205. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

309E/2022 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita funtsezko aldaketa bat egiteko Orkoiengo udal mugartean metalezko piezen estanpazio, soldadura eta hidroformaziorako dagoen instalazio batean. Instalazioaren titularra Gestamp Navarra SA da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, aplikatuz abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra (foru lege horren bidez, ingurumenean eragina duten jarduerak arautu ziren); izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 2.9 taldean.

2022ko martxoaren 22an, titularrak jakinarazi zuen bere instalazioa aldatzeko proiektua, metalezko piezen biltegia handitzeko: elkarri atxikiak eta komunikatuak izanen diren bost karpa eraikitzea, nabeetako bati lotuak.

2022ko martxoaren 28an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak irizpena eman zuen, aldaketa hori funtsezkoa zela adierazita, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Beraz, eta halaxe xedatu delako Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26.5 artikuluan, funtsezko aldaketa ezin da gauzatu ingurumen baimen bateratua aldatzen ez den bitartean.

Espediente hau izapidatu da Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 38. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 38. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, proiektua jendaurrean jarri zen hogei egunez, eta ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Orkoiengo udal mugartean metalezko piezen estanpazio, soldadura eta hidroformaziorako dagoen instalazio baten funtsezko aldaketa baimentzea, metalezko pieza bukatuen biltegia handitzeko proiektua gauzatzeko. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Gestamp Navarra SA da.

Bigarrena.–Ebazpen hau ematen denetik bi urte igarotzen badira proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte igarotzen badira proiektua gauzatu eta martxan jarri gabe, funtsezko aldaketarako baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Hirugarrena.–Instalazioak ezin izanen dio jarduerari ekin titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez duen bitartean, hala xedatu baita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan. Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta neurri zuzentzaileak eta proiektuan gauzatutako zatiari dagozkion gainerako baldintzak betetzen baditu. Horretarako, instalazioa partez abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua abian jarri dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen bere ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Gestamp Navarra SAri, Orkoiengo Udalari eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko irailaren 21ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2212889