206. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOZAR

Ordenantza, arautzen dituena Eguneko Zentroko zerbitzua erabiltzeko prezio publikoak. Behin betiko onespena

Berriozarko Udalak, 2022ko ekainaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eguneko Zentroko zerbitzua erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza (horren iragarkia argitaratu zen 2022ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 2an).

Jendaurrean egoteko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onesten da, eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkez daitezkeela:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Berriozarren, 2022ko irailaren 29an.–Alkatea, Raúl Maiza González.

ORDENANTZA, EGUNEKO ZENTROKO ZERBITZUA ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da jarraikiz 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea), eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean.

Ordaindu beharra

2. artikulua. Eguneko Zentroan izena ematean sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra, bertan hartzen diren zerbitzuen edozein modalitatetan, betiere 7. artikuluan aipatzen den onarpena gertatzen bada.

3. artikulua. Prezio publikoa ordaindu beharra dute zerbitzuak hartzen dituzten pertsonek edo, hala denean, haien izenean inskripzioa egiten duten ahaide edo tutoreek.

Zerbitzuak eta tarifak

4. artikulua. Prezio publiko hauek ezarriak dituzten zerbitzuak zehaztuta daude tarifen eranskinean eta/edo, hala denean, Eguneko Zentroa arautzeko Erregelamenduan.

Horiez gain, beste zerbitzu batzuk ere ematen ahalko dira, hala erabakiz gero.

5. artikulua. Tarifak arau honen eranskinean ageri dira.

Erabilera

6. artikulua. Zerbitzua erabiliko da bat etorriz Eguneko Zentroa arautzeko Erregelamenduarekin eta gizarte zerbitzuen arloko gainerako araudi aplikagarriarekin, bereziki, azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legearekin (Gizarte Zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko Foru Legea) eta maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuarekin (horren bidez garatu zen aipatu den azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legea).

Onarpenerako prozedura

7. artikulua. Onarpenerako prozedura eginen da Eguneko Zentroa arautzeko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz.

Diru-bilketari eta kudeaketari buruzko arauak

8. artikulua. Mugaeguneratutako hilabete osoei dagokien prezio publikoa ordainduko da, zerbitzuak zein hilabetetan ematen diren, hurrengo hilabeteko lehen hamabostaldian, bankuan helbideratuta edo autolikidazioaren araubidean.

Hasierako edo bukaerako aldietan, tarifaren zenbatekoa hainbanatu eginen da, kontuan harturik zerbitzua zenbat egun naturaletan eman zen.

9. artikulua. Jantokiko zerbitzuetan, zerbitzu horiek erabiltzen diren unean ordainduko da prezioa, noizean behin erabiltzen direnean.

Gainerako zerbitzuetan, jantokiko zerbitzu iraunkorra barne, hilabete natural osoen arabera ordainduko da prezioa, erabiltzaileek zerbitzua erabiltzeari uzten ez dioten bitartean.

Hasierako edo bukaerako aldietan, tarifaren zenbatekoa hainbanatu eginen da, kontuan harturik zerbitzua zenbat egun naturaletan eman zen.

10. artikulua. Zerbitzu horiek emateari dagozkion diru-sarreren kudeaketa zerbitzuok kudeatzen dituen departamentuak eginen du eta, hilabeteko likidazioen kasuan, zerbitzua eman ondoko hilabeteko lehen bost egunen barnean likidatuko dira.

11.1. artikulua. Erabiltzaileek Udaletik kanpoko laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte zerbitzua erabiltzeagatik, ezartzen ahalko dira prezio publikoa ordaintzeko sistema batzuk, non saihestuko baita pertsona horiek aurretiaz ordaindu behar izatea.

11.2. Berrikilan SL enpresa publikoari adjudikatzen zaizkion plaza itunduei dagokienez, betiere Nafarroako Gobernuak onesten dituen esparru-akordioen barnean (Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia) –hain zuzen ere, Foru Komunitatean mendekotasuna duten adineko pertsonendako eguneko zentroaren zerbitzua ematen duten enpresak hautatzeko eta esparru-akordioaren ondoriozko kontratuak adjudikatzeko–, Berrikilanek zuzenean kobratuko dio tarifa erabiltzaileari, esparru-akordioan ezartzen diren baldintzen eta zenbatekoen arabera.

12. artikulua. Ateratzen diren kuotak borondatez ordaintzeko aldietan ordaintzen ez dituztenek errekarguak izanen dituzte, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko araudian eta tributuei buruzko araudi orokorrean ezarritako moduan, eta premiamenduko prozedura administratiboaren bidez eskatzen ahalko dira.

XEDAPEN OSAGARRIAK

13. artikulua. Ordenantza honetan ezarri gabeko orotan Berriozarko Udalaren ordenantza fiskal orokorra aplikatuko da ordezko eta osagarri gisa.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan ezarri gabeko orotan, bai eta arau-hauste eta zehapenei dagokienez ere, ordezko gisa aplikatuko dira Berriozarko Eguneko Zentroa arautzeko Erregelamendua, Udalaren ordenantza fiskal orokorra eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea (Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa), bai eta gizarte zerbitzuen arloko gainerako araudi aplikagarria ere.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denean, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262.2 eta 326. artikuluetan ezarritakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

TARIFEN ERANSKINA

Mendekotasuna duten pertsona itunduen zuzeneko prestazio arruntak

MODALITATEA

HILABETEKO KUOTA

Itundutako egonaldi osoa

1.502,86 euro

Egonaldi partziala, 2/3

1.001,91 euro

Egonaldi partziala, 1/3

946,27 euro

Iragarkiaren kodea: L2213141