzen, Uharteko Udaleko C mailako funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdiaren, haren oinarrien edo hura aplikatzeko egintzen kontra, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, hautara, egintza agindu edo erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza edo erabaki hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

10.2. Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. Argiteria publikoa paratzea.

Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak. Kanpoan jartzen diren argiak eta euskarriak: motak eta ezaugarriak.

2. Iturgintza eta berokuntza eraikinetan.

Tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara gelak eta horien osagai bereziak. Energia aurrezpenaren eta ingurumenarekin lotutako aurrezpenaren kontzeptuak.

3. Oinarrizko arotzeria eraikinetan.

Doikuntza eta konponketa txikiak. Tresnak eta materialak. Ate eta leihoak doitzea, sarrailak, sarraila zilindroak eta pertsianak.

4. Pintura.

Pintura-lan errazetan erabiltzen diren tresnak eta ekipoak ezagutu, zaindu eta, oinarrizko mailan, erabiltzea. Pintura eta berniz motak; tresnak: brotxa, arrabola...; horien hondakinen kudeaketa.

5. Igeltserotza.

Produktu, tresna eta materialak ezagutu eta, oinarrizko mailan, erabiltzea. Obretako seinaleak. Planoen interpretazioa. Eraikinen kontserbazioa, zuinketa eta konponketa txikiak espazio publikoko elementuetan.

6. Ur hornidura. Biltegiak eta sareak.

Sarearen osagaiak. Balbula motak, kloradoreak eta neurtu eta kontrolatzeko elementuak. Mantentze-irizpideak.

7. Larrialdiak eta suteak.

Norberaren jokabidea sutea dagoenean eta eraikinetatik alde egin behar denean. Suaren elementuak. Su motak. Sua itzaltzeko baliabideak: itzalgailuak, suteetako ur-hargune hornituak, zutabe lehorra eta hidrantea. Suaren kontrako babesa: seinalizazioa, detekzioa eta alarma. Instalazioen mantentze-lanak. Gorabehera larriak kudeatzea egoera meteorologiko txarretan eta larrialdietan.

8. Saneamendu sareak.

Sare motak, materialak, eta kolektoreen eta erregistro-elementuen ezaugarriak. Mantentze-irizpideak.

9. Lorezaintza eta basozaintza.

Ezagutu, erabili eta mantentzea lorezaintzako eta mendiko lanetako produktuak eta oinarrizko tresnak (sasi-garbitzeko makina, belarra moztekoa, aizkora, motozerra). Kale eta plazak garbitzea eta berdeguneak ureztatzea. Udal bateko lorezaintza alorraren kudeaketa integrala.

10. Energia berriztagarriak.

Kudeaketa energetikoari buruzko ezagutzak: kontsumo energetikoen neurketa, datu bilketa, energia aurrezpenen kalkulua, hobekuntzen planteamendua, ingurumen irizpideak erabiltzea ekipo eta instalazioen erosketan.

11. Kirol instalazioetako mantentze-lanak.

Ezagutzea eta maneiatzea kirol-instalazioak mantentzeko prozedurak eta horiek kudeatzeko eta planifikatzeko jarduketak.

12. Lan arriskuak. Prebentzioa.

Zereginen eta lanen arriskuak detektatu eta ebaluatzea. Banakako eta taldeko babes baliabideak.

13. Lantaldeen koordinazioa eta kudeaketa.

Lidergoa eta langileen kudeaketa. Lan-arloko legediari eta kontratazioari buruzko oinarrizko ezagutzak. Proiektuak kudeatzea.

14. Uharte. Historia eta geografia.

Uharteko historia. Uharteko geografia (mendiak, ibaiak, datu soziodemografikoak...). Uharteko mugak; Uharteko kaleen eta auzoen izenak.

Iragarkiaren kodea: L2213207