201. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1848/2022 EBAZPENA, irailaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, erabaki hau argitaratzeko agintzen da: "Erabakia, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko presako neurriei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz Nafarroako Unibertsitate Publikoan antolatuko diren egonkortze-prozesuetarako neurriak ezartzen dituena".

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2022ko irailaren 23an hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horren bidez, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko presako neurriei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz Nafarroako Unibertsitate Publikoan antolatuko diren egonkortze-prozesuetarako neurriak ezarri dira.

"ERABAKIA, ENPLEGU PUBLIKOAN BEHIN-BEHINEKOTASUNA MURRIZTEKO PRESAKO NEURRIEI BURUZKO 2021EKO ABENDUAREN 28KO 20/2021 LEGEAREN ONDORIOZ NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN ANTOLATUKO DIREN EGONKORTZE-PROZESUETARAKO NEURRIAK EZARTZEN DITUENA

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak baimendu egin zuen, 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko 2017ko ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 19.bat.6 artikuluan eta 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko 2018ko uztailaren 3ko 28/2018 Legearen 19.bat.9 artikuluan ezarritakoaz gainera, aldi baterako enplegua egonkortzeko tasa bat, barne hartzen dituena, Administrazio Publikoetan giza baliabideak antolatzeko dauden lanpostu-zerrenda, plantilla edo bestelako modu batzuen barnean egon zein ez, eta aurrekontua edukita, gutxienez 2020ko abenduaren 31 baino lehenagoko hiru urteetan behin-behinean eta jarraian beteta egon diren egiturazko lanpostuak.

Lege horren seigarren xedapen gehigarriak xedatzen du ezen, salbuespen gisara, egonkortzeko baldintzak betetzen dituzten eta 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen etenik gabe aldi baterako beterik egon diren lanpostuen deialdia lehiaketa-sistemaren bidezkoa izanen dela. Bestetik, zortzigarren xedapen gehigarriak xedatzen du ezen, horrez gain, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik aldi baterako harremana izan duten langileek beteriko egiturazko lanpostu hutsak ere seigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren egonkortze-prozesuen deialdietan sartuko direla.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, aipatutako legeak orain bateratzen dituen egonkortze prozedurak aplikatuz, administrazioko eta zerbitzuetako langileentzako lan publikoaren eskaintza hauek onetsi ditu:

–2019rako lan publikoaren eskaintza, 2019ko abenduaren 13ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsia (2019ko abenduaren 24ko NAO).

–C eta D mailei dagokien lan publikoaren eskaintza, 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legean ezarritako egonkortze-tasa aplikatzearen ondoriozkoa eta Gobernu Kontseiluak 2021eko otsailaren 9an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2021eko otsailaren 22ko NAO).

–Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko presako neurriei buruzko 2021eko uztailaren 6ko 14/2021 Errege Lege-dekretuan ezarritako egonkortze-tasari dagokion lan publikoaren eskaintza, Gobernu Kontseiluak 2021eko abenduaren 16an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2021eko abenduaren 27ko NAO).

–Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko presako neurriei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen zortzigarren xedapen gehigarria aplikatzearen ondoriozko lan publikoaren eskaintza, Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzaren 6an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2022ko maiatzaren 17ko NAO).

2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak, bestalde, adierazten du Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan eta lehen xedapen gehigarrian eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 1982ko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera aplikatuko dela lege hori Nafarroako Foru Komunitatean.

Hori kontuan hartuta, 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze-prozesuak egiteko neurriei buruzko 2022ko uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen bidez, aldatu egin dira Nafarroako administrazio publikoek aldi baterako langileak administrazio-araubidean kontratatzeko legezko arauak, eta arautu egin dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek aldi baterako enplegua egonkortzeko deitu beharreko prozesuak.

Legeak berak lehenbiziko xedapen gehigarrian xedatzen du Nafarroako gainerako administrazio publikoek erregulazio horri atxikitzeko aukera dutela, osorik edo parte batean, haietako bakoitzean eskumena duen organoak erabakitakoaren arabera, aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuak onetsi eta tramitatzeko.

