201. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko irailaren 21ean hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "SM286961 Tebas/Arrizabalaga-Beriaingo saneamendu kolektorea" izeneko obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2022ko ekainaren 23an, Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak honako hauek erabaki zituen: "SM286961 Tebas/Arrizabalaga-Beriaingo saneamendu kolektorea" izeneko obraren proiektua onestea, desjabetze espedienteari hasiera ematea, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batez onestea, eta jendaurrean jartzea hamabost egunez. Desjabetzearen onuraduna Iruñerriko Zerbitzuak SA da.

Jendaurreko aldia bukatutakoan, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrak, 2022ko abuztuaren 29an egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta lurrak okupatu beharra. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea presakoa deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Proiektua gauzatzeak eragindako ondasun eta eskubideak presaz okupatu behar dira Tebasko eta Arrizabalagako hobi septikoak egoera txarrean daudelako eta, orobat, beharrezkoa delako saneamendu-sare publiko bat sortzea udal ingurunean kokatuak dauden enpresa pribatuen hondakin-ur araztuak hustu ahal izateko, Elortz ibaiaren arroaren emari txiki eta gorabeheratsuan zuzeneko eragina baitute.

Bestalde, lanak euri gutxien egiten duen garaian hasi behar dira, lur mugimenduak laborantza-lurzatietan egiteko eta nekazaritza-lurzoruen gaineko eraginak minimizatzeko.

Data horietan eginez gero, gainera, gauzatze tekniko hobea bermatuko da, eta segurtasun handiagoa izanen da lurrak erauzten eta hodiak sakonera handiko zangetan jartzen aritzen diren langileentzat.

Nafarroako Gobernuak, Iruñerriko Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. "SM286961 Tebas/Arrizabalaga-Beriaingo saneamendu kolektorea" obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, nahitaezko desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea.

Iruñean, 2022ko irailaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2212729