202. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

391/2022 EBAZPENA, irailaren 7koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak onesten baitira Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden ikastetxe itunduetako eskola kontseiluak hautatzeko, eratzeko, haien zati bat berritzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko.

Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena eman du, zeinaren helburua baita jarraibide batzuk ezartzea ikastetxe itunduetako eskola kontseiluak hautatzeko, eratzeko, haien zati bat berritzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko.

Alderdi horiek Hezkuntza Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan daude araututa, 54. artikulutik 58.era artekoetan, hain zuzen.

Bestalde, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 5.2 artikuluak agintzen du titularrak ikastetxeko eskola kontseilua eratu beharko duela. Era berean, foru dekretu horren 26. artikuluak zehazten du eskola kontseilua eratuko dela hauteskunde prozesuaren publikotasuna eta objektibotasuna eta hezkuntza-komunitateko kideen boto pertsonal, zuzen, berdin eta sekretua bermatuko duen prozedura bati jarraikiz.

Irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeari buruzko abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua aplikatuz, bidezkoa da ikastetxe itunduetako eskola kontseiluak hautatu, zati batean berritu eta eratzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko jarraibieak onestea.

Horrenbestez, erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden ikastetxe itunduetako eskola kontseiluak hautatzeko, eratzeko, haien zati bat berritzeko eta haietan hutsik dauden tokiak betetzeko jarraibideak onestea, baita dagokien eranskina ere. Hona hemen:

I.–Aplikazio eremua.

1. Ebazpen hau Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan aplikatuko da, baldin eta:

–Eskola kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.

–Eskola kontseiluen zati bat berritu behar badute, hau da, erdietako bat berritu behar badute bukatu delako hartan egoteko hautatutako kideei dagokien kargualdia.

–Eskola kontseiluko sektoreren batean hutsik dauden tokiak bete behar badituzte, bat etorriz atal honetako 2. eta 3. puntuetan ezarritakoarekin.

2. Erdietako bat berritu behar bada, zuzendariak sektoreak osatzeko aplikatzen ahalko du ebazpen hau, eskola kontseiluan toki hutsak dituenean berritu behar ez den erdian.

3. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak sektoreak osatzeko aplikatzen ahalko du ebazpen hau, eskola kontseiluen bi erdietako sektore batean edo gehiagotan toki hutsak daudenean.

II.–Hauteskunde prozesua prestatzea.

1. Ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza-komunitateko sektore bakoitzaren hautesle-errolda eginen dute, boto-eskubidea duten pertsonez osatua. Errolda hori jendaurrean jarriko da, baina bakarrik agertuko dira boto-emaile bakoitzaren izen-abizenak, edo haien NAN zenbakia (edo agiri baliokidearena). Ikastetxe barruan soilik argitaratuko da errolda.

2. Errolda hori behin-behinekoa izanen da. Haren kontra erreklamazioak aurkezten ahalko dira argitaratu eta hiru egun balioduneko epean. Erreklamazioak egiteko epea amaituta, behin betiko errolda hurrengo egun baliodunean argitaratuko da.

3. Ikastetxeetako zuzendaritzek hauteskunde batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko jendaurreko zozketak antolatuko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Era berean, hautapen prozesuko jarduketak errazteko behar diren prestaketa neurriak hartu beharko dituzte.

III.–Hauteskunde batzordea.

1. Hauteskunde batzordea 2022ko urriaren 21a baino lehen eratuko da, jendaurreko ekitaldi batean, hautapen prozedura antolatzeari ekiteko.

Hauteskunde batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Ikastetxeko zuzendaria, burua izanen dena.

–Ikastetxeko irakasle bat.

–Ikastetxeko ikasle baten aita, ama edo legezko tutorea.

–Ikastetxeko ikasle bat, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik aurrerakoa.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) ordezkari bat.

–Ikastetxeko titularra edo hark eskuordetzen duen pertsona.

