200. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BUÑUEL

Deialdia, administrari-ofizial lanpostu bat oposizio bidez betetzeko, funtzionario araubidean

Alkatetzaren irailaren 15eko 229/2022 Ebazpenaren bidez, deialdi baten oinarriak onetsi dira, administrari-ofizial lanpostu bat oposizio bidez betetzeko, funtzionario araubidean jardun dezan Buñuelgo Udalaren zerbitzura.

Alkatetzaren ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Buñuelen, 2022ko irailaren 15ean.–Alkatea, María Teresa Espinosa Sáenz.

DEIALDIA, BUÑUELGO UDALAREN ZERBITZUKO ADMINISTRARI-OFIZIAL LANPOSTU BAT OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO, FUNTZIONARIO ARAUBIDEAN

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea Buñuelgo Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial lanpostu bat, 03 zenbakia duena Udal honen plantilla organikoan, udal bulegoetan jardun dezan, funtzionario araubidean.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena Buñuelgo Udaleko funtzionario izanen da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuaren lansariak izanen dira C mailari dagozkionak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginean ezarritakoaren arabera, eta izanen ditu Buñuelgo Udaleko plantilla organikoan jasotako lansari osagarriak

1.4. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Gainditzen dutenekin zerrenda bat eginen da, lehen-lehenik, deialdiko lanpostua betetzeko, hautatua den izangaiak lanpostua betetzen ez duen kasurako; eta, bigarrenik, izangai zerrenda bat eratzeko, administrari-ofizial lanpostua aldi baterako bete dadin, zerbitzuak horren beharrik badu. Halakoetan, kontratazioa eginen da hertsiki lotuz hautaprobak gainditu dituzten izangaien arteko puntuazio ordenari.

1.6. Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Jendeari arreta ematea eta administrari-ofizialek udal bulegoetan betetzen dituzten eginkizunak.

–Administrari-ofizial bati dagozkion eginkizun guztiak, exekuzio lanak barne.

–Bere lanpostuarekin zerikusia duten bestelako eginkizunak, Udalak agintzen dizkionak.

–Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta gestioak eginen ditu Udalaren bulegoetatik kanpo.

2. oinarria.–Izangaien betekizunak.

2.1. Oposizio honetan parte hartu ahal izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo –Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera– langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Orobat, parte hartzen ahalko dute espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez banandurik ez badaude, eta haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez banandurik ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanik ere, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beterik edukitzea eta gainditua ez izatea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, gutxienez Batxilergoa, II. mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea den titulua edukitzea, edo hori eskuratzeko egoeran egotea. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

f) Buñuelgo Udalaren kontuan (3.3 oinarrian zehaztua) 15,00 euro sartzea, azterketa eskubideak ordaintzeko.

2.2. 3.3 oinarrian ezarritakoa izan ezik, azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak frogatu beharko ditu arestiko baldintza horiek, deialdi honen 7. oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako, bai eta hautapen-prozesu osoan ere, izendapen egunera arte.

3. oinarria.–Eskabideak aurkeztea eta tasak ordaintzea.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Buñuelgo Udaleko alkate udalburuari zuzenduko zaizkio, eta aurkeztu beharko dira hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Honela aurkezten ahalko dira:

a) Aurrez aurre, Buñuelgo Udalaren erregistro orokorrean (Vicente Oliver kalea, 19), bulegoko orduetan, astelehenetik ostiralera: 11:00etatik 14:00ak arte.

b) Udal honen egoitza elektronikoko erregistro elektronikoan: https://sedeelectronica.bunuel.es/tramites/registro-electronico/ Horretarako, izapide hau erabiliko da: Eskabide orokorra (I. eranskineko eredua eta behar diren agiriak erantsi beharko dira).

c) Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Epearen azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.

