200. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

90/2022 FORU DEKRETUA, irailaren 28koa, hein batean aldatzen duena urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa.

ZIOEN AZALPENA

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa, urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, hein batean aldatu zen urriaren 20ko 90/2021 Foru Dekretuaren bidez.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak proposatu dute egitura hori hein batean aldatzea, nekazaritzako prestakuntzari buruzko eskumenari dagokionez.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko irailaren hogeita zortzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Hein batean aldatzen da urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuena. Hona aldaketak:

Bat.–8. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"8. artikulua. Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu, honako arlo hauetan:

a) Nekazaritzako eta/edo akuikulturako ustiategiak hobetzea, eta nekazari gazteak sartzea.

b) Jatorri-deitura babestuei, adierazpen geografiko babestuei eta espezialitate tradizional bermatuei buruzko agintaritza eskuduna izatea.

c) Nekazaritzako produktuen eta nekazaritzako elikagaien merkaturatzea sustatzea, baita prozesuak eta produktuak babestea eta kontrolatzea ere.

d) Nekazaritzan eta nekazaritzako elikagaien arloan kooperatibak eta elkarteak sustatzea.

e) Esperimentazio eta ikerketa enologikoa.

f) Nekazaritzako ustiategien eta horien ekoizpen-elementuen inguruko erregistroak.

g) Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtseko (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtseko (LGENF) laguntzen Nafarroako Erakunde Ordaintzailea zuzentzea.

h) Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren (NBEF) koordinazio erakundearekiko solaskidetza koordinatzea.

i) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EE) Erregelamenduak ezarritako Kudeaketa eta Kontrolerako Sistema Integratua eta baldintzazkotasuna koordinatzea.

j) Tokian bertan egiten diren kontrolak egitea, zehazki, NBEUFko finantzaketa edo LGENFko kofinantzaketa duten eta Kudeaketa eta Kontrolerako Sistema Integratuan asimilatu diren laguntzak aplikatzeari buruzko araudiak eskatzen dituenak, bai eta baldintzazkotasunaren kontrolak ere.

k) Kudeaketa-agintaritzaren eginkizunak betetzea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren eta hori garatzen duen araudiaren esparruan.

l) Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programa prestatzea, tramitatzea eta aldatzea, baita haren jarraipena eta ebaluazioa egitea ere.

m) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatuta, Nekazaritza Politika Erkidearekin (NPE) loturiko plangintza estrategikoa egitea, baita planen eta programen jarraipena egitea ere.

n) Laguntza teknikoko, informazioko eta publizitateko neurriak, Europar Batasuneko programei dagokienez.

o) Landa dibertsifikazioa eta garapena bultzatzea, Europar Batasuneko landa garapenerako programazioaren esparruan.

p) Lehen sektorean lankidetza eta berrikuntza bultzatzea, produktu, prozesu eta teknologia berrien garapenari buruzko proiektu pilotuen bitartez, Europar Batasuneko landa garapenerako programazioaren esparruan.

q) Nekazaritzako ustiategientzako aholkularitza sistema, Europar Batasuneko landa garapenerako programazioaren esparruan.

r) Tokiko garapen parte-hartzailearen estrategiak aplikatzea, koordinatzea eta kontrolatzea (LEADER ikuspegia), tokiko ekintza taldeen bitartez, Europar Batasuneko landa garapenerako programazioaren esparruan.

s) Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren kudeaketa-agintaritza nazionalarekiko solaskidetza koordinatzea, Nafarroan kudeaketarako bitarteko erakundea den aldetik.

t) Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren kudeaketarako tarteko erakundearen eginkizunak bere gain hartzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduaren eta horiek garatzeko araudiaren esparruan.

u) Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren kontabilitatea, kontrola eta kudeaketa egiaztatzea Nafarroan.

v) Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren kudeaketa-agintaritza nazionalarekin elkarlanean aritzea Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren Espainiarako Programa Operatiboa prestatzen, tramitatzen, haren jarraipena egiten eta aldatzen.

w) Indarrean dauden xedapenek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari esleitzen dizkioten bestelako eskumenak, Zuzendaritza Nagusiak bere duen esparruan."

