20. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

26E/2022 EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 18koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak emana, lan eremu berri bat sartzen duena erizainen, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikarien eta OOLTko, LZAko eta LZBko medikuen kategorien aldi baterako kontratazioetarako zerrendetan, hain zuzen, espetxea, zeina Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren eremuari atxikita baitago. Horrekin batera, aurtengo otsaila ezartzen da nahi dutenek zentro hori hauta dezaten.

Osasuneko kontseilariak martxoaren 23an emandako 347E/2017 Foru Aginduaren bidez, aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako. Foru aginduaren 6. artikulua kontrataziorako eremuen/aukeren hautaketari buruzkoa da. Gainera, haren I. eta II. eranskinetan lan eremuak eta aukerak biltzen dira, bai iraupen luzeko zerrendetarako, bai iraupen laburrekoetarako, hurrenez hurren.

Berriki, lantoki berri bat sortu da erizainen, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikarien eta OOLTko, LZAko eta LZBko medikuen kategorietarako, espetxea, hain zuzen, zeina Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren eremuari atxikita baitago. Hortaz, beharrezkoa da lantoki berri hori eremu horren barruan sartzea, zentro horretan gertatzen diren beharrei eta absentismoari erantzuteko.

Horregatik, bidezkoa da epe bat irekitzea nahi dutenek alda dezaten erizainen, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikarien eta OOLTko, LZAko eta LZBko medikuen kategorietarako aukeratutako lan eremua, eta, era horretan, iraupen laburreko zerrendetan, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren eremuaren barruan dauden aukeren artean, espetxea hautatu ahal izan dezaten.

Horregatik guztiagatik, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Erizainen, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikarien eta OOLTko, LZAko eta LZBko medikuen kategorietan, espetxea sartzea Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzari atxikitako lantokien zerrendan.

2. Aurtengo otsaila ezartzea hala nahi dutenek aukera dezaten espetxea lantoki gisa erizainen, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikarien eta OOLTko, LZAko eta LZBko medikuen kategorietako aldi baterako kontratazio zerrendetan, hain zuzen ere, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzaren eremuko iraupen laburreko kontratazioetarako zerrendetan.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluekin, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 18an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendaria, Pedro Ardaiz Labairu.

Iragarkiaren kodea: F2200899