202. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Ordenantza, arautzen dituena herri-lurretako aprobetxamenduak.
Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2022ko uztailaren 21ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.

Iragarkia argitaratu zen 2022ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 9an, baita udaletxeko iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da, inork erreklamaziorik, kexarik nahiz oharrik aurkeztu gabe.

Hortaz, argitara ematen da behin betiko onetsitako testu osoa, jarraituz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Otsagabian, 2022ko irailaren 22an.–Alkate udalburua, Mikel Aoiz Iriarte.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, erregulatzeko Otsagabiko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Honako hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Toki Administrazioari buruzkoa, eta azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea, Abereen Osasunari buruzkoa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurrei buruzko ordenantza hau; eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe xedaturik dagoena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Otsagabiko Udalaren ahalmena da herri-lurretako ondasunak erabiltzea, administratzea, antolatzea eta aprobetxatzea, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunei buruz Otsagabiko Udalak hartzen dituen erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak beharko du haien onura publiko edo soziala deklaratu, eta hori baino lehen, Otsagabiko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dagoela lortzerik beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena edo kargen ezarpena, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Otsagabiko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Otsagabiko Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dien bestelako ekintza orori.

8. artikulua. Otsagabiko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aitzinetik ikusita idazkariaren, aholkularitza juridikoaren edo, hala bada, legelariaren txostena, eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko. Herri-ondasunak Jabetza Erregistroan inskribatzen direnean, berariaz adierazi behar da herri-ondasun direla.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Otsagabiko Udalak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta.

Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Baldin eskualdaketarik egin nahi badu ondasunak herri-ondarerako berreskuratzeko, Otsagabiko Udalak beharko du Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa, eta jarraituko zaio Toki-erakundeen Ondasunen Erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutako prozedurari.

11. artikulua. Baimenak direla eta, kontzesioak direla eta, edo beste zernahi dela eta herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, Otsagabiko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Otsagabiko Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek duten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Otsagabiko Udalak ez dituenean bidezko diren ekintzak sustatzen herri-ondasunak defendatzeko, zilegi izanen da herritarren ekimena, Toki-erakundeen Ondasunen Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatzen den moduan.

Ekintza horrek aurrera eginez gero, Otsagabiko Udalak herritarrei itzuli beharko dizkie sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Otsagabiko Udala ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta lurrok duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori.

16. artikulua. 1. Orokorrean, Otsagabiko Udaleko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea urte bateko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian Otsagabian bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin haien diru-sarrerak apalagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino.

3. Artikulu hau interpretatzean sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Otsagabiko Udalak osoko bilkuran, Herri-lurren Batzordeak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

17. artikulua. 1. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak eginen dira Udi eta Berrota izeneko parajeetan, Landa-lurreko Ondasunen Katastroko 6. poligonoan, 23., 36., 37., 38. eta 39. lurzatietan, eranskineko planoan agertzen den gisara, eta 1. poligonoko 166. lurzatian, eta hiru modutan eginen dira aprobetxamenduak, ondoko lehentasun ordenaren arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak.

b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoan esleitzea edo Udalak zuzenean ustiatzea

Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

2. Familien baratzetarako diren aprobetxamenduak, edo antzeko aprobetxamenduak, Rial izeneko parajean eginen dira.

3. Muladar izeneko lurzatiak (6. poligonoa, 23. lurzatiak) egun zikin daude eta ez dute balio laborantzarako, eta adjudikatzen ahal dira baldin eta adjudikaziodunak konpromiso pertsonala hartzen badu horiek garbitzeko eta egokitzeko. Lurzati horiek 8 urterako adjudikatuko dira, eta baldintza izanen da lurzatia gehienez 4 urtean egokitzea, eta egoki mantentzea adjudikazioaldi guztian eta soberako denboran. Adjudikazioa doan izanen da.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak

18. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular direnek bete beharko dituzte 16. artikuluan ezarritako baldintzak, eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute txikiagoak lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, soldata hori halako bat eta erditik behera.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik baldin badago, agiri bidez frogatuta, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera.

