202. ALDIZKARIA - 2022kourriaren11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

394/2022 EBAZPENA, irailaren 7koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak onesten baitira Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako, Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetako eta Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetako eskola kontseiluak hautatzeko, eratzeko, haien zati bat berritzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko.

Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako, Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetako eta Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetako eskola kontseiluak hautatzeko, eratzeko, haien zati bat berritzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko, hezkuntza-komunitateko sektore guztien parte-hartzea bermatzeko asmoz.

Ebazpen honen xedea da jarraibide batzuk onestea aipatu ikastetxeetako eskola kontseiluak hautatzeko, eratzeko, haien zati bat berritzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko, arau hauek kontuan harturik: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Haur Hezkuntzako Eskola Publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretua eta Nafarroako Foru Komunitatean Helduen Oinarrizko Hezkuntza arautu eta irakaskuntza horien egitura eta curriculuma ezartzen dituen uztailaren 20ko 61/2009 Foru Dekretua.

Horrenbestez, erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako, Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetako eta Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetako eskola kontseiluak hautatzeko, eratzeko, haien zati bat berritzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko jarraibideak, bai eta haiei dagozkien eranskinak ere. Hona hemen:

I.–Aplikazio eremua.

1. Ebazpen hau ikastetxe hauetan aplikatuko da: Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetan, Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa behin-behinekoz eta aldi baterako ematen duten Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, eta herrian Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuekin batera funtzionatzen duten Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, baldin eta:

–Eskola kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.

–Eskola kontseiluen zati bat berritu behar badute, hau da, erdietako bat berritu behar badute hartan egoteko hautatutako kideei dagokien kargualdia bukatu delako.

–Eskola kontseiluko sektoreren batean hutsik dauden tokiak bete behar badituzte, bat etorriz atal honetako 2. eta 3. puntuetan ezarritakoarekin.

2. Erdietako bat berritu behar bada, zuzendariak sektoreak osatzeko aplikatzen ahalko du ebazpen hau, eskola kontseiluan toki hutsak dituenean berritu behar ez den erdian.

3. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak sektoreak osatzeko aplikatzen ahalko du ebazpen hau, eskola kontseiluen bi erdietako sektore batean edo gehiagotan toki hutsak daudenean.

II.–Hauteskunde prozesua prestatzea.

1. Ebazpen honek aipatzen dituen ikastetxeetako eskola kontseiluak hautatu, haien zati bat berritu eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko deialdia lotuko zaio otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren ezarritakoari. Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoek, aldiz, uztailaren 20ko 61/2009 Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraituko diote.

2. Ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren hautesle-errolda eginen dute, boto-eskubidea duten pertsonez osatua. Errolda hori jendaurrean jarriko da, baina bakarrik agertuko dira boto-emaile bakoitzaren izen-abizenak, edo haien NAN zenbakia (edo agiri baliokidearena). Ikastetxe barruan soilik argitaratuko da errolda.

3. Errolda hori behin-behinekoa izanen da. Haren kontra erreklamazioak aurkezten ahalko dira argitaratu eta hiru egun balioduneko epean. Erreklamazioak egiteko epea amaituta, behin betiko errolda hurrengo egun baliodunean argitaratuko da.

4. Halaber, ikastetxeetako zuzendaritzek hauteskunde batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko jendaurreko zozketak antolatuko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Era berean, hautapen prozesuko jarduketak errazteko behar diren prestaketa neurriak hartu beharko dituzte.

III.–Hauteskunde batzordea.

1. Hauteskunde batzordea 2022ko urriaren 21a baino lehen eratuko da, jendaurreko ekitaldi batean, hautapen prozedura antolatzeari ekiteko.

Hauteskunde batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Ikastetxeko zuzendaria, burua izanen dena.

–Ikastetxeko irakasle bat, unitate bat baino gehiago duten ikastetxeetan.

–Ikastetxeko ikasle baten aita, ama edo legezko tutorea.