3.2. Eskabide horiek lotu beharko zaizkio I. eranskinean argitaratu eta Udalaren bulegoetan eskura daitekeen ereduari.

3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena (indarrean den agiriarena betiere).

b) Eskatutako tituluaren kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideak ordaintzeko hamabost euroko tasa (15,00 euro) ordaindu izanaren frogagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaindu ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Tasa hori ordaintzeko, Buñuelgo Udalaren edozein kontu zenbakitan sartu beharko da dirua. Hona hemen: Nafarroako Rural Kutxa: ES90-3008-0036-6612-4543-3923, edo Caixabank: ES22-2100-5062-8422-0003-7421.

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: administrari-ofizialaren azterketa eskubideak.

3.4. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, eskabidean adieraziko dute, aparteko orri batean azalduz nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaituak direla frogatzen duen agiria ere, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emana.

3.5. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, udaletxeko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko iragarki ofizialen taulan: https://sedeelectronica.bunuel.es/.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Buñuelgo Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, udaletxeko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko iragarki ofizialen taulan: https://sedeelectronica.bunuel.es/.

Bazterturik ez badago, izangai onartuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, izangaiei berei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik gelditzen badira bazterturik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen onartzea betetzen direla ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko lehen ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, udaletxeko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko iragarki ofizialen taulan: https://sedeelectronica.bunuel.es/.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: María Teresa Espinosa Sáenz, Buñuelgo Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Israel Jacoste Enciso, Buñuelgo Udaleko lehen alkateordea.

–Epaimahaikidea: Eva Salinas Urra, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Ana Laborda Cano, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.

–Epaimahaikidea: María Jimenez Calvo, administrari-ofiziala eta langileen ordezkaria Buñuelgo Udalean.

Ordezkoa: Jesús Manuel Rosón Lete, Buñuelgo Udaleko kontu-hartzailea.

–Epaimahaikidea: Ana Carmen Jiménez Miranda, Ribaforadako Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Natividad Aldaz Calvo, Ribaforadako Udaleko administrari-ofiziala.

–Epaimahaikide idazkaria: Juan Antonio Pérez Rodríguez, Buñuelgo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Sonia Mateo Ortega, Ablitasko Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

5.3. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.

5.5. Epaimahaiak ebatziko ditu, gehiengoz, deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.

6.1. Izangai onartu eta baztertuen (bazterturik baldin badago) behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizioa. Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, udaletxeko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko iragarki ofizialen taulan: https://sedeelectronica.bunuel.es; gainera, telefonoz jakinarazten ahalko dizkie parte-hartzaileei, SMS testu-mezuen bidez.

6.2. Oposizioan 100 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta hiru proba izanen ditu, baztertzaileak.

6.3. Lehenengo proba. Teorikoa.

Idatziz erantzun beharko zaio galde-sorta bati; galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa honetan gehienez ere 50 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez 25 puntu erdietsi beharko dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak.

Puntuak kenduko dira erantzun okerrengatik, proba egin aurretik kalifikazio epaimahaiak esanen duen eran.

6.4. Bigarren proba. Praktikoa.

Bi agiri administratibo ofizial prestatu beharko dira, bete behar den lanpostuko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzkoak; epaimahaiak hautatuko ditu deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendatik.

Ariketa honetan gehienez 30 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez 15 puntu erdietsi beharko dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak.

Epaimahaiak idatziz eginen du kasu praktiko bakoitzaren planteamendua.

6.5. Hirugarren proba. Informatika.

Proba praktiko bat edo batzuk egin beharko dira, deialdiaren III. eranskineko gaiei buruz.

Ariketa honetan gehienez 20 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez 10 puntu erdietsi beharko dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak.

6.6. Plika itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzentzen bukatutakoan, kalifikazio epaimahaiak lortutako kalifikazioen zerrenda argitaratuko du, iragarki-taula ofizialean eta Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoan: https://sedeelectronica.bunuel.es/; gainera, plikak irekitzeko eguna eta ordua adieraziko ditu.

