206. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZAGRA

Ordenantza fiskala, arautzen duena etxebizitza hutsen gaineko zerga.
Behin betiko onespena

Azagrako Udalak, 2022ko uztailaren 28an egindako osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza fiskal bat, etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzeko. Erabaki hori argitaratu zen 2022ko 162. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 16koan.

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi, eta osorik argitara dadila agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Azagran, 2022ko irailaren 29an.–Alkatea, Rubén Medrano Romeo.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA

1. artikulua. Etxebizitza hutsen gaineko zergak zergapetuko du udal-mugarteko etxebizitzen titulartasuna, baldin eta etxebizitza horiek ageri badira maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean araututako Etxebizitza Hutsen Erregistroan (Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko Foru Legea).

2. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta gainerako entitateak, nortasun juridikorik izan ez arren unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen dutenak, baldin eta:

a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean bestelako gozamen- edo xedapen-eskubide errealik ez denean.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamen- edo xedapen-eskubide erreal baten titular baldin badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

3. artikulua. Salbuespenak.

1. Zergaren aplikaziotik salbuetsita daude:

a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta etxebizitza duten herritik kanpo betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzekoa zaien legediari jarraikiz.

b) Etxebizitzen titularrak beren ohiko bizileku den herritik aldi baterako kanpora joan behar izan duten langileak badira, hori gertatu denean arrazoi teknikoengatik, antolamendukoengatik nahiz ekoizpenekoengatik, edo enpresa-jarduerari lotutako kontratazioengatik, edo langile horiek mugigarritasun geografikora beharturik egoteagatik.

c) Administrazio Publikoaren esku jarri diren etxebizitzak (Nasuvinsa edo kasuan kasuko entitatea), gizarte-alokairurako erabiltzeko.

2. Nolanahi ere, salbuespenak etxebizitza bakarra hartuko du barne.

4. artikulua. Zerga-oinarria.

Zerga-oinarria izanen da lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren ordainarazpenerako indarra duena.

5. artikulua. Kuota.

1. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.

2. Karga-tasak tarte hauen barnean egon beharko du: %0,25 eta %0,50 artean, etxebizitza Etxebizitza Hutsen Erregistroan ageri den lehen urterako; %0,50 eta %1 artean bigarren urterako; eta %1,5 hirugarren urterako eta hurrengoetarako. Karga-tasa bat bera izanen da udal-mugarte osoan.

6. artikulua. Sortzapena.

1. Zerga lehen aldiz sortuko da etxebizitza hutsik dagoela deklaratzen duen kasuko ebazpena ematen denean.

2. Gero, zerga urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da, etxebizitza Etxebizitza Hutsen Erregistroan alta emanda dagoen bitartean.

3. Kuotak seihilekoak izanen dira, seihileko naturalekoak, eta horien barnean, zatiezinak eta ezin murriztuak.

4. Subjektu pasiboek, dagokion espedientea izapidetuz, eskatzen ahalko dute itzul dakiela zergaren sortzapen-aldiari dagozkion kuoten zati proportzionala, etxebizitzak okupatzen diren unetik aurrerakoa.

7. artikulua. Etxebizitza hutsen zentsua.

1. Etxebizitza hutsen zentsua mantendu beharko dute udalek, zergaren ordainarazpenerako.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako, departamentu eskudunak ofizioz jakinaraziko dizkio udal bakoitzari Etxebizitza Hutsen Erregistroan gertatzen diren altak eta bajak, kasuko udalerriari dagozkionak.

3. Erregistroan alta emanda, udalak titularrari jakinaraziko dio alta hori, eta adieraziko dizkio zerga-oinarria eta indarrean den karga-tasa.

8. artikulua. Zergaren kudeaketa.

Zerga kudeatzeko, lur-ondasunen gaineko kontribuzioa kudeatzeko erabiltzen diren arau berak erabiliko dira, eta batera eginen dira kasuko likidazioak eta kobrantza-dokumentuen igorpenak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.

ERANSKINA

2022ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzeko karga-tasak

Lehen urtea: %0,50.

Bigarren urtea: %1.

Hirugarren urtea eta hurrengoak: %1,5.

Iragarkiaren kodea: L2213144