202. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13/2022 FORU AGINDUA, irailaren 23koa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez "Nafarroa Koloretan" izeneko kulturen arteko ipuin ilustratuen lehiaketarako deialdia egiten baita.

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuarekin bat etorriz, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuari, besteak beste, honako eskumen hauek eskuordetu zitzaizkion: Nafarroako Gobernuak immigrazioaren arloan zehaztutako politika garatzea eta koordinatzea, etorkinen integrazioa, eta aniztasun etniko eta kulturalaren kudeaketa.

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren barruan, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren eginkizunen artean daude sentsibilizazio ekintzak diseinatu eta abian jartzea, kulturen arteko bizikidetza, gizarte aniztasuna eta migrazioen balioa balioesteko, bai eta kulturen arteko bizikidetza hobetzeko eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko beste edozein ekintza ere.

Eskumen hori gauzatzeko xedez, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak "Nafarroa Koloretan" izeneko kulturen arteko ipuin ilustratuen deialdia proposatu du, Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetzaren Estrategiaren (2021-2026) esparruan. Estrategia horrek bere lehenengo lehentasunezko ildoan honako hau ezartzen du: "Balio partekatuak sustatzen dituen eta komunikazioa errazten duen kultura aniztasunaren ikuspegi eta balorazio positiboa sortzea", eta 2.1 helburuan, berriz, honako hau: kultura aniztasunaren ikuspegi positiboa ahalbidetuko duten prozesuak sustatzea, garapenerako hezkuntza eta beste neurri batzuk bultzatuz, helburu izanen dutenak beharrezko ezagutzak, gaitasunak, balioak eta jarrerak sustatzea herritarrek konpromisoa izan dezaten mundu bidezkoagoa, baketsuagoa, toleranteagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa eraikitzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. "Nafarroa Koloretan" izeneko kulturen arteko ipuin ilustratuen lehiaketarako deialdia egitea eta oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek foru agindu honen I. eranskinean daude.

2. Bost mila zortziehun (5.800) euroko gastua baimentzea, 2022ko gastuen aurrekontuko "Nafarroa Koloretan Saria" izeneko F10002 F1200 2268 231900 partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzura, Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko irailaren 23an.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

I. ERANSKINA

"Nafarroa Koloretan" izeneko kulturen arteko ipuin ilustratuen lehiaketa

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuarekin bat etorriz, departamentu horri, besteak beste, honako eskumen hauek eskuordetu zitzaizkion: Nafarroako Gobernuak immigrazioaren arloan zehaztutako politika garatzea eta koordinatzea, etorkinen integrazioa, eta aniztasun etniko eta kulturalaren kudeaketa.

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren barruan, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuaren eginkizunen artean daude sentsibilizazio ekintzak diseinatu eta abian jartzea, kulturen arteko bizikidetza, gizarte aniztasuna eta migrazioen balioa balioesteko, bai eta kulturen arteko bizikidetza hobetzeko eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko beste edozein ekintza ere.

Nafarroako Kulturen arteko Bizikidetzaren Estrategiak (2021-2026) bere lehenengo lehentasunezko ildoan honako hau ezartzen du: "Balio partekatuak sustatzen dituen eta komunikazioa errazten duen kultura aniztasunaren ikuspegi eta balorazio positiboa sortzea", eta 2.1 helburuan, berriz, honako hau: kultura aniztasunaren ikuspegi positiboa ahalbidetuko duten prozesuak sustatzea, garapenerako hezkuntza eta beste neurri batzuk bultzatuz, helburu izanen dutenak beharrezko ezagutzak, gaitasunak, balioak eta jarrerak sustatzea herritarrek konpromisoa izan dezaten mundu bidezkoagoa, baketsuagoa, toleranteagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa eraikitzeko.

Nafarroak kulturen arteko bizikidetzaren eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzearen alde egiten du, jendarte solidario, inklusibo, tolerante eta arrazakeriaren aurkako baten funtsezko balioak baitira.

Eskumen hori gauzatzeko xedez, Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuak kulturen arteko ipuin ilustratuen lehiaketa honetarako deialdia egin du. Lehiaketak bi modalitate izanen ditu:

–0 eta 6 urte bitarteko haurrentzako ipuin ilustratuak.

–Lehen Hezkuntzako ikasleentzako (6 eta 12 urte bitartekoak) ipuin ilustratuak.

Lehiaketak oinarri hauek izanen ditu:

1.–Lehiaketaren xedea.