3. Errenta mailak zehazteko irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, hala nola, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldata bidezko diru-sarrerak, laborantzako lurrak edukitzea errentan edo beste tituluren baten bidez, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren kapital zergagarria, salbu norberaren etxebizitzari dagokiona, jardueretan aritzeagatik dagokion zerga-oinarria, bai eta antzeko beste edozein datu ere.

19. artikulua. 1. Herri-lurren lehentasunezko aprobetxamendu mota honetarako ezartzen den ereduko lotearen azalera izanen da beharrezkoa dena lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) erdiaren besteko diru-sarrera garbiak sortzeko.

2. Aurreko 17. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, ondoko koefizienteak aplikatuko zaizkio ereduko loteari:

a) 3 kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea.

b) 4 kidetik 6ra bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea.

d) 9 kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea.

20. artikulua. Baldin familia-unitate asko badaude betetzen dituztenak lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Otsagabiko Udalak aukera izanen du, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honen 18. eta 19. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzeko, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igotzeko. Halakoetan, Otsagabiko Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

21. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da. Zenbait urtetarako laborantzak badira, epe hori luzatzen ahal da, Otsagabiko Udalak baimendu ondoren, labore motaren balio-bizitzaren bukaeraraino.

22. artikulua. Aprobetxamendu mota honetan, herri-lurzatien onuradunek kanon bat ordaindu beharko dute: ordenantza honetan, 30. artikuluan, zuzeneko adjudikaziorako ezarritako prezioaren %50.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere Nafarroako gehieneko KPIaren arabera. Betiere, kanonak gutxienez berdinduko ditu Otsagabiko Udalak dituen kostuak.

23. artikulua. Onuradunek zuzenean berek landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo lan pertsonala ez den beste moduren batez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza zenbaiten artean egitea ere hartuko da zuzenean eta pertsonalki egindakotzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 16. artikuluan adierazitako baldintzak.

24. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da baldin adjudikaziodunak berak edo haren familia-unitateko kideek egiten badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzaren izaera ez da galduko baldin soldatapekoak hartzen badira gerora erasandako eritasun bat edo aldi baterako beste arrazoi bat gertatzeagatik, Udal honen iritziz laborantza pertsonalki egitea eragozten duena. Halakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Otsagabiko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo dena delako beste arrazoiren bat behin betikoa bada Otsagabiko Udalaren iritziz, eta ez badago egiterik herri-lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik, 25. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

25. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Otsagabiko Udalak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Otsagabiko Udalak lurzatien onuradunei ordainduko dizkie adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak, kanona kendu ondotik.

Otsagabiko Udalak eskumena du erabakitzeko ea noiz dagoen ezintasun fisikorik edo besteren bat, eta eskatuko ditu egokiak iruditzen zaizkion agiriak. Lurren laborantza apartzerian ematen, errentan ematen, edo lagatzen duten adjudikaziodunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie, adjudikazioalditik gelditzen den denborarako. Orobat, beste adjudikaziodun batzuen herri-lurren apartzero edo errentari direnei ere kenduko zaizkie herri-lurzatiak, baita beste batzuen laboreen lagapen-hartzaileei ere.

Toki-erakundeak irekitako espedientearen bidez kenduko dira lurzatiak, interesatuari entzunaldia eman ondoren.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

26. artikulua. Otsagabiko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, ziurtatzeko lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla.

Uste izanen da honako kasu hauetan ez dutela egiten zuzeneko laborantza pertsonalik:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez badira erabiltzen adjudikaturiko herri-lurrak lantzeko.

b) Honako hauen gaineko frogagiriak eskatu, eta agindutako epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea, eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Otsagabiko Udalak baimendutako pertsonek eginak.

c) Nekazaritzako etekinik aitortzen ez bada pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, horretara beharturik ez egonik ere.

d) Baldin, laborantzako lurren jabe izanik, errentan eman badizkiete hirugarren batzuei.