6.7. Epaimahaiak, oposizioko ariketa bakoitzaren plikak jendaurrean ireki ondotik, behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu Buñuelgo Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Buñuelgo Udalaren erregistro orokorrean, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00ak arte, edo Buñuelgo Udalaren egoitza elektronikoko erregistro elektronikoan (https://sedeelectronica.bunuel.es/tramites/registro-electronico/), eskabide orokorraren izapidea erabiliz.

6.8. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena, agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du udaletxeko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko iragarki ofizialen taulan (https://sedeelectronica.bunuel.es/), lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio alkate udalburuari. Proposamen hori argitara emanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, udaletxeko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko iragarki ofizialen taulan: https://sedeelectronica.bunuel.es/.

Puntuazio osoa kalkulatuko da hiru probetan lortutako puntuazioak batuz. Berdinketarik gertatuz gero, lehen ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko dira. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Buñuelgo Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:

a) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Araubidea begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

b) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzeko galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik ez duela erakusten duena. Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatzen badu, egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana, non azalduko baitute bateragarriak direla hura eta deialdi honen xedeko.

c) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

7.3. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, hautaturiko izangaiak ez baditu aurkezten aipatu agiri horiek, ezin izanen da izendatu eta, beraz, bere jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, deusetan galarazi gabe deialdian parte hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiokeen erantzukizuna.

7.4. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik datorren izangaiarekin beteko da hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen-prozesua bukatutakoan, eta gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Buñuelgo Udaleko alkate udalburuak ebatziko du Buñuelgo Udaleko funtzionario izendatzea, administrari-ofizial lanpostuan jardun dezan.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Buñuelgo Udaleko funtzionario izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

9. oinarria.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin bat etorriz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra edo DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Buñuelgo Udala da.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Datuen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa den tratamendua, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak xedaturiko kasuetan, barne direla oinarri hauetan adierazitako toki eta bitartekoetako argitalpenak.

Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko, tratamendua mugatzeko eta haren kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz aurrez aurre edo postaz, egoitza elektronikoaren bidez (eskabide orokorraren izapidea erabiliz) edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@bunuel.es).

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.

10. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarriarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, hautapen-prozesua gainditu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

10.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da udaletxeko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko iragarki ofizialen taulan: https://sedeelectronica.bunuel.es/.

10.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

10.4. Kontratazio-zerrendek lehentasuna izanen dute indarrean dauden aurreko zerrendekiko, eta lau urteko indarraldia izanen dute, epe laburragoan agortzen ez bada edo beste deialdi bat egiten ez bada.

10.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Gainditu duten izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Aurreko hori gorabehera, dei horretan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan.

Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.

Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, baldin eta izangai bat lanean ari bada edo aritu bada Buñuelgo Udalean aldi baterako kontratu batekin deialdi honen ondorioz, kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabetean Udalean antzeko lanpostu bat bete behar izanez gero, Administrazioak izangai horri berari eskainiko dio kontratua, baldin eta dagokion zerrendan libre badago berriz dei egiten zaionean.

Lan-kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

B) Uko egitea:

Izangairen batek uko egiten badio eskainitako lanpostuari, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

1.–Horretara behartua egotea indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan-kontratu batengatik.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia edukitzea umea izateagatik edo adoptatzeagatik.

3.–Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala zein adoptatua.

4.–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

5.–Izangaia ezkondu berria izatea edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, baldin eta lanpostuari uko egiten badio egoera horiek gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Baztertzeak:

Deia ekarri duen zerrendatik kanpo geratuko dira izangaiak honako kasu hauetan:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

10.6. Kontratatzen direnei alta emanen zaie Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, eta bertan afiliatuko; beraz, haien kargura egonen da kasuan kasuko kuota, bai eta PFEZaren atxikipena ere, bidezko diren zenbatekoetan.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

11.2. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (DOC).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 4ko 7/1985 Legearen 15., 16. eta 17. artikuluak; eta uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren II. titulua: biztanleria eta errolda.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak, erregistroak, administrazio-isiltasuna, epe-mugak eta epeak (zenbaketa). Administrazio egintzak: Betekizunak. Efikazia, jakinarazpena. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio errekurtsoak: xedapen orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.