Erabaki honen bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoa partzialki atxikitzen zaio erregulazio horri, eta berariaz arautzen ditu beren berezitasunen arabera bestelako arauketa bat behar duten alderdiak.

Horretarako, kudeatzaileak proposatuta eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ordezkaritza duten sindikatuei entzun eta gero, hau da bere kideek aurretik eztabaidatu eta gero, Gobernu Kontseiluak, 2022ko irailaren 23an egindako bileran, hartu duen

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Erabaki honen eranskinean ezarria dagoenari jarraikiz eginen dira egonkortze-prozesuak, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko presako neurriei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz Nafarroako Unibertsitate Publikoan antolatuko direnak.

Erabakian espresuki arautuak ez dauden alderdi guztietarako, 2022ko uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. Tituluan ezarria dagoena aplikatuko da, lege horri atxiki baitzaio Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Hirugarrena.–Erabaki hau kudeatzaileari eta Giza Baliabideen Zerbitzuari helaraztea.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena. Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2022ko irailaren 23an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

1. artikulua. Egonkortze-prozesuan zer lanpostu sartzen diren.

Enplegu publikoaren egonkortze-prozesua, erabaki honetan araututakoa, administrazioko eta zerbitzuetako langileentzako lan eskaintza jakin batzuetan sartuak dauden lanpostuei aplikatu behar zaie –beheragoko zerrendako lan eskaintzetan daudenei–, baldin eta lehenago ez bada egin lanpostu horietarako deialdirik edo deialdia egin eta ebazpena eman arren lanpostuak bete ez badira. Lan eskaintza horiek 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorren 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legean eta 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorren 2020ko abenduaren 30eko 11/2020 Legean jasotako aurreikuspenak aplikatzeko onetsi ziren.

–2019rako lan publikoaren eskaintza, 2019ko abenduaren 13ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez onetsia (2019ko abenduaren 24ko NAO).

–C eta D mailei dagokien lan publikoaren eskaintza, 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legean ezarritako egonkortze-tasa aplikatzearen ondoriozkoa eta Gobernu Kontseiluak 2021eko otsailaren 9an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2021eko otsailaren 22ko NAO).

–Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko presako neurriei buruzko 2021eko uztailaren 6ko 14/2021 Errege Lege-dekretuan ezarritako egonkortze-tasari dagokion lan publikoaren eskaintza, Gobernu Kontseiluak 2021eko abenduaren 16an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2021eko abenduaren 27ko NAO).

–Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko presako neurriei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen zortzigarren xedapen gehigarria aplikatzearen ondoriozko lan publikoaren eskaintza, Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzaren 6an hartutako erabaki baten bidez onetsia (2022ko maiatzaren 17ko NAO).

2. artikulua. Hautaketa-prozedurak.

Behin-behineko enplegua egonkortzearren erabaki honetako aurreikuspenei jarraikiz onesten diren hautaketa-prozedurak lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioen arabera arautuko dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileek ezin izanen dute hautaketa-lehiaketetan parte baldin eta deialdiaren xede den lanpostuan karrerako funtzionario badira. Hala izanik ere, aurkezten baldin badira, ezin izanen dira izendatu, eta baliogabetu eginen zaizkie jarduketa guztiak. Bestalde, eskaeran datu faltsuak emateagatik izaten ahal duten erantzukizuna aplika lekieke.

Oposizio-lehiaketa bidez eginen da egonkortze-prozesuan sartzen diren lanpostuak hornitzeko deialdia. Salbuespen gisa, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko presako neurriei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan aditzera emandako baldintzak betetzen direnean, merezimendu-lehiaketaren sistema bidez eginen da lanpostuak hornitzeko deialdia.

Plaza batzuk oposizio-lehiaketa bidez eta beste batzuk salbuespenezko merezimendu-lehiaketa bidez bete behar diren lanpostuen kasuan, lehenbizi merezimendu-lehiaketa tramitatu eta ebatziko da eta oposizio-lehiaketa gero.

Hautaproben deialdietan, Espainiako nazionalitatea izatea eskatzen ahalko da lanpostuetan sartzeko, baldin eta horrek ahalmen publikoak erabiltzea edo Nafarroako Unibertsitate Publikoaren interesak babesteko erantzukizuna badakar.