2. ATALA

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

27. artikulua. Aurreko 1. atalean ezarritakoaren arabera lurzati eskaerei erantzun ondoan, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateko titularren artean.

Baldin lurzatirik gelditzen bada soberan, zuzeneko adjudikazioa egin ondoan, beste lurzati bat esleitzen ahalko zaie bi nekazaritza-ustiategi edo gehiagoren titular diren familia-unitateei.

28. artikulua. Otsagabiko Udalak erabakiko du zuzenean adjudikatzen diren loteen azalera, lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondoan, eta gelditzen den azaleraren eta eskatzaile kopuruaren arabera eginen da adjudikazioa, familia-unitate bakoitzak dituen diru-sarrera garbien proportzioan edo ustiategiak duen tamainaren alderantzizko proportzioan, baldin adjudikazio hartzaileak nekazariak badira, edo baremazioan lortutako puntuazioaren arabera. Udalak justifikatu egin beharko du loteen tamaina erabakitzeko erabilitako irizpidea.

29. artikulua. Adjudikazioaren epea 21. artikuluan ezarritako berbera da.

Adjudikaziodunek bi aukeretako bat hautatu beharko dute adjudikaziorako:

a) Urte natural guztirako adjudikazioa.

b) Urtean 9 hilabeteko adjudikazioa izatea. Bigarren modalitatea hautatzen dutenek aukera izanen dute adjudikazioa urte natural guztira luzatzeko, horretarako abisua emanez aurretik Udalari, idatziz, urte bakoitzeko uztailaren 31 baino lehen. Halakoetan, behar den kuota-diferentzia pagatu beharko dute.

Berariaz aukerarik egiten ez bada bi adjudikazio-modalitateen artean, pentsatuko da 9 hilabeterako adjudikazioa aukeratu dela.

Bederatzi hilabeterako adjudikatzen diren lurrak enkante bidez adjudikatuko dira, bazkatzeko, gainerako denborarako, urte naturala egin arte.

30. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu honetan:

a) 2023an urte natural osorako adjudikazio modalitatea: 200 euro.

b) Urteko 9 hilabeterako adjudikazio modalitatea; gero enkantea eginen da, bazkatzeko, gainerako denborarako, urte naturala egin arte: 150 euro.

Proposatutako kanonari dagozkio zenbateko horiek, eta urtero eguneratuko dira, gehienez ere Nafarroako gehieneko KPIaren arabera.

Udalak urtero berrikusiko ditu kuoten zenbatekoak, Udalak berak egiten dituen hobekuntzen arabera.

31. artikulua. Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, bete beharko da 23., 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatutakoa.

Adjudikaziodunek beren lurzatiak elkarrekin trukatzen ahal dituzte, Udalak berariaz baimena emanda, gelditzen den adjudikazioaldiko denboran, bermatzeko lurrean laboreak txandatzen direla.

32. artikulua. Otsagabiko Udalak beretzat gordetzen ahal du azalera bat, ez dena izanen laborantzako herri-lurren %5 baino gehiago, onuradun berriei esleitzeko.

Toki-erakundeak behin-behinekoz adjudikatzen ahal ditu aurreko apartatuan aipatzen diren erreserbako lurrak, baina adjudikazio horiek indarrik gabe geldituko dira lehentasuna duen beste onuradun berri bati emateko. Azken horien kasuan, baldintzen artean sartuko da baldintza suntsiarazle hori.

33. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, herritarren arteko lehentasunezko adjudikazioa egin ondoren, diru-sarrera handiagoak dituzten familia-unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, jarraikiko zaie ordenantza honen 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berei.

