200. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1846/2022 EBAZPENA, irailaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauen aldaketa onesten duena", Gobernu Kontseiluak 2022ko irailaren 23an hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2022ko irailaren 23an hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauen aldaketa onetsi da.

"ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO ETA UNIBERTSITATE MASTERREKO IKASKETEN ARAUAK ALDATZEN DITUENA

822/2021 Errege Dekretuari jarraikiz -2021eko irailaren 28koa, unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituena-, Gobernu Kontseiluak, 2022ko martxoaren 15eko erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauak onetsi zituen.

Unibertsitate masterreko ikasketetan onartua izateko prozesuan, egiaztatu da graduko azken seihilekoa mugikortasun programa batean egin duten ikasleak desabantaila-egoeran daudela, ez baitituzte garaiz eta behar bezala jasotzen destinoko unibertsitatean lortutako kalifikazioak, nahiz eta ikasketak amaituak izan.

Kalte hori saihesteko, beharrezkoa da unibertsitate masterreko ikasketetarako sarbidea eta onarpena arautzen duen artikulua aldatzea ikasle horiek gainerako ikasleen baldintza berberetan onartuak izan daitezen. Hala ere, klausula bat ezartzen da, zeinak aukera ematen baitu onarpena eta matrikula baliogabetzeko baldin eta, behin betiko kalifikazioak jaso ondoren, ikasleak ez baditu betetzen ikasketetan sartzeko eta onartua izateko baldintza orokorrak.

Bestalde, ikasle elkartuen onarpen prozesuan ikusi da onarpen prozedura arruntetan ikasposturik lortu ez duten ikasleek figura hori erabiltzen ahal dutela onartua izateko bide gisa, baina figura hori ez dago pentsatua ikasle mota horretarako. Paragrafo bat gehitu da 15.2. artikuluan halako kasuak saihesteko.

Arau hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b) artikuluan ezarritakoaren babesean eman da -2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (NAO, 63 zk., 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (NAO, 70 zk., 2011ko apirilaren 11koa)-; izan ere, artikulu horren arabera, Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean dago jarraibide orokorrak eta horiek ikasketak antolatzeko arloetan aplikatzeko prozedurak onestea.

Honako hau da Gobernu Kontseiluak, Irakaskuntzako errektoreordeak proposaturik, bere kideek aldez aurretik eztabaida eginda, 2022ko irailaren 23an egindako bileran, hartu duen

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Aldatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauak, 17.1 artikuluari honako testu hau erantsiz:

"Ondorio horietarako, graduatutzat hartuko dira masterrean sartu aurreko ikasturtean mugikortasun programa batean parte hartu eta onarpen zerrendak argitaratzen diren egunean destinoko unibertsitatearen behin betiko kalifikazioak jaso ez dituztenak. Behin betiko kalifikazioak jaso ondoren ikasleak ez baditu betetzen araudian ezarritako baldintzak edo, haiek beteta ere, balorazio hobea duen ikaslerik badago onartua izateko zain, baliogabetu eginen dira bai onarpena, bai egindako matrikula, egina izanez gero".

Bigarrena.–Aldatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauak, 15.2 artikuluari bigarren paragrafo bat erantsiz:

"Hori hala izanik ere, ikasturte jakin bateko zeinahi onarpen prozesutan parte hartu eta ikasposturik lortu ez duten ikasleak ezin izanen dira ikasle elkartu gisa onartuak izan ikasturte horretan berean. Halaber, pertsona bat ezin izanen da titulazio jakin bateko ikasle agregatua izan, baldin eta titulazio horretako ikasle ofiziala izanda hura ikasteari utzi behar izan bazion Unibertsitateko araudia aplikatzearen ondorioz".

Hirugarrena.–Erabaki hau Irakaskuntzako errektoreordeari, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeari, ikastegi eta sailetako zuzendariei, Ikasleen Kontseiluari eta Irakaskuntza Zerbitzuko zuzendariari helaraztea. Erabaki hau Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.

Bosgarrena.–Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak eta Unibertsitatearen Estatutuen 144.1 artikuluak ezarritakoaren arabera, erabaki honek administrazio bidea agortzen du. Interesdunek zilegi dute erabaki honen aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien epaitegietan, zuzenean.

Seigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra erabaki honek".

Iruñean, 2022ko irailaren 23an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

Iragarkiaren kodea: F2212885