205. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERBINTZANA

Ordenantza, autokontsumorako instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Berbintzanako Udalak, 2022ko otsailaren 8an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen autokontsumorako eguzki energia fotovoltaikoaren eta/edo eolikoaren instalazioak arautzen dituen ordenantzaren testu bategina.

Espedientea jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunean, 2022ko uztailaren 22tik aurrera, (145. Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Jendaurrean egoteko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz xedatuta dagoenarekin Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Berbintzanan, 2022ko irailaren 16an.–Alkatea, Ángel Díez Asenjo.

AUTOKONTSUMORAKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

1.–Isuriak 2030erako murrizteko helburuak 2014ko urriko Kontseilu Europarraren Ondorioetan daude jasorik. Ondorio horietan, 2021-2030 aldiko Energia eta Klima Aldaketari buruzko Politika Esparrua onartu zen ("2030 Esparrua"), Energiaren eta Klima Aldaketaren Europako Paketeari jarraipena ematearren. Hona hemen 2030 Esparruaren helburu nagusiak:

–Berotegi efektuko gasen isuriak %40 murriztea, 1990eko mailen aldean.

–Jatorri berriztagarria %27ra iristea energia kontsumoan.

–Energia efizientzia %27 hobetzea.

2.–Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) Autokontsumoa izapidetzeko gidan adierazten duenaren arabera, toki administrazioak zeregin erabakigarria betetzen du autokontsumorako instalazioak izapidetzeko garaian; horregatik, gomendatzen dute udalek sinplifika ditzatela beren eskumeneko baimenak emateko izapideak, hori eginez gero, erraztu eginen baitute haien udalerrietan autokontsumorako instalazioak jartzea.

Beraz, ordenantza eredu honek udal erregulazio bat ezartzen du, zeinak sustatzen baitu autokontsumorako instalazioak ezartzea toki eremuan, eta, ondorioz, energia berriztagarriaren sorkuntza bultzatzen. Eta hori, argitasuna eskainiz, helburu horretarako hirigintza lizentziak izapidetzeko beharrezkoak diren eskakizunei dagokienez, eta, aldi berean, laguntzak aurreikusiz udal eremuan.

3.–Ordenantza honek bi helburu ditu. Alde batetik, udalaren esku-hartze araubidea ezartzea, autokontsumorako eguzki-energia fotovoltaikoa ekoizteko instalazioak sustatzeari dagokionez, erantzukizunpeko adierazpenen araubidearen pean jarrita, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartutako Lurraldearen Antolamenduari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 192.1.b) eta e) artikuluan xedatutakoaren babesean (II. titulua).

Bestalde, mota horretako instalazioen sustapena bultzatzeko helburua duten laguntza ekonomikoen erregimena zehazten da (III. titulua). Laguntza horiek zerga-hobariak izanen dira, eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergan eta lurraren kontribuzioan. Hobari horiek aurreikusita daude aipatu martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 140.5 eta 170 bis artikuluetan (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea)

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Udalaren esku-hartzea arautzea, autokontsumorako eguzki energia fotovoltaikoa eta energia eolikoa ekoizteko ondasun higiezinetan egiten diren instalazioak sustatzeko jarduketen arloan, instalaziook sarera soberakinekin konektatuak zein isolatuak izan, instalazioen potentzia nominala 10 kW-ekoa edo txikiagoa izanik, betiere.

Halaber, arautzen du aurreko paragrafoan aipatu diren jarduketen sustapena bultzatzea helburu duten laguntza ekonomikoen araubidea.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza hau aplikatzearen ondorioetarako, hona zer diren:

Autokontsumoa: kontsumitzaile batek edo batzuek kontsumitzea kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazio batzuetatik datorren energia elektrikoa. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Sarera konektatutako instalazioa: kontsumitzaile baten sarearen barnean konektatutako sorkuntza instalazio bat, kontsumitzaile batekin sarera konektatzeko azpiegiturak partekatzen dituena edo kontsumitzaile horrekin zuzeneko linea baten bidez lotuta dagoena eta garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa duena edo eduki dezakeena noiz edo noiz. Garraio sarera edo banaketa sarera zuzenean lotuta dagoena ere hartuko da sarera konektatutako sorkuntza instalaziotzat. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Instalazio isolatua: inoiz ez duena ahalmen fisikorik garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa izateko, ez zuzenean, ez zeharka, norberaren edo besteren instalazio baten bidez. Etengailuen edo gisako gailuen bidez saretik deskonektatutako instalazioak ez dira isolatutzat hartuko errege dekretu hau aplikatzearen ondorioetarako. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Soberakinak dituen autokontsumo modalitatea: modalitate horietan, kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazioek, autokontsumorako energiaz hornitzeaz gain, soberako energia sartzen ahalko dute garraio eta banaketa sareetan. (244/2019 ED, 4. artikulua).