34. artikulua. Otsagabiko Udalak Rial izeneko parajeko lurzati bat uzten ahal die, zozketaz, hala nahi duten familia-unitateetako titularrei, baldin betetzen badituzte ordenantza honen 16. artikuluko baldintzak; familien baratzeetarako izanen da, honako baldintza hauetan:

a) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da, 23., 24., 25. eta 26. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

b) Esleipena 8 urterako izanen da.

c) Kanona 10 eurokoa izanen da lurzati bakoitzeko. Proposatzen den kanon hori urtero eguneratuko da, gehienez ere Nafarroako KPIaren arabera.

Otsagabiko Udalak aski lur azalera gordeko du eskaera horietarako, baina lur hori ez da izanen laborantzako herri-lurren azalera osoaren %10 baino handiagoa.

34 bis. artikulua. Interesdunek idatziz eskatzen badute, Udalak baimendu dezake partikularren borden ondo-ondoko herri-lurrak aprobetxatzea laborantzarako edo beste aprobetxamendu baterako.

Kanona 1 eurokoa izanen da 1000 metro koadroko.

3. ATALA

Otsagabiko Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

35. artikulua. Otsagabiko Udalak, Lehen eta Bigarren Ataletan aplikaturiko prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Otsagabiko Udalak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurrik soberan gelditzen bada, Otsagabiko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

36. artikulua. Otsagabiko Udalak erabakia hartu ondotik, hamabost (15) eguneko epea irekiko da, herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten eskubidea dutela uste dutenek, ediktua argitara eman ondotik Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Otsagabiko Udalaren iragarki-taulan. Bertan, eskabideak onartzeko epea zehaztuko da.

37. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogatzeko agiri baliogarria, besteak beste honako hauen gainekoa:

a) Otsagabiko bizilaguna dela, gutxienez ere urtebeteko (1) antzinatasunarekin, eta urtean bederatzi hilabete egiten dituela, bederen, udalerrian.

b) Otsagabiko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) familia-unitatea osatzen duten kideak, familia-liburuaren fotokopiarekin batean. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork duen ezintasun fisikorik edo psikikorik.

d) Jabetzan dituzten laborantzako lurren azalera, eta laborantza motak.

e) Errentan edo jabetza ez den beste titulu baten bidez lantzen dituzten lurrak, eta laborantza motak.

f) Familia-unitateko kide bakoitzak hiri-lurrean dituen zerga-kapitalak, norberaren etxebizitzarena kenduta, baita dauzkan abelburuak eta azienda-espezieak ere.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, abeltzaintzaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Otsagabiko Udalak ahalmena izanen du eskatzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak, errenta mailak egiaztatzearren; haiek oinarrituko dira agirietan eta datu objektiboetan, 18.3 artikuluan zehazten den bezala.

38. artikulua. Herri-lurren Batzordeak proposaturik, Otsagabiko Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean: lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

39. artikulua. Otsagabiko Udalaren iragarki-taulan paratuko dira aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrendak, 15 egun balioduneko epean, eta interesdunei jakinaraziko, bidezko juzgatzen diren alegazioak egin daitezen. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

40. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda, modalitate bakoitzerako.

41. artikulua. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduaren modalitateari dagokionez, ikusita aprobetxamendu horretaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitatearen titularren behin betiko zerrenda, adjudikatuko dira ordenantza honen 19. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak.

Laborantzarako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Otsagabiko Udalak laborantzarako loteak adjudikatuko dizkie herritarren arteko zuzeneko adjudikazio bidezko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia-unitatearen titularrei. Ordenantza honen 28. artikuluaren araberakoak izanen dira loteen ezaugarriak eta azalera.

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa egiteko, lehentasun ordena bat ezarriko da eskatzaileen artean, honako baremoarekin bat:

a) Puntu bat erroldatuta emandako urte bakoitzeko, gehienez 6 puntu. Urte osoak besterik ez dira puntuatuko.

b) Ogibide nagusia nekazaritza izatea: 6 puntu.

c) Nekazari gaztea izatea (41 urteak arte): 6 puntu.

d) Ustiategia Otsagabian izatea: 6 puntu.

e) Ustiapena estentsiboa edo erdiestentsiboa izatea: 6 puntu.