Batzordeko kide guztiak, ikastetxeko zuzendaria eta titularra izan ezik, zozketa bidez hautatuko dira hautesle-errolda bakoitzean inskribaturik daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira. Horretarako, errolda bakoitzeko pertsona bakoitzari zenbaki arrunt bat esleitzen ahal zaio, 1etik aurrera, eta zenbaki bat ausaz atera, 1etik errolda osatzen dutenen kopurura artekoa. Hauteskunde batzordeko kide titular izanen da zozketan ateratako zenbakia daukana, baita horren ondokoak ere, kasuan kasuko sektorea osatzeko behar diren titularrak izan arte. Ordezkoak izanen dira erabilitako azken zenbakiaren hurrengoak dituztenak.

2. Hala ere, ebazpen honen I.3 puntuan azaltzen den kasuan, zuzendariak parte hartzetik salbuesten ahalko ditu bete behar ez diren sektoreetako batzordekideak.

3. Hauteskunde batzordeak eskumen hauek izanen ditu:

a) Hezkuntza-komunitateko sektore guztien hautesle erroldak onetsi eta argitara ematea; zuzendariak aurretik prestatu beharko ditu.

b) Ikastetxeko hauteskunde egutegia zehaztea.

c) Hauteskunde prozesua antolatzea.

d) Hautagaitzak aurkezteko epea ezartzea.

e) Hautagaitzak onetsi eta aldarrikatzea.

f) Boto-paperen ereduak onestea, egokia iritziz gero.

g) Hauteskunde-mahaien eraketa sustatzea, eta bai titularrak bai ordezkoak izendatzea.

h) Hautesle taldeek boto eskubidea zein ordutan erabil dezaketen zehaztea.

i) Hauteskunde-mahaien erabakien aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

j) Hautetsien aldarrikapena egitea eta ebazpen honetako eranskina bidaltzea Hezkuntza Departamentura.

4. Aurreko puntuan xedatutakoaz gain, hauteskunde batzordeak eskumena izanen du hauteskunde prozesuan sor daitezkeen gatazkak ebazteko.

IV.–Hauteskunde-mahaiak.

1. Irakasleendako, ikasleendako, guraso eta legezko tutoreendako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileendako (AZL) hauteskunde-mahaiak eratuko dira.

Eratutako hauteskunde-mahaietako bakoitzak, bozketa saioan buru gisa aritzeaz gainera, bozketaren zuzentasuna begiratu, botoak zenbatu eta behar den akta eginen du.

2. Irakasleen sektorearen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena–, ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslea eta antzinatasun txikiena duena. Azken horrek hauteskunde-mahaiko idazkari lanak eginen ditu. Antzinatasun bereko irakasle bat baino gehiago baldin badaude, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide, eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena. Hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa: zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.

–Ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslearen ordezkoa: antzinatasun handiena duten irakasleen artean bigarrena.

–Ikastetxean antzinatasun txikiena duen irakaslearen ordezkoa: antzinatasun txikiena duten irakasleen artean bigarrena.

3. Gurasoen eta legezko tutoreen sektorearen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena–, eta lau guraso edo legezko tutore, zozketaz aukeratuak (III.1 puntuan proposatutako sistema bera erabil daiteke). Haietatik gazteenak idazkari lanak eginen ditu. Hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa: zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.

–Lau gurasoen edo legezko tutoreen ordezkoak: beste lau guraso edo legezko ordezkari, zozketaz aukeratuak (III.1 puntuan proposatutako sistema bera erabiltzen ahalko da).

4. Ikasleen sektorearen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena–, eta DBHko 1. mailatik aurrerako bi ikasle, zozketaz aukeratuak (III.1 puntuan proposatutako sistema bera erabiltzen ahalko da). Ikaslerik zaharrena idazkari gisa arituko da. Hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa: zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.

–Bi ikasleen ordezkoak: DBHko 1. mailatik aurrerako beste bi ikasle, zozketaz aukeratuak (III.1 puntuan proposatutako sistema bera erabil daiteke).

5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) sektorearen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: zuzendaria, mahaiburu lanetan arituko dena, eta, langile horien artetik, ikastetxean antzinatasun handiena duena eta antzinatasun txikiena duena. Azken horrek idazkari lanak eginen ditu. Hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa: zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.

