208. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

OLTZA ZENDEA

Deialdia, zerbitzu anitzetako lorezaintzako peoi izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak 2022ko urriaren 3an erabakita, deialdi bat onetsi da zerbitzu anitzetako lorezaintzako peoi izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Oltza Zendeako Udalean, lan-araubide finkoan, honako txanda hauetan banatuta:

–Lanpostu bat txanda irekian.

–Lanpostu bat igoera txandan.

Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta gauzatzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka interesdunek 11. oinarrian jasotzen diren errekurtsoak aurkeztu ahal izanen dituzte.

Oltza zendean, 2022ko urriaren 3an.–Alkatea, Moisés Garjón Villanueva.

DEIALDIA, ZERBITZU ANITZETAKO LOREZAINTZAKO PEOI IZATEKO BI LANPOSTU OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO, LAN-ARAUBIDE FINKOAN

Oinarriak

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzeko lorezaintzako peoi izateko bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea, lan-araubide finkoan, txanda hauetan banatuak:

–Lanpostu bat txanda irekian.

–Lanpostu bat igoera txandan.

1.2. Bi lanpostu hutsak Udalaren plantilla organikoan agertzen dira, Zerbitzu Anitzetako Alorrari atxikita.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan, deialdi honetako lanpostuak betetzeko izendatzen den langilea D maila edo taldean sartuko da, eta jasoko ditu uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan eta Oltza Zendeako Udalean aplikatzeko diren gainerako xedapenetan ezarritako lansariak.

1.4. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.5. Lanpostua lortzen duten izangaiak funtzionario bilakatuko dira, Oltza Zendeako Udaleko langileendako egungo xedapenetan zehazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.6. Txanda irekikoari gehituko zaio igoera txandako lanpostua, baldin bete gabe gelditzen bada izangaiek ez dutelako atera hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa.

Bestalde, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 7. oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.

1.7. Halaber, deialdi honen bidez, honako zerrenda hauek osatu nahi dira, hautapen-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, aldi baterako lan kontratazioak egiteko, 9. oinarrian xedatutakoarekin bat:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

1.8. Izangaiak, hautaprobak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoan, Oltza Zendeako Udalean sartuko dira eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko, eta alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

1.9. Lanpostuari dagozkion eginkizunak deialdiaren kategoriarako egokiak izanen dira, eta kategoria horietan sartuko dira zerbitzu anitzen eta lorezaintzaren arloari dagozkion zereginak, udal honetan 2019ko apirilaren 2an onetsitako lanpostuen deskribapenarekin bat etorriz. Halaber, Alkatetzak nahiz organo delegatuek agintzen dieten beste edozein zereginetarako zerbitzuak eman beharko dituzte; betiere, bere eskumen, maila eta kategoriaren barrenean.

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epearen barrenean (deialdiaren 7.2 apartatuan adierazia), eta lanpostuaren jabetza hartu arte, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztien betebeharrak.

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen zirkulazio askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako ezkontideek edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, parte har dezakete haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

Izangaiek alegatzen badute badituztela eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak, aipatu beharko dute baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena, edo, bestela, aurkeztu beharko dute Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako ziurtagiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

f) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

g) Denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute ariketak egiterakoan, hala behar izanez gero. Kasu horietan eskaeran, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

2.1.2. Igoera txandako izangaiendako berariazko betebeharrak.

Igoera txandako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako funtzionarioa edo langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

2.2. Betebehar horiek, deialdiaren 7.2 apartatuan ezarritako epean eta moduan egiaztatu beharko ditu izendatua izateko proposatzen den izangaiak, salbu eta 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, eskabidearekin batera egiaztatu behar direnak.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Oltza Zendeako Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira (Angulo kalea 2, Ororbia, 31171, Nafarroa), 9:30etik 14:30era, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez, 30 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematikoki aurkezten ahalko da, Oltza Zendeako Udalaren Erregistro Elektroniko Orokorrean. Erregistro hori Oltza Zendeako Udalaren egoitza elektronikoan dago (https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabidea eta beharrezkoak diren gainerako agiriak aurkezteko, Erregistro Elektroniko Orokorrean artxiboak eransteko ezarrita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke. Eskabidea aurkezten bada urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako beste erregistroren batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, cendea@ayuntamientoolza.com helbide elektronikora igorriko da deialdian parte hartzeko eskabidea, adieraziz zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik. Eskabideak aurkeztuko dira jarraikiz deialdi honen I. eranskineko ereduari.

Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen-prozesuan parte hartzeko. Oltza Zendeako Udalaren erregistro orokorrean eskuratuko da eskabidearen eredua; bestela, Interneten, www.ayuntamientoolza.com helbidean.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

3.2. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

Eskabideari honako agiri hauek erantsiko zaizkio behar bezala bete ondotik:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

b) 2.1. oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia.

c) B gidabaimenaren edo baliokidearen fotokopia sinplea.

d) Seigarren oinarrian ezarri diren merezimenduak -lehiaketaldian baloratuko direnak- frogatzen dituzten agiriak.

e) Azterketarako eskubideen tasa ES26 2100 5174 8621 0004 8125 (CAIXA) kontuan ordaindu izanaren frogagiria edo tasa ordaintzetik salbuetsita egotearen frogagiria.

10,00 euro ordainduko dira.

Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

a.–%33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua dutenak.

b.–Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilean.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Interesdunaren adierazpen bidez frogatuko da ez duela lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik hilean. Udaleko Informazio Bulegoan jaso beharko da adierazpenaren eredua.

Azterketa egiteko eskubideen tasa ordaintzen ez bada edo, bestela, hura ordaintzetik salbuetsita egotearen frogagiria aurkezten ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Ez da azterketa eskubideen itzulketarik izanen baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, esaterako beharkizunak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.

f) Deialdian igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, Oltza Zendeako Udala ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak badira, eskaerari erantsi beharko diote abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria; zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak eman beharko du. Ziurtagiriak berariaz jaso beharko du izangaia funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa dela.

g) 9. oinarrian xedatutakoa aplikatzeko, eta denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute ariketak egiterakoan, hala behar izanez gero. Kasu horietan eskaeran, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Oltza Zendeako Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Horretarako, bi zerrenda eginen dira, izangai mota hauen arabera:

–1. Txanda irekiko izangaiak.

–2. Igoera txandako izangaiak.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Oltzako Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, izangaiei berei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik gelditzen badira bazterturik.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

1. Epaimahaiburua: Moisés Garjón Villanueva, Oltza Zendeako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Pedro María Azparren Ocaña, Oltza Zendeako Udaleko zinegotzia.

2. Epaimahaikidea: Carlos Villanueva Arteaga, Iruñerriko Mankomunitatea / Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateko sareen eta instalazioen mantentze-lanetako arduraduna.

Ordezkoa: Alberto Marcos Yagüe, Iruñerriko Mankomunitatea / Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateko sareen eta instalazioen mantentze-lanetako arduraduna.

3. Epaimahaikidea: Susana Azcona Biurrun, Iruñeko Udaleko Aranzadi Enplegurako Prestakuntza Eskolako monitorea.

Ordezkoa: Guillermo Ezquieta Sorozabal, Iruñeko Udaleko Aranzadi Enplegurako Prestakuntza Zentroko monitorea.

4. Epaimahaikidea: Alberto Onieva Onieva, Berriozarko Udaleko lorategien arduraduna (Oltza Zendeako Udalaren langileek izendatua).

Ordezkoa: Roberto Pascal Garcés, Orkoiengo Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna (Oltza Zendeako Udalaren langileek izendatua).

5. Epaimahaikide idazkaria: Jon Ander Mendinueta Ochotorena, Oltza Zendeako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Natalia Rodríguez Aguado, Berriozarko Udaleko idazkaria.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta kide anitzeko organoa jarduteko, beharrezkoa izanen da bertan izatea hura osatzen duten kideen gehiengo osoa.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, baldin suertatzen badira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako ezarriak dauden arrazoiak.

Halaber, izangaiek mahaikideak errekusatzen ahalko dituzte inguruabar horiek gertatzen direnean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritako moduan.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduari buruz sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Kalifikazio epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eska dezake proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.1. Lehiaketaldia.

Izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, ondotik heldu den baremoaren arabera. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, hautaprobetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agirien bidez edo behar bezala konpultsatuen bidez. Hala izan ezean, ez dira kontuan hartuko.

Izangaiek alegatu eta frogatzen dituzten merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko eta puntuatuko dira:

6.1.a) Egindako zerbitzuak (gehienez: 24 puntu).

–Administrazio publikoan zerbitzu anitzetan egindako zerbitzuak: puntu 1 urte bakoitzeko.

–Administrazio publikoan lorezain gisa egindako zerbitzuak: puntu 1 urte bakoitzeko.

–Administrazio publikoan zerbitzu anitzetako lorezain gisa egindako zerbitzuak: puntu 1 urte bakoitzeko.

–Administrazio publikoan zerbitzu anitzetan eta/edo lorezaintzan arduradun edo koordinatzaile gisa egindako zerbitzuak: puntu 1 urte bakoitzeko.

–Administrazio publikoan zerbitzu anitzetako albiente gisa egindako zerbitzuak: puntu 1 urte bakoitzeko.

Oharrak:

–Honako hauek hartzen dira administrazio publikotzat: Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia erkidegoetako administrazioak, Toki Administrazioa osatzen duten entitateak, eta aurrekoei loturik edo haien mendean dauden organismo publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.

–Tokiko merkataritza-sozietateetan edo araudian aurreikusitako zeharkako kudeaketa-moduetan emandako zerbitzuek ez dute puntuaziorik izanen deialdi honetan.

–Aldi berean egindako zerbitzuak ez dira bi aldiz baloratuko.

–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio (kontuan hartuko den gutxieneko denbora hilabete oso bat izanen da).

–Hori frogatuko da egoki den Administrazio Publikoaren ziurtagiriaren bidez; hartan, berariaz agertu beharko da zerbitzu-ematearen iraupen osoa, zenbat egun izan diren zehaztuta. Zerbitzuak lanaldi partzialean ematen diren kasuetan, honako hauek ere adierazi beharko dira: a) edo eguneko, asteko, hilabeteko edo urteko ordu kopurua, eta emandako zerbitzuei dagokien urteko lanaldia; b) edo horiek ohiko lanaldiarekiko duten ehunekoa.

–Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

–Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko zerbitzuak.

6.1.b) Euskararen ezagutza, ofizialki egiaztatua (6 puntu gehienez):

Izangaiek alegatu eta frogatzen dituzten merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko eta puntuatuko dira:

a) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko A1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 2,00 puntu.

b) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko A2 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 4,00 puntu.

c) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko B1 mailari dagokion ziurtagiria edo titulua izateagatik, ofizialki egiaztatutako erakundeek emandakoa: 6,00 puntu.

Titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, epaimahaiak maila gorena duena baizik ez du baloratuko.

Euskararen ezagutza agiri bidez frogatu ez dutenei, eta eskaeran horrela eskatu dutenei, dei eginen zaie proba egin dezaten, hizkuntza maila frogatzeko. Proba hori eginen da oposizioaldiko proba gainditu ondoren, eta gainditzen dituztenek soilik eginen dute, merezimendu horri dagokion puntuazioa emateko aurreko paragrafoko baremoaren arabera.

Euskarazko berariazko probarako deia jaso eta behin betiko zerrendak argitaratu ondoren eta euskara probak hasi baino lehen, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1, A2, B1 mailei dagokien euskara titulua edo egiaztagiria dutela frogatzen duten izangaiak euskara proba egitetik salbu geldituko dira. Ohartuz gero aurkezten den titulua ez dela maila horietako bakar baten baliokidea, interesdunari jakinaraziko zaio euskarazko berariazko proba egin beharra duela.

Tituluak eta ziurtagiriak baloratuko dira Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera. Maila horiek jaso dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

6.1.c) Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak.

6.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldia 2023ko otsailetik aurrera hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko da lehen ariketa egiteko tokia eta eguna, eta hasteko ordua.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost eguneko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian argitaratuko; behar denean, proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak adieraziko dira –behar dena–, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

Hautapen prozesua bi proben bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta biak ere baztergarriak izanen dira. Proba hauen puntuazioa, gehienez, 80 puntukoa izanen da.