Azkeneko biak zozketaz hautatuko dira kasuan kasuko hautesle-erroldan izena emanda daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira. Horretarako, errolda bakoitzeko pertsona bakoitzari zenbaki arrunt bat esleitzen ahal zaio, 1etik aurrera, eta zenbaki bat ausaz atera, 1etik errolda osatzen dutenen kopurura artekoa. Hauteskunde batzordeko kide titular izanen da zozketan ateratako zenbakia daukana, baita horren ondokoak ere, kasuan kasuko sektorea osatzeko behar diren titularrak izan arte. Ordezkoak izanen dira erabilitako azken zenbakiaren hurrengoak dituztenak.

2. Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, gurasoen eta legezko tutoreen ordezkariaren partez, ikasleen ordezkari bat izanen da hauteskunde batzordean. Zozketa bidez hautatuko da dagokion hautesle-erroldan inskribaturik dauden ikasleen artetik (III.1 puntuan proposatutako sistema bera erabil daiteke). Ordezkari horren ordezkoa modu berean hautatuko da (III.1 puntuan proposatutako sistema bera erabil daiteke).

3. Hala ere, ebazpen honen I.3 puntuan azaltzen den kasuan, bete behar ez diren sektoreetakoak diren batzordekideak parte hartzetik salbuesten ahalko ditu zuzendariak.

4. Hauteskunde batzordeak hauteskunde-mahaien eraketa sustatu behar du, eta bai titularrak bai ordezkoak izendatu.

5. Hauteskunde batzordearen eskumenak dira otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren 12. eta 13. artikuluetan eta ebazpen honetan adierazitakoak.

6. Artikulu horietan xedatutakoaz gain, hauteskunde batzordeak eskumena izanen du hauteskunde prozesuan sor daitezkeen gatazkak ebazteko.

IV.–Hauteskunde-mahaiak.

1. Irakasle eta gurasoentzako hauteskunde-mahaiak eratuko dira, otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren 15. eta 16. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Eratutako hauteskunde-mahaietako bakoitzak, bozketa saioan lehendakari gisa aritzeaz gainera, bozketaren zuzentasuna begiratu, botoak zenbatu eta behar den akta eginen du.

2. Irakasleen sektorearen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena–, ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslea eta antzinatasun txikiena duena. Azken horrek hauteskunde-mahaiko idazkari lanak eginen ditu. Antzinatasun bereko irakasle bat baino gehiago baldin badaude, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide, eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena. Hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa, ordena honi jarraikiz: ikasketaburua, idazkaria, ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslea.

–Ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslearen ordezkoa: antzinatasun handiena duten irakasleen artean bigarrena.

–Ikastetxean antzinatasun txikiena duen irakaslearen ordezkoa: antzinatasun txikiena duten irakasleen artean bigarrena.

3. Gurasoen eta legezko tutoreen sektorearen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena–, eta lau guraso edo legezko tutore, zozketaz aukeratuak (III.1 puntuan proposatutako sistema bera erabil daiteke). Haietatik gazteenak idazkari lanak eginen ditu. Nolanahi ere, hauteskunde-mahaia eratzeko behar den guraso edo legezko tutoreen kopurua murrizten ahalko du hauteskunde batzordeak baldin eta, ikastetxeko zuzendariak ongi justifikatutako inguruabarrengatik, hala komeni bada. Hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa, ordena honi jarraikiz: ikasketaburua, idazkaria, ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslea.

–Lau gurasoen edo legezko tutoreen ordezkoak: beste lau guraso edo legezko ordezkari, zozketaz aukeratuak (III.1 puntuan proposatutako sistema bera erabiltzen ahalko da).

4. Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan ez da gurasoen eta legezko tutoreen sektorearen hauteskunde-mahairik izanen. Ikasleen hauteskunde-mahaia, ordea, eratu egin beharko da, eta kide hauek izanen ditu: ikastetxeko zuzendaria (mahaiburu lanetan arituko da) eta bi ikasle, zozketaz aukeratuak (III.1 puntuan proposatutako sistema bera erabil daiteke). Ikasle zaharrenak idazkari lanak eginen ditu. Hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa, ordena honi jarraikiz: ikasketaburua, idazkaria, ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslea.