–Ikastetxean antzinatasun handiena duen AZLko langilearen ordezkoa: ikastetxean antzinatasun handiena duten langileen artean bigarrena.

–Ikastetxean antzinatasun txikiena duen AZLko langilearen ordezkoa: ikastetxean antzinatasun txikiena duten langileen artean bigarrena.

Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorean hautesleak bost baino gutxiago baldin badira ez da mahai hori eratuko, eta bozketa irakasleen hauteskunde-mahaian eginen da, beste hautetsontzi batean.

V.–Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagaien zerrendak.

1. Sektore bakoitzeko kide guztiek eskubidea dute hautesle eta hautagai izateko. Hezkuntza-komunitateko sektore bakoitzaren ordezkariak sektore horretako kideek hautatu beharko dituzte, ez beste inork. Kideren bat bi sektoretakoa bada, bietan aurkez daiteke hautagai gisa, baina sektore bateko ordezkari baino ezin izanen da izan, bi sektoreetan ordezkari izateko hautatuz gero.

2. Ebazpen honetan aipatzen diren ikastetxeen Eskola Kontseiluaren osaera uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 56. artikuluan ezarritakoa izanen da, eta honako kide hauek osatuko dute:

–Zuzendaria.

–Ikastetxeko titularraren hiru ordezkari.

–Irakasleen lau ordezkari.

–Ikasleen gurasoen edo legezko tutoreen hiru ordezkari, bai eta legez eratuta dagoen eta ordezkaritza handiena duen guraso elkarteko ordezkari bat ere.

–Ikasleen bi ordezkari, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen ikasmailatik aurrerakoak.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) ordezkari bat.

–Ikastetxea dagoen udalerriko udalaren ordezkari bat.

Ikastetxeko eskola kontseilua eratuta, horrek pertsona bat izendatuko du gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasun benetakoa eta eraginkorra bultzatzeko hezkuntza neurriak susta ditzan.

3. Ikastetxearen jardun eremuan ordezkaritza handiena duen enpresaburuen erakundeak proposaturiko ordezkari bat sartzen ahalko da eskola kontseiluan, hitza duela baina botorik ez, baldin eta ikastetxean 300 ikasle baino gehiago izan eta gutxienez ere bi lanbide arlo ematen badira, edo ikastetxeko ikasleen %25 gutxienez Lanbide Heziketako ikasketetan ari badira.

4. Hezkuntza Bereziko berariazko ikastetxeetan eta Hezkuntza Bereziko unitateak dauzkatenetan hezkuntza-arreta osagarriko langileen (HAOL) ordezkari bat ere izanen da eskola kontseiluko kide.

5. Ikastetxe itundu sortu berriak direnetan eta eskola kontseilua lehenbiziko aldiz eratu behar dutenetan, sektore bakoitzeko kide guztiak batera hautatuko dira. Lehenbiziko hautapenetik aurrera, eskola kontseiluaren erdia berrituko da lehenbizi, eta beste erdia gero, bi urtetik behin berritze bakoitza, ebazpen honen hurrengo puntuan xedatutakoaren arabera.

6. Eskola kontseiluaren erdia bi urtetik behin berrituko da, lehenbizi erdi bat eta gero bestea. Agintaldiari eta hautatu beharreko ordezkarien kopuruari dagokienez, deialdi honetan berritu behar den erdia zein den kontuan harturik, jarraituko zaio uztailaren 3ko 8/1985 Foru Dekretuaren 56. artikuluan xedatutakoari. Sektore bakoitzeko ordezkari kopurua, erdi bakoitzerako, honako hau izanen da:

a) Lehenbiziko erdia:

–Ikastetxeko titularraren bi ordezkari.

–Irakasleen bi ordezkari.

–Gurasoen eta legezko tutoreen ordezkari bat.

–Ikasleen ordezkari bat, DBHko 1. mailatik aurrerakoa.

–Hezkuntza-arreta osagarriko langileen (HAOL) ordezkari bat, halakorik bada.

b) Bigarren erdia:

–Ikastetxeko titularraren ordezkari bat.