Oposizio-lehiaketa bidezko prozedura:

1. Oposizio-lehiaketa bidez tramitatzen diren egonkortze-prozedurak apartatu honetan ezarritakoari jarraituko diote. Oposizio faseak 60 puntu balioko du, eta lehiaketa faseak 40 puntu.

2. Oposizio fasea baztertzailea izanen da, eta deialdi bakoitzean emanen da aditzera zenbat proba izanen dituen fase horrek eta nolakoak izanen diren probak. Fasearen barrenean egiten diren probak ez dira baztertzaileak izanen. Oposizio fasea gainditzeko, 30 puntu lortu behar dira.

3. Onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean emanen da aditzera zein egunetan eginen den oposizio-lehiaketa bidezko deialdietako prozeduren lehenbiziko proba.

4. Baliteke egun berean egitea lanpostu baterako baino gehiagotarako probak.

5. Lehiaketa fasea baloratzeko merezimenduak oposizio fasea gainditu duten izangaiek baizik ez dituzte aurkeztu behar.

6. Honako merezimendu hauek baloratuko dira lehiaketa fasean:

a) Merezimendu profesionalak:

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak deialdia argitaratzen den egunera arte 30 puntu gehienez, puntuazio honen arabera:

1. Deialdiaren xede den lanpostu berean Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako zerbitzuak: 1,5 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

2. Beste lanpostu batzuetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako zerbitzuak: 1 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

3. Deialdiaren xede den lanpostu berean beste administrazio publiko batzuetan egindako zerbitzuak: 0,60 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

4. Beste lanpostu batzuetan beste administrazio publiko batzuetan egindako zerbitzuak: 0,3 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

–Urte kopurua osoa ez bada, zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

–30 puntukoa izanen da gehienez ere a) apartatuari dagokion puntuazioa.

–Langileak emandako zerbitzuak aldi baterako erlazio bakoitza hasi zen egunetik amaitu arte hartuko dira kontuan, lanaldiaren ehunekoa edozein izanik ere.

–Deialdia argitaratzen den egunaren ondoren emandako zerbitzuak ez dira kontuan hartuko.

–Deialdia argitaratzen den egunaren ondoren emandako zerbitzuak ez dira kontuan hartuko.

–Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran edo jarduneko egoera berezian aritu bada, egiatan bete duen lanpostuan emandako zerbitzu gisa hartuko dira kontuan egoera horretan egindako aldiak.

Izangaia beste motibo batzuengatiko zerbitzu berezietako egoeran edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari izan bada, egoera horretara sartzean izangaiak zuen lanpostuan emandako zerbitzu gisa hartuko dira kontuan aldi horiek.

–Bateraezinak izanen dira gorago adierazitako azpiapartatuengatik emandako puntuazioak, baldin eta denbora-tarte berari egiten badiote erreferentzia; kasu bakoitzean, puntuazio altuena emanen da.

b) Bestelako merezimenduak, 10 puntu gehienez ere:

1. Deialdiaren xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana baina lanposturik lortu gabe Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 7 puntu.

2. Hizkuntzak, 3 puntu gehienez ere:

i. Frantsesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, gehienez 1 puntu hizkuntza bakoitzarengatik.

ii. Ingelesa jakiteagatik, plantilla organikoan nahitaezkotzat deklaratu ez den lanpostuetarako, 1,5 puntu gehienez ere.

iii. Euskara jakiteagatik, plantilla organikoan nahitaezkotzat deklaratu ez den lanpostuetarako, 2,5 puntu gehienez ere.

Oharrak 2. apartatuari buruz:

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa lortuko du aurreko apartatuetan hizkuntza bakoitzean.

–Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

–Euskara merezimendu gisa baloratzeari dagokionez, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako "urrats" bakoitzari gehieneko puntuazioaren 1/12 emanen zaio.