Potentzia nominala: inbertsorearen gehieneko potentzia izanen da, edo, bestela, inbertsoreen gehieneko potentzien batura.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua da sarera soberakinekin konektatutako zein isolatutako autokontsumorako instalazioena, haien eguzki energia fotovoltaikoaren eta/edo energia eolikoaren potentzia nominala 10 kW-ekoa edo txikiagoa bada, eta Berbintzanako udal-mugartean dagoen edozein ondasun higiezinetan kokatuta badaude.

4. artikulua. Udalaren baliabide ekonomikoak.

Udalaren aurrekontuetan onetsiko dira ordenantza honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoei guztira aplikatuko zaizkien baliabideak.

III. TITULUA

Administrazioaren esku-hartzea

5. artikulua. Administrazioaren esku-hartzearen araubidea.

Ordenantza honetan aipatzen den eguzki-energia fotovoltaikoa ekoizteko jarduketen sustapena lotuta egonen da erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari.

6. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren aurkezpena eta ondorioak.

1.–Instalazioa egin aurretik, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da Berbintzanako Udalean. Adierazpen horretan, dokumentazio hau barne hartuko da, gutxienez:

a) Udalaren eredu edo eskabide normalizatuaren araberako erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek gutxienez jasoko dituena: pertsona edo erakunde sustatzailearen eta eraikuntzako gainerako agenteen nortasunaren egiaztapena, instalazioaren kokalekua, higiezinaren katastroko erreferentzia eta higiezinaren tipologia (familia bakarreko etxea, familia anitzeko etxea, pabiloi industriala...), aurrekontua BEZik gabe, instalazioaren potentzia nominala...

b) Instalazioei buruzko proiektu teknikoa, memoria baloratua edo instalazioen deskripzio agiri teknikoa, aplikatu beharreko araudi teknikoak eskatzen duena.

c) Instalazioaren aurrekontu xehatua. Aurrekontu honen azken balioa (BEZik gabe) eraikuntzen eta obren gaineko zerga (EIOZ) kalkulatzeko zerga-oinarria izanen da.

d) Obra hasteko aurreikusitako data adierazi beharko da, bai eta hartu beharreko neurriak ere, hondakin hustuketaren (halakorik sortzen bada), ingurumen-arloko alderdien eta bide publikoaren erabileraren inguruan.

e) Instalazioak gauzatu aurretik beharrezkoa izanen den beste edozein baimen (funtsezkoa edo sektoriala).

2.–Erantzukizunpeko adierazpenak eskubide bat aitortzea edo erabiltzea ahalbidetuko du, Administrazio Publikoek esleituta dituzten egiaztapen, kontrol eta ikuskapen ahalmenak alde batera utzi gabe. Ondorio guztietarako, pertsona edo erakunde interesduna gaituta dago instalazioa gauzatzeko, erantzukizunpeko adierazpena eta eskatutako dokumentazioa aurkezten dituenetik aurrera.

7. artikulua. Paisaia eta ingurumen integrazioak.

1.–Autokontsumorako instalazioek bete beharko dituzte hirigintza plangintzan, eraikingintza ordenantzetan eta aplikatu beharreko gainerako araudi sektorialean paisaia integrazioari eta ingurumen integrazioari buruz ezarritako irizpideak.

2.–Aurrekoa bereziki garrantzitsua izanen da Kultura Intereseko Ondasun (KIO) gisa katalogatutako higiezinetan kokatuta dauden instalazioetan, edo babes motaren bat duten higiezinetan kokatutakoetan, KIO ingurunean edo hirigune historikoetan daudelako.

8. artikulua. Autokontsumoaren erregistro autonomikoan inskribatzea.

Autokontsumorako instalazioei alta eman beharko zaie Nafarroako Gobernuko energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioen Erregistro Administratiboan.

9. artikulua. Epeak.

Obrak gehienez ere hiru hilabeteko epean hasi beharko dira, Berbintzanako Udalari aurretiazko komunikazioa aurkezten zaionetik zenbatzen hasita. Obrak amaitzeko epea sei hilabetekoa izanen da hasiera datatik aurrera.

10. artikulua. Plaka fotovoltaikoak instalatzeko baldintzak.