–Irakasleen bi ordezkari.

–Gurasoen eta legezko tutoreen bi ordezkari.

–Ikasleen ordezkari bat, DBHko 1. mailatik aurrerakoa.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) ordezkari bat.

7. Hautagaitza hauteskunde batzordeari zuzendutako idazki baten bidez aurkeztuko da; hautagaiak idazki hori sinatu beharko du, eta, horrekin batera, NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia aurkeztuko du.

8. Hautagaitzak aurkezteko epea 2022ko urriaren 24an hasiko da, eta 2022ko azaroaren 3ko 14:00etan bukatuko. Hauteskunde batzordeak hautagaitzak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egun baliodunean argitaratuko du hautagaien behin-behineko zerrenda.

Hautagai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendaren kontra, erreklamazioa jartzen ahal da hura argitaratu eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde batzordeak hurrengo bi egun baliodunetan ebatziko du, eta hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko du hurrengo egun baliodunean. Hartzen den erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etenen.

9. Gerta daiteke sektore batean aurkeztutako hautagaien kopurua txikiagoa izatea berritu edo bete beharreko ordezkariena baino, edo horren berdina izatea. Horrelakoetan, aurkeztu diren hautagaiak automatikoki aldarrikatuko ditu hauteskunde batzordeak, sektore horretako hauteskunde-mahaira deitu beharrik gabe. Aldarrikapena eginda, eskola kontseilua eratu beharko da, ebazpen honetako X. atalean ezarritakoari jarraikiz.

VI.–Bozketa prozesua.

1. Hauteskunde batzordeak ezartzen dituen egunetan eginen dira eskola kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak, betiere 2022ko azaroaren 11tik 24ra bitarte, biak barne.

Bozkatzeko orduak hautesleen parte-hartzea errazteko moduan ezarriko dira. Bozketa zuzenekoa izanen da, sekretua eta eskuordetu ezinekoa. Bozkatzerakoan, hautesleek beren nortasuna frogatu beharko dute NANa edo agiri baliokide bat aurkeztuz, eta ez da botoa ematerik izanen hauteskunde-mahaian behar den frogagiria aurkeztu gabe.

2. Hauteskunde batzordeak berariazko boto-paper ereduak finkatzen ahal ditu. Boto-paper horietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko deituraren arabera alfabetikoki sailkatuak. Gurasoen eta legezko tutoreen edo ikasleen sektoreetako hautagairen bat hautagaitza bereizi bateko partaidea bada, hautagai horien izenaren azpian beren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto-emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan-kasuan, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.

3. Irakasleen ordezkariak hautatzeko, zuzendariak klaustro berezi baterako deia eginen du, hauteskunde-mahaia eratu dadin eta irakasleen ordezkariak hautatzeko bozketa egin dadin.

Irakasle bakoitzak gehienez hiru izen jarriko ditu bere boto-paperean, bete beharreko postuak lau badira, bi izen hiru badira, eta izen bakarra ordezkari bat edo bi aukeratu behar direnean. Lehenbiziko bozketan behar diren irakasle guztiak aukeratzen ez badira, ekitaldi berean bigarren bozketa eginen da, azkena, kopuru horretara ailegatzeko asmoz.

Boto presentzialaren alternatiba gisa, Hezkuntza Departamentuak, EDUCAren bidez, irakasleek botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du bozketarako berariaz antolatutako klaustro berezian. Kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak jakinaraziko dizkie ikastetxeei. Aukera hori erabiltzen ahalko dute soilik EDUCAren bidez hautesle-errolda gaurkoa duten ikastetxeek.

4. Gurasoen eta legezko tutoreen sektoreko ordezkariak hautatzeko, bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde-mahaia eratuko da.

Guraso edo legezko tutore bakoitzak gehienez bi izen jarriko ditu bere boto-paperean, bete beharreko postuak hiru badira, eta izen bakarra, ordezkari bat edo bi aukeratu behar direnean.

Ikastetxeek erabakitzen ahal dute, boto presentzialaren ordez, bozkatzeko beste bi modu eskaintzea. Ordezko aukera horiek, baina, bateraezinak izanen dira.

