206. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Gordailuak eratzea

2022ko urriaren 3an, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak 461/2022 Ebazpena eman zuen. Hona hemen haren testu osoa:

Eskudiruzko gordailuak kudeatzen laguntzeko prozedura bat artikulatu beharra dago, Iruñerriko Mankomunitateak haiek eratu behar dituenean jarduerak gauzatu ahal izateko. Hain zuzen, arautu beharra dago gordailu horiek eratzeko eta deuseztatzeko modua.

Iruñerriko Mankomunitateak egindako kobrantza eta ordainketatzat joko dira gordailu horiek eratzea eta deuseztatzea.

Gordailuak zer eratako jarduketari dagozkion, jarduketa hori gauzatzeko eskumena duten Iruñerriko Mankomunitateko organoek egingo dute modu honetan eratutako gordailuen kontrola, kudeaketa eta erregistroa.

Iruñerriko Mankomunitatearen Estatutuetako 20.6 artikuluak zehazten du Mankomunitateko lehendakariak dituen eskumenen artean hau dagoela: "Bere eskumenen mugen barnean gastuak xedatzea eta ordainketak agintzea, diru sarrerak gauzatzea eta kontuak ematea xede duten dokumentuei baimena ematea, baita ekonomia garatzea eta kudeatzea ere, onartutako aurrekontuari jarraikiz".

Hori guztia aintzat hartuta,

EBATZI DUT:

1. Baimentzea partikularrek gordailuak eratu ahal izatea, baldin eta beste partikular batzuen esku jartzen badituzte eta xedea baldin badute Iruñerriko Mankomunitateko organoek beren gain hartutako betebeharrak betetzea.

Era berean, Iruñerriko Mankomunitateko organoek gordailuak eratu ahal izango dituzte partikularren alde.

2. Ondorio horietarako, benetan betetzen dela aitortu behar duen organo kudeatzaileak dagokion ordainketa-gutuna jaulkiko du, delako administrazio-prozedurari lotuta.

3. Zenbatekoa Iruñerriko Mankomunitatearen Diruzaintzan sartuta eratuko dira gordailuak. Hartara, ulertuko da gordailua eratuta dagoela diruzaintza horretan sartzen den unetik bertatik.

Eskudiruzko gordailua eratzeko betebeharra Iruñerriko Mankomunitateko organo bati badagokio, ulertuko da horretarako aitortzen den aurrekontu-betebeharra ordaintzen denean dagoela eratuta gordailua. Ordainketa hori egingo da formalizazio bidez ordaintzeko barne-mekanismoak erabilita.

Eratutako eskudiruzko gordailuen erregistroa eta kontrola egin beharko dute organo kudeatzaileek.

4. Organo kudeatzaileak erabakiko du gordailua deuseztatzea, horretarako ezarri diren baldintzak betetzen direnean, eta horrek ekarriko du, Kontu-hartzailetzak fiskalizazioa egin eta gero, dagokion hirugarrenaren alde dagokion ordainketa egitea.

5. Ebazpen honen berri ematea Iruñerriko Zerbitzuak, S.A. sozietateari, dagozkion ondorioetarako.

6. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, herritar orok izan dezan bere berri.

Iruñean, 2022ko urriaren 4an.–Lehendakaria, David Campión Ventura.

Iragarkiaren kodea: L2213304