208. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

310E/2022 EBAZPENA, irailaren 22koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Lesakako udal mugartean dagoen eta hotzeko ijezketarako eta altzairuzko bobinen estaldurak egiten dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Titularra Arcelormittal España SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 19ko 112/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 16ko 14E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2020ko uztailaren 9an, titularrak eskatu zuen instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzea, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, beste lau hondakin mota sartzeko, honako ezaugarri hauek dituztenak:

–Hozte-igerilekuko hondakinak, 100126 EHZ.

–Galvanizazio-matak, 110501 EHZ.

–Artezketa-goma, plastikozko zilindroena, 120115 EHZ.

Horrez gain, titularrak eskatu du 160117 EHZ kodea duen txatar hondakina kodetzea. Titularrak badu baimena 120199 EHZ kodea duen txatar hondakina sortzeko. Titularrak proposatu duen kodetzea ez da egokitzat jotzen.

Bestalde, titularrak eskatu du metalak dituzten iragazki-hondarren hondakina sartzea, 120211 EHZ kodea duena, baina titularrak sortzen dituen hondakinen baimenean jasota dago.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Ikusi da, kasu honetan, gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan ezarritako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea Lesakako udal mugartean dagoen eta hotzeko ijezketarako eta altzairuzko bobinen estaldurak egiten dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Arcelormittal España SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Arcelormittal España SAra eta Lesakako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko irailaren 22an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2212890