208. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

928E/2022 EBAZPENA, irailaren 26koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baitzaio biogas-instalazioa handitzeko proiektu bati (digestore berria eta digestato putzuak). Proiektua E-Cogeneración Cabanillas SLk sustatu du.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura abiatu asmoz, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, biogas-instalazioa handitzeko proiektua (digestore berria eta digestato-putzuak) aurkeztu zion, 2021eko maiatzaren 31n, Biodibertsitatearen Zerbitzuari, ingurumen organoa baita. Proiektua E-Cogeneración Cabanillas SLk sustatu du.

Azaldutako proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean sartzen da proiektua; horregatik, bertan ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen proiektua eta haren ingurumen-agiria, 30 egunez, eta iragarkia argitaratu zen 2021eko 135. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 10ekoan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen-inpaktuaren txostena emateari buruz, txosten horretan ezarritako baldintzetan.

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren xedea da digestio anaerobikoko instalazioa handitzea Cabanillasko udal-mugartean, zehazki, 7. poligono 30. lurzatian dago instalazio hori, Corraliza Arguedas alderdian. Enpresa sustatzaileak erantsi du "Eskaera, digestio anaerobikoa egiteko eta energia elektrikoa eta biometanoa sortzeko instalazioaren ingurumen baimen integratua lortzeko (2021eko apirila)" agiria, José Mari Mariñelarena Saralegui nekazaritzako ingeniariak sinatuta. Proiektuak ingurumen-agiriak ditu erantsita.

Ebazpen honen I. eranskinean laburturik ageri dira proiektuaren funtsezko datuak, eta II. eranskinean, berriz, ingurumen-agiriaren alderdirik aipagarrienak.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzea

2021eko maiatzaren 31n, Biodibertsitatearen Zerbitzuak biogas-instalazioa handitzeko proiektua jaso zuen (digestore berria eta digestato putzuak).

2021eko abuztuaren 4an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak dokumentazioa hobetzeko errekerimendua egin zuen, hiru alderdi hauen gainean: digestatoaren aplikazioari buruzko lurralde plana, paisaia-inpaktua eta argi-kutsadura.

2021eko irailean, sustatzaileak errekerimendu horri erantzun eta honako agiri hau aurkeztu zuen: "II. eranskina-IBIa lortzeko eskaera". Hartan, paisaia-inpaktua aztertzeko, instalazio multzoaren simulazio-eredu edo infografia bat ageri zen. Argi-kutsadurari dagokionez, kanpoko argien ezaugarriak eta erabilera-orduak zehaztu ziren. Lurralde plana dela-eta (errekerimenduaren azken puntua), adierazi zuen E-Cogeneración Cabanillas SLren instalazioan lortzen den digestatoa Cabapor Cabanillas porcinori eramaten zaiola, hark digestatoa sartuta duelako Simaurrak sortu eta kudeatzeko planean, beste abeltegietako mindekin batera, nekazaritzan ongarri gisa erabiltzeko.

Hondakinen biometanizaziorako instalazioa handitzeko proiektuaren ondorioz, Cabaporrek aldatu behar izan du Simaurrak sortu eta kudeatzeko plana, digestato kantitate handiagoak eta lurzati berriak barne har ditzan. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren zuzendariaren maiatzaren 4ko 125E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen Cabapor Cabanillas porcinok bete beharko duen Simaurrak eta digestatoa kudeatzeko plana (0620085210/2/4 zenbakiduna), simaurrak eta digestatoa kudeatzeko jarduera egin ahal izateko; plan horretan, hain zuzen ere, honako hau jasotzen da: "nekazaritzako balorizazioa eginen da horiek ongarri gisa erabiliz Buñuel, Cabanillas, Errege Bardea, Fontellas, Fustiñana, Milagro, Ribaforada eta Tuterako udal-mugarteetako nekazaritzako lurzatietan; hala ere, kontuan hartu behar da ezin dela simaurrik aplikatu Cabanillasko 2. poligonoko 5061., 5062., 5047., 5048., 5049., 5066., 5067., 5068., 5017. eta 5069. lurzatietan eta 1. poligonoko 1188. eta 1189. lurzatietan, eremu hori nekazaritzako nitratoen kutsadurarekiko kaltebera baita".