"Nafarroa Koloretan" izeneko kulturen arteko haurrentzako ipuinen lehiaketaren xedea da ipuin ilustratuak sortzea, bi haur multzo hauei zuzendutakoak:

–0 eta 6 urte bitarteko haurrak eta, bereziki, Haur Hezkuntzako zikloko ikasleak.

–Lehen Hezkuntzako ikasleak (6 eta 12 urte bitartekoak).

Lehiaketaren xedea da kulturen arteko bizikidetzan oinarritutako ipuin eta istorio ilustratuak saritzea. Kontakizun horiek berdintasunezko, errespetuzko eta elkartasunezko ikusmolde argia izan behar dute, Nafarroako komunitate osoaren –batez ere gazteenen– inspirazio eta tresna izateko, jendarte inklusiboagoa lortzeko, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatuko dena eta kulturartekotasunaren balioak goretsiko dituena.

Lehiaketan saritutako lanek sentsibilizaziorako tresna izaten ahal dira Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren haurrentzat, errespetua sustatuko duen eta kulturartekotasunaren aberastasuna onartuko duen jendarte askotariko baten ikusmoldea emanen baitie.

Horregatik, saritutako lanekin hedapen lana eginen da, bai horiek argitaratuz eta editatuz (bildumetan eta/edo banakako argitalpenetan) bai ipuin kontalarien bitartez, Nafarroako ikastetxeetara irits daitezen.

2.–Parte-hartzea.

2.1. Edonork parte hartzen ahalko du, adina, nazionalitatea, jatorria edo bizilekua edozein dela ere. Beren izenean edo taldean hartzen ahalko dute parte.

2.2. Pertsona edo talde bakoitzak gehienez bi lan aurkezten ahalko ditu kategoria bakoitzean, baldin eta horiek bereiz igortzen badira.

2.3. Lanek originalak eta argitaragabeak izan behar dute, aurretik argitaratu edo zabaldu gabeak edozein bitartekoren bidez (inprimatua edo elektronikoa), ez osorik ez zatika. Ez dira onartuko beste lan originalen moldaketak. Era berean, ez dira onartuko aurretik sarituak izan diren lanak edo beste sari batzuetarako aurkeztuak direnak.

3.–Formatua, teknika eta gaia.

3.1. Lanek album ilustratuaren kontzeptua hartu beharko dute kontuan, bertan irudiak eta testua modu koherentean osatuko dira, eta haurrei zuzendu behar zaizkie, bi modalitateetan ezarritako adinetarako modu egokian.

Ilustrazioen eta testuaren kalitate narratiboa eta teknikoa modu berean baloratuko dira, eta garrantzi bera izanen dute.

3.2. Formatua eta teknika libreak dira, parte-hartzaileen hautu dira. Proiektuak edozein tamaina, teknika eta formatuan aurkezten ahalko dira; luzera ezin izanen da barnean 40 orrialdetik gorakoa izan (babes-orriak eta azalak kontatu gabe), ezta 16 orrialdetik beherakoa ere.

3.3. Liburuaren proposamena maketa batean aurkeztu beharko da, hau da, diseinuaren, testuaren, kolorearen eta ilustrazioen azken bertsio inprimatua, bukatutako liburua izanen denarekin ahalik eta antzekoen.

3.4. Gaia librea da, baina lanek kulturartekotasunaren eta arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako mezu argia izan beharko dute, eta haur literaturak dituen ezaugarrietara egokitu beharko dute. Honako hauek baloratuko dira: originaltasuna eta zenbait balio –bizikidetza, aniztasun kulturala, errespetua...– iradokitzen dituzten kontakizunak sortzeko gaitasuna, bai eta migrazioak, babesa eta asiloa, besteak beste, ulertarazten laguntzen dutenak ere.

3.5. Aurkeztutako lanak gaztelaniaz eta/edo euskaraz idatzita egoten ahal dira. Lan irabazleak bi hizkuntzotan argitaratuko dira.

4.–Sariaren zuzkidura.

4.1. Bi modalitateetako bakoitzak 1.400 euro gordineko sari bat izanen du –Nafarroako Gobernuari egile eskubideak lagatzeagatik eta liburu ilustratua argitaratzeko lagapenagatik–, diploma bat eta "Navarra de Colores-Nafarroa Koloretan" estatuatxo bat. Entitate antolatzaileak eskubidea izanen du saritutako lanak zabaltzeko eta argitaratzeko, betiere irabazi asmorik gabe eta ekonomikoki ustiatu gabe.