–Bi ikasleen ordezkoak: beste bi ikasle, zozketaz aukeratuak (III.1 puntuan proposatutako sistema bera erabil daiteke).

V.–Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagai zerrendak.

1. Sektore bateko kide guztiek eskubidea dute hautesle eta hautagai izateko, kontuan harturik otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren 14. artikuluak irakasleen sektorerako aipatzen dituen berezitasunak.

Hori dela eta, kontuan izan behar da gurasoen eta legezko tutoreen ordezkaria hautatzeko eta hautatua izateko eskubidea ikastetxean eskolatuak dauden ikasleen gurasoek daukatela, edo, hala badagokio, legezko ordezkariek.

2. Ebazpen honetan aipatzen diren ikastetxeetako eskola kontseiluko kideak nortzuk izanen diren otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren 9. artikuluan ezarria dago, baita haren bigarren xedapen gehigarrian eta lehenbiziko xedapen iragankorrean ere.

3. Hezkuntza Bereziko berariazko ikastetxeetan eta Hezkuntza Bereziko unitateak dauzkatenetan hezkuntza-arreta osagarriko langileen (HAOL) ordezkari bat ere izanen da eskola kontseiluko kide.

4. Eskola kontseiluaren erdia bi urtetik behin berrituko da, lehenbizi erdi bat eta gero bestea. Agintaldiari eta hautatu beharreko ordezkarien kopuruari dagokienez, deialdi honetan berritu behar den erdia zein den kontuan harturik, otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio, hain zuzen ere 10. artikuluan, bigarren xedapen gehigarrian eta lehenbiziko eta hirugarren xedapen iragankorretan xedatzen denari. Ebazpen honen eranskinetan ageri da sektore bakoitzaren ordezkarien kopurua, erdi bakoitzerako.

5. Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan Lehen Hezkuntzako eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan gurasoei eta legezko tutoreei dagokien ordezkaritza ikasleei emanen zaie, hautapen prozesu baten bidez.

6. Hautagaitza hauteskunde batzordeari igorritako idazki baten bidez aurkeztuko da; hautagaiak idazki hori sinatu beharko du, eta, horrekin batera, NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia aurkeztuko du.

7. Hautagaitzak aurkezteko epea 2022ko urriaren 24an hasiko da, eta 2022ko azaroaren 3ko 14:00etan bukatuko. Hautagaitzak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egun baliodunean argitaratuko du hauteskunde batzordeak hautagaien behin-behineko zerrenda.

Hautagai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendaren kontra, erreklamazioa jartzen ahal da hura argitaratu eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde batzordeak hurrengo bi egun baliodunetan ebatziko du, eta hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko du hurrengo egun baliodunean. Hartzen den erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etenen.

8. Gerta daiteke sektore batean aurkeztutako hautagaien kopurua txikiagoa izatea berritu edo bete beharreko ordezkariena baino, edo horren berdina izatea. Horrelakoetan, aurkeztu diren hautagaiak automatikoki aldarrikatuko ditu hauteskunde batzordeak, sektore horretako hauteskunde-mahaira deitu beharrik gabe. Aldarrikapena eginda, eskola kontseilua eratu beharko da, ebazpen honetako X. atalean ezarritakoari jarraikiz.

VI.–Bozketa prozesua.

1. Hauteskunde batzordeak ezartzen dituen egunetan eginen dira eskola kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak, betiere 2022ko azaroaren 11tik 24ra bitarte, biak barne.

Bozkatzeko orduak hautesleen parte-hartzea errazteko moduan ezarriko dira. Bozketa zuzenekoa izanen da, sekretua eta eskuordetu ezinekoa. Bozkatzerakoan, hautesleek beren nortasuna frogatu beharko dute NANa edo agiri baliokide bat aurkeztuz, eta ez da botoa ematerik izanen hauteskunde-mahaian behar den frogagiria aurkeztu gabe.

2. Hauteskunde batzordeak berariazko boto-paper ereduak finkatzen ahal ditu. Boto-paper horietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko deituraren arabera alfabetikoki sailkatuak. Gurasoen eta legezko tutoreen edo ikasleen sektoreetako hautagairen bat hautagaitza bereizi bateko partaidea bada, hautagai horien izenaren azpian beren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto-emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan-kasuan, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.