Bi.–10. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"10. artikulua. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu, honako arlo hauetan:

a) Nekazaritzako eta/edo akuikulturako ustiategien eraginkortasuna hobetzea.

b) Nekazari gazteak nekazaritzako jardueran has daitezen sustatzea.

c) Jatorri deitura babestuei, adierazpen geografiko babestuei eta espezialitate tradizional bermatuei buruzko agintaritza eskuduna izatea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

d) Nekazaritzako elikagaien eta haien prozesuen kalitatea sustatzea, babestea eta kontrolatzea.

e) Nekazaritzako produktuen eta nekazaritzako elikagaien merkaturatzea sustatzea.

f) Nekazaritzan eta nekazaritzako elikagaien arloan kooperatibak eta elkarteak sustatzea.

g) Esperimentazio eta ikerketa enologikoa.

h) Nekazaritzako ustiategien eta horien ekoizpen-elementuen inguruko erregistroak."

Hiru.–12. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"12. artikulua. Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalaren eskumenen esparru materiala.

Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu, honako arlo hauetan: laguntzak ematea nekazaritzako eta/edo akuikulturako ustiategietan inbertitzeko, nekazari gazteen lehenbiziko instalaziorako, nekazaritza garaia baino lehen uzteko, elkarlanean erabiltzeko makinak eta tresnak erosteko eta nekazarien kooperatibak eta elkarteak sortzeko. Halaber, indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkion bestelako eskudantziak erabiliko ditu.

Lau.–21. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"21. artikulua. Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezartzen diren eskudantziak erabiliko ditu, arlo hauetan:

a) Kudeaketa-agintaritzaren eginkizunak betetzea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren eta hori garatzen duen araudiaren esparruan.

b) Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programa prestatzea, tramitatzea eta aldatzea, baita haren jarraipena eta ebaluazioa egitea ere.

c) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatuta, Nekazaritza Politika Erkidearekin (NPE) loturiko plangintza estrategikoa egitea, baita planen eta programen jarraipena egitea ere.

d) Laguntza teknikoko, informazioko eta publizitateko neurriak, Europar Batasuneko programei dagokienez.

e) Nekazaritza arloko prestakuntza.

f) Zuzendaritza nagusiari bere ordezkaritza lanetan laguntzea honako hauen menpeko batzorde eta lantaldeetan: Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa, Espainiako Landa Sarea, Espainiako Esparrua eta Espainiako Landa Garapeneko Programa.

g) Landa Garapeneko Batzordetik eta Europako nahiz Estatuko beste erakunde batzuetatik heldu diren legeak, dokumentazioa eta argibideak biltzea eta haien jarraipena egitea, baita horiek departamentuetako unitateei, sektoreari eta haiek ordezkatzen dituzten erakundeei jakinaraztea ere.

h) Zuzendaritza nagusiari laguntzea Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren kudeaketa-agintaritza nazionalarekiko solaskidetza koordinatzen, Nafarroan kudeaketarako bitarteko erakundea den aldetik.

i) Zuzendaritza nagusiari laguntzea Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren kudeaketarako bitarteko erakunde gisa dagozkion eginkizunak betetzen.

j) Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren kontabilitate-lanak, kontrola eta kudeaketa egiaztatzea Nafarroan.

k) Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren kudeaketa-agintaritza nazionalarekin elkarlanean aritzea Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren Espainiarako Programa Operatiboa prestatzen, tramitatzen, haren jarraipena egiten eta aldatzen.

l) Landa dibertsifikazioa eta garapena bultzatzea, Europar Batasuneko landa garapenerako programazioaren esparruan.