4.2. Bestalde, modalitate bakoitzean gehienez 5 accesit emanen dira. Horietako bakoitzak 300 euro gordineko zuzkidura ekonomikoa izanen du –Nafarroako Gobernuari egile eskubideak lagatzeagatik eta liburu ilustratua argitaratzeko lagapenagatik–, diploma bat eta "Navarra de Colores-Nafarroa Koloretan" estatuatxo bat.

4.3. Sariei dagozkien atxikipenak eginen zaizkie. Sariak ez dira ordainduko egileek entregatu arte argitaratzeko prest dagoen amaitutako lana.

4.4. Egileak bere lana argitaratzeko erreprodukzio eskubideak lagako ditu. Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak arduratuko da argitaratzeaz, zeinak dibulgazio eta hezkuntza helburuak izanen baititu.

4.5. Saritutako lanak gaztelaniaz eta euskaraz argitaratuko dira, originala zein hizkuntzatan aurkeztu den kontuan hartu gabe.

4.6. Sari honen irabazleak edo irabazleek lanaren sustapenean parte hartzeko konpromisoa hartzen du/dute. Argitaratzeko aukeratutako liburuaren ilustrazio originalak jendaurrean jartzen ahalko dira, banakako zein taldeko erakusketan. Lanerako egiten diren ilustrazio guztiak sustapen helburuekin erreproduzitzen ahalko dira.

5.–Originalak aurkezteko epeak eta lekua.

5.1. Originalak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita.

5.2. Saria lortu nahi duten egileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Proiektuaren maketa bukatua, testu eta ilustrazioekin, amaitutako liburua izanen denarekin ahalik eta antzekoen. Kopia inprimatua edo digitala izanen da, PDF formatuan, diseinuarekin. EZ dira igorri behar ilustrazio originalak, horien erreprodukzioak baizik. Eskaneatutako originalak izaten ahal dira. Ilustrazioak eta material originalak bakarrik eskatuko dira lana saritu bada edo accesit baterako aukeratu bada, hori argitaratzeko eta editatzeko.

–Maketa izenordearekin sinatu behar da azalean, eta ez du izan behar parte-hartzailearen izenaren arrastorik edo erreferentziarik. Lanetan ez da inola ere egileen izena agertuko, baizik eta lelo edo izenorde bat, lanaren lehen orrian agertuko dena. Lehen orri hori zuriz izanen da, eta bertan lanaren izenburua Arial letra lodiz eta egileek aukeratutako izenordea edo leloa agertuko dira.

–Lana duen PDF fitxategia lanaren izenburuarekin izendatuko da, letra larriz eta tarterik gabe. Gainera, azpimarra baten ondoren fitxategia entregatzen den data sartu behar da, formatu honetan: URTEAhilabeteaEGUNA. Horrenbestez, honela geratuko da: LANARENIZENBURUA_20220801.pdf

–Parte-hartzaileen datu pertsonalak plika digitalaren formatuan entregatuko dira. Hortaz, beste PDF fitxategi batean entregatuko dira, eta bertan lanaren izenburua eta aukeratutako izenordea agertuko dira. Horien ondoren, egileen datu pertsonalak adieraziko dira: izen osoa(k), posta-helbidea, kontaktatzeko telefono zenbakia eta helbide elektronikoa, bai eta NANaren edo pasaportearen fotokopia osoa eta biografia edo curriculum pertsonal laburra ere (gehienez 600 hitz). Lana inprimatuta aurkezten bada, gutun-azalean beste gutun-azal bat sartuko da: horretan lanaren izenburua agertuko da eta barruan adierazitako datuak.

–Era berean, datu pertsonalak dituen fitxategiarekin batera, parte-hartzaileek fitxategi horri sinatutako adierazpen labur bat atxiki beharko diote. Adierazpen horretan ziurtatu behar dute lan original osoaren egileak direla eta, irabaziz gero, eskubide guztiak dituztela Nafarroako Gobernuari baimentzeko lanaren erreprodukzioa, dibulgazioa eta hedapena.

5.3. Inprimatutako lanak eta eskatutako dokumentazioa honela igorriko dira: Nafarroako Gobernuko Erregistroaren bidez edo posta ziurtatuaren bidez, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzura (Orreaga etorbidea 4, PK 31002). Bestela, formatu digitalean entregatuko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Ayllu-Kulturen arteko bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzura zuzendua.

