201. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

59E/2022 FORU AGINDUA, irailaren 21ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, aldatzen duena abuztuaren 8ko 50E/2022 Foru Agindua, zeinaren bidez oinarri arautzaile batzuk arautzen baitira Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidean, 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitarte Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik, liga horiek oso-osorik Nafarroako Foru Komunitatean jokatzen ez direnean.

Kultura eta Kiroleko kontseilariaren abuztuaren 8ko 50E/2022 Foru Aginduaren bidez, deialdi bat onetsi zen 2023. urtean Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidean, 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik, liga horiek oso-osorik Nafarroako Foru Komunitatean jokatzen ez direnean.

Idazketa-akats baten ondorioz, deialdiko oinarriek baztertu egiten dituzte inola ere baztertu nahi ez ziren kontzeptu diruz lagungarri batzuk: zehazki, Nafarroako kirol federazioek emandako lizentziak bakarrik aipatzen dira diruz laguntzeko modukotzat, eta, horrela, baztertu egiten da gainerako federazioek emandako lizentzien kostua, lurraldekoak izan edo Espainiakoak izan, eta lizentzia horiek beharrezkoak dira deialdi honetan jasotako estatu mailako eta autonomia erkidego arteko lehiaketetan parte hartzeko.

Aurreko denboraldiei dagozkien dirulaguntzen deialdietan, lehiaketan parte hartzeko beharrezkoak diren federazio-lizentzien gastua diruz lagungarria izan da beti, izan Nafarroako kirol federazioko lizentziak, izan estatukoak, izan lurraldekoak. Beraz, Nafarroako Kirolaren Institutuak ez du irizpide aldaketarik nahi alderdi horretan.

Horregatik, eta atzemandako akatsa zuzentzeko, proposatzen da "Inskripzioak eta lizentziak" gastu kontzeptuari dagokion dirulaguntzaren kalkulua aldatzea, bai I. eranskinean, bai II. eranskinean.

Horrela bada, hauek dira eginen diren aldaketak:

Alde batetik, I. eranskineko 5. oinarrian, A lehiaketetan, zehazki A1 taldean, "Inskripzioak eta lizentziak" atalean, "Nafarroako federazioak" dioen lekuan "federazioak" esan behar du. Beraz, testua honela geratuko da:

"–Inskripzioak eta lizentziak. Barnean sartzen dira federazioei ordaintzea ligetan parte hartzeagatik, federazioei ordaindutako lizentzien kuotak eta mutualitateak. Inola ere ez dira sartuko kluben arteko eskualdaketengatiko fitxaketak edo arbitrajeak (beste kontzeptu batean sartuta daude)."

Bestalde, "DIRULAGUNTZAREN KALKULUA" atalean, "1. Inskripzioak eta lizentziak" kontzeptu diruz lagungarria azaltzen den talde guztietan, kendu egiten da parentesi artean agertzen den esaldia (hots, Nafarroako federazioek emandako lizentziak baizik ez dira onartuko), eta testua honela geratuko da:

"1. Inskripzioak eta lizentziak: egindako gastuaren %100 lagunduko da diruz, transfer, zehapen eta abarren kontzeptu gisa ordaindutako zenbatekoak izan ezik."

Aldaketa horiek eragina izan dezakete kirol klub eskatzaileek aurkeztu beharreko gastuen aurrekontuan, eta, beraz, eskaerak aurkezteko beste epe bat ezartzen da, 2022ko urriaren 31n amaituko dena.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen arabera eta erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Kultura eta Kiroleko kontseilariaren abuztuaren 8ko 50E/2022 Foru Dekretua aldatzeko foru agindu bat onestea. Foru dekretu horren bidez deialdi bat onetsi zen dirulaguntzak emateko norgehiagokako araubidean Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei, hain zuzen, 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik, liga horiek oso-osorik Nafarroako Foru Komunitatean jokatzen ez direnean.

2. I. eranskineko 5. oinarriaren testua aldatzea, zehazki, A lehiaketetan, A1 taldean, "Inskripzioak eta lizentziak" atalean, "Nafarroako federazioak" dioen lekuan, "federazioak" esan behar duelako. Beraz, testua honela geratuko da:

"–Inskripzioak eta lizentziak. Barnean sartzen dira federazioei ordaintzea ligetan parte hartzeagatik, federazioei ordaindutako lizentzien kuotak eta mutualitateak. Inola ere ez dira sartuko kluben arteko eskualdaketengatiko fitxaketak edo arbitrajeak (beste kontzeptu batean sartuta daude)."

3. "DIRULAGUNTZAREN KALKULUA" atalaren testua aldatzea "1. Inskripzioak eta lizentziak" kontzeptu diruz lagungarria azaltzen den talde guztietan, kendu egiten baita parentesi artean agertzen den esaldia (hots, Nafarroako federazioek emandako lizentziak baizik ez dira onartuko). Horrenbestez, testua honela geratuko da:

"1. Inskripzioak eta lizentziak: egindako gastuaren %100 lagunduko da diruz, transfer, zehapen eta abarren kontzeptu gisa ordaindutako zenbatekoak izan ezik."

4. Eskaerak aurkezteko epea 2022ko urriaren 31ra arte luzatuko da.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

6. Foru agindu hau Kirol Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko irailaren 21ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2212828