199. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BURLATA

Deialdia, barnealdeen garbiketako arduradunaren lanpostua betetzeko prozedura murriztuaren bidez

Alkatetzaren 2022ko irailaren 21eko 1039/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen deialdi murriztua, Burlatako Udalerako barnealdeen garbiketako arduradunaren lanpostu bat, C mailakoa, betetzeko. Lanpostuak 5.59 zenbakia du plantillan.

OINARRIAK

1. oinarria.–Baldintza orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da barnealdeen garbiketako arduradunaren lanpostu bat, C mailakoa, oposizio murriztuaren bidez betetzea, funtzionarioen araubidean, Burlatako Udalaren zerbitzuko langile finkoen artean, baldin eta deialdi honen 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Lanpostua 5.59 zenbakiarekin identifikatuta dago plantilla organikoan, eta honako ezaugarri hauek ditu:

"Barnealdeen garbiketako arduraduna, euskarako hizkuntza-eskakizuna: %5; araubide juridikoa: funtzionarioa; C maila; sarbidea: oposizio murriztua; lanpostuko osagarria: %17,23; arriskuko osagarria: %10; mailako osagarria: %12".

1.2. Aplikatu beharreko araudia: Deialdi murriztu hau gauzatzen da bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15. artikuluan xedatuarekin (legegintzako foru dekretu horrek onesten du Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

1.3. Oinarrizko soldata izanen da C mailari dagokiona, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginari. Gainera, Udalaren plantilla organikoak lanposturako ezarritako osagarriak izanen ditu, baita legez dagozkion ordainsariak ere.

1.4. Lanaldi osoko araubidea izanen da, orduen banaketa Alkatetzaren ebazpen baten bidez erabakiko da, eta zerbitzuaren premiek zehaztuko dute. Udalak noiznahi alda dezake. Egutegiak urtero onetsiko dira alkatearen ebazpen baten bidez, eta lanaldiaren banaketa ere finkatu beharko da.

1.5. Deialdi honen ondorioz izendatzen diren izangaiek eginen dituzte beren mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizunak eta lanak, eta besteak beste, zehazki, honako hauek:

–Lanak koordinatzea, behar diren aginduak izapidetuz eta berri emanez Obra eta Zerbitzuetako Alorreko buruari eta, behar denean, gainerako zerbitzuetako buruei, bere ardurapeko langileen errendimenduaz, produktibitate-errendimenduez, langile-kontrolaz eta gainerako gorabeherez, bai eta lantokien ikuskapenaz ere. Lan horiek eginen dira Obra eta Zerbitzuetako buruaren aginduetara zuzenean.

–Bere agindupeko langileen lana antolatzea, errendimenduak normalak eta efizienteak izan daitezen, alferrikako nekea saihesturik.

–Lana banatzea eta/edo lan hori egiteko modua aditzera ematea. Gainera, arduratuko da garbiketarako materiala eta tresnak ongi administratzeaz eta ongi erabiltzeaz.

–Eguneroko parteetan jasotzea bere ardurapeko langileen produkzioa eta errendimenduak, bai eta zerbitzuaren kalitatea ere; parte horiek nagusiei helaraziko dizkie eta zerbitzuko langileen inguruko edo beste edonolako gorabeheren berri