21/2013 Legearen 46. artikuluarekin bat, ingurumen organoak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei 2021eko abenduaren 9an. Izapide horren ondorioz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak txostena eman zuen 2022ko otsailaren 7an, eta hor adierazi zuen, besteak beste, Simaurrak eta digestatoa kudeatzeko planaren lurralde-eremua nahikoa dela instalazioa handitzearen ondorioz izanen diren digestato kopuru handiagoak hartzeko (aurrerago ematen dira xehetasun gehiago).

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta

Biogas-instalazioaren inguruan badira eremu sentikor batzuk, zeinen gainean jarduerak eragina izan baitezake, batez ere digestatoaren aplikazioa dela-eta:

–Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuak, batez ere hauek: "Cabanillas Mendia", "Fustiñana Mendia" eta "Errege Bardea" (kartografia eskuragarri dago IDENA-Nafarroako Datu Espazialei buruzko Azpiegituran, Ingurumen eta Biodibertsitateko atalean: https://geoportal.navarra.es/eu/deskargak).

–Errege Bardea, kontserbazio bereziko eremua baita (KBE: ES2200037).

–Lurpeko 052. ur-masa, Ebro-Aragoiren alubioi eremua; eremu kaltebera deklaratu da, nekazaritzako nitratoen kutsadura izan baitezake (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Agindua).

Azaldu den bezala, ingurumenean eragina izan dezake, baita ere, argi-kutsadurak; izan ere, argi arrotzak faunako espezie batzuei eragiten ahal die (batez ere saguzar eta gaueko intsektuei), instalazioa goi-lautada baten ertzean dagoelako, Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremu batean.

Kontsulten emaitzak ikusita eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideak oinarri hartuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak aditzera eman du, Ingurumen Eraginaren Atalaren bitartez, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta betetzen badira ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jaso diren zehaztapenak; nolanahi ere, horrek ez du kentzen indarreko legeen arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Biogas-instalazioa handitzeko proiektuak (digestore berria eta digestato putzuak), zeina E-Cogeneración Cabanillas SLk sustatu baitu, ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoan, eta, horrenbestez, ez du bete behar ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta, 21/2013 Legearen II. tituluaren I. kapituluaren 1. atalean aurreikusten dena.

Aurrekoa gorabehera, baimenak berekin dakar baldintza hauek betetzea:

1. E-Cogeneración Cabanillas SLk bermatu behar du entregatzen duen digestatoak honako hauek betetzen dituela:

1.1. Ebazpen honen III. eranskineko protokoloa, faunaren kontserbazioari mesede egiteko, digestatoa aplikatzen denean KBE bateko barne lurzatietan edo estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuetan. Bereziki, ez da ez digestatorik ez simaurrik aplikatuko, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra arte, lehorreko zereal laboreetan, ugaltze-garaia bermatzearren. Lugorrietan, ez da ez mindarik ezta horren deribaturik ere aplikatuko, kontuan harturik lugorrien garrantzia hegaztien bizi-zikloa bete dadin.

Horretarako, biometanizazioko instalazioaren titularrak egiaztagiri bat izanen du (simaurrak kudeatzeko erregistroaren liburuaren gisakoa) eta hor islatuko da digestatoa balorizatzearen azken eragiketa; bereziki zehaztuko dira lurzatiak, noiz aplikatu den eta maiztasuna (lugorriaren araubidea egiaztatzeko).

1.2. Lurpeko 052. ur-masa (Ebro-Aragoiren alubioi eremua) eremu kaltebera deklaratu da, nekazaritzako nitratoen kutsadura izan baitezake (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Agindua); horregatik, E-Cogeneración Cabanillas SLk bermatu behar du, Cabapor Cabanillas porcinorekin koordinazioan, emandako digestatoak betetzen dituela organo eskudunak eremu kaltebera horretarako onetsitako jarduketa programan aurreikusitako neurriak, bai eta Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan ezartzen diren neurri berriak ere, halakorik bada.

2. Argi-kutsadurari dagokionez: sustatzaileak adierazi duen bezala (2021eko iraileko "II. eranskina-IBIa lortzeko eskaera"), kanpoko argia itzalita egonen da laneko ordutegitik kanpo (18:00 edo 19:00etatik hurrengo eguneko 07:00ak arte).

