202. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

Ordenantza fiskala, espedientea formalizatzeagatiko tasak eta hautaketa-prozesuetan parte hartzeko eskubideak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Irurtzungo Udalbatzak, 2022ko abuztuaren 2an egindako osoko bilkuran, hasierako onarpena eman zion Espedientea formalizatzeagatiko tasak eta hautaketa-prozesuetan parte hartzeko eskubideak arautzen dituen ordenantza fiskalari.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta behin jendaurrean jartzeko epea alegaziorik, eragozpenik edo oharrik egin gabe igarota, eta hasierako onespenaren iragarkia 2022ko abuztuaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (162. zk.) argitaratu ondoren, behin betiko onespena eman eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen aldaketa hauen aurka -xedapen administratibo orokorra baitira- ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetako bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Irurtzunen, 2022ko irailaren 28an.–Alkatea, Aitor Larraza Carrera.

ESPEDIENTEA FORMALIZATZEAGATIKO TASAK ETA HAUTAKETA-PROZESUETAN PARTE HARTZEKO ESKUBIDEAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

1. artikulua. Oinarria eta izaera.

Tasa hau Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak emandako ahalmenak erabiliz eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoarekin bat etorriz ezartzen da.

2. artikulua. Zergapeko egitatea.

Tasaren zergapeko egitatea da udal honek beharrezko zerbitzuak ematea, bertara sartzeko hautaketa-prozesuetan parte hartzeko.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Subjektu pasibo zergadunak dira Irurtzungo Udalak deitzen dituen lehiaketa, oposizio eta lehiaketa-oposizioetara hautagai gisa aurkezten diren pertsona fisikoak, horiek libreak nahiz murriztuak izan, bai eta kontratazio zerrendak sortzen dituzten hautaketa-prozesuetara aurkezten direnak ere.

4. artikulua. Kuota.

4.1. Subjektu pasibo bakoitzak tasa hori dela-eta ordaindu beharreko kuota honako hau izango da:

a) A mailako hautaketa-prozesuan sartzeko: 25,00 euro.

b) B mailako hautaketa-prozesuan sartzeko: 20,00 euro.

c) C mailako hautaketa-prozesuan sartzeko: 15,00 euro.

d) D eta E mailetako hautaketa-prozesuan sartzeko: 10,00 euro.

4.2. Tasa hori parte hartu nahi den hautapen prozesu bakoitzeko ordaindu beharko da.

5. artikulua. Sortzapena.

Tasa sortzen da eta ordaintzeko betebeharra sortzen da dagokion espedientea eratzen denean.

Eskubide horiek ez dira itzuliko, besteak beste, honako kasu hauetan:

a) Hautaketa-prozesuan parte ez hartzea, izangaiari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.

b) Hautapen-prozesuan gainditu ez izana, izangaiari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.

6. artikulua. Tasa likidatzea.

Lortu nahi den plaza bakoitzeko tasa nominala eta banakakoa izango da, eta honako moduren batean ordaindu beharko da: udalak udalerri horretako sukurtsal guztietan irekita dituen banku-kontuetako edozeinetan ordainduz, udalaren webguneko autolikidazio-programaren bidez edo deialdi bakoitzean adierazitako beste programa baten bidez. Frogagiria eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

Izangaiak sarrera-frogagiria gorde beharko du hautaketa-prozesua amaitu arte.

Azken xedapena.–Indarrean jartzea.

Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, 2022ko abuztuaren 1etik aurrera.

Iragarkiaren kodea: L2213092