7. Prozeduran parte hartzen duten izangaien puntuazioan berdinketarik bada, oposizio fasean puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak irauten badu, artikulu honen b.1) apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde ebatziko da, eta, puntuazio bera badute, a) apartatuan puntuazio handiena duenaren alde; irizpide horiek aplikaturik ere berdinketak irauten badu, kontuan hartuko da apartatu horren barrenean nork lortu duen puntuaziorik handiena azpiapartatu bakoitzean, zerrendaturik dauden ordenan.

Irizpide horiek aplikaturik ere berdinketak irauten badu, Epaimahai Kalifikatzaileak zozketa eginen du, bat bakarra, berdinketa ebazteko. Puntuazio bera duten izangaien artetik bat hautatuko da ausaz eta, horretarako, haietako bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio ordena alfabetikoan; halatan non ordena alfabetikoaren arabera ebatziko baitira berdinketa guztiak, zozketan ateratako zenbakia dagokion pertsonaren izen-deituretatik abiatuta.

8. Halako prozeduretan ez da erreserbarik egonen funtzionarioen barne-sustapeneko txanda murrizturako.

9. Oposizio-lehiaketa bidez tramitatzen diren egonkortze-prozeduren ondorioz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eginen dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren araudiarekin bat etorriz.

10. Zerrenda horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzeko hautaketa-prozedura baten ondorioz eratzen diren kontrataziorako izangaien zerrenda indardunak osatzeko aplikatuko dira.

11. Artikulu honetan aurreikusi gabeko alderdietan, 2022ko uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 8. artikuluan ezarria dagoena aplikatu behar da.

Salbuespenezko merezimendu-lehiaketaren prozedura:

1. Salbuespenezko merezimendu-lehiaketa bidezko prozeduraz tramitatzen diren egonkortze-prozedurak apartatu honetan xedatua dagonari jarraikiz gauzatuko dira, eta honako merezimendu hauek hartuko dira kontuan:

a) Merezimendu profesionalak:

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak deialdia argitaratzen den egunera arte 60 puntu gehienez, puntuazio honen arabera:

1. Deialdiaren xede den lanpostu berean Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako zerbitzuak: 2,4 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

2. Beste lanpostu batzuetan Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako zerbitzuak: 1,2 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

3. Deialdiaren xede den lanpostu berean beste administrazio publiko batzuetan egindako zerbitzuak: 0,8 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

4. Beste lanpostu batzuetan beste administrazio publiko batzuetan egindako zerbitzuak: 0,48 puntu zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

–2. eta 4. apartatuetan lortutako puntuazioa honako ponderazio faktore hauekin biderkatuko da, kontuan harturik izangaiak betetako lanpostua zein kidetasun taldetakoa den:

  • Kidetasun talde berekoa bada: 1 faktorearekin biderkatuko da.
  • Beste kidetasun talde batekoa bada: 0,75 faktorearekin biderkatuko da.

Kidetasun taldeak:

–I. taldea:

  • OLko teknikaria (Artxiboak).
  • OLko teknikaria (Liburutegiak).
  • Liburutegiko laguntzailea.
  • Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzailea.
  • Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzailea (Artxiboak).
  • Artxibo eta Liburutegietako teknikari laguntzailea (Liburutegiak).

–II. taldea:

  • OLko teknikaria (Informatika Zerbitzua).
  • OLko kudeaketaria (Informatika Zerbitzua).
  • Ofizial teknikoa (Informatika Zerbitzua).

–III. taldea:

  • OLko teknikaria (Adar Ekonomikoa).
  • Kontu-ikuskaria.
  • Ikuskatzailea.

–IV. taldea:

  • OLko teknikaria.
  • OLko kudeaketaria.
  • OLko administraria.
  • OLko administrari laguntzailea.

–V. taldea:

  • Gidaria.
  • Zerbitzuetako ofiziala.
  • Zerbitzuetako laguntzailea.
  • Zerbitzu Orokorrak.
  • Ordenantza.

–VI. taldea:

  • OLko teknikaria (Mantentze-lanak)
  • Zerbitzuetako OLko kudeaketaria.
  • Zerbitzuetako OLko kudeaketaria (Mantentze-lanak).
  • Zerbitzuetako OLko kudeaketaria (ILZ).
  • OLko kudeaketaria (Arkitekto teknikoa).
  • Nekazaritza Zerbitzuetako ofiziala.
  • Laborategiko Zerbitzuetako ofiziala.

