205. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

605/2022 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita industriako ETEek inbertsioak egiteko laguntzen 2021eko deialdiaren 15. oinarria. DDBN identifikazioa: 551139.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren otsailaren 25eko 79/2021 Ebazpenaren bidez, industriako ETEek inbertsioak egiteko laguntzen 2021eko deialdia onetsi zen (2021eko 64. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 22koa, https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2021/64/5).

Deialdi horren 3.2 eta 14.1 oinarrietan ezartzen zen 2022ko abuztuaren 31n bukatuko zela oinarri horietan "proiektu luze" gisa identifikatutako inbertsio proiektuak gauzatzeko eta justifikatzeko epea. Hala ere, 13.4.c) oinarrian, aukera ematen zitzaien enpresei epe hori 2022ko azaroaren 30era arte luzatzeko eskatzeko.

Egungo egoera ekonomikoa hornidura-katean atzerapenak eragiten ari da, eta horrek atzerapenak eragin ditzake proiektuak gauzatzeko egutegian. Horren ondorioz, enpresa askok inbertsioak gauzatzeko eta justifikatzeko epea luzatzeko eskatu dute.

Egoera horren aurrean, egokia da 15. oinarria ("Dirulaguntzaren ordainketa") aldatzea, inbertsioak egiteko eta justifikatzeko epea luzatu zaien proiektuei dirulaguntza ordaintzeko prozedura arautzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Industriako ETEek inbertsioak egiteko laguntzen 2021eko deialdiaren 15. oinarria aldatzea, 4. atala gehituz, testu hau izanen duena:

"4. Proiektuak gauzatzeko eta justifikatzeko epea 2022ko abuztuaren 31tik 2022ko azaroaren 30era bitartean bukatzen bada, laguntzak ordaintzeko prozedura honako hau izanen da:

a) 14.2 oinarrian ezarritako justifikazio-dokumentazioa aurkeztu beharko da proiektua gauzatzeko eta justifikatzeko epea luzatzen duen ebazpenean adierazten den epean. Aurkeztu ondoren, 2022ko abenduaren 31 baino lehen emanen den ebazpenaren bidez, laguntza kontura ordaintzeko agindua emanen da, justifikatutako inbertsioak adinakoa, eta justifikatu gabeko inbertsioei dagokien laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

b) 2023ko ekainaren 30a baino lehen, aipatutako justifikazioa aztertu eta oinarri honen 2. ataleko egiaztapenak egin ondoren, konturako ordainketa likidatzeko ebazpena emanen da.

Ebazpen horretan adieraziko da onuradunek bete dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak, eta laguntzaren azken zenbatekoa zehaztuko da. Laguntza hori egin den konturako ordainketa baino txikiagoa bada, aldea itzuli egin beharko da."

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko irailaren 21ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2212850