200. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

307E/2022 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez irizten baita Leitzako udal mugartean tren-gurpilak muntatu eta pintatzeko dagoen instalazio batean pieza handiak eta astunak pintatzeko kabina bat instalatzeko aldaketa-proiektua aldaketa ez-funtsezko bat dela. Instalazioaren titularra Transportes Vicuña SA da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, aplikatuz abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra (foru lege horren bidez arautu ziren ingurumenean eragina duten jarduerak); izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 11.6 taldean.

2022ko ekainaren 16an, titularrak jakinarazi zuen bere instalazioa aldatzeko proiektua, pieza handi eta astunak pintatzeko hirugarren kabina bat ezartzeko helburua duena. Kabina hori eskukoa izanen da, dagoenaren (1. zenbakia) antzekoa, eta zubi-garabia erabiliko da horretarako. Kanpoko karinatze partziala izanen du, pintura aplikatzeko prozesua mugatzeko.

Ikusirik industria-instalazioa aldatzeko proiektuari buruz aurkeztutako jakinarazpena eta egiaztagiriak, zerbitzu honek uste du aldaketa hori aldaketa ez-funtsezko bat dela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan xedatutakoaren arabera (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen); izan ere, aldaketak ez dakar berekin erregelamendu horren 37. artikuluan ezarritako egoeretako bat ere.

Bestalde, aldaketa ez-funtsezkoaren proiektu horren ondorioz, beharrezkoa da ingurumen baimen bateratuaren testua aldatzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan aurreikusitakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Iriztea ezen Leitzako udal mugartean tren-gurpilak muntatu eta pintatzeko dagoen instalazio batean pieza handiak eta astunak pintatzeko kabina bat instalatzeko aldaketa-proiektua aldaketa ez-funtsezko bat dela, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoarekin (martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua). Instalazioaren titularra Transportes Vicuña SL da.

Bigarrena.–Horrenbestez, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, titularrak gauzatzen ahalko du aurreikusitako proiektua, ezertan galarazi gabe dagokion obra-lizentzia edo behar diren beste baimen batzuk tramitatzea.

Hirugarrena.–Irizpen honek hamar hilabeteko balioa du ebazpen hau ematen denetik, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Laugarrena.–Instalazioaren ingurumen baimen bateratuaren testua aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketak sartuz.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan aurreikusitakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Transportes Vicuña SAri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko irailaren 21ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2212830