3. Irakasleen sektorearen ordezkariak hautatuko dira jarraikiz otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren 15. artikuluan xedatzen denari.

Zuzendariak klaustro berezi baterako deia eginen du, irakasleen hauteskunde-mahaia eratzeko eta irakasleen ordezkariak hautatzeko prozesua egiteko.

Irakasle bakoitzak gehienez hiru izen jarriko ditu bere boto-paperean, bete beharreko postuak bost edo lau badira, bi izen hiru badira, eta izen bakarra ordezkari bat edo bi aukeratu behar direnean. Lehenbiziko bozketan behar diren irakasle guztiak aukeratzen ez badira, ekitaldi berean bigarren bozketa eginen da, azkena, kopuru horretara ailegatzeko asmoz.

Boto presentzialaren alternatiba gisa, Hezkuntza Departamentuak, EDUCAren bidez, irakasleek botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du bozketarako berariaz antolatutako klaustro berezian. Kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak jakinaraziko dizkie ikastetxeei.

4. Gurasoen eta legezko tutoreen sektorearen ordezkariak hautatuko dira otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren 16. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde-mahaia eratuko da. Hautesle bakoitzak gehienez ere hiru izen idatziko ditu bere boto-paperean hautatu beharrekoak bost edo lau direnean, bi izen idatziko ditu hautatu beharrekoak hiru direnean, eta izen bakarra, bat edo bi hautatu behar direnean.

Ikastetxeek erabakitzen ahal dute, boto presentzialaren ordez, bozkatzeko beste bi modu eskaintzea. Ordezko aukera horiek, baina, bateraezinak izanen dira.

Boto presentzialaren ordezko lehenengo aukera gisa, ikastetxeak baimena ematen ahalko du gurasoek eta legezko tutoreek posta bidez bozka dezaten. Hauteskunde batzordeak ezarriko du zein egun eta ordutan bozka daitekeen posta bidez. Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, izen-deiturak eta NANaren edo beste nortasun agiri ofizial baten zenbakia agertuko dira, eta hartan sartuko dira NANaren edo bestelako nortasun agiri ofizialaren fotokopia eta bigarren gutun-azala. Bigarrenaren barnean boto-papera sartuko da. Postaz bozkatzen duten hautesleek gutun-azal bikoitza sartuko dute hauteskunde batzordeak horretarako zehaztuko duen postontzian. Aldez aurretik, hautesleek eskubide hori erabiltzeko behar den dokumentazioa eskatuko diote hauteskunde batzordeari. Hauteskunde batzordeak gorde eginen ditu bozketa ixteko ezarritako ordua baino lehen posta bidez jasotako botoak, eta une horretan hauteskunde-mahaiari emanen dizkio. Hortik aurrera jasotzen diren botoak ez dira zenbatuko. Halaber, botoa bertaratuta eman dutenek postontzian ere botorik eman badute, postontziko boto horiek ere ez dira zenbatuko.

Boto presentzialaren ordezko bigarren aukera gisa, postaz botoa emateko aukerarekin bateraezina, Hezkuntza Departamentuak, EDUCAren bidez, ikasleen gurasoek eta legezko tutoreek botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du. Kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak jakinaraziko dizkie ikastetxeei.

Bi aukera horietako edozein boto presentzialaren osagarri gisa ulertu behar da, eta horiek erabiltzeak ez du inolaz ere esan nahi prozesu presentzialari uko egiten ahal zaionik. Izan ere, botoa modu presentzialean eman nahi duten hautesleek uneoro eduki behar dute bermatuta aukera hori.

5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorearen ordezkaria hautatuko da jarraikiz otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren 17. artikuluan xedatzen denari. Bozketa irakasleen hauteskunde-mahaian eginen da, beste hautetsontzi batean. Hautesle bakoitzak hautagai bakarrari emanen dio botoa.

6. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren maila ematen duten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuaren bidez sortu ziren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuen eskola-eremu berean dauden ikastetxeetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle bat eskola kontseiluko kide izanen da, hala agintzen baitute, hurrenez hurren, otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorrak eta bigarren xedapen gehigarriak.

Ikasleen ordezkari hori dela eta, gurasoen eta legezko tutoreen sektoreko lehen erdian kide bat gutxiago izanen da. Aipatutako ordezkari hori bi urtetik behin berrituko da, eta prozesu horretan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasten ari diren ikasleak soilik izan daitezke hautesle eta hautagai, ikastetxeko hezkuntza proiektuan ezarritako prozedurari jarraikiz.

7. Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, ikasle bakoitzak gehienez hiru izen jarriko ditu bere boto-paperean bete beharreko postuak bost edo lau badira, bi izen hiru badira eta izen bakarra ordezkari bat edo bi aukeratu behar direnean. Bozketa egiteko, hauteskunde batzordearen jarraibideen arabera jokatuko da.

Boto presentzialaren alternatiba gisa, Hezkuntza Departamentuak, EDUCAren bidez, ikasleek botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du. Kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak jakinaraziko dizkie ikastetxeei.

Aukera hori boto presentzialaren osagarri gisa ulertu behar da, eta hura erabiltzeak ez du inolaz ere esan nahi prozesu presentzialari uko egiten ahal zaionik. Izan ere, botoa modu presentzialean eman nahi duten hautesleek uneoro eduki behar dute bermatuta aukera hori.

8. Hezkuntza-arreta osagarriko langileen (HAOL) ordezkaria 9 unitate edo gehiago dituzten ikastetxeetan hautatuko da, irakasleen sektorearen hauteskunde-mahaian, beste hautetsontzi batean. Hautesle bakoitzak hautagai bakarrari emanen dio botoa. Hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkaria eskola kontseiluko lehen erdiko parte izanen da, eta kargua utziko du hautatutako erdi horri dagokion epea bukatutakoan.

VII.–Toki hutsak betetzea.

1. Ebazpen honen I.3 puntuan ezarritakoari jarraikiz, eta nahiz eta ez egon eskola kontseiluko erdietako bat berritzeko premia, zuzendariak, egoki iritziz gero, hauteskundeetarako deia egiten ahalko du sektoreetan diren toki hutsak betetzeko, erdi batean edo bietan, betiere toki hutsak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez denean.

Toki hutsak esleitzeko orduan, boto gehien duen hautagaiak agintaldi luzeena hartuko du, eta haren agintaldia amaituko da ordezten duenaren agintaldiak zer egunetan amaitu beharko lukeen, egun horretan.

2. Bi erdietako bat berritu behar duten ikastetxeek postu hutsak esleitzeko deskribatu den prozesua erabiliko dute berritu beharrekoa ez den erdiko postu hutsak betetzeko, hala egokitzen denean.

Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratzen duten hautagaiei berritzen ari den erdiko postuak esleituko zaizkie, eta hurrengoek beste erdiko postu hutsak beteko dituzte. Azken ordezkari horien agintaldia sektore bakoitzean ordeztutakoen agintaldiak bukatu behar zuen egun berean bukatuko da.

3. Sektore bateko hautagaien kopurua bi erdietan bete beharreko postu hutsen kopurua adinakoa bada, hauteskunde batzordeak zehaztuko du erdi bati edo besteari esleitzeko prozedura. Akta ofizial batean jaso beharko du esleitzeko zer prozedura erabili duen.

VIII.–Botoak zenbatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.

1. Hauteskunde-ekitaldietako bakoitzean, bozketa bukatu ondoan, hauteskunde mahaiak botoak zenbatuko ditu.

Botoak baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (edukikoak eta formakoak), boto presentzialaren edo posta bidezkoaren kasuan, hauteskunde batzordeak ereduren bat onartzen badu boto-paperetarako, beste eredu batean ematen diren botoek ere ez dute baliorik izanen.

Gurasoen eta legezko tutoreen sektorean, botoen zenbaketa honela eginen da:

–Alderatuko dira, banan-banan, botoa posta bidez eman duten boto-emaileak eta bertaratu direnak.