Adjudikaziodunek dagokien lotea aukeratuko dute, betiere jarraikiz aurreko baremoaren araberako lehentasun ordenari.

Baremazioan berdinketarik izanez gero, zozketa eginen da.

Lurzatien adjudikazioa burututa, jendaurrean jarriko dira, 15 egunean, onuradunen eta dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrendak, Udalaren iragarki-taulan. Zerrenda Otsagabiko Udalak onetsiko du, osoko bilkuran. Epe horretan, adjudikaziodunek, adostuta eta idatziz, eska dezakete lurzatiak elkarrekin trukatzea.

42. artikulua. Alegaziorik baldin bada argitaratutako zerrenden aurka, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

43. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduei dagokienez, Udi eta Berrota parajeen arteko eremua ezartzen da horretarako; hain zuzen ere, ordenantza honen 17. artikuluan zehaztu diren Landa-lurreko Ondasunen Katastroko poligono eta lurzatietan.

Halaber, herri-larreetarako adjudika daitezke 9 hilabeterako bakarrik adjudikatu diren laborantzako lurzatiak. Lurzati horiek 40 euroko kostua izanen dute, urte naturala osatzeko gelditzen den denborarako. Udalak urtero berrikus dezake lurzati horien prezioa.

44. artikulua. Otsagabiko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua eginen da honako modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan:

a) Antzinako ohiturari jarraikiz.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

45. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren antzinako ohituraren araberako esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak alta emanda eduki beharko dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki-erakundeen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

46. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

47. artikulua. Esleipenaldia urtebetekoa (1) izanen da, salbu 9 hilabeterako esleitzen diren labore-lurrak; horiek bazkatzeko esleituko dira, gainerako denborarako, urte naturala egin arte.

48. artikulua. Otsagabiko Udalak zehazten ahalko du herri-lur bakoitzak jasan dezakeen abelburuen kopurua.

49. artikulua. Kontuan hartuz zenbat abelburu har daitezkeen, zein den larreen kalitatea, eta lurzatietan baden edo ez den eskortarik, itxiturarik eta urik, Otsagabiko Udalak hasierako prezio bat ezarriko du larreen aprobetxamendua esleitzeko.

50. artikulua. Urtero ezarriko da esleitzeko hasierako prezioa, Otsagabiko Udalaren erabakiaren bidez, eta betiere kontuan harturik urtero zenbat lurzati erabil daitezkeen bazkatzeko.

51. artikulua. Urteko, kanonaren zenbatekoa ordainketa bakarrean egin beharko da, urte bakoitzeko abenduaren 1a baino lehen.

52. artikulua. Onuradunak esleipen prezioaren %4 jarri beharko du, fidantza gisa, esleipen egunetik hasita 15 eguneko epean.

53. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, egiaztatu dadin betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak (foru lege horrek tratatzen du herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasun babesa), eta bete beharko ditu foru lege horretako eta bere erregelamenduetako baldintza guztiak, baita indarrean dauden eta aplikatzekoak diren lege guztiak ere.

54. artikulua. Herriko ohiturekin bat, eta nekazari nahiz abeltzainentzako kalteak saihesteko, Otsagabiko Udalak ondoko baldintzak ezarri ditu:

Irailaren 1etik abenduaren 1era bitarte eginen da Udi eta Berrota parajeetako larreen aprobetxamendua, eta laboreak errespetatu beharko dira baldin eta oraindik ez bada uzta bildu.

55. artikulua. Prozedura. Otsagabiko Udalak aitzinetik erabakia hartuta, 15 eguneko epea hasiko da, larreen esleipen zuzena eska dezaten eskubidea dutela uste dutenek, aitzinetik ediktua jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta toki-erakundearen iragarki-taulan.