6.2.1. Lehenengo proba. Proba teorikoan, deialdi honen II. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko test motako galdera sorta erantzun beharko da, idatziz. Galdera bakoitzak hiru edo lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena. Gehienez 40 puntuko balioa emanen zaio. Bazterturik geldituko dira proban 20 puntu, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak; hau da, gehieneko puntuazioaren erdia. Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, bolaluma urdina edo beltza ez bada.

6.2.2. Proba praktikoa: proba praktiko bat edo batzuk eginen dira, lanpostuaren eginkizunekin lotura dutenak; epaimahaiak zehaztuko ditu. Gehienez 40 puntuko balioa emanen zaio. Bazterturik geldituko dira proban 20 puntu, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak; hau da, gehieneko puntuazioaren erdia.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira azterketara agertzen ez direnak edo nortasuna frogatzen ez dutenak arestian aipatutako agirietako baten bidez.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

6.3. Lanpostuen hautaketa.

Hautaketa ekitaldia eginen da izendapena egin aurretik, horrela zehazki jakinen baita nor sartuko den bete beharreko lanpostuetan.

Ekitaldi horren helburua da azkenik dauden lanpostuak betetzea, oposizio-lehiaketan lortutako puntuazio handienaren arabera.

Epaimahaiak bi zerrenda eginen ditu horretarako, guztizko puntuazio handienetik txikienera ordenatuta; bat igoera txandako lanposturako izangaiena eta beste bat izangai guztiena. Dei egiten hasiko da, ordenaren arabera, lehenik igoera txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako postu hutsak esleitzeko. Lanpostu horiek bete ondoren, gauza bera eginen da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, igoera txandako lanpostu hutsak esleitu zaizkienak kenduta, txanda irekiko lanpostuak betetzeko.

Egintza honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrenda izanen da izendatzeko proposatutako pertsonena. Proposatutakoen kopurua ez da inolaz ere izanen deialdiko lanpostu kopurua baino handiagoa. Epaimahaiak jendaurrean jarriko du zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, bakoitzaren kalifikazio orokorrak zehaztuta.

7.–Agiriak aurkeztea.

7.1. 30 egun naturaleko epea emanen da proposatutako izangaiek, izendatu aurretik, honako agiri hauek aurkez diezazkioten Oltza Zendeako Udalari:

a) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak egindako txostena, edo, hala badagokio, behar bezala egiaztatutako kanpoko erakunde batek egindako txostena, frogatzen duena ez duela akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik, eragotziko liokeenik lanpostuaren eginkizunak betetzea.

Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

b) Zinpeko edo zinezko deklarazio bat, adierazteko pertsona ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko Funtzio Publikoan.

c) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

d) Europar Batasunetik kanpokoko herrialderen batekoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

e) Izangaia baldin bada Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoa, deialdi hau egin duena ez beste batekoa, aurrekoaz gain aurkeztu beharko du ziurtagiri bat, frogatzen dituena aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak: sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abar.

7.2. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arte egin dituzten jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira; horrez gain, eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie.

7.3. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, baja beteko da prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, eta horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Izendapena.

Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, zerbitzu anitzetako lorezaintzako enplegatu izendatuko dira oposizioa gainditu duten izangaiak, txandaren eta lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren arabera.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Jabetza hartzea.

Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek –ezinbesteko kasuetan izan ezik– Oltza Zendeako Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiko 7.3 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badaude edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emanak badira; orduan, eta izendatu aitzin, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

Izangai bat lan-kontratudun finko bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, lanpostu huts hori ere deialdiaren 7.3 apartatuak agintzen duen moduan beteko da.

Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

9.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien honako zerrenda hauek sortuko dira, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:

a) Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

9.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Oltza Zendeako Udalean kontratatzeko izangaien zerrenda.

Hautapen probako epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du eta bertan onetsiko lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta lehen ariketa gainditu dutenena, hori guztia une bakoitzean indarra duten kudeaketa arauei jarraikiz. Zerrenda horiek Oltza Zendeako Udalaren iragarki-taulan emanen dira argitara.

Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: oposizioa gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen kasuan, sarrerako hautapen-prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako lehenbiziko ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte oinarri honetan adierazten den bezala.

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauek beteko dira: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), Udalaren indarreko akordioa edo hitzarmena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren gaineko baldintzak betetzen direlako frogagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, horretarako aurkeztuz jatorrizko agiriak edo kopia behar bezala konpultsatuak.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak, deusetan ukatu gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

Zerrenden indarraldia: sartzeko hurrengo deialdi publikoa egin arte.

9.3. Sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

9.4. Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Hautaprobak gainditzen dituztenak sartuko dira izangaien zerrendetan, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, aldi baterako betetzeko toki-erakundean hutsik gelditzen diren lanpostuak, edo izan daitezkeen beste behar batzuei erantzuteko.

Aldi baterako kontratatzeko prozesua arau hauen arabera kudeatuko da:

9.4.1. Izangaien zerrendak onesteko irizpide orokorrak.

9.4.1,1. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Aldi baterako kontratazioa eginen duen erakunde eskatzaileari dagokio kasuan kasuko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak egiaztatzea.

9.4.2. Dei egiteko sistema.

9.4.2,1. Deiak egiteko arau orokorrak.

Langileak kontratatzeko beharrak betetzeko, izangaiei banakako deiak eginen zaizkie, kasuan kasuko zerrendako izangaien hurrenkeraren arabera eta kontuan hartuta lanpostuaren eskakizunak.

Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

Kontratua eskaintzeko deiak izangaiek emandako zenbakietara eginen dira, zerrendako hurrenkerari jarraikiz. Deiaren emaitza jasoko da, hauetako bat adierazita: "interesatzen zaio", "ez zaio interesatzen", "ez du erantzun".

Betiere, azkar eginen dira banakako deiak, kontratazio premiak lehenbailehen bete daitezen. Bi egunean hiru dei, bederen, eginen dira kontratua eskaintzen zaion izangaiak emandako telefonora.

Lehenbiziko deian ezin bada izangaiarekin harremanetan jarri, SMS bat eta/edo posta elektroniko bat igorriko zaio horren berri emateko.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, eta horrela jokatuko da harik eta eskaintzen den lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Sei hilabeteko epean behin ere aurkitu ez den izangaia "ez deitzeko moduan" agertuko da zerrendan.

Kontratazioa presakoa bada (eta halakoa izanen da lanpostuan 24 orduko epean hasi behar denean) eta, aurreikuspenen arabera, kontratuaren iraupena 3 hilabetetik beherakoa, harekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenbiziko izangaiari eskainiko zaio, gorago ezarritakoa bete behar izan gabe.

9.4.2,2. Administrazio araubideko kontratazioa.

Aldi baterako langileak administrazio araubidean kontratatzeko, jarraituko zaio irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuan ezarritako araubide juridikoari. Dekretu horrek ezartzen ditu arauak Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean kontratatzeko. Horretarako, deialdi honetan aurreikusitako dei-sistema aplikatuko da, irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren aurka ez doan guztian (foru dekretu horrek Nafarroako Administrazio Publikoetan langileak administrazio-araubidean kontratatzeko arauak ezartzen ditu).

9.4.2.3. Araubide orokorraren salbuespenak.

a) Oltza Zendeako Udalarekin aldi baterako lotua dagoenak indarreko kontratuari uko egiten ahal dio baldin kontratua hobetzeko beste bat eskaintzen bazaio, betiere kontratatua dagoen eremu berekoa baldin bada, kasuan kasuko zerrendan badago eta kasu hau gertatzen bada:

–Kontratu labur bat izatea indarrean eta kontratu luze bat eskaintzen bazaio (kontratua laburtzat hartuko da baldin aurreikusitako iraupena gehienez 6 hilabetekoa bada, eta luzetzat hortik gorakoa bada).

b) Izangai bat jada lanpostu batean ari bada ordezte kontratu batekin, eta baldin kontratua bukatzen denetik 1 egun iragan baino lehen sortzen bada lanpostu bera aldi baterako betetzeko premia, kontratua izangai berari eskainiko zaio, baldin dei egiten zaion unean baldintza hauek betetzen badira:

–Dei egiten den unean indarran dagoen zerrenda batean egotea izangaia.

–Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

–Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea zerrendatik ateratzeko horietako bat.

c) Izangai batek lanaldi partzialeko kontratua daukanean, premia bat sortzen bada eta lanpostu hori betetzen ahal badu, berari eskainiko zaio premia hori lanaldiaren %100 bete arte, baldin kontratazio berriaren ondorioz hartu behar dituen ordu guztiak ordura arte esleituta zituenekin bateragarriak badira. Langile batzuek baldin badute lanaldi partzialeko kontratua, dagokionari eskainiko zaio, zorrotz jarraikiz aldi baterako kontratatzeko zerrenda indarduneko hurrenkerari.

9.4.2.4. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrenda horretako azken tokira pasatuko da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean, kasu horretan duen postuari eutsiko baitio:

–Lizentzia izatea amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik.

–Aldi baterako ezintasuna izatea.

–Lan-kontratu bat indarrean izatea.

–6 urte baino gutxiagoko alaba edo semea zaindu beharrean egotea. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Izangaia ezkondu berria izatea edota, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera pareko egoeran suertatzea (lege horrek hizpide du Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoa), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.

Kasu horietan izangaia "ez deitzeko moduan" agertuko da aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan, harik eta izangaiak berak "deitzeko moduan" agertzea eskatzen duen arte, alegatutako inguruabarra desagertu delako. "Deitzeko moduan" dagoela adierazten duen unean agiri bidez eta modu sinesgarrian frogatu beharko du kontratua eskaini zitzaion unean alegatu zuen egoera.

9.4.2.5. Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokira pasatuko dira honelako kasuren batean suertatzen direnak:

a) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu 8.2.4 apartatuan aurreikusitako kasuetan.

9.4.2.6. Zerrendetatik baztertzea.

Honako hauek izanen dira arrazoiak izangaiak baztertzeko dei egin zaien zerrendatik:

a) Kontratua probaldian hutsaldu izana zuzendaritzak txosten arrazoitua eman ondoren.

b) Lantokitik ateratzea bidezko arrazoirik izan gabe eta zuzendaritzari jakinarazi gabe.

c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen ere kontratatutako langilea gauza ez izateagatik lanpostuko eginkizunak behar bezala betetzeko edo hartan egoki aritzeko, behar adinako errendimendurik eza nabarmentzen bada lanpostuko eginkizunak eraginkortasunez egiteko, edo lanpostuaren edukian gertatutako aldaketak direla medio, betiere interesdunari entzutea eman ondoan eta Langileen Batzordeak edo langileen delegatuek beren txostena egin ondoan.

Aldizka, Alkatetzaren ebazpen bidez, artikulu honetan ezarritako arrazoiengatik baztertutako izangaien zerrenda onetsiko da. Ebazpen hori argitaratuko da hitzarmena sinatu duten udalen web-orrian eta/edo egoitza elektronikoan.

10.–Datuen babesa.

Izangaiei jarraian azaltzen dena jakinarazten zaie, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EE) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin. Erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua, (Datuak babesteko erregelamendu orokorra, DBEO). Hona hemen:

Oltza Zendeako Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua: kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa baita kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, eta DBEOren 6.1.c) artikulua: behar den tratamendua, nahitaezkoa dena tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat betetzeko.

Datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 19.2.f) artikuluarekin.

Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo webgunearen bitartez. Azken horretan informazio gehiago dago eskura (https://ayuntamientoolza.sedelectronica.es).

Datuak Babesteko Ordezkariarekin ere jar daitezke harremanetan, dpd@ayuntamientoolza.com helbidean, eta erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin, zeinaren bidez arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, epaimahaia izendatu duen udal organo dei-egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa).

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa; Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea; toki-erakundeen ondasunak; kontratazioa; Nafarroako toki-erakundeen jarduketen prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola.

2. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: prozeduran interesdun direnak; administrazio publikoen jarduera; administrazio-egintzak. Administrazio-errekurtsoak.

3. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: abstentzioa eta errekusazioa; zehatzeko ahalaren printzipioak; administrazio publikoaren eta administrazio publikoen zerbitzura dauden agintari eta langileen erantzukizuna; sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

4. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.