Boto presentzialaren ordezko lehenengo aukera gisa, ikastetxeak baimena ematen ahalko du gurasoek eta legezko tutoreek posta bidez bozka dezaten. Hauteskunde batzordeak ezarriko du zein egun eta ordutan bozka daitekeen posta bidez. Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, izen-deiturak eta NANaren edo beste nortasun agiri ofizial baten zenbakia agertuko dira, eta hartan sartuko dira NANaren edo bestelako nortasun agiri ofizialaren fotokopia eta bigarren gutun-azala. Bigarrenaren barnean boto-papera sartuko da. Postaz bozkatzen duten hautesleek gutun-azal bikoitza sartuko dute hauteskunde batzordeak horretarako zehaztuko duen postontzian. Aldez aurretik, hautesleek eskubide hori erabiltzeko behar den dokumentazioa eskatuko diote hauteskunde batzordeari. Hauteskunde batzordeak gorde eginen ditu bozketa ixteko ezarritako ordua baino lehen posta bidez jasotako botoak, eta une horretan hauteskunde-mahaiari emanen dizkio. Hortik aurrera jasotzen diren botoak ez dira zenbatuko. Halaber, botoa bertaratuta eman dutenek postontzian ere botorik eman badute, postontziko boto horiek ere ez dira zenbatuko.

Boto presentzialaren ordezko bigarren aukera gisa, postaz botoa emateko aukerarekin bateraezina, Hezkuntza Departamentuak, EDUCAren bidez, ikasleen gurasoek eta legezko tutoreek botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du. Kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak jakinaraziko dizkie ikastetxeei. Aukera hori erabiltzen ahalko dute soilik EDUCAren bidez hautesle-errolda gaurkoa duten ikastetxeek.

Bi aukera horietako edozein boto presentzialaren osagarri gisa ulertu behar da, eta horiek erabiltzeak ez du inolaz ere esan nahi prozesu presentzialari uko egiten ahal zaionik. Izan ere, botoa modu presentzialean eman nahi duten hautesleek uneoro eduki behar dute bermatuta aukera hori.

5. Ikasleen sektoreko ordezkariak hautatzeko (DBHko 1. mailatik aurrera), bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde-mahaia eratuko da.

Ikasle bakoitzak, DBHko 1. mailatik aurrera, izen bakar bat adieraziko du boto-paperean.

Boto presentzialaren alternatiba gisa, Hezkuntza Departamentuak, EDUCAren bidez, ikasleek botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du. Kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak jakinaraziko dizkie ikastetxeei. Aukera hori erabiltzen ahalko dute soilik EDUCAren bidez hautesle-errolda gaurkoa duten ikastetxeek.

Aukera hori boto presentzialaren osagarri gisa ulertu behar da, eta hura erabiltzeak ez du inolaz ere esan nahi prozesu presentzialari uko egiten ahal zaionik. Izan ere, botoa modu presentzialean eman nahi duten hautesleek uneoro eduki behar dute bermatuta aukera hori.

6. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) ordezkaria hautatzeko, boto-emaile bakoitzak izen bakar bat adieraziko du boto-paperean.

7. Hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkaria hautatzeko bozketa irakasleen sektorearen hauteskunde-mahaian eginen da, beste hautetsontzi batean. Hautesle bakoitzak hautagai bakarrari emanen dio botoa. Hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkaria eskola kontseiluko lehen erdiko parte izanen da, eta kargua utziko du hautatutako erdi horri dagokion epea bukatutakoan.

VII.–Toki hutsak betetzea.

1. Ebazpen honen I.3 puntuan ezarritakoari jarraikiz, eta nahiz eta ez egon eskola kontseiluko erdietako bat berritzeko premia, zuzendariak, egoki iritziz gero, hauteskundeetarako deia egiten ahalko du sektoreetan diren toki hutsak betetzeko, erdi batean edo bietan, betiere toki hutsak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez denean.

Toki hutsak esleitzeko orduan, boto gehien duen hautagaiak agintaldi luzeena hartuko du, eta haren agintaldia amaituko da ordezten duenaren agintaldiak zer egunetan amaitu beharko lukeen, egun horretan.