56. artikulua. Antzinako ohiturari jarraikiz, esleipena enkante bidez eginen da familia-unitateen titularren artean, betiere betetzen badituzte ordenantza honen 45. artikuluan ezarritako baldintzak, eta kontuan hartuta honako alderdi hauek:

a) Ordenantza honen 27. artikuluan ezarritako epean, eskabidearekin batera, eskatzaileek agiri batzuk aurkeztu beharko dituzte, erakusteko betetzen dituztela ordenantzaren 45. eta 27. artikuluetan ezarritako baldintzak, proposamen ekonomikoarekin batera, gutun-azal itxi batean. Proposamen hori enkantearen hasierako prezioaren adinakoa izanen da, gutxienez.

b) Proposamen ekonomiko onuragarriena aurkeztu duen eskatzaileari esleituko zaio, behin-behinekoz.

57. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 3 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

58. artikulua. Indargabetua.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

59. artikulua. Mendian aski izanik eta Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Otsagabiko Udalak epaitzak edo egur-loteak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

60. artikulua. Otsagabiko Udalak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

61. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

62. artikulua. Egurra banatzeko, irizpide sozialetan oinarrituko da Otsagabiko Udala, eta diru aldetik apalenak diren familia-unitateei emanen die lehentasuna.

63. artikulua. Onuradunen maila ekonomikoak zehazteko, Otsagabiko Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 18. artikuluan islatzen den bezala.

64. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero ezarriko du Otsagabiko Udalak, aurrekontu arruntean.

65. artikulua. Onuradunek debekatuta dute aprobetxamenduetatik sortutako hondarrak pilatzea, eta ezin izanen dituzte utzi ez bideetan, ez eta mendiko pistetan edota bertatik igarotzea galarazten duten tokietan; gainera, zehatz-mehatz bete beharko dituzte Udaleko landazainek agindutako jarraibideak. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

66. artikulua. Esleipen prozedurari dagokionez, Udalaren osoko bilkuraren erabakiaren ondotik eta iragarki-taulan ediktuak argitaratuta, 15 eguneko epea irekiko da, etxerako egurraren aprobetxamendurako eskabidea aurkez dezaten eskubidea dutela uste dutenek.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

67. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraikiz 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko arauari eta xedapen osagarriei, eta, betiere, jarraikiz martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeari (foru lege horrek hizpide du basa fauna eta haren habitatak babestea eta kudeatzea) eta arlo honetan aplikatzekoa den gainerako legeei.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

68. artikulua. 1. Otsagabiko Udalak indarrik gabe utzi ahal izanen ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, laguntza emateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraiki beharreko prozedura:

a) Otsagabiko Udalaren erabakia, edo toki-erakundeko gobernu eta administrazio organo gorenarena, onesten dituena proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea, eta Otsagabiko Udalak osoko bilkuran erabakia hartzea aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Foru Komunitateko Administrazioak onestea.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordainduko zaizkie sortzen zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

69. artikulua. Toki-erakundeak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Esleipen-hartzaileen betebeharrak

70. artikulua. Laboreko herri-lurzatien adjudikaziodunek bete beharko dituzte legeetan eta erregelamenduetan ezarritako betebehar guztiak, eta, gainera, honako hauek:

a) Udalak ikuskapen eta egiaztapen lanak egiten baditu, lurzatiak ongi daudela egiaztatzeko, lan horiek erraztea.

b) Adjudikazioa zertarako eman den, horretarako erabiltzea lurra.

c) Urtero, lurzatiak ezin hobeki mantentzea, erabiltzeko prest, bermatuz ez dela sasitzarik izanen eta ongi daudela itxiturak eta ongi dabilela uraren hoditeria.

d) Itxiturak ezin hobeki mantentzea.