Baldintza hauek bete beharko dituzte eraikinetako eta eraikuntzetako eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioek:

a) Estalki inklinatuak. Panel fotovoltaikoak jartzen ahalko dira estalki-isurkietan, isurkien inklinazio berarekin eta haien planotik atera gabe, eraikin katalogatuetan izan ezik; kasu horretan, kontuan hartuko da babesari buruzko hirigintza araudia aplikatzeko eskumena duen organoak ontzat ematen duena.

b) Estalki lauak. Eguzki-panelak kokatu beharko dira plano hauek eraturiko inguratzailearen barnean: azken forjatuaren ertzetatik 45º-an trazatutako planoek eta 200 cm-ko altueran kokatutako plano horizontal batek (azken forjatuaren goiko aldetik neurtuta), ilustrazioko irudian bezala. Estalkia babesteko petoa babeski gardenekin luzatu beharko da. Babeski horiek tokirako egokiak izan beharko dira estetikaren aldetik, aurrealde opaku jarraikirik sortu gabe, eta panelaren gehieneko altuerarainokoak.

Peto hori luzatzea ez da beharrezkoa izanen, baldin eta panelak fatxadaren planotik hurbilen duen aldetik neurtutako distantzia (d) estalkiaren forjatuaren goiko aldearen eta panelaren zatirik altuenaren artean dagoen distantzia (h) bera bada, edo hori baino handiagoa. Eraikin katalogatuen kasuan, erabili beharko da babesari buruzko hirigintza araudia aplikatzeko eskumena duen udal organoak ematen duen konponbidea.

c) Fatxadak. Eguzki energia hartzeko panelak instalatzen ahalko dira fatxadetan, fatxaden inklinazio berarekin eta haien planotik atera gabe, harmonian fatxadaren eta eraikinaren gainerako atalen konposizioarekin eta bat etorriz hirigintza-araudian eta, hala badagokio, paisaia babesteari buruzko indarreko ordenantzetan ezarritako baldintza estetikoekin.

d) Arestian aipatutakoez bestelako leku eta baldintza batzuetan dauden eraikinetako eta eraikuntzetako eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioak ez dira antiestetikoak izaten ahalko; hortaz, Udalak ukatzen edo baldintzatzen ahalko du edozein jarduketa, baldin eta betetzen ez badu Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean edota ordenantza honetan ez ezik, indarrean dagoen beste edozein hirigintza arauditan ere ezarritakoa.

Ordenantza honetan araututako autokontsumorako instalazioei zuzenean aplikatuko zaizkie eraikinak, multzo arkitektonikoak, inguruneak eta paisaiak zaintzeko eta babesteko hirigintzako arauak, ondarea babesteko katalogo edo planetan jasotako horiei guztiei dagokienez.

Halakoetan, enpresa sustatzaileak instalazio horien bateragarritasun azterketa aurkeztuko du, ordenantza honen 3. artikuluan xedaturiko dokumentazioarekin batera. Udal organo eskudunak egiaztatuko du ea instalazioak arau horietara egokitzen diren, eta baloratuko du bai haien integrazio arkitektonikoa, bai ingurumenaren aldetik dakartzaten onurak eta kalteak, barne dela ondoko eraikinetan bizi direnei eragozteko moduko islarik maiz sor ez dezaten begiratzea.

Debeku da espresuki fatxadetan ikusten den inolako hodirik, kablerik edo bestelako elementurik trazatzea, salbu eta eskabidean zehatz-mehatz eransten bada eraikuntza-irtenbide bat, bermatzen duena horiek eraikinaren estetikan ongi integratzea.

Enpresa instalatzaileak.

Instalazio fotovoltaikoak egin beharko dituzte gaitutako enpresa instalatzaileek, "Behe-tentsioa sortzen duten instalazioak" espezialista kategoria dutenek, eta beteko dituzte Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoan eta aplikatu beharreko araudi sektorialean eskatzen diren eskakizun guztiak.

Lanak bukatu ondoren, gaitutako enpresa instalatzaileak instalazio elektrikoaren ziurtagiria egin beharko du.

III. TITULUA

Laguntza ekonomikoak

11. artikulua. Laguntzen izaera.

Ordenantza honetan araututako jarduketak sustatzeko neurri gisa, Udalak ordenantza honetan ezartzen dituen laguntzak hauek izanen dira:

1. Zerga-hobariak.

I. KAPITULUA

Laguntza ekonomikoa

12. artikulua. Laguntzen onuradunak

Honako hauek dira udal dirulaguntzak jasotzen ahalko dituztenak:

a) Jarduketen xede diren higiezinen jabeak, hala pertsona fisikoak nola juridikoak.

b) Bizilagunen erkidegoak, baldin eta horiek sustatzen badituzte jarduketak.

c) Jarduketen xede diren higiezinak errentamenduan, gozamenean edo antzeko titulu legitimo baten bidez okupatzen dituzten pertsonak.

13. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza jasoko dute autokontsumorako eguzki energia fotovoltaikoa edo energia eolikoa ekoizteko instalazioek (sarera soberakinekin konektatuak zein isolatuak izan), haien potentzia nominala 10 kW-ekoa edo txikiagoa bada, eta Berbintzanako udalerrian eginak badira.