4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: Udalerria. I. kapitulua: Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolamendua. V. titulua: Toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Udalerria, Nafarroako toki-erakunde gisa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

7.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez garatzen baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan. II. kapitulua: 1. atala: aurrekontua prestatzea eta onestea. III. kapitulua: gastuen aurrekontuko kredituak. 3. atala. Aurrekontu-aldaketak. IV. kapitulua: gastu-aurrekontua betearaztea. Arauak eta betearazteko faseak.

8.–272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra.

9.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura.

10.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta katastroei buruzkoa. Atariko titulua: II. kapitulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroa. III. kapitulua. Katastroak. I. titulua. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lana: I. kapitulua, 17. eta 19. artikuluak. II. titulua. Lurralde Aberastasunaren Erregistroko eta katastroetako informazioa eskuratu, eman, erabili eta ziurtatzea: I. kapitulua. Informazioaren eskuragarritasuna: 41., 42. eta 43. kapituluak eta II. kapitulua: lurzati zedularen kontzeptua.

11.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua: administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

12.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena. I. titulua. V. kapitulua. Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua. Diziplina eta ingurumen arloko legezko egoera lehengoratzea. III. eranskina.

13.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

14–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua: langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan araubidean kontratatutako langileak.

15.–113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena.

16.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

17.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Datu babesaren printzipioak. III. titulua. Pertsonen eskubideak: I. kapitulua. Gardentasuna eta informazioa. V. titulua. Tratamenduaren arduraduna eta eragilea: I. kapitulua. Xedapen orokorrak. Erantzukizun aktiboko neurriak: 28. artikulua. Tratamenduaren arduradunaren eta eragilearen betebehar orokorrak. III. kapitulua. Datuak babesteko ordezkaria: 34. artikulua. Datuak babesteko ordezkaria izendatzea.

18.–19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua, II. kapitulua: publizitate aktiboa.

19.–Administrazio agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak, kontratua. Artxiboko tratamendua eta antolaketa.

20.–Udal ordenantzak: desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea; jantoki soziala, herri-lurretako aprobetxamenduak; administrazio elektronikoa; urte guztiko peñak. https://www.bunuel.es/ayuntamiento/ordenanzas-y-reglamentos/.

21.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa.

III. ERANSKINA

Informatikako gaiak

1.–Word 2010 testu-prozesadorea: lan eremua; eragiketak dokumentuekin; testuarekin lan egitea; formatua; orrialdearen diseinua; taulak; irudiak; estiloak; estekak txertatzea; goiburuak eta orri-oinak lantzea; edukien aurkibidea; ilustrazioak lantzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimaketaren konfigurazioa.

2.–Excel 2010 kalkulu-orria: lan eremua; eragiketak liburu eta orriekin; formatuak; eragiketak gelatxoekin eta gelatxo multzoekin; formulak; oinarrizko funtzioak eta funtzio aurreratuak; grafikoak; datuekin lan egitea excel-en; txantiloiak erabili eta sortzea; taula dinamikoak; inprimaketaren konfigurazioa.

3.–Access 2010 datu basea: oinarrizko elementuak; taulak; kontsultak; inprimakiak; txostenak; kanpoko datuak inportatzea, esportatzea eta estekatzea.

4.–Ziurtagiri elektronikoa eta sinadura digitala. Oinarrizko kontzeptuak, ziurtagiriak lortzea eta kudeatzea, ziurtagiri motak, ziurtapen-agintaritzak, instalazioa.

5.–Administrazio elektronikoa eta egoitza elektronikoa. Oinarrizko kontzeptuak. Utilitateak.

6.–Oinarrizko kontzeptuak Interneti eta posta elektronikoari buruz: Outlook eta webmail-a. Outlook: posta elektronikoa, egutegia, kontaktuak, webmail-intraneta eta extraneta, webmail zerbitzaria, posta elektronikoaren erabiltzailea.

Iragarkiaren kodea: L2212764