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, Tutera aldeko Basozaintzara eta interesdunari.

Iruñean, 2022ko irailaren 26an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

Proiektua digestio anaerobikoko instalazio bat handitzean datza; instalazio hori Cabanillasko udal-mugartean dago, 7. poligono 30. lurzatian (Corraliza Arguedas alderdia). E-Cogeneración Cabanillas SLk sustatu du proiektua.

Instalazioa Cabanillas herritik kilometro pasatxora dago, eta sarbideak ditu Deustiatik Urbasa-Andiara doan errege altxonbideari eta azkenik NA-126 errepideari lotzen zaizkien bideetatik. Bertan tratatzen dira inguruko abeltzaintzako eta nekazaritzako ustiategietako mindak eta elikagaien industriako hondakinak. Tratamendu horren ondorioz, energia elektrikoa sortzeko erabiltzen den biogasa eskuratzen da, eta hondakin lehor bat, ongarri gisa erabiltzen dena.

Prozesu horretan, lehenik, lehengaiak bildu eta deskonposatzen dira lehen mailako digestore batzuetan, gasa sortzeko; gas hori, ondoren, bigarren mailako digestore batera pasatzen da, behar bezala higienizatzen dela ziurtatzeko. Sortutako gas hori energia elektrikoa sortzen duen motore batean erabiltzen da; energia hori sareari saltzen zaio, baina, aurrez, iragazki biologiko batetik pasatzen da, sulfhidrikoaren parte bat kentzeko, eta lehortze-prozesu batetik. Digestatoa fase solidoan eta likidoan banantzen da, eta landa-lurretan aplikatzen da edo putzuetan biltegiratu, laboreak ongarritzeko.

Sustatzaileak tratamendu-ahalmena handitu nahi du, eguneko 100 tonatik gora tratatu daitezen. Urtean, osotara, zerriak gizentzeko inguruko hiru ustiategitatik datozen 21.500 m³ minda tratatuko dira. Bestetik, hondakinen 35.000 tona tratatuko dira osotara (oilo-zirina edo laboreen hondakinak).

Proiektuak honako hauek jasotzen ditu:

–Bigarren mailako digestore bat gauzatzea.

–Digestato poltsa bat, hirugarren mailako digestore eta biltegi gisa erabiliko dena, eta biltegiratzeko bi poltsa.

–Biometano-instalazio bat, barne hartzen dituena biogas-lehorgailu berria, ikatz aktibatu bidezko desulfurazio berria, konpresore bat eta biogasa banantzeko mintzak, motorizazio, kontrol eta kontagailuetarako estazio bat (biometanoa sartzeko gas-sarean), eta gas kanalizazioa.

II. ERANSKINA

Ingurumen-azterketaren laburpena

Ingurumen-azterketak labur deskribatzen eta ebaluatzen ditu ukitutako ingurumen balioak eta balio ekologikoak.

Isuriak atmosferara. Proiektatutako instalazioan, gas kutsatzaileak isurtzen dituzten iturriak direla eta, bi motatako isuriak sortzea aurreikusi da:

–Iturri zehatzetako isuriak: biogasa garbitzeko ekipamenduetako ihes-gasak eta segurtasun-zuzikoak.

–Iturri lausoen isuriak: usainak sortzen dituzten substantziak, sarrera, zati likidoa eta solidoak biltegiratzeko banatzailea.

Usain-isuriak. Usain-isuriak aurreikusi dira, tratatu/digeritu beharreko materiala materia organikoa baita. Prozesuen ostean egiten diren hartziduretan, aurreikusten denez, tratatutako zati likidoa biltegiratzeko putzuan nabarituko da gehien. Nolanahi ere, industria mota hauek ezin dituzte usain-balio handiak isuri, eta ez da aurreikusten inolako eraginik bertako biztanleengan.

Diseinuan, usainak ahal beste murrizteko neurri sorta bat hartu da; hauek azpimarra daitezke:

–Lehengaiak jasotzeko putzuak estalita daude, eta harrera gunean, oso noizean behin baino ez da produktu solidoa biltegiratuko.

–Material ahalik eta freskoena izanen da langai.

