206. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOZAR

Aldaketa, Etxebizitzak zaharberritzeko laguntzen ordenantzan. Behin betiko onespena

Berriozarko Udalak, 2022ko otsailaren 23an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldatu zedila Etxebizitzak zaharberritzeko laguntzen udal ordenantza. (Iragarkia argitaratu zen 2022. 63. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 29an).

Jendaurrean egoteko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onesten da, eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkez daitezkeela:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa), bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Berriozarren, 2022ko irailaren 19an.–Alkatea, Raúl Maiza González.

UDAL ORDENANTZA, ETXEBIZITZAK ZAHARBERRITZEKO LAGUNTZEI BURUZKOA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea Udal honek ezarritako laguntza ekonomikoak, ondotik aipatzen diren obrak sustatzeko, etxebizitzak zaharberritzeko laguntza gisa:

a) Fatxadetako konponketak: balkoiak, leihoak, isolamendu termikoak, teilatu-hegalak, teilatu-hodiak, zorrotenak, kanpoko zurgin-lanak, pintura eta apaintzeko lan orokorrak eraikin osoetan.

b) Estalkiko konponketak: teilatuak, tximiniak, argi-zuloak, isolamenduak.

c) Etxebizitzen eraikinak zaharberritzeko lanak, etxebizitzen bizigarritasuna egokitzeko obretan, indarreko foru dekretuetan definitzen den bezala, honako hauei dagokienez: fatxadak, estalkiak, eraikinen inguratzaile termikoak, egiturak, eta eraikinen elementu amankomunei dagozkien instalazio orokorrak (igogailuak, terraza amankomunak,), baita etxebizitzak egokitzea ere, bertako bizilagun izanik mugikortasun murriztua dutenentzat.

d) Beharrezkoak diren egokitzapenak, Eraikinaren Ebaluazio Txostenaren arabera (txosten hori arautu zen azaroaren 12ko 108/2014 Foru Dekretuaren bidez), edo hura legez ordezten duen araudiaren arabera.

e) Kontserbazioaren legezko betebeharra bermatzeko jarduketak, bete daitezen, oro har, azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 3.1 artikuluan ezarritako eraikuntzaren oinarrizko baldintzak (Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Foru Legea). Honako hauek dira oinarrizko baldintza horiek:

–Funtzionaltasuna.

  • Erabilera; halako moduz non instalazioen zuzkidurek eta espazioen neurriek errazten duten behar bezala betetzea eraikuntzan aurreikusitako eginkizunak.
  • Irisgarritasuna; halako moduz non mugikortasun eta komunikazioa murriztua dutenei aukera emanen zaien eraikinean sartzeko eta harat-honat mugitzeko, berariazko araudian zehazten den moduan.
  • Eskuragarri izatea telekomunikazio zerbitzuak, ikus-entzunezkoak eta informaziokoak, berariazko araudian ezarritakoarekin bat.
  • Erraztasunak ematea posta zerbitzua eskura izateko, instalazio egokiak paratuz postaz igorritakoak jasotzeko, berariazko araudian xedatutakoaren arabera.

–Segurtasuna.

  • Segurtasuna egituran; halako moduz non ez den eraikinean nahiz zati batean kalterik sortuko, kalte horien jatorria izanik zimenduak, euskarriak, habeak, forjatuak, karga-hormak edo egiturazko beste elementu batzuk, edo halako moduz non ez den kalterik sortuko ukituko dituenik aipatutako elementuak, edota zuzenean kolokan jartzen dituenik eraikinaren erresistentzia mekanikoa eta egonkortasuna.
  • Segurtasuna sutea izanez gero; seguru atera daitezen barnean daudenak, sutea hedatzea mugatu dadin eraikinean bertan eta ondokoetan, eta izan dezaten jarduteko modua sua itzaltzeko eta erreskatea egiteko taldeek.
  • Segurtasuna erabiltzean; halako moduz non eraikina normal erabiltzeak ez duen ekarriko istripu arriskurik jendearentzat.

