206. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZA

Aldaketa, Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Itzako Udalak, 2022ko ekainaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalean.

Espedientea jendaurrean paratu zen, iragarkia argitaratuta 2022ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 21ean, eta Udaleko iragarki-taulan. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, eta argitara ematen dira aldaketak, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Itzan, 2022ko irailaren 16an.–Alkatea, Floria Pistono Favero.

ORDENANTZA FISKALA, ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

6. artikulua.

6. artikuluari 3. apartatua gehitzen zaio.

Hobariak.

3. Hobaria energia berriztagarriei lotutako obretarako.

Eraikuntza, instalazio edo obrek %50eko hobaria izanen dute EIOZaren kuotan, baldin eta autokontsumorako sistemak ezartzen badituzte eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako.

Hobari hori soilik aplikatuko da energia berriztagarriak aprobetxatzeko sistemetara bideratutako exekuzio materialaren kostuaren zatian, betiere sistema horiek instalatzea nahitaezkoa ez denean, gaiari buruzko araudi espezifikoaren arabera.

Horretarako, aurrekontuan helburu espezifiko horrekin bat ez datozen obrak jasotzen badira, obra horietako bakoitzari dagokion zenbatekoa behar bezala xehatua aurkeztu beharko da.

Hobaria aplikatzeko honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea.

b) Hobari eskaera eta frogagiriak Udal Ogasunari zuzendutako eskabide baten bitartez aurkeztea gehienez sei hilabeteko epean, obrarako lizentzia eskatu edo obraren erantzukizunpeko adierazpena aurkezten denetik zenbatzen hasita.

c) Eskaerari frogagiri hauek erantsi behar zaizkio:

–Instalazioaren eta hura osatzen duten elementuen argazkiak.

–Autokontsumoko instalazioa bakartua izan edo sare elektrikorako lotua izan, zerbitzuan jartzeko akta edo instalazioaren erregistro zenbakia aurkeztuko da, kasuaren arabera dagokiona, eta industria-segurtasunaren arloko erregelamenduzko arauak bete behar dituzten instalazioen titularrek eta agenteek, segurtasun baldintzak betetzen dituztela frogatzeko, jarraitu beharreko prozeduraren indarreko araudian xedatutakoaren arabera.

–Norberaren kontsumoko instalazioek, gainera, energia elektrikoaren autokontsumoaren erregistro administratiboko inskripzio zenbakia aurkeztuko dute, edo, halakorik izan ezean, erregistro horretan inskribatzeko eskaeraren kopia, energia elektrikoa autokontsumoarekin hornitzeko eta autokontsumoarekin ekoizteko modalitateek bete beharreko baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak arautzen dituen urriaren 9ko 244/2019 Errege Dekretuarekin bat.

–Edonola ere, hobaria eskatzeko unean aplikatzekoa den araudiaren arabera eskatuko dira frogagiriak.

8. artikulua.

8. artikuluari 3. apartatua gehitzen zaio.

3. Autolikidazioak.

1) Hasiera batean autolikidazio araubidean eskatuko da eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, kasu hauetan: tramitazio laburtuko araubideari lotutako lizentziak, tramitazio bereziko lizentzia jakinaraziak eta erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten obrak direnean. Gainerako kasuetan, Udalak eginen du behin-behineko likidazioa. Obrak bukatutakoan, zerga arloko administrazioaren eskumena izanen da zergaren behin betiko likidazioa egitea, betiere ordenantza honetan aurreikusitako kudeaketa arauekin bat.

2) Autolikidazioaren araubidea aplikatzen den kasuetan, subjektu pasiboek autolikidazioa egin beharko dute udal administrazioak eskura jartzen dituen inprimakietan.

Tramitazio laburreko araubidearen eta lizentzia jakinarazien araubide bereziaren menpeko lizentzien kasuan, eskatzaileak ondokoak aurkeztu beharko ditu, lizentzia-eskabidearekin batera: autolikidazioko agiria, behar bezala beterik, eta ordainagiria, edo hala dagokionean, ordainketa geroratzeko eskaera, behar bezala erregistratua.

Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztea eskatzen den obretan, adierazpenarekin edo komunikazioarekin batera aurkeztuko dira autolikidaziorako agiria, behar bezala beterik eta ordainketaren egiaztagiria edo, hala badagokio, ordainketa geroratzeko eskaera, behar bezala erregistratua.

3) Subjektu pasiboak aurkezten duen hasierako autolikidazioaren ordainketa edo zerga arloko administrazioak onetsitako hasierako likidazioarena behin-behinekoa izanen da, eta behin betiko ordaindu behar duen kopuruaren konturakoa.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da ordenantzaren behin betiko onespenaren iragarkia eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2213223