201. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko irailaren 21ean hartua, baimena ematen duena "Gazteriari eta bizikidetzari buruzko inkesta" izeneko eragiketa estatistikoa 2022ko Urteko Estatistika Programan sartzeko.

Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 26. artikuluak xedatzen du Nafarroako Estatistika Plana baliabide bat dela Nafarroaren interesekoa den estatistika jarduera publikoa sustatzeko, antolatzeko eta planifikatzeko. 2021-2024 aldirako, maiatzaren 10eko 5/2021 Foru Legeak onetsi zuen plan hori, eta hartan jaso dira aldi horretan egin beharreko estatistika eragiketak.

27. artikuluak xedatzen du Nafarroako Gobernuak, plana garatzeko tresna gisa, urteko estatistika programa onetsiko duela, urte horretan eginen diren estatistika eragiketen zerrenda barne.

11/1997 Foru Lege horrek, 28. artikuluan, jasotzen du ezen Nafarroako Gobernuak, hala komeni denean edo presakoa baldin bada, erabaki baten bidez baimena eman dezakeela Estatistika Planean edo Urteko Programan jasotzen ez diren eragiketa estatistikoak egiteko, eta eragiketa horiek ofizialtzat joko direla. Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez formalizatuko da baimen hori, aldez aurretik Nafarroako Estatistika Institutuak (Nastat) aldeko txostena eginda, zeinak jasoko baitu eragiketa horiek bat datozela estatistika plan eta programetan ezarritako helburu eta betebeharrekin, eta Estatistika Kontseiluko kideei komunikatu ondoren.

Nafarroako Estatistika Institutuak (Nastat) estatistika eragiketa hori sartzearen aldeko txostena eman du, uste baitu egokitasun irizpide bat dagoela, Nafarroako Gazteria Institutuak azaldu duelako bizikidetzarekin lotutako alderdiak ezagutzeko premia duela, informazio horrekin bere jarduerak bideratzeko.

Nafarroako Estatistika Kontseiluko kideei ere horren berri eman zaie, 11/1997 Foru Legeak zehazten duen bezala.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. "Gazteriari eta bizikidetzari buruzko inkesta" izeneko eragiketa estatistikoa 2022ko Urteko Estatistika Programan sar dadila onestea. Eragiketa estatistiko horren zenbakia 2200477 da.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Erabaki hau igortzea Nafarroako Gazteriaren Institutura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Nafarroako Estatistika Institutura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko irailaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2212725