Baldin betetzen ez bada artikulu honen c) eta d) apartatuetako betebeharra, Udalak behar diren konponketak eta garbiketak eginen ditu, eta kostua adjudikaziodunari jasanaraziko dio.

Baldin itxituretan kalteak izaten badira eguraldiaren ondorioz edo halabeharrez, nahi gabe, konponketak auzolanean egin daitezke, edo Udalak esaten duen bezala.

70 bis. artikulua. Adjudikaziodunak adjudikatutako lurzatiak bakarrik sar ditzake Nekazaritza Politika Erkidean, eta, horretarako, Udal idazkaritzak ziurtagiri bat emanen die, emandako lurzatien datuekin.

Baldin dirulaguntzen eskabidean sartzen baditu adjudikatutik ez dituen lurzatiak, lurzati horiek kendu eginen dira Nekazaritza Politika Erkidetik, eta pertsona hori desgaituta geldituko da herri-lurren eta -larreen adjudikazioduna izateko.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

71. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Otsagabiko Udalak finkatzen dituen epeetan.

c) Herritarrentzako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Herri-lurrak lantzea Udalak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.

f) Labore iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Labore lurzatiak ez uztea ezin hobeki, urtero, adjudikazioaldia bukatu baino lehen.

h) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

i) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

j) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

k) Bazkatzeko eremuak eta/edo herri-larreen aprobetxamendurako ezarritako aldiak ez errespetatzea.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.

72. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak.

g) eta h) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 300 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Otsagabiko Udalean zerbitzu anitzetako kargua duenak, larreen batzordearekin batera (adjudikaziodun guztiek osatua) berrikusiko ditu urtean behin edo bitan herri-lurrak, egiaztatzeko behar bezala erabiltzen ari direla eta betetzen direla ezarritako betebeharrak.

VII. TITULUA

Errekurtsoak

73. artikulua. Honako errekurtso hauetako bat jarriz ebatziko dira ordenantza hau interpretatzean gertatzen diren gorabehera guztiak, edo Udalaren osoko bilkuraren egintzen edo erabakien ondorioz sortzen ahal diren guztiak:

a) Legeria orokorreko jurisdikzioaren edo administrazioaren arloko errekurtsoak, organo eskudunetan.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegian, kapitulu honetako bigarren atalean ezarri bezala. Aipatutako auzitegi horren ebazpen espresu edo ustezkoek bukaera emanen diote foru bide administratiboari, eta haien aurka jotzen ahalko da, administrazioarekiko jurisdikzioko organo eskudunei zuzendurik.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

1. Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hau onesteko, bete beharko da uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), honako prozedura honi jarraikiz:

a) Toki-erakundearen osoko bilkurak hasierako onespena ematea.

b) Jendaurrean jartzea, onespen erabakiaren iragarkia jarrita Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta erakundeko iragarki-taulan, hogeita hamar egunez gutxienez, epe horretan herritar eta interesdun legitimoek aukera izan dezaten espedientea aztertzeko eta erreklamazioak, kontrako iritziak edo oharrak egiteko.

c) Aurkezten diren erreklamazio, kexa edo oharrak ebaztea, eta a) apartatuan aipatu den organoak behin betiko onestea.

Nolanahi ere, hasierako onespena behin betiko bilakatuko da baldin eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada. Kasu horretan, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori argitaratu egin beharko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behin betiko testuarekin batera.

Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua arautzen duten ordenantzak onesteko, beharrezkoa da aldeko botoa ematea Udalbatza osatzen duten kideen legezko kopuruaren gehiengo osoak.

Ordenantza aldatzeko egin beharreko tramiteak onespena emateko berberak izanen dira.

2. Toki-erakundeek onetsitako ordenantzek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen dituzte testua oso-osorik argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean, salbu eta ordenantza fiskalen kasuan, eta iragandakoan Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea.

Iragarkiaren kodea: L2212668