–Bizigarritasuna:

  • Higienea, osasuna eta ingurumenaren babesa; halako moduz non lortuko diren osasungarritasun eta estankotasun baldintza egokiak eraikinaren barreneko giroan eta horrek ez dion kalterik ekarriko hurbileko ingurumenari, bermatuz behar bezala kudeatuko direla hondakin klase guztiak.
  • Zarataren kontrako babesa; halako moduz non hautemandako zaratak ez duen arriskuan jarriko jendearen osasuna eta ahalbidetuko dien beren jarduerak behar bezala egitea.
  • Energia aurreztea eta isolamendu termikoa; halako moduz non lortuko den arrazoiz erabiltzea beharrezko energia, eraikuntza behar bezala erabiltzeko.
  • Eraikuntzako elementuen edo instalazioen beste alderdi funtzional batzuk, eraikina behar bezala erabiltzea ekartzen dutenak.

f) Kontserbatu beharrak berarekin dakartza beharrezko lanak eta obrak, eraikuntzak eta bereziki instalazioak eguneratu eta egokitu daitezen une oro berariaz eskatutako legezko arauetara, progresiboki.

g) Azkenik, kontserbatu beharraren parte dira, orobat, Administrazioak agintzen dituen beste obra batzuk, turismoarekin edo kulturarekin lotutako arrazoiengatik, edo hirigunearen kalitatea eta jasangarritasuna hobetzekoak. Azken obra horiek izan daitezke zati bat edo dena egokitzeko Eraikuntzaren Kode Teknikoan ezarritako oinarrizko eskakizunetara edo haietako batzuetara. Halakoetan, Administrazioak arrazoituta zehaztu behar du zer kalitate mailatara iritsi behar den haietako bakoitzean.

2. artikulua Aplikazio-eremua.

Laguntzak emateko, beharrezkoa izanen da aurretik aldeko txostena ematea Udaleko teknikari eskudunek edo haiekin parekatutakoek, aipatutako obrak egiten diren eraikinetan, hiri-lurzoru gisa mugatutako eremuan, Berriozarko egungo hirigintza planeamenduan, salbu beste eremu bat aurreikusten bada kasu berezietan, betiere ez bada deklaratu osoki edo partez daudela antolamendutik kanpo. Egokitzapenak helburu badu legezkotasunera egokitzea, laguntzak aplikatuko zaizkie antolamendutik kanpo gelditzen ez den eremuan egin beharreko jarduketei.

Laguntzak eman daitezen, salbuespena izanik irisgarritasunarengatik egiten den egokitzapena edo aplikagarri ez den kasuak, beharrezkoa izanen da aurretik eraikinari Eraikinaren Ebaluazio Txostena egitea, eta planteatzen diren jarduketek bat egin beharko dute eraikina ebaluatzeko txosten horretako irizpenekin.

3. artikulua Baldintza orokorrak.

Eraikinek, Udalaren laguntza biltzeko, baldintza hauek bete behar dituzte: bizitokitarako erabilera izatea, eta babes mailaren batekin katalogaturik egotea, edo hogeita hamar urte baino gehiago izatea, salbu lanen helburua bada eraikinak egokitzea mugikortasuna mugatua dutenentzat. Horretaz gain, egin beharreko obrek honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

–Etxebizitzen blokeetarako, obrek izan behar dute 2.500 eurotik gorako kostu-eragina etxebizitza bakoitzeko.

–Estalkietarako, gutxienez 1.000 euroko kostua izan behar da etxebizitza bakoitzeko.

–Fatxadetako obretan, baldin isolamendu termikoko lanak edo pintura eta apainketa lanak badira soilik, gutxienez 500 euroko kostua izan behar da etxebizitza bakoitzeko.

–Oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak direnean, ez dago gutxieneko inbertsio ekonomikoaren mugarik.

Jarduketa eta obra guztiek bermatu beharko dute bat heldu direla, teknika eta eraikuntza aldetik, eraikinaren kontserbazioarekin; egokituko zaizkio araudiak, planeamenduak eta ordenantza aplikagarriek xedatzen dutenari; eta horietan eginen dira Udaleko departamentu eskudunak edo harekin parekatutakoak beharrezkotzat jotzen dituen obrak. Bestetik, hobetuko dituzte eraikinaren erabilera, segurtasuna edo kanpoko estetika. Horretarako, Eraikinaren Ebaluazio Txostenean ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Laguntza hauek biltzeko, beharrezkoa izanen da berreskuratzea fatxadako jatorrizko diseinu edo tratamenduak, edo fatxadetatik kentzea nahiz egokitzea txostenetan desegokitzat jotzen diren elementuak (pertsianetako kaxak, kontraleihoak, fatxadetako kableak, kartelak, idazkunak, markesinak, antena parabolikoak, klimatizazio sistemak kondentsatzeko unitateak, kaleko leiho nahiz ateak, etab.).

