201. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1387E/2022 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako EMT osasun-hezitzaileen bi lanpostu huts merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko deialdia onesten duena.

2021eko abenduaren 29an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legea, zeinetan aurreikusten baita administrazio publikoetan aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesu bat egitea. Lege horrek, hamargarren xedapen gehigarrian, xedatzen du hura Nafarroako Foru Komunitatean aplikatuko dela Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan eta lehenengo xedapen gehigarrian eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan ezarritako moduan.

Aurrerago, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legea onetsi zen, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; eta haren 10. artikuluak ezartzen du enplegu publikoa egonkortzeko eskaintzan sartutako lanpostuak barne-mugikortasuneko prozedura batean eskainiko direla, lekualdatze-lehiaketa bidez.

Maiatzaren 25eko 58/2022 Foru Dekretuaren bidez, 2022. urterako lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun langileentzat, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako, maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege-dekretuan aurreikusitako egonkortze-tasari dagokiona. Foru lege-dekretu horren bidez, neurriak hartzen dira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz.

Ikusirik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetza ados dagoela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako EMT osasun-hezitzaileen bi lanpostu huts merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzearekin, eta irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Honako deialdi hau onestea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako EMT osasun-hezitzaileen bi lanpostu huts merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko deialdia.

2. Merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen deialdiaren oinarriak onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri direnak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1 c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin bat eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 29ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

Iruñean, 2022ko irailaren 15ean.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Achutegui Basagoiti.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdiko lanpostuak.

Deialdi honen xedea da merezimendu lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako EMT osasun-hezitzaileen bi lanpostu huts, destinoa honako zentro hauetan dutenak:

–1 Lizarrako Osasun Barrutian. Lanpostu zenbakia: 71932.

–1 Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan. Lanpostu zenbakia: 72780.

1.2. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz.

–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duena.

–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

–Gainerako arau osagarriak.

1.3. Deialdiaren ondoriozko egintzak bitarteko hauek erabiliz argitaratuko dira:

–Lekualdatzearen bitartez betetzeko deialdia eta esleipenaren ebazpena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

–Gainerako egintzak, O-NOZeko enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu), "Lekualdatzeak" atalean, dagokion kategorian.

1.4. Merezimendu-lehiaketa bidezko deialdi honetan Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lekualdatze-lehiaketa baino ez da sartzen.

1.5. Lehiaketa honen barrenean lanpostu huts hauek sartzen dira: hasieratik deialdian iragartzen diren lanpostu hutsak eta lekualdatze-lehiaketa honetan beste lanpostu bat eskuratzen dutenek hutsik uzten dituztenak, betiere O-NOZen plantillakoak badira.

Dena den, izangaiek lekualdatze-lehiaketan beste lanpostu bat lortu ondoren uzten dituzten lanpostu hutsak ez dira eskainiko bete beharrekoak ez badira, dela "iraungitzeko" lanpostuak direlako, dela titularrek nahiz ordezkoek benetan betetzen ez dituztelako.

1.6. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa.

Aurreikuspen hori ez zaie aplikatuko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lanaldi partzialean diharduten langile finkoei. Izan ere, langile horiek, lanaldi osoko lanpostu bat hartzearekin batera, funtzionario izaera eskuratuko dute.

Funtzionarioen edo estatutupeko langileen araubide juridikoa dutenek, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, aukera izanen dute lanaldi partzialeko lan araubideko lanpostu bat eskuratzeko. Kasu horretan, borondatezko eszedentziara igaroko dira funtzionario edo estatutupeko langile gisa.

1.7. Deialdi honetan lanpostua eskuratzen duten funtzionarioek, estatutupeko langileek edo lan-kontratudun finkoek unean uneko xedapenen arabera dagozkien ordainsariak jasoko dituzte.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

1.9. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duen lanpostu elebidun bat lortzeko, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat.

1.10. Behar diren hautaprobak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetatik edozeinetan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu direnek, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

2.–Betebeharrak.

2.1. Merezimendu-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioa, estatutupeko langilea edo lan-kontratudun finkoa izatea, B maila edo taldekoa.

b) Deialdiaren xede den lanpostu mota bererako izendatua izatea.

c) Bat etorriz Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Baldintza hori frogatzeko, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatibo bat aurkeztu beharko da, edo O-NOZi baimena eman ziurtagiri hori Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion.

2.2. Jardunean ez beste egoera batean daudenek frogatu beharko dute deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean jardunean hasteko legezko eta erregelamenduzko baldintzak betetzen dituztela.

2.3. Azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera euskarazko jakite maila zehatz bat frogatzeko betebeharra duten eta arau bidez ezarrita dauden lanpostu elebidunak eskuratu nahi izanez gero, jakite maila hori 1.9 oinarrian adierazitakoaren arabera egiaztatuko da.

2.4. Parte hartzeko eskabidea aurkezteko epean bete beharko dira baldintzak, eta horien jabe izan prozedura osoan, lortutako lanpostua esleitzen den arte, kasua bada.

2.5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileak, lanpostu-erreserbarik gabeko eszedentzia egoeran badaude, jardunera itzultzen ahalko dira lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartuz.

2.6. EMT osasun-hezitzaileen lanpostu huts bati atxikita behin-behinekoz itzuli direnek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze-lehiaketa honetara, behin betiko destinoa esleitzearen ondorioetarako, eta ezin izanen diote destino horri uko egin.

3.–Izena ematea, merezimenduak aurkeztea eta epea.

3.1. Izena ematea eta merezimenduak aurkeztea.

Izena emateko eskaera telematika bidez aurkeztu behar da, www.empleosalud.navarra.es/eu web-orriko "Lekualdatzeak" atalean, dagokion kategorian.