m) Lehen sektorean lankidetza eta berrikuntza bultzatzea, produktu, prozesu eta teknologia berrien garapenari buruzko proiektu pilotuen bitartez, Europar Batasuneko landa garapenerako programazioaren esparruan.

n) Nekazaritzako ustiategientzako aholkularitza sistema, Europar Batasuneko landa garapenerako programazioaren esparruan.

o) Tokiko garapen parte-hartzailearen estrategiak aplikatzea, koordinatzea eta kontrolatzea (LEADER ikuspegia), tokiko ekintza taldeen bitartez, Europar Batasuneko landa garapenerako programazioaren esparruan.

p) Goragoko organoek Europar Batasunaren politikei buruz agintzen dizkion guztiak."

Bost.–23. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"23. artikulua. NPEaren Plangintzarako Atalaren eskumenen esparru materiala.

NPEaren Plangintzarako Atalak foru dekretu honetan gai hauen gainean ezarritako eskudantziak erabiliko ditu: landa garapeneko programak prestatu, haien jarraipena egin eta ebaluatzea, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatuta; Nekazaritza Politika Bateratuarekin (NPB) lotutako plangintza estrategikoa, bai eta dagozkien planen eta programen jarraipena ere; Erkidegoko programekin lotutako laguntza teknikoa, informazioa eta publizitatea; prestakuntza; ordezkaritza lanak batzorde eta lantaldeetan; Erkidegoko politikei eta landa garapeneko eta akuikulturako politikei buruzko dokumentazioa eta araudia biltzea eta horien jarraipena egitea; Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren programa operatiboa izapidetzeko, haren jarraipena egiteko eta aldatzeko lanetan laguntzea; Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsaren kontabilitate-lanak egitea, haren kontrola egitea tokian bertan eta haren kudeaketa administratiboa egiaztatzea; eta hierarkian gorago dauden organoek Europar Batasuneko politikekin lotuta agintzen dizkioten gainerakoak."

Sei.–29. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"29. artikulua. Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalaren eskumenen esparru materiala.

Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalak foru dekretu honetan gai hauen gainean ezarritako eskudantziak erabiliko ditu: nekazaritzako ekoizpen bideak kontrolatzea elikadura-segurtasunaren, fitosanitarioen erabileraren, lohien eta ongarrien esparruan; nekazaritzako ekoizpen jasangarriaren sistemak sustatzea; landare osasuna kontrolatzea; mintegiko landareak eta haziak kontrolatu eta ziurtatzea; eta nekazaritza arloko ikerketaren gaineko prestakuntza eta horren emaitzak jakinaraztea. Halaber, indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten edo bere jardueraren eremuan agintzen zaizkion bestelako eskudantziak erabiliko ditu."

Zazpi.–39. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

"39. artikulua. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren eskumenen esparru materiala.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu, honako arlo hauetan:

a) Nekazaritzako azpiegiturak berritzea eta nekazaritzaren garapena.

b) Uholdeen ondorioz nekazaritzako azpiegituretan izaten diren kalteengatik ematen diren laguntzak kudeatzea.

c) Ureztalur berriak sortzea eta jadanik daudenak gaurkotzea eta sendotzea.

d) Landa garapeneko Europako programazioan aurreikusita dauden nekazaritzako azpiegiturei buruzko neurriei dagozkien ordainketak kudeatzea.

e) Herri-ondasunak babestea eta berreskuratzea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

f) Ingurumeneko neurrien jarraipena eta kontrola azpiegiturak berritzeko obretan.

g) Natur baliabideen ebaluazioaren eta inbentarioen gaineko koordinazioa, eta lurzoruak andeatzetik babesteko ikerlanak. Lurzoruei buruzko datu baseak biltzen duen informazio edafologikoa kudeatzea, bai kartografikoa, bai alfanumerikoa. Ingurumen faktoreen jarraipen sareak diseinatzearen eta inplementatzearen inguruko koordinazioa, barnean direla meteorologia eta klimatologia."

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko irailaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2213079