–VII. taldea:

  • OLko kudeaketaria (Gizarte Lana).
  • OLko kudeaketaria (Lan Arriskuen Prebentziorako goi mailako teknikaria).
  • Berdintasun teknikaria.
  • Prebentzioko erdi mailako teknikaria.

–VIII. taldea:

  • OLko kudeaketaria (Ikus-entzunezkoak).
  • OLko kudeaketaria (Teleprestakuntza).

–IX. taldea:

  • OLko teknikaria (Adar Juridikoa).

–X. taldea:

  • OLko teknikaria (Komunikazioa).

–XI. taldea:

  • OLko teknikaria (Euskara).

–XII. taldea:

  • OLko teknikaria (Datuen analisia).

–XIII. taldea:

  • OLko teknikaria (I+G+b institutuentzat).

–Urte kopurua osoa ez bada, zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.

–60 puntukoa izanen da gehienez ere a) apartatuari dagokion puntuazioa.

–Langileak emandako zerbitzuak aldi baterako erlazio bakoitza hasi zen egunetik amaitu arte hartuko dira kontuan, lanaldiaren ehunekoa edozein izanik ere.

–Deialdia argitaratzen den egunaren ondoren emandako zerbitzuak ez dira kontuan hartuko.

–Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran edo jarduneko egoera berezian aritu bada, egiatan bete duen lanpostuan emandako zerbitzu gisa hartuko dira kontuan egoera horretan egindako aldiak.

Izangaia beste motibo batzuengatiko zerbitzu berezietako egoeran edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari izan bada, egoera horretara sartzean izangaiak zuen lanpostuan emandako zerbitzu gisa hartuko dira kontuan aldi horiek.

–Bateraezinak izanen dira gorago adierazitako azpiapartatuengatik emandako puntuazioak, baldin eta denbora-tarte berari egiten badiote erreferentzia; kasu bakoitzean, puntuazio altuena emanen da.

b) Bestelako merezimenduak 40 puntu gehienez ere:

1. Deialdiaren xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana baina lanposturik lortu gabe Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 28 puntu.

2. Hizkuntzak 12 puntu gehienez ere:

i. Frantsesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, gehienez 4 puntu hizkuntza bakoitzarengatik.

ii. Ingelesa jakiteagatik, plantilla organikoan nahitaezkotzat deklaratu ez den lanpostuetarako, 5 puntu gehienez ere.

iii. Euskara jakiteagatik, plantilla organikoan nahitaezkotzat deklaratu ez den lanpostuetarako, 7 puntu gehienez ere.

Oharrak 2. apartatuari buruz:

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa lortuko du aurreko apartatuetan hizkuntza bakoitzean.

–Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

–Euskara merezimendu gisa baloratzeari dagokionez, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako "urrats" bakoitzari gehieneko puntuazioaren 1/12 emanen zaio.

c) Aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera merezimenduak baloratu ondoren, % 33ko desgaitasun maila edo hortik gorakoa dutela egiaztatzen dutenek lortutako puntuazioari 1,5 puntu gehituko zaizkio zuzenketa faktore gisa.

2. Berdinketak irauten badu, artikulu honen b.1) apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde ebatziko da, eta, puntuazio bera badute, a) apartatuan puntuazio handiena duenaren alde; irizpide horiek aplikaturik ere berdinketak irauten badu, kontuan hartuko da apartatu horren barrenean nork lortu duen puntuaziorik handiena azpiapartatu bakoitzean, zerrendaturik dauden ordenan.

Irizpide horiek aplikaturik ere berdinketak irauten badu, Epaimahai Kalifikatzaileak zozketa eginen du, bat bakarra, berdinketa ebazteko. Puntuazio bera duten izangaien artetik bat hautatuko da ausaz eta, horretarako, haietako bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio ordena alfabetikoan; halatan non ordena alfabetikoaren arabera ebatziko baitira berdinketa guztiak, zozketan ateratako zenbakia dagokion pertsonaren izen-deituretatik abiatuta.