2. Bi erdietako bat berritu behar duten ikastetxeek postu hutsak esleitzeko deskribatu den prozesua erabiliko dute berritu beharrekoa ez den erdiko postu hutsak betetzeko, hala egokitzen denean.

Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratzen duten hautagaiei berritzen ari den erdiko postuak esleituko zaizkie, eta hurrengoek beste erdiko postu hutsak beteko dituzte. Azken ordezkari horien agintaldia sektore bakoitzean ordeztutakoen agintaldiak bukatu behar zuen egun berean bukatuko da.

3. Sektore bateko hautagaien kopurua bi erdietan bete beharreko postu hutsen kopurua adinakoa bada, hauteskunde batzordeak zehaztuko du erdi bati edo besteari esleitzeko prozedura. Akta ofizial batean jaso beharko du esleitzeko zer prozedura erabili duen.

VIII.–Botoak zenbatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.

1. Hauteskunde-ekitaldietako bakoitzean, bozketa bukatu ondoan, hauteskunde mahaiak botoak zenbatuko ditu.

Botoak baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (edukikoak eta formakoak), hauteskunde batzordeak ereduren bat onartzen badu boto-paperetarako, beste eredu batean ematen diren botoek ere ez dute baliorik izanen.

Gurasoen eta legezko tutoreen sektorean, botoen zenbaketa honela eginen da:

–Alderatuko dira, banan-banan, botoa posta bidez eman duten boto-emaileak eta bertaratu direnak.

–Botoa bertaratuta ere eman duten boto-emaileen kanpoko gutun-azalak (oraindik itxita daudenak) bereizi eta indarrik gabe utziko dira.

–Postaz emandako gainerako botoak, hau da, botoa bertaratuta eman ez dutenenak, bozketa presentzialean erabili den hautetsontzira sartuko dira, kanpoko gutun-azalak eduki behar duen dokumentazio guztia duela baieztatu eta gero.

–Botoen zenbaketa eginen da, kontuan hartuta bai hautetsontziko botoak, baita telematikoki emandakoak ere, halakorik bada.

Gainerako sektoreetarako, botoen zenbaketa eginen da kontuan hartuta bai hautetsontziko botoak, baita telematikoki emandakoak ere, halakorik bada.

Botoak jendaurreko ekitaldian zenbatu ondotik, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, datu hauek bildu beharko dituena: aurkeztutako hautagaien zerrenda eta bakoitzak lortutako boto kopurua, eskola kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen toki hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta, boto kopuru handienetik txikienera. Hauteskunde-mahai bakoitzak akta igorriko dio ikastetxeko hauteskunde batzordeari, hautetsien aldarrikapena egin dezan.

Kontuan hartu behar da sektore bakoitzerako ordezkoen zerrenda indarrean egonen dela eskola kontseiluaren erdietako bat berritzen denera arte. Izan ere, berritzearekin batera ordezkoen zerrenda berria osatuko da, zeinak aurreko zerrenda indargabetuko baitu.

2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde-mahaiak zozketa bidez eginen du hautaketa. Hauteskunde batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.

3. Hauteskunde batzordeak, mahaiek botoen zenbaketa eta aktak egin ondotik, hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzordearen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua den aldetik, ebazpen honen eranskina igorri beharko du, behar bezala beterik, Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalera (ordenacion.academica@navarra.es), sektore guztietako bozketak bukatu eta bost egun balioduneko epean, gehienez ere.

IX.–Kide izendatuak.

1. Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 56.1 artikuluak ezartzen duen moduan, eskola kontseiluko kide izanen dira ikastetxea kokatua dagoen udalerriko zinegotzi edo udal ordezkari bat eta, legez eratuta izanik, ordezkaritza handiena duen guraso elkartearen ordezkari aritzen den aita, ama edo legezko tutore bat.

2. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua edo, bestela, eskola kontseiluko burua den aldetik, ikastetxea dagoen udalerriko udalari eskatuko dio Eskola Kontseiluko kide izanen den zinegotzia edo ordezkaria izenda dezala, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 56.1 artikuluan xedatutakoa betez.

