208. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

285E/2022 EBAZPENA, irailaren 26koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen-ukipenetarako baimena ematen diona IFV Corella (998,76 kWp) eguzki-instalazio fotovoltaikoa Corellako udal-mugartean jartzeko proiektuari. Sustatzailea Chilos Solar 2 SL da.

2021eko otsailaren 3an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen ingurumen-ukipenetarako baimen eskaera bat, Corellako udal-mugartean IFV Corella (998,76 kWp) eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko, Chilos Solar 2 SLk sustatuta.

Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko "I" kategorian sartzen direnetakoa da, eta, beraz, ingurumen-ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Hartan ezartzen da Ingurumeneko, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen-ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko. Horrez gain, ezartzen da ingurumen-ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoak.

Ingurumen Eraginaren Atalak txostena eskatu zion Corellako Udalari, eta ez zen haren erantzunik jaso. Halaber, txostena eskatu zitzaion Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, eta horrek, bat etorriz aipatu legegintzako foru dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin, aurkako txostena eman zion eskatutako jarduerari; horrenbestez, Biodibertsitatearen Zerbitzuaren zuzendariaren uztailaren 1eko 174E/2021 Ebazpenaren bidez, ingurumen-ukipenetarako baimena ukatu zitzaion Corellako udal-mugartean IFV Corella (998,76 kWp) eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko Chilos Solar 2 SLk sustatutako proiektuari.

Ondoren, sustatzaileak gora jotzeko errekurtsoa jarri zuen ebazpen horren kontra, eta Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalak hura ezetsi zuen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 408E/2021 Foru Aginduaren bidez.

Hala ere, atal horrek agindu zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuari igortzeko espedientearen instrukzioan egindako txosten teknikoak, horiek ikusitakoan eta egoki joz gero, ingurumen-ukipenetarako baimena eman zedin, hartan sartuz Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Lurralde Antolamenduaren Atalak 2021eko azaroaren 8an eman zuen aldeko txostenean adierazitako baldintzak, bai eta beharrezko jotako bestelako ingurumen baldintzak ere.

Instalazioa jartzeko proposaturiko eremuak Corellako 3. poligonoko 900.etik 917.era bitarteko lurzati guztiak hartuko lituzke, 53.155 m²-ko azalera guztira; horietatik 30.970 m² 2,10 metroko garaierako hesiz inguratuta egonen lirateke. Instalazioak lehendik dagoen bidetik izanen luke sarrera.

Proiektuak 998,76 kWp-ko eguzki-instalazio fotovoltaikoa gauzatzea proposatzen zuen; 2.436 eguzki-modulu fotovoltaiko erabiliko ziren, silizio monokristalinozkoak, multzoka ezarriak ardatz baten gaineko jarraitzaile horizontalen egitura mugikorretan, eremuan ipar-hego noranzkoan jarriak, eta lurzoruan zuzenean tinkatuz finkatuak.

Instalaziorako aurreikusitako transformazio zentrotik kanporatuko litzateke sortutako energia, hasieran lur azpitik, lehendik dauden linea elektrikoak gainditu bitartean, eta ondoren ebakitze zentro batera eramanen litzateke 768 metroko aireko tarte batean, gero, lehendik ere badagoen 13,2 kV-eko linea batekin lotzeko 310. euskarrian.

Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalak adierazitakoarekin bat, kontuan hartu dira, batetik, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak 2021eko azaroaren 8an egindako txostena, eta, bestetik, Ingurumen Eraginaren Atalak egindako txosten baldintzaduna.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea Corellako udal-mugartean IFV Corella (998,76 kWp) eguzki-instalazio fotovoltaikoa jartzeko proiektuari. Chilos Solar 2 SL da sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Lehendik dauden beste linea elektriko batzuekin batera eragin metagarriak eta sinergikoak sor daitezkeenez, proposaturiko ebakuazio linea osorik lurperatu beharko da.

–Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak. Ahalik eta gutxien ukituko da landaredi naturala, lan eremua ahalik eta txikiena izaten saiatuko baita eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko baitira.

–Aurkeztutako dokumentazioan ezartzen denaren arabera, jarraitzaileen euskarrien egitura zuzenean tinkatuz finkatuko da lurzoruan. Horiek lur eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira, lanak egin bitartean ukipena guztiz ezinbestekoa den esparruan soilik egiteko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi garbitzeak eta lur berdintzeak ez dira eremu osoak ukituz eginen; jarraitzaileen zutoinek osatzen dituzten lerroetarako beharrezkoak diren ukipenak soilik eraginen dira, haien erabilera eta ezarpen egokirako doi beharrezkoak direnak.

–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean beheko aldetik, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Faunaren joan-etorriak saihesteko ezin izanen da inola ere hesia belaundu, ez eta txarrantxarik erabili ere.

–Argiunerik jarriko balitz instalazioan, ezinbestekoak direnak bakarrik jarriko dira, talka eremu potentzialetatik urrun (hesiak, tentsoreak, aireko linea elektrikoak, etab.). Erabiliko diren luminariak argi kutsadura gutxikoak izanen dira, intentsitate baxukoak, eta lurrera begira jarriak.

–Lanak egin bitartean lur azpian agertzen bada aztarna arkeologikoren bat, ordura arte ezezaguna, sustatzaileak gogoratu beharko du legezko betebeharra duela horren berri berehala emateko Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ondare Historikoari buruzko indarreko legediak jasotzen duenaren arabera (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/85 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak).

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi-garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

–Lagomorfo, karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta egin beharko da, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz; izan ere, guztiz debekaturik dago pestizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.

–Lanak egin bitartean Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (254/2019 FD) edo/eta Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (139/2011 ED) jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eremu osoan, eta lanen kaltea jasan duten beste edozein zatitan ere, aldi batez izan bada ere, landaredi naturalik agertzen ez badute, belar-ereintza eginen da, bertako belardiko hazien nahasketa bat erabiliz. Lanak egin bitartean landare lurreko geruza kendu edo kaltetu bada, edo halakorik ez bada, belarra erein baino lehen landare lurra jarriko da, gutxienez 20 cm-ko geruza, aurretik behar bezala erauzi eta metatua. Lanak amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan berrezarri behar da landaredia.

–Instalazioari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honen babesean hau baino ezin da egin: 2.436 modulu fotovoltaikoz osatutako eguzki-instalazioa, 998,78 kW-eko gailur-potentziakoa, inbertsoreak, 20 kV-eko lurpeko linea elektrikoak, transformazio-zentroa eta ebakitze-zentro berriraino energia kanporatzeko linea dituena, eta konexioa Corellako BTAren iparraldeko 13,2 kV-eko ingurabideko 01. zirkuituko 310 euskarrian. Hori guztia aurkeztu den dokumentazioari eta baimen honetan ezarritakoari jarraituz eginen da.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioko edo azpiegiturako elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

–Bat etorriz Herri-lurren Atalaren 2021eko apirilaren 22ko txostenarekin, IFV Corella (998,76 kWp) eguzki-instalazio fotovoltaikoa egiten hasi baino lehen, Corellako Udalak 3. poligonoko 909. lurzatiaren desafektazio espedientea izapidetu beharko du, eta haren onespena lortu, nahitaezkoa baita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritakoaren arabera.

–Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalaren 2021eko urriaren 14ko txostenaren arabera, lurzatiak Nafarroako Ubidearen 2. fasean sartuta daudenez, bat etorriz eremu ureztagarrien araubide iragankorrarekin, zeina ezarrita baitago Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarrien eraldaketaren UGPSek ukitutako lurzoruetarako araudian (2013ko 195. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 9koa), beharrezkoa izanen da Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiaren berariazko baimena.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Corellako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2022ko irailaren 26an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2213008