–Botoa bertaratuta ere eman duten boto-emaileen kanpoko gutun-azalak (oraindik itxita daudenak) bereizi eta indarrik gabe utziko dira.

–Postaz emandako gainerako botoak, hau da, botoa bertaratuta eman ez dutenenak, bozketa presentzialean erabili den hautetsontzira sartuko dira, kanpoko gutun-azalak eduki behar duen dokumentazio guztia duela baieztatu eta gero.

–Botoen zenbaketa eginen da, kontuan hartuta bai hautetsontziko botoak, baita telematikoki emandakoak ere, halakorik bada.

Gainerako sektoreetarako, botoen zenbaketa eginen da kontuan hartuta bai hautetsontziko botoak, baita telematikoki emandakoak ere, halakorik bada.

Botoak jendaurreko ekitaldian zenbatu ondotik, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, datu hauek bildu beharko dituena: aurkeztutako hautagaien zerrenda eta bakoitzak lortutako boto kopurua, eskola kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen toki hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta, boto kopuru handienetik txikienera. Hauteskunde-mahai bakoitzak akta igorriko dio ikastetxeko hauteskunde batzordeari, hautetsien aldarrikapena egin dezan.

Kontuan hartu behar da sektore bakoitzerako ordezkoen zerrenda indarrean egonen dela eskola kontseiluaren erdietako bat berritzen denera arte. Izan ere, berritzearekin batera ordezkoen zerrenda berria osatuko da, zeinak aurreko zerrenda indargabetuko baitu.

2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde-mahaiak zozketa bidez eginen du hautaketa. Hauteskunde batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.

3. Hauteskunde batzordeak, mahaiek botoen zenbaketa eta aktak egin ondotik, hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzordearen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua den aldetik, ebazpen honetan ikastetxe motaren arabera zehazten den eranskina igorri beharko du, behar bezala beterik, Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalera (ordenacion.academica@navarra.es), sektore guztietako bozketak bukatu eta bost egun balioduneko epean, gehienez ere.

IX.–Kide izendatuak.

1. Otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duen moduan, eskola kontseiluko kide izanen dira ikastetxea kokatua dagoen udalerriko zinegotzi edo udal ordezkari bat eta, legez eratuta izanik, ordezkaritza handiena duen guraso elkartearen ordezkari aritzen den aita, ama edo legezko tutore bat.

2. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua edo, bestela, eskola kontseiluko burua den aldetik, dagokion udalerriko udalari eskatuko dio izenda dezala eskola kontseiluko kide izanen den zinegotzia edo ordezkaria.

3. Herri eskola bateratuen kasuan, batasunak bere aplikazio-eremuan hartzen dituen udalen artean akordiorik ez bada, biztanleen kopuruaren ordenari segituz izendatuko dute udalek ikasturte bakoitzerako ordezkaria, biztanle gehien duen herritik hasita. Gainerako udalen ordezkariak ere ager daitezke eskola kontseilura, hitzarekin baina botorik gabe.

4. Orobat, ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko edo, bestela, eskola kontseiluko burua den aldetik, ikastetxean ordezkaritza handiena duen guraso elkarteari eskatuko dio izenda dezala eskola kontseiluan bere ordezkari gisa arituko den kidea. Horretarako, ordezkaritza handiena duen guraso elkartea izanen da hautesle-erroldak onartzen diren egunean elkarteko kide diren familia kopuru handiena duena, guraso elkartearen idazkariak aurkeztu beharreko ziurtagirian adierazten denaren arabera. Zuzendariak edozein unetan eska dezake egokitzat jotzen duen dokumentazioa, aurkeztutako datuak egiazkoak direla frogatzeko.

Elkarte horren izendapen proposamenik ez bada edo ikastetxean horrelako elkarterik ez bada, toki huts hori beteko du gurasoen eta legezko tutoreen sektoreko ordezkoen zerrendan lehenbizi dagoen hautagai ez-hautetsiak, eskola kontseiluaren zati bat berriz berritu arte.