Nahitaez zehaztuko da «NAFARROA KOLORETAN ipuin ilustratuen lehiaketa».

5.4. Irabazle edo finalista gisa hautatu ez diren lan guztiak suntsitu eginen dira saritutako testuak zein diren jakinarazi ondoren. Ez dira lan horiek itzuliko, ezta horiei buruzko korrespondentziarik izanen.

5.5. Lanak aurkezteko epea amaitutakoan, epaimahaiari helaraziko zaizkio, ebaluatu eta aintzat har ditzan. Epaimahaiak, gehienez ere 90 eguneko epean, lehiaketa ebatziko du, sariak nori eman erabakiko du eta/edo lehiaketa esleitu gabe uzten ahalko du. Orobat, ezetsi eta baztertzen ahalko dituzte oinarri hauek betetzen ez dituzten edo printzipio edo arauren bat urratzen duten lanak.

6.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

6.1. Sariaren epaimahaia honako pertsona hauek osatuko dute.

Epaimahaiburutza:

–Epaimahaiburua: Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria edo hark eskuordetutako pertsona.

–Epaimahaikideak:

  • 1. epaimahaikidea: Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona.
  • 2. epaimahaikidea: Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko kabineteburua edo hark eskuordetutako pertsona.
  • 3. epaimahaikidea: Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzuko teknikaria.
  • 5. eta 6. epaimahaikideak: Literaturaren eta/edo ilustrazioaren arloan ospe handia duten bi pertsona.

Epaimahaiaren osaera orekatua izanen da emakumeen eta gizonen artean.

6.2. Epaimahaikideek honako irizpide hauen arabera baloratu eta balioetsiko dituzte lanak:

–Historiaren eta ilustrazioen originaltasuna eta duen indarra, bai eta narratzeko moduaren originaltasuna eta istorioak estilo narratibo eta artistiko berezia izatea ere.

–Proposamen ilustratuaren kalitate teknikoa, estetikoa eta artistikoa.

–Idazketa argia izatea eta kontakizuna erakargarria, irakurle izaten ahal diren kategoria eta adin bakoitzari egokituta.

–Narrazioaren egitura koherentea izatea eta behar bezala egituratuta egotea.

–Istorioek, modu originalean, berdintasunezko, errespetuzko eta elkartasunezko ikuspegi argia ematea, Nafarroako komunitate osoaren –batez ere gazteenen– inspirazio eta tresna izateko, jendarte inklusiboagoa lortzeko, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatuko dena eta kulturartekotasunaren balioak goretsiko dituena.

–Pertsonaiek kontakizunean duten garrantzia, sakontasuna eta historian duten bilakaera.

–Kontakizunak transmititzen dituen narrazioen eta emozioen kalitatea eta sakontasuna.

–Gizonen eta emakumeen rol protagonikoaren oreka kontakizunean.

6.3. Epaimahaikideek lehiaketara igorritako lanak ikusten ahalko dituzte, baldin eta baldintza eta oinarri guztiak betetzen badituzte, baina ez dute datu pertsonalak dituzten plikak ikusteko inolako aukerarik izanen.

Epaimahaiak gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak. Bilkuraren batera joaterik ez badute, epaimahaiko kideek botoa eskuordetzen ahalko dute. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak ebatziko du kalitateko botoa erabiliz. Idazkariak adosten diren jarduketa eta erabaki guztiei buruzko akta eginen du, eta bertan agertuko dira hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak, deialdi honetan saria emateko jasotzen diren irizpideen araberakoak.

6.4. Epaimahaiaren erabakia Migrazio Politiketako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez jakinaraziko da, eta Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren eskura dauden bitarteko guztien bidez zabalduko da.

6.5. Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak horretarako antolatutako ekitaldi publikoan banatuko dira sariak. Saria lortzeko eta kobratzeko, saritutakoek sariak emateko ekitaldira joan beharko dute, epaimahaiak behar bezala egiaztatutako eta baloratutako ezinbesteko kasuetan izan ezik. Kasu horretan, beste pertsona bat izendatuko dute saria jasotzeko.

6.6. Ez deialdia egin duen erakundean ez epaimahaikideek ezin izanen dute komunikaziorik egin ezein parte-hartzailerekin, eta ezin izanen dute hautaketa prozesuari buruzko informaziorik eman inongo fasetan.

7.–Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honen aplikazioaren ondoriozko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F2212874