3. Merezimendu-lehiaketa bidezko deialdietako egonkortze-prozeduretako hautaketa prozeduretan, txanda librean beteko dira eskaintzen diren lanpostu guztiak; ez da egonen ez sustapeneko txandarik, ez desgaitasunen bat dutenentzako lanpostu erreserbarik, ez eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserbarik ere.

4. Salbuespenezko merezimendu-lehiaketa bidezko prozeduraz tramitatzen diren egonkortze-prozeduretatik ez da izangaien zerrendarik eginen aldi baterako kontrataziorako.

5. Artikulu honetan aurreikusi gabeko alderdietan, 2022ko uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 9. artikuluan ezarria dagoena aplikatu behar da.

3. artikulua. Hautaketa-epaimahaiak.

Egonkortze-prozeduretako epaimahai kalifikatzaileetako kideak deialdia onetsi ondoren izendatuko dira.

Oposizio-lehiaketaren modalitatean deituriko prozesuetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan xedatutakoaren araberakoa izanen da hautaketa-epaimahaien osaera, eta espezialitatearen printzipioa errespetatu beharko da, hau da, hautaketa-prozesuan sartzeko eskatzen den jakintza-arloari dagokion titulazioa eduki behar du epaimahaiko kideen gehiengo osoak, eta maila akademiko berekoa edo goragokoa; azkenik, gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatua izatera joko du epaimahaiaren osaerak.

Bost kide izanen dituzte epaimahaiek:

a) Errektorea edo hark eskuordetutako pertsona, zeina buru izanen baita.

b) Kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.

c) Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako kide bat edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetakoa.

d) Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua, zeina epaimahaiko idazkari izanen baita.

e) Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

Merezimendu-lehiaketaren modalitatean deituriko prozesuetan, hautaketa-epaimahaien osaerak kide kopuru bakoitia izanen du, hiru gutxienez, eta beste hainbeste ordezkari, eta ez da bete beharreko baldintza izanen aurreko paragrafoan adierazitako titulazioa edukitzea.

4. artikulua. Epeak laburtzea eta tramiteak sinpletzea.

Erabaki honetan aditzera emandako hautaketa-prozesuak antolatzeko deialdietan, 2022ko uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 6. artikuluan jasotako epeak eta tramiteak beteko dira.

Hautaketa-prozesuen berri emateko argitalpenak, deialdiaren argitalpena izan ezik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan eginen dira, deialdi bakoitzari dagokion orrian.

5. artikulua. Konpentsazio ekonomikoa.

Administrazio araubideko kontratudun langileei, jardunean daudela, bukatu egiten bazaie Administrazioarekin duten erlazioa egonkortze-prozesuko hautaketa-prozeduren bidez deitutako lanpostuetako bat ere esleitu ez zaielako, konpentsazio ekonomiko bat emanen zaie 2022ko uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 12. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

6. artikulua. Egonkortze-prozedurak tramitatu bitartean aplikatu beharreko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak indarraldia galtzen badute egonkortze-prozedurak tramitatu bitartean, zilegi izanen da denboraldi horretan zerrenden indarraldia luzatzea kudeatzailearen ebazpen baten bidez, xede den lanposturako aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak egiten diren arte, hots, Erabaki honetan xedatutakoari jarraikiz tramitatzen diren egonkortze-prozeduretatik ondorioztatzen diren zerrendak egin arte.

Ezinezkoa bada aurreko apartatuetan xedatutakoaren araberako kontratazioa egitea, Giza Baliabideen Zerbitzuak zilegi izanen du enplegu-eskatzaileen zerrenda bat eskatzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuari kontratazioak egiteko.

Xedapen gehigarria.–Akats zuzenketa.

Baldin eta, egonkortze-prozesuko lan publikoaren eskaintzak onetsi ondoren eta haien ondorioz antolatutako sarbide deialdiak argitaratu baino lehen, akatsen bat atzematen bada lan eskaintza horietako lanpostuen osaeran, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak zuzendu eginen du horretarako erabakiak hartuz eta onetsiz.

Iragarkiaren kodea: F2212876