5. Ordezkaritza handiena duen guraso elkarteak izendatutako ordezkaria, unitate bateko edo biko ikastetxeetako gurasoen eta legezko tutoreen ordezkaria eta udaleko zinegotzi edo ordezkaria bi urtetik behin berrituko dira, edo lehenago, haiek izendatu zituen organoak erabakitzen duenean.

6. Guraso elkarteak izendatutako ordezkariak postua uzten badu bi urteko epe hori bukatu baino lehen, guraso elkarteak beste ordezkari bat proposatuko du gelditzen den aldirako. Proposamen hori bi hilabeteko epean egin ezean, postu hutsa gurasoen eta legezko tutoreen sektoreko zerrendan lehenbizi dagoen ordezkoak beteko du, eskola kontseiluaren zati bat berriz berritu arte.

X.–Eskola kontseilua eratzea.

1. Hautetsiak aldarrikatu eta hamar egun naturaleko epean, zuzendariak eskola kontseilua eratzeko bilkurarako deia eginen du.

2. Ikastetxeko hezkuntza-komunitateko sektoreren batek ordezkariak hautatu ez baditu ere sektoreari berari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, eskola kontseiluaren eraketa baliozkoa izanen da.

XI.–Eskola kontseiluaren eskumenak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 127. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatu zuen), honako hauek dira ikastetxeko eskola kontseiluaren eskumenak:

a) Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren V. tituluko II. kapituluan adierazitako proiektuak eta arauak onestea eta ebaluatzea.

b) Ikastetxeko urteko programazio orokorra onestea eta ebaluatzea, irakaskuntzaren planifikazioari eta antolamenduari dagokienez irakasleen klaustroak dituen eskumenak ukatu gabe.

c) Hautagaiek zuzendaritzarako aurkezten dituzten hautagaitzen eta zuzendaritza proiektuen berri izatea.

d) Ikastetxeko zuzendariaren hautaketan parte hartzea, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako moduan. Zuzendaritza taldeko gainerako kideen izendapenen eta kargu-uzteen berri izatea. Hala badagokio, eta kideek hala erabaki eta gero, zuzendariaren izendapena atzera bota dadin proposatzea bi hereneko gehiengoz onetsita.

e) Ikasleen onarpenarekin zerikusia duten erabakiak hartzea, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

f) Haurren eskubideen aitortza eta babesa sustatzen duten hezkuntzako neurriak har daitezen bultzatzea eta neurrion jarraipena egitea.

g) Honako alderdi hauek bultzatzeko neurriak eta ekimenak proposatzea: bizitzeko era osasungarriak; bizikidetza ikastetxean; emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna; diskriminaziorik eza; eskola-jazarpenaren eta genero-indarkeriaren prebentzioa eta gatazkak modu baketsuan konpontzea norberaren bizitzan, familian eta gizartean.

h) Bizikidetzaren aurkako portaeren berri izatea eta hezkuntzako eta bitartekaritzako neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatzea, neurriok indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla zainduta. Zuzendariak neurri zuzentzaileak hartzen dituenean ikasleek ikastetxeko bizikidetza nabarmen kaltetzen duten portaerak izan dituztelako, eskola kontseiluak, gurasoek edo legezko tutoreek edo, bestela, ikasleek hala eskatuta, hartutako erabakia berrikusten ahalko du, eta hala badagokio, neurri egokiak proposatu.

i) Eskolako instalazioak eta ekipamenduak behar bezala zaintzen eta berritzen joan daitezen sustatzea, horrek kalitatea hobetu eta jasangarritasunari lagunduko baitio, eta baliabide osagarriak eskuratzeko erabakiak onestea, bat etorriz maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 122.3 artikuluan ezarritakoarekin.

j) Toki administrazioekin eta beste ikastetxe, erakunde eta entitate batzuekin lankidetzan aritzeko irizpideak finkatzea, hezkuntza eta kultura arloko helburuak lortzearren.

k) Honako hauek aztertzea eta baloratzea: ikastetxearen jardun orokorra, eskola errendimenduaren bilakaera eta ebaluazioen emaitzak (ikastetxeak parte hartzen duen barneko zein kanpoko ebaluazioen emaitzak).

l) Bere ekimenez edo dagokion administrazioak aginduta proposamenak eta txostenak egitea, ikastetxearen funtzionamenduari eta kudeaketaren hobekuntzari buruzkoak, baita kudeaketaren kalitatearekin lotutako beste alderdi batzuei buruzkoak ere.

m) Ikastetxearen aurrekontuaren proiektua prestatzea.

n) Hezkuntza Departamentuak esleitzen dion beste edozein.