Inguratzaile termikoa hobetzeko obretan, eraikin osorako izanen da jarduketa, eta azken diseinuak errespetatu behar ditu ingurumena eta bere eraikuntza osoa. Bateragarria izanen da inguruneko eraikuntzetan ondoren eginen diren jarduketekin eta egun dagoenarekin, bai eraikuntzaren teknikaren aldetik, bai estetikaren aldetik. Jarduketa mota horietan, nahitaezkoa izanen da aldez aurreko proiektua egitea, teknikari eskudun batek idatzia eta haren lanbide elkargoak ikus-onetsia. Hartu beharreko irtenbideak udal zerbitzu teknikoen aldeko txostena izan beharko du, obra lizentziaren eskaera egin baino lehen.

Eraikineko elementu komun bati (leihoak, balkoietako itxiturak,...) dagozkion obrek beharko dute jabeen erkidegoaren baimena.

Ez dute Udalaren laguntzarik hartuko honelako jarduketek:

–Indarra duen planeamenduan antolamendutik kanpo deklaratu diren eraikinetan egiten diren obrak, edo legeriaren arabera (dela hirigintzakoa dela ekonomikoa) aurri egoeran daudenetan egiten direnak. Antolamendutik kanpo zati bat egonez gero, aplikatuko zaio antolamendutik kanpo ez dagoen zatiari bakarrik, betiere berekin badakar hirigintzaren aldetik osotasuna egokitzea.

–Barne lokaletako egokitze edo apainketa pribatibo eta bakarrari dagozkion obrak, salbu egin beharrekoak badira, aldi berean jarduera babesgarriak egiteko. Orobat, obrak ez dira babestuko baldin egiten ez badira Udaleko departamentu eskudunak edo harekin parekatutakoak nahitaezkotzat jotzen dituenak.

–Fatxada eraistea eta funtsean aldatzea, edo eraikina osotara hustea. Salbuespenez, hirigintzako egokitzapenak egiteko (derrigorrezko lerrokadurak) onartzen da fatxadak hein batean eraistea edo erabat hustea, betiere eraikinak 100 urte baino gehiago baditu, andeatze egoerak komenigarri egiten badu, ezaugarri tipologikoei eusten bazaie eta kontserbazio katalogazioan inongo mailarik ez badu eraikinak.

–Eraikinaren bolumena eta/edo azalera eraikia handitzea.

–Lokalak egokitzea.

4. artikulua. Udalaren laguntza motak.

Ordenantza honetako baldintza orokor nahiz partikularrak betetzen dituzten obretarako jasotzen ahal dira udal laguntzak. Independenteak eta osagarriak dira laguntza hauek eta Nafarroako Gobernuak edo haren departamentuek, esaterako, ezartzen dituztenak (salbu beste erakunde horiek ezarritako baldintzetan espresuki kontrakoa ezartzen bada).

Udalaren laguntzak izaten ahal dira:

4.1. artikulua. Obraren aurrekontuaren %6,5eko dirulaguntza.

Eraikin osoak ukitzen dituzten jarduketetan, baldin badira estalkiak eta fatxadak konpontzeko edo inguratzaile termikoa hobetzeko, obra gauzatzeko aurrekontuaren %6,5ekoa izanen da laguntza.

Aurrekontu arruntean horretarako izendatutako partidaren kargura finantzatuko dira laguntzak, bertan krediturik den bitartean, galarazi gabe aparteko beste baliabide batzuk gaitzea baldin komenigarritzat jotzen badira.

4.2. artikulua. Laguntza bereziak hitzarmen bidez.

Hitzarmenak sina daitezke zaharberritzeko jarduera berezietarako, eta erabilera publikoko ekipamenduetara ere zabaltzen ahal dira, ordenantza honetan aurreikusitako laguntzak konbinatuz eta are jarduketa horietan parte hartuz baliabide ekonomiko bereziekin edo eskura diren baliabide materialekin, teknikoekin nahiz giza baliabideekin.

4.3. artikulua. Aholkularitza.