5. Oltza Zendeako udalerriaren ezagutza orokorra. Kontzejuak. Kale-izendegia, kultura-ondarea eta historia.

6. Ureztaketa sarea mantentzeko lanak: Ureztaketa instalazioaren mantentze-lan prebentiboa. Aspertsoreak, difusoreak, tantakako sistema eta uholdeak. Ukondoak, t-ak, paso-giltza eta moztekoa. Balbula elektrikoak. Iragazkiak. Euri sentsoreak.

7. Soropiletako eta belaietako zainketa lanak (ureztaketak eta ureztaketa motak; soropila segatzea; eskarifikatzea; aireatzea; profilatzea; berrereintza. Zohien bidez berritzea). Zuhaitzak eta zuhaixkak zaintzeko lanak (ureztaketak eta ureztaketa motak. Zuloak egitea eta jorratzea; inausketak; zurkaitza paratzea). Landare loredunak eta landare erraboildunak zaintzeko lanak (ureztaketak eta ureztaketa motak; substratua ematea; lurra prestatzea; garbitzea eta kentzea).

8. Sortze eta/edo berriztatze lanak lorezaintzan. Soropilak berriztatzea eta ereitea (helburua, berrereintza motak, horiek egiteko sasoia, drainatzeak eta drainatze motak). Zuhaitzak, zuhaixkak eta landare loredunak berriztatzea (zuhaitzak, urteroko landareak, biurteko landareak, landare erraboildunak, landare bizikorrak). Lurra prestatzea. Drainatzeak. Drainatze motak. Landaketa motak. Landaketa esparrua eta espezieak hautatzea. Xerolorezaintza, xerolorezaintzaren printzipioak, plangintza eta diseinua, landareen hautaketa, ureztatze eraginkorra, lurzoruaren estaldurak, mantentze-lan egokiak.

9. Kimatze lanak: arbolak kimatzea, kimatu beharra espezie bakoitzean. Kimatzearen oinarriak (helburuak, motak, sasoia eta maiztasuna, mozketak egiteko manera). Zuhaixkak, muluak eta heskaiak kimatzea (kimatzeko beharrak espezie bakoitzean, kontuan hartu beharreko faktoreak, motak).

10. Zurgintzako oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta beste batzuk, hala nola lixak, kolak...). Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak eta bonbinak. Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa. Segurtasun arauak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta. Matxura eta konponketa ohikoenak.

11. Igeltserotza: kontzeptu orokorrak; materialak; erremintak; zolatzeak; alikatatzeak; kofratzeak; murruak egitea; egiturak konpontzea; hiri-altzariak eta eraikinak pintatzea; hiri-altzarien eta eraikinen mantentze-lanak. Matxura eta konponketa ohikoenak.

12. Oinarrizko elektrizitatea: elektrikariaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, guraizeak, aliketak eta abar). Eraikinetako banaketa koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak, diferentzialak). Hots egiteko zirkuituak (pultsadoreak, txirrinak). Oinarrizko argi-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lurreko hargunearekin zein gabe, lanparak). Argi fluoreszenteko zirkuituak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak). Segurtasun neurriak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta. Matxura eta konponketa ohikoenak.

13. Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai nagusiak. Hornidura eta saneamendua: sailkapena, materialak eta sareen elementuak. Matxura eta konponketa ohikoenak.

14. Soldadura: kontzeptu orokorrak eta oinarrizko lanak: ezaugarriak, tipologiak, tresneria, teknikak, prozesuak.

15. Kudeaketa energetikoari buruzko ezagutzak: kontsumo energetikoen neurketa, datu bilketa, energia aurrezpenen kalkulua, hobekuntzen planteamendua, ingurumen irizpideak erabiltzea ekipo eta instalazioen erosketan.

16. Mekanika: udal makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea. Biltegiaren kontrola.

17. Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: babes kolektiboak eta norbera babesteko ekipamenduak.

18. Bide-segurtasuna: lehen sorospenak. Metalezko hodi-aldamioak, eskailerak eta plataforma jasotzaileak modu seguruan erabiltzea. Obren seinaleak eta balizak.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deialdiaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediarekin.

Iragarkiaren kodea: L2213260