XII.–Eskola kontseiluaren funtzionamendua.

1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 126.9 artikuluan ezarritakoari jarraikiz (abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatua), eta galarazi gabe irakasleen klaustroak irakaskuntza planifikatu eta antolatzeko dauzkan eskumenak, eskola kontseiluak, ahal dela, aho batez hartuko ditu erabakiak.

2. Erabakiak aho batez hartzerik ez dagoenean, otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraitu beharko zaio.

XIII.–Unitate kopurua aldatzeak ekartzen dituen ondorioak.

1. Hauteskunde hauetan eskola kontseiluaren zati bat berritu behar duten ikastetxeek unitate kopuruan aldaketa izan baldin badute eta, horren ondorioz, eskola kontseiluaren osaeran ere aldaketa egin behar baldin badute, kasu bakoitzean berritu behar den erdia moldatuko dute dagokion osaera berriari egokitzeko, ikastetxeak duen ikasle kopuruaren arabera, otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren 10. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz. Beste erdiari dagokion kide kopurua ez da aldatuko berritze partzial honetan.

2. Hauteskunde hauetan eskola kontseiluaren berrikuntza partziala egin behar duen ikastetxeren bat bi unitate izatetik unitate gehiago izatera igarotzen denean edo bi unitate izatera itzultzen denean, une horretako eskola kontseilua desegin eta berria aukeratu beharko da, kontseilua lehenbizikoz eratuko balitz bezala, eta kontuan hartuta ikastetxeak daukan unitate kopuru berria.

3. Hauteskunde hauetan erdiren bat berritu beharra duen edo ez alde batera utzita, ikastetxeko unitate kopurua aldatzeagatik kide ez-hautetsiak aldatzen diren kasu guztietan, eskola kontseilua egoera horretara egokitu beharko da.

XIV.–Prozesuaren bermea.

1. Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, ikastetxeetako zuzendariek eta hauteskunde batzordeek behar diren neurriak hartuko dituzte ikastetxeetako eskola kontseiluak behar bezala eratu daitezen; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan hezkuntza-komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.

2. Eskola kontseiluak eratu ondoren, ikasturtean zehar gertatzen diren aldaketa guztiak Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko zaizkio. Eskola kontseiluko kide hautetsiak aldatuz gero, jakinarazpena egiteko, Ikasketak Antolatzeko Atalari igorri beharko zaizkio (ordenacion.academica@navarra.es) eraketa berria eta ordezkoen zerrenda, halakorik bada (ebazpen honen eranskineko 1., 5b eta 6. atalak). Eskola kontseiluko kide ez-hautetsiak aldatzen direnean, aski izanen da jakinaraztea zer kide ateratzen den eta zein sartzen.

Bigarrena.–Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura.

Laugarrena.–Ebazpen honek eta hari dagozkion eranskinek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen dituzte ondorioak.

Iruñean, 2022ko irailaren 7an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINAK

I. ERANSKINA

Eskola kontseiluak hautatzea, haien zati bat berritzea edo sektoreak osatzea Lehen Hezkuntzako, Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetan (2022-2023) (DOC).

II. ERANSKINA

Eskola kontseiluak hautatzea, haien zati bat berritzea edo sektoreak osatzea Helduen Oinarrizko Hezkuntzako ikastetxe publikoetan (2022-2023) (DOC).

III. ERANSKINA

Eskola kontseiluak hautatzea, haien zati bat berritzea edo sektoreak osatzea Helduei Euskara Erakusteko ikastetxe publikoetan (2022-2023) (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2212190