–Motak:

a) Txosten teknikoak egitea eraikinaren egoerari buruz.

b) Aholku ematea lizentzia eta laguntzen tramitazioari buruz.

c) Aholku ematea obrak egitearen gainean.

d) Eta, oro har, aholku ematea zaharberritze arloko afera guztien gainean, eskatzen bazaio eta eskumena eta behar adinako baliabideak izanez gero.

4.4. artikulua. Igogailuak paratzeko dirulaguntzak.

Jarriko diren igogailuak homologatuak izanen dira, eta beteko dituzte igotzeko gailuen gaineko erregelamendu aplikagarriak eta haiekin bat datozen xedapenek ezarritako zehaztapenak. Obretan, bete beharko dira Eraikingintzaren Kode Teknikoak ezarritako determinazioak, aplikatzekoak diren alderdi guztietan bete ere; eta, obrak bukatutakoan, bete beharko dira 142/2004 Foru Dekretuan edo haren ordezko araudian zehaztutako bizigarritasun baldintzak (aipatutako foru dekretu horren bidez aldatu egin zen 5/2006 Foru Dekretua).

Igogailuak paratzeko jarduketak diruz lagundu daitezke obrak gauzatzeko aurrekontuaren %11,5ean, diruz lagungarria den aurrekontu-mugaraino. Aurrekontu babesgarria gainditzen bada, gehienez ere 90.000 euroko dirulaguntza emanen da.

Aurrekontu arruntean horretarako izendatutako partidaren kargura finantzatuko dira laguntzak, horretarako krediturik den bitartean.

4.5. artikulua. Etxebizitzak egokitzea bizilagunen desgaitasunera.

Ordenantzako 4.1 artikuluko zehaztapenak aplikatuko zaizkie (gutxieneko aurrekontuak mugarik ez duela) etxebizitza partikularretako sarbideak bizilagunen beharretara egokitzeko behar diren obra guztiei.

Orobat, laguntzak jasotzen ahal dira eraikinen espazio komunetako jarduketetarako ere, betiere betetzen badira sarbideei buruzko egungo lege-zehaztapenak, edo jarduketek lege hori hein batean behintzat betetzen badute, oztopo arkitektonikoak kenduz eta oztopo berririk sortu gabe.

Laguntzetarako dokumentazio osagarri gisa, beti aurkeztu beharko dira osasun ziurtagiria, agertzen duena zein diren onura jasoko duen etxeko bizilagunaren desgaitasun mota eta maila, eta beste agiri bat, ziurtatzen duena hartutako neurriak egokiak direla desgaitasunerako.

Diruz lagunduko dira jarduketen akabera oinarrizkoak, eta ez da diruz lagunduko akabera horien eta aukeratutako akaberen arteko aldea.

4.6. artikulua. Dirulaguntza, aldamioak jartzeko edo bestelako bitarteko lagungarriak jartzeko, goratzeko, edo garaieran lanak egiteko, bide publikoa okupatuta.

Laguntzak jasotzeko, honako lan hauetarako erabili beharko dira sistema horiek:

Obrak egitea eraikineko teilatuetan eta fatxadetan, bai barnealdean bai kanpoaldean, betiere espazio horietarako sarbide zuzena badago eta halakoak jartzeak ez badakar zailtasun berezirik.

Obretan, igogailuak eta/edo pertsonentzako sarbideak jartzea.

Laguntza behar den denborarako ezarriko da; udal teknikariek zehaztuko dute zein den denbora hori, lizentzia ematearekin batera. Aldamioak finkaturiko epea baino luzeago gelditzen badira eremu publikoan, gehiegizko okupazio hori ez da diruz lagunduko.

Honako taula honen arabera zehazten da zenbateko dirulaguntza emanen den aldamioarekin bide publikoa okupatzeko:

Metro koadro edo zatiki bakoitzeko:

–Egunean, egun bakoitzeko ordaintzen den tasaren %50.

–Hilabetean, hilabete bakoitzeko ordaintzen den tasaren %50.

–Urtean, %0.

Nola eta zer tarteren arabera zehazten den zer tasa pagatu bide publikoa okupatzeagatik, berdin aplikatuko da eguneko, hilabeteko edo urteko ehunekoa.

4.7. artikulua. Laguntza bereziak, zaurgarritasun ekonomikoa dutenentzat.