2.–Ez dute laguntzarik jasoko dauden araudiak aplikatzearen ondorioz nahitaezkoak diren instalazioek.

14. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.

1.–Laguntza izanen da EIOZ likidatzeko aurkeztutako zerga oinarriaren %95 (eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga), Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

2.–Dirulaguntza gisa emanen den bigarren laguntza ekonomikoa izanen da %50eko hobaria egitea ondasun higiezinen gaineko zergaren kuota osoan, 3 urtetan gehienez, betiere eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak ezarri diren ondasun higiezinei dagokienez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

15. artikulua. Bateragarritasun araubidea.

1.–Kapitulu honetan araututako laguntzak bateragarriak dira helburu bererako lortutako beste laguntza ororekin, beste administrazio batzuek nahiz pertsona edo erakunde pribatuek emanik ere. Laguntzen guztizko zenbatekoak ezin izanen du inola ere gainditu instalazioaren kostua.

2.–Obra berak egiteko laguntzak eskatu edo lortu badira, edo ondoren eskatzen badira, une horretan bertan jakinarazi beharko da, eta ordenantza honen xede den dirulaguntza eman baino lehen.

3.–Era berean, bateragarriak izanen dira titulu honen II. kapituluan araututako zerga onurarekin.

16. artikulua. Laguntzak galtzea.

1.–Ordenantza honetako baldintzak eta eskakizunak ez betetzeak, eta zehazki, obrak ez gauzatzeak, bai eta aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzeak ere, udal laguntzak deuseztatu eta kentzea ekarriko du kasuan kasuko espedientean.

2.–Arlo honetan aplikatuko da xedaturik dagoena azaroaren 17ko 38/2003 Legeren II. tituluan (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra) eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren I. kapituluan (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea).

3.–Laguntzen itzulketa indibiduala izan daiteke, baldin eta ez-betetzea bizilagunen erkidegoa osatzen duten pertsonetako batek bakarrik egin badu.

II. KAPITULUA

Zerga-hobaria

18. artikulua. Zerga-hobaria EIOZren kuotan.

1.–Ordenantza honen xedeko eguzki energia fotovoltaikoa eta energia eolikoa ekoizteko instalazioak gauzatzeak %95eko murriztapena izanen du une bakoitzean indarrean den eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren tasan. Hobari hori izateko bete beharreko baldintza izanen da administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea beroa sortzeko instalazioetan.

2.–Hobaria eskatu beharko da erantzukizunpeko adierazpena aurkeztearekin batera. EIOZren kuota oso-osorik ordainduko da adierazpen hori egiten denean, horrek deusetan galarazi gabe hobariaren esanbidezko aitorpena eta dagokion itzulketa, bidezkoa bada.

19. artikulua. Familientzako eta etxeentzako zerga-hobaria hiri-kontribuzioaren kuotan.

1.–Ordenantza honen xedeko eguzki energia fotovoltaikoa eta energia eolikoa ekoizteko instalazioak gauzatzeak %50eko hobaria izanen du, familientzat eta etxeentzat, ondasun higiezinen gaineko zergaren kuota osoan, eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak ezarri diren ondasun higiezinei dagokienez.

2.–Hobaria automatikoki eginen da instalatu ondoko urtean, eta 3 urtetan gehienez eginen da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

2021. urtean zuzeneko laguntza baten onuradun izan direnek hobari sistema berri hau jasotzen ahalko dute; horretarako, eskabide bat aurkeztu beharko dute sistema berri honetan sartzeko, ordenantza hau onetsi eta 3 hilabeteko epean. Eskaera bakarra onartuko da, eta ezin izanen da atzera egin.

Prozedura onartu ondoren, berriz kalkulatuko dira aplikagarri diren zergak eta hobariak, eta itzuli beharreko zenbatekoaren ordainagiria igorriko zaie.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honi kontra egiten dioten, beronekin kontraesanean dauden edo bateragarri ez diren udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honen interpretazioak Udal honi dagozkio, ez beste inori.

Bigarrena.–Berbintzanako Udalak une oro egiaztatzen ahalko du obrak behar bezala gauzatu direla eta eskakizunak eta baldintzak betetzen direla, hala baldintza juridikoak nola materialak zein bestelakoak, beharrezkoak badira ordenantza honetan araututako laguntza ekonomikoak aitortu eta ordaintzeko eta zerga onurak aitortzeko.

Hirugarrena.–Ordenantza honetan espresuki ezarrita ez dagoenari dagokionez, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, martxoaren 10eko Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, abenduaren 14ko Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorra, uztailaren 2ko 6/1990 Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren beste guztiak.

Laugarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoren, eta iragaten denean Estatuko Administrazioak eta Nafarroako Foru Administrazioak berau aurkaratzeko legez ezarritako epea.

Iragarkiaren kodea: L2212537