–Biltegiratze-putzua metro bateko altueran kokatuta dago, usain-isuriak kontrolatzeko.

Isuriak murriztea. Jarduerak berekin dakar berotegi efektuko gasen isuria nabarmen murriztea. Batetik, mindak eta hondakinak tratatzen dira, eta, horrenbestez, horiek kudeatzean sortu ohi diren gasak ez dira isurtzen; bestetik, gas fosila CO2 isuriei dagokienez neutroa den gas berriztagarriarengatik ordezten da.

Zenbatetsi denez, proiektuak urtean 2.000 eta 3.000 tona CO2 baliokide bitarte murriztuko ditu, sartzen diren hondakinen jatorriaren eta oraingo kudeaketa-moduaren arabera, eta urtean beste 3.300 tona CO2 baliokide, gas natural fosila berriztagarriarekin ordezteagatik.

Digestatoa. E-Cogeneración Cabanillas SLn lortzen den digestatoa Cabapor Cabanillas porcinori eramaten zaio, hark sartuta duelako Simaurrak sortzeko eta kudeatzeko planean.

Ingurumen-azterketan ez da aurreikusi urak kutsatuko direnik, bai lehengaiak bai horien azpiproduktuak andel estankoetan egoten direlako beti.

Paisaia. Paisaia-inpaktua aztertzeko, instalazioen multzoaren simulazio eredu edo infografia bat aurkeztu da (2021eko iraileko "II. eranskina-IBIa lortzeko eskaera"). Azterketak ondorioztatu du ezen, nahiz eta goi-lautada baten ertzean kokaturik egon, paisaia-inpaktua ez dela garrantzitsua; izan ere, proiektua jada abian den jarduera bat handitzean datza, eta hartuta daude dagoeneko paisaian integratzeko neurriak.

III. ERANSKINA

Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako protokoloa

Abeltegi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatuta duen lurzatirik (esaterako, ibaien ibilguak edo Natura 2000 sarean edo Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuetan sartutako guneak), bermatu beharko da nekazaritza jarduera eta lehorreko laboreen txandaketa mantentzen direla, faunaren kontserbazio egokirako, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek bete beharko dituzte haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak.

–Debeku da urak kutsa dezaketen edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra-hondakinak edo substantziak bertan uztea.

–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko laboreetan, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, estepako hegaztien babesa bermatze aldera ugaltze garaian.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi-zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri-sistema eraldatzea.

–Debeku da presio baxuko aspertsiozko ureztapen lokalizatuko banaketa sistema (fertirrigazioa). Leku horietan banaketa lokalizatua baimentzen da, hodi esekiko tangen bidez egiten bada, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztien babes egutegia, eta bermatu beharko du intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen ur putzurik edo isuririk ez dela sortuko.

–Otalur edo alfer-lur iraunkorretan ez da simaur, minda edo haien deribaturik banatzen ahalko (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 8.5 artikulua aplikatuz; haren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko abeltegien ingurumen baldintza teknikoak). Otalur edo alfer-lur horiek, bereziki intereseko habitatak badira (KBEan zein hortik kanpo egon), ez dute zeharkako ukipenik jaso behar, mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren laborantzatik sor daitezkeen isuri edo ur putzuen ondorioz.

–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa ur-masa iraunkorretatik gutxieneko 50 metroko distantziara erabiltzea, kontuan hartuz ibilgu nagusiak zein bigarren mailako sarea. Ur-masak babesteari begira, banaketaren baldintzak ezartzean kontuan hartuko dira estatu mailan sektorerako ezarritako berariazko araudian ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian deskribatutako TEOak - Abeltzaintza Sektorea).

–Ur ibilguen eta hezeguneen kutsadura saihestuko da, urtarotarrak zein jarraituak izan. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, bazkalekuak, landaredi higrofiloa edo landare mehatxatuen multzoak), habitat horiek KBEaren barnean sartuta egon nahiz ez. Nolanahi ere, ezin izanen da hustubide edo drainatzeetara doan azaleko ur jariatzerik egin.

–Gatz-hezegune eta erreka-zuloetako arro hidrografikoan beteko dira Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruaren erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak. Kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

Iragarkiaren kodea: F2212898