Udaleko zinegotziaren edo ordezkariaren kargualdiak bi urte iraunen du, edo gutxiago, hura izendatu zuen organoak hala erabakiz gero.

3. Era berean, ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua edo, bestela, eskola kontseiluko burua den aldetik, eskola kontseiluko kide izateko ordezkaria izenda dezala eskatuko dio ikastetxean ordezkaritza handiena duen eta legez eratua den guraso elkarteari, bai eta ikastetxearen jardun eremuan ordezkaritza handiena duen enpresaburuen erakundeari ere, halakorik dagoenean.

Guraso elkarteak aukeratzen duen ordezkariak ikasleen gurasoen eta legezko tutoreen hautesle-erroldan agertu beharko du. Haren kargualdia bi urtekoa izanen da, hau da, eskola kontseiluko erdietako bat berritzen den bakoitzean hura ere berrituko da, eta ikasleen guraso eta legezko tutore hautetsiek kargua uzteko ezarri diren kasu berberetan utzi beharko du berak ere kargua, eta, horretaz gainera, baita izendatzen duen guraso elkarteak erabakitzen duenean ere.

Ordezkaritza handiena duen guraso elkartea izanen da hautesle-erroldak onartzen diren egunean elkarteko kide diren familia kopuru handiena duena, guraso elkartearen idazkariak aurkeztu beharreko ziurtagirian adierazten denaren arabera. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua edo, bestela, eskola kontseiluko burua aldetik, edozein unetan eskatzen ahalko dio egokia iruditzen zaion dokumentazioa, emandako datuak egiazkoak direla ziurtatzeko.

Ikasleen guraso elkarteak izendaturiko ordezkariak kargualdia amaitu baino lehen uzten badu kargua, elkarteak beste ordezkari bat izendatu beharko du, aurrekoaren kargualdia amaitzeko falta den denbora horretan aritu dadin. Bi hilabeteko epean izendapenik egiten ez bada, gurasoen eta legezko tutoreen sektoreko ordezkoen zerrendan postua lortu ez zutenen artean boto gehien eskuratu zuen hautagaiak hartuko du postu hori, eskola kontseiluaren zati baten berritzea egin arte.

4. Ikastetxearen jardun eremuan ordezkaritza handiena duen enpresaburuen erakundeak izendatzen duen ordezkariaren kargualdia bi urtekoa izanen da, hau da, eskola kontseiluaren erdietako bat berritzean hura ere berrituko da. Ordezkari hori kargutik kentzen ahalko da hura izendatu zuen enpresaburuen erakundeak edo ikastetxeko titularrak hala erabakiz gero.

X.–Eskola kontseilua eratzea.

1. Hautetsiak aldarrikatu eta hamar egun naturaleko epean, zuzendariak eskola kontseilua eratzeko bilkurarako deia eginen du.

2. Ikastetxeko hezkuntza-komunitateko sektoreren batek ordezkariak hautatu ez baditu ere sektoreari berari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, eskola kontseiluaren eraketa baliozkoa izanen da.

XI.–Eskola kontseiluaren eskumenak.

Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 57. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hauek dira ikastetxeko eskola kontseiluaren eskumenak:

a) Ikastetxeko zuzendariaren izendapenean esku hartzea, uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 59. artikuluan ezarritakoaren bat.

b) Ikastetxeko irakasleen hautapenean esku hartzea, uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 60. artikuluan ezarritakoaren bat.

c) Ikasleak onartzeko prozesuan parte hartzea, eta prozesua arauei jarraikiz eginen dela bermatzea.

d) Adingabeen eskubideen aitortza eta babesa sustatzen duten hezkuntzako neurriak har daitezen bultzatzea eta neurrion jarraipena egitea.