Aparteko laguntzak emanen zaizkie 1. artikuluak aipatutako obrei, baldin betetzen badituzte 2. eta 3. artikuluetako baldintzak, kontuan izanik etxebizitzan bizi den bizikidetza-unitateko familiaren diru-sarrera haztatuak.

Ordenantza honen I. eranskinean arautzen dira laguntzak.

5. artikulua. Onuradunak.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke obraren sustatzaile diren pertsonak, ukitutako partikularrak, eta jabe erkidegoak edo entitateak, baldin baldintzak betetzen badituzte eta eskaera egiten badiote eskumena duen udal departamentuari edo harekin parekatutakoari, behar diren agiriak aurkeztuta.

Laguntzak tramitatu, eta eskaera egin duten pertsonei edo entitateei emanen zaizkie, I. eranskinean adierazitako zehaztapenekin.

Talde baten barnean eskatzen bada laguntza, partikularrak ezin izanen du banakako beste laguntzarik eskatu obra bera egiteko.

Edozein dirulaguntza jasotzeko, obrek obra-lizentzia izan beharko dute, eta hartan agertuko da aldeko txostena, udal departamentu eskudunak emana, edo hari parekatutakoak.

Onuradunek ordaindu beharko dituzte obra edo/eta jarduketak tramitatzeko eta egiteko behar diren zergak eta tasak.

Laguntza ekonomikoak behin betikoak izanen dira eta obrak bukatutakoan jasoko dira, eskatzaileak Udalari espresuki aurkeztuko dion eskaeraren bidez, eskuratutako lizentzietan zehazturiko agiriak oro ekarrita betiere. Laguntzak ordaintzeko, gauzatutakoa ikuskatu beharko da, egiaztatzeko bete direla lizentziarako baldintzak eta eman dela baldintzak betetzeari buruzko bukaerako aldeko txostena.

Ez zaie laguntzarik emanen Udalaren zordun izateagatik premiamendu bidez kobratzeko prozeduretan sarturik dauden pertsona fisikoei nahiz entitateei.

6. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

Ordenantza honetan aurreikusitako irizpideak aplikatuta ezarriko da Udalaren laguntza ekonomikoen muga.

Udalaren laguntzak izanen dira Nafarroako Gobernuak horretarako ezarrita dituenen osagarri, baita espedientean helburu bererako dauden beste edozein laguntzaren osagarri ere.

Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inoiz handiagoa izanen diruz lagundutako jardueraren kostua baino, ez berez, ez hari gehituta beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk, edozein administrazio, erakunde edo pertsonarengandik datozela ere.

Entitateen publikoetatik hartutako dirulaguntzak sobera direnean, alderatuta proiektuaren edo jardueraren kostuarekin, nahiz eta bateragarriak izan, onuradunak itzuli egin beharko ditu soberakina eta berandutzaren interesak, frogagiriari ordainketa-gutunak gehituta. Laguntza ematen duten erakundeei itzuliko zaie gehiegizko zenbatekoa; zenbat eman duen bakoitzak, haren proportzioan.

Hala ere, Administrazioa ohartzen bada gehiegizko finantzazio horretaz, gehiegizko zenbatekoa osorik itzultzeko exijituko du, hark emandako dirulaguntzaren mugaraino.

7. artikulua Laguntzak galtzea.

Ez badira betetzen ordenantza honetako baldintzak eta beharkizunak, eta, zehazki, ez badira gauzatzen txosten teknikoan edo Eraikinaren Ebaluazio Txostenean beharrezkotzat jotzen diren obrak, edo edozein datu faltsutzen bada aurkeztutako dokumentazioan, deuseztatu eginen dira Udalak emandako laguntza guztiak, eta bertan behera geldituko dira espedientean izan daitezkeen onurak; gainera, jasotakoa itzuli beharko da, legezko interesak barne, jaso ziren unetik. Ordainaraz daitezke indarreko legerian diru-bilketarako ezarritako premiamendu bidez, baldin gertatzen bada azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako arrazoietako bat, edo dirulaguntza eta laguntza publikoei aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan jasotako bat (38/2003 Lege Orokorra, Dirulaguntzei buruzkoa). Jabeen erkidegoen kasuan, deuseztapen hori banaka egin daiteke, erkidegoko kideetatik bat bakarra bada betetzekoari huts egiten diona, edo taldeka, erkidegoari berari egozten ahal baldin bazaio.

8. artikulua Laguntzen tramitazioa.