3.2. Betebeharrak frogatzea.

3.2.1. Aldez aurretik egin ez bada, izena emateko unean frogatzen ahalko da 2.1.c) atalean eskatzen den baldintza, telematika bidez erantsiz dagokion ziurtagiria edo, bestela, O-NOZi baimena emanez, parte hartzeko eskabidean horretarako dagoen atala betez.

3.2.2. Euskara maila frogatzeko, betebehar hori dagoenean, egoki den titulu ofiziala aurkeztu beharko da parte hartzeko eskabidearekin batera.

3.3. Aurkezteko epea.

Eskaera aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

4.–Izangai onartuen eta baztertuen zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, O-NOZeko Profesionalen zuzendariak onartu eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadila aginduko, ohartaraziz hurrengo 3 egun naturaleko epean, eta betiere telematikoki, izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituztela, eta, hala behar izanez gero, akatsak zuzendu.

Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horien gainean ebazpena emanda dagoela, O-NOZeko Profesionalen zuzendariak onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko du, eta deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute lehiaketa honetako kalifikazio epaimahaia:

Epaimahaiburua: María José Díaz Zalduendo, O-NOZeko Lanpostuetarako Kontratazioa, Sarrera eta Betetzea Kudeatzeko Zerbitzuko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Pedro María Ardáiz Labairu, O-NOZeko Profesionalen zuzendaria.

Epaimahaikidea: María José Algarra Ustárroz, O-NOZeko langileen ordezkariek izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Sergio Arrondo Garrido, O-NOZeko langileen ordezkariek izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Ana Garrido Jordán, O-NOZeko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Xabier Lainez Pinto, O-NOZeko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Ataleko administraria.

5.2. Kalifikazio epaimahaia deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun beretik aurrera eratzen ahalko da.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan; eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun beretik aurrera eratzen ahalko da.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

5.5. Onartuen behin betiko zerrendan izangai bakarra badago, deialdia egin duen organoak deialdi honen 8. oinarria aplikatuko du zuzenean. Beraz, ez da beharrezkoa izanen epaimahaia eratzea, ezta jardutea ere.

5.6. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Tutera kalea 20, 31003 Iruña.

6.–Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Epaimahaiak baloratuko ditu aurkeztutako merezimenduak.

6.2. Merezimendu bakartzat hartuko dira administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, eta puntu 1 emanen da urteko, kontuan hartuta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek deialdia argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasuna.

–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

–Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

7.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Epaimahaiak lehiakide guztien merezimenduak kalifikatuko ditu eta deialdiaren web-orrian argitaratuko ditu.

Lehiakideak puntuetan berdindurik baldin badaude, ebatziko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zerbitzu ematen denbora gehien daramanaren alde. Berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez erabakiko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

Izangaiek 5 egun balioduneko epea izanen dute, zerrenda horiek argitaratzen direnetik, bidezko alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek telematika bidez eginen dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.

Aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak merezimenduen behin betiko balorazioa argitaratuko du, oinarri honetan adierazitako moduan eta aipatutako bideen bitartez.

8.–Lanpostu hutsak aukeratzea.

8.1. Merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzea honako kasu hauetan erabiltzen ahalko da langileak beren borondatez mugitzeko prozedura gisa:

a) Langileen atxikipen zentro batetik bestera igarotzeko, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

b) Lanaldi arrunt edo osoa duen lanpostu batetik lanaldi partziala duen lanpostu batera joateko eta alderantziz.

8.2. Hona hemen jarraitu beharreko prozedura:

a) Lanpostuak aukeratu aurretik, aukeratzen ahal diren zentroen zerrenda (edo, hala badagokio, lanpostu zenbakiena) jarriko da parte-hartzaileen eskura, hasieran iragarritakoak eta lekualdatzearen ondorioz izan daitezkeenak sartuta. Informazio hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.

b) Parte-hartzaileek telematika bidez eginen dute lanpostuen hautaketa, 5 egun naturaleko epean baremoaren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, deialdiaren web-orrian adierazitako estekara jo beharko dute, eta lehentasun ordenaren arabera aipatuko dute zer lanpostu zenbaki eta/edo zentro nahi duten, hasieran deitutakoak izan, edo lehiaketaren ondorioz sor daitezkeenak.

c) Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza.

d) Hautaketaren emaitzaren informazioa deialdiaren web-orrian argitaratuko da.

Lanpostu huts bat hautatzeak berekin dakar izangaiak esleitzen zaion lanpostua berariaz onartzea, eta ezin izanen dio uko egin.

8.3. Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako epean lanpostua aukeratzen ez duenak lehiaketaren xede diren lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.–Lanpostuak esleitzea eta betetzea.

9.1. Organo eskudunak, ebazpenaren bitartez, lehiaketan eskuratutako lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Unitate organiko batean aldi baterako beteak dauden ezaugarri bereko lanpostu hutsen kopurua handiagoa bada unitate horretan lanpostua eskatu duten izangaiena baino, deialdian sartutako lanpostuetatik, esleituko da bete beharreko lanpostuan kontrataturik denbora gehien daraman langileak betetzen duena, zein den ere plantillan lanpostu horri dagokion zenbakia eta, kasua bada, lehiatzaileak egindako hautua.

9.2. Izangaiek esleipen ebazpenean ezarritako egunean hartu behar dute lortutako lanpostuaren jabetza edo dagokion kontratua izenpetu, data hori berbera izanen baita prozedurako izangai guztientzat.

9.3. Lanpostuak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko prozeduren ebazpena formalizatuko da egonkortze prozeduretan lanpostuak esleitu aurretik.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1. c) eta 126.3 artikuluekin, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 29ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra (zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, O-NOZeko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

Iragarkiaren kodea: F2212520