d bis) Ikastetxean bizikidetzari aurka egiten dieten portaeren berri izatea eta neurri zuzentzaileak aplikatzea, neurriok indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla zainduta. Zuzendariak diziplina neurriak hartzen dituenean ikasleek ikastetxeko bizikidetza nabarmen kaltetzen duten portaerak izan dituztelako, eskola kontseiluak, gurasoek edo tutoreek hala eskatuta, egoera aztertzen ahalko du, eta hala badagokio, neurri egokiak proposatu.

e) Ikastetxeko aurrekontua onestea, administrazioak emandako funtsei eta baimendutako zenbatekoei erreparatuta, eta urteko kontuak ematea.

f) Ikastetxeko programazio orokorrari buruzko txostena ematea eta hura ebaluatzea. Programazioa zuzendaritza taldeak prestatuko du urtero.

g) Administrazioari proposatzea, hala badagokio, baimena ematea ikasleen familiei dirusariak ezartzeko eskola-jarduera osagarriak egiteagatik.

h) Ikastetxeko lerro pedagogiko orokorraren aplikazioan parte hartzea eta txostena ematea eskola jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak programatu eta garatzeko jarraibideei buruz.

i) Ikastetxeko titularrak proposatuta, ikasleen gurasoek eskolaz kanpoko jarduerengatik eta eskola zerbitzuengatik ordaindu beharreko ekarpenak onestea, baldin eta hori erabaki badute hezkuntza administrazioek.

j) Txostena ematea ikastetxeak kultura, kirol eta jolas jardueretan parte hartzeko irizpideei buruz, eta ikastetxeak zer laguntza ekintzatan parte hartzen ahal duen, horietan nola parte hartu zehazteko irizpideei buruz ere bai.

k) Beste ikastetxe batzuekin lankidetzan aritzeko bidea erraztea, kultura eta hezkuntza xede duten jardueretarako.

l) Titularrak proposatuta, ikastetxeko barne-erregimeneko arautegiari buruzko txostena ematea.

m) Ikastetxeko jarduera orokorraren ebaluazioan parte hartzea, administrazioko eta irakaskuntzako alderdiei dagokienez.

n) Honako alderdi hauek bultzatzeko neurriak eta ekimenak proposatzea: bizikidetza ikastetxean; tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza; emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna; genero-indarkeriaren prebentzioa eta gatazkak modu baketsuan konpontzea norberaren bizitzan, familian eta gizartean.

XII.–Prozesua bateratzea.

Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 54. artikuluko 4. apartatuan xedatutakoa kontuan harturik, maila edo etapa bat baino gehiago duten ikastetxe itunduetan eskola kontseilu bakarra eratzen ahalko da; horrelako kasuetan, zuzendari eta irakasle klaustro bakarra izanen dute ikastetxe osorako.

XIII.–Prozesuaren bermea.

1. Ikastetxe itunduetako titularrak, zuzendariak eta hauteskunde batzordeak hauteskunde prozedura antolatzeaz arduratuko dira, hezkuntza-komunitateko sektore guztien parte-hartzea hobekien bermatzen duten baldintzak aplikatuz.

2. Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, ikastetxeetako zuzendariek eta hauteskunde batzordeek behar diren neurriak hartuko dituzte ikastetxeetako eskola kontseiluak behar bezala eratu daitezen; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan hezkuntza-komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.

3. Eskola kontseiluak eratu ondoren, ikasturtean zehar gertatzen diren aldaketa guztiak Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko zaizkio. Eskola kontseiluko kide hautetsiak aldatuz gero, jakinarazpena egiteko, Ikasketak Antolatzeko Atalari igorri beharko zaizkio (ordenacion.academica@navarra.es) eraketa berria eta ordezkoen zerrenda, halakorik bada (ebazpen honen eranskineko 1., 5b eta 6. atalak). Eskola kontseiluko kide ez-hautetsiak aldatzen direnean, aski izanen da jakinaraztea zer kide ateratzen den eta zein sartzen.

Bigarrena.–Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura.

Laugarrena.–Ebazpen honek eta hari dagokion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen dituzte ondorioak.

Iruñean, 2022ko irailaren 7an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Eskola kontseiluak hautatzea, haien zati bat berritzea edo sektoreak osatzea ikastetxe itunduetan (2022-2023) (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2212189