Laguntzak Berriozarko Udalaren erregistro orokorrean tramitatuko dira, eta horretarako ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

a) Obra-lizentziaren eta laguntzen eskabidea. Hartan adieraziko dira obra mota, banku entitatea, eta, laguntzak zer kontutan eskuratu nahi diren, haren zenbakia, baita obrak burutzeko epea ere.

b) Jabearen edo jabe erkidegoko ordezkariaren nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Jabeen erkidegoaren akordioa, non adieraziko baita obrak egitea erabaki dutela, ordezkari bat izendatu dutela laguntzen espedientea kudeatzeko, eta jabe bakoitzak obran duen portzentajea.

d) Eskatzailea norbait ordezkatzen ari bada: ordezkaritza horren frogagiria.

e) Obren proiektu tekniko ikus-onetsia (paperezko kopia bat eta PDF euskarri digitaleko beste bat, baliozko sinadura batekin elektronikoki sinatua). Beharrezkoa ez balitz, honako agiri hauek ekarri beharko lirateke:

1. Egin beharreko obren txostena, materialen kalitatea eta guzti.

2. Egungo egoeraren planoak eta zaharberrituarenak, adierazita kotak, azalerak, erabilerak eta banaketak.

3. Obraren aurrekontu zehaztua, neurketak, kalitateak, prezio unitarioak eta guzti.

f) Udaleko zerbitzu tekniko eskudunek edo haiekin parekatutakoek eska ditzaketen agiri osagarriak.

Beharrezkoak da aurkeztea proiektu teknikoa eta obra-bukaerako ziurtagiria, obrek honelakoei eragiten dietenean:

–Eraikinaren egiturari: habeak, zutabeak, karga-hormak, harlauzak, zertxak, gapirioak...

–Eraikinaren fatxadei: bao berriak irekitzea, fatxadaren osaketari funtsezko aldaketa eragitea.

–Etxebizitzaren barneko banaketari: tabikeetan funtsezko aldaketak eragitea, eta eraldaketak egitea, aldatzen dituztenak bizigarritasun baldintzak edo sukaldearen nahiz bainugelaren kokalekua.

–Igogailuak paratzea.

–Eremu publikoan muntatutako aldamioak, hodi modukoak, luzeagoak direnean eraikinaren lehen solairuko zoruko forjatuaren altuera baino.

9. artikulua. Laguntzak emateko lehentasun irizpideak.

Eskatutako laguntzen zenbatekoa aurrekontuko baliabideak baino gehiago denean, horiek onartzeko lehentasun ordena ezartzen ahal da irizpide hauen arabera:

1. Eraikinaren katalogazioa edo interes maila.

2. Aurreikusitako obren ezaugarriak eta haien aurrekontuak.

Udalaren aurrekontuan baliabide ekonomikoak nahikoak izan behar dira, eman ahal izateko behar den ekitaldi ekonomikoaren kargurako laguntzak. Ez balego dagokion ekitaldian eskatutako dirulaguntza osoa ordaintzeko adina aurrekontu gaitasun, hurrengo ekitaldian ordainduko litzateke.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikatutako egiteak eta ez-egiteak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra), eta horiek zehatuko dira jarraikiz aipatutako legean eta hura garatzeko araudian ezarritako prozedurari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honen interpretazioa Berriozarko Udalarena da ez beste inorena.

Bigarrena.–Udalak noiznahi begiratzen ahal du obrak behar bezala egiten direla.

Hirugarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

I. ERANSKINA

Laguntza berezien erregulazioa, zaurgarritasun egoeran daudenentzat

Laguntza berezien xede dira zaurgarritasun ekonomikoa dutenak; laguntza berezi hauek dagozkie Berriozarko etxebizitza-eraikinen jabeen erkidegoei.

ZAURGARRITASUN EGOERAN DAUDENENTZAKO LAGUNTZA BEREZIAK

JARDUKETA MOTA

FAMILIA-UNITATEAREN EDO BIZIKIDETZA-UNITATEAREN DIRU-SARRERAK

< 1 aldiz Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna
(ERREGEROSNA)

1 eta 1,7 arteko
ERREGEROSNA

Etxebizitzetako energia-efizientzia eta jasangarritasuna

a) Inguratzaile termikoa hobetzea

%40

Gehienez: 5.000 euro

%20

Gehienez: 2.500 euro

b) Energiaren aldetik efizienteak diren instalazioak jartzea edo hobetzea.

c) Energia berriztagarriak sortzeko edo erabiltzeko aukera ematen duten ekipoak instalatzea.

d) Eraikineko edo lurzatiko instalazio komunen energia-efizientzia hobetzea.

e) Urez hornitzeko instalazioak hobetzea eta ura aurrezteko mekanismoak jartzea

%40

Gehienez: 2.800 euro

%20

Gehienez: 1.800 euro

Irisgarritasuna eta segurtasuna, erabiltzeko

Irisgarritasun unibertsala eta pertsona ororentzako diseinua

%40

Gehienez: 5.000 euro

%20

Gehienez: 2.500 euro

Zaurgarritasun egoeretarako laguntzen onuradunak.

1. Zaurgarritasun egoeretako laguntzen onuraduntzat joko dira, laguntza orokorren osagarri gisa, jarraian ematen diren oinarrizko baldintzak betetzen dituztenak, jabeak zein gozamendunak, jabeen erkidego bateko kide direnak:

–Etxebizitza horretan erroldaturik egotea, 3 hilabete lehenagotik.

–Zaharberritu beharreko eraikinean dagoen etxebizitzaren jabetza edo gozamena edukitzea eta etxebizitza horretan ohiko bizilekua izatea gutxienez 5 urtez, jarduketa amaitzen denetik zenbatzen hasita.

–Eskatzailearen familia-unitatearen familiaren diru-sarrera haztatuak (errenta egokiagatiko erosahalmen nahikotasunaren adierazlea) egotea zortzigarren artikuluan jasotako tarteen barnean.

–Udalari berariazko baimena ematea laguntza ordain dezan jabeen erkidegoaren banku-kontuan.

Laguntza ekonomikoak.

Dirulaguntza indibidualak izanen dira (aplikatuz Nafarroako Gobernuaren Birgaitze Babestuaren Kalifikazioan onartutako aurrekontu diruz lagungarrian parte hartzeko laguntzaren ehunekoa, eta kontuan hartuz eskatzailearen familia-unitatearen familiaren diru-sarrera haztatuak (FDH)) errenta-atalase jakin batzuk, erreferentzia egiten diotenak errenta egokituagatiko erosahalmen nahikotasunaren adierazleari (ERREGEROSNA).

FDHaren kalkulua eginen da jarraikiz laguntza eskatzeko unean indarrean dagoen araudiari, eta aplikatuko da eskaera egiteko unean indarrean dagoen koadroa.

Onuradunak 5.000,00 euro jasotzen ahalko ditu gehienez inguratzaile energetikoa eta irisgarritasuna hobetzeko, eta 2.800,00 euro gehienez, hobetzeko edo jartzeko energetikoki efizienteak diren instalazioak eta ordenantza honen 6. artikuluan ezarritako koadroan jasotako gainerako kasuetarako.

Betiere, jarduketa sustatzen duen erakundeak jasoko ditu zaurgarritasun egoeretarako laguntzak; izan daiteke jabeen erkidego bat, kooperatiba bat edo etxebizitza-elkarte bat, baina bideraturik egonen dira dirulaguntza jasotzen duen jabe edo gozamendun eskatzaileari esleitutako obraren kostua murriztera. Horretarako, hitzarmen bat sinatuko dute alderdi inplikatuek (jabeen erkidegoak, Berriozarko Udalak eta pertsona onuradunak). Laguntza ematen bada, aldi berean jakinaraziko zaie interesdunari eta erakundeari.

Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Zaurgarritasun egoeran daudenentzako laguntza berezia ordaintzeko eskabidea. Frogagiriak erantsi behar dira honako hauen gainean:

a) Birgaitu beharreko higiezinaren/higiezinen jabetzaren, gozamenaren eta eskubide errealen egiaztapena, Jabetza Erregistroko informazio-ohar sinple eguneratuaren bidez.

b) Errolda-ziurtagiria.

c) Familia-unitatearen edo bizikidetza-unitatearen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZa) aitorpena(k), eskaera egiten den egunean indarrean dagoena.

d) Inguruabar bereziak frogatzen dituen dokumentazioa edo ziurtagiria, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak emana, edo beste edozein administrazio eskudunek.

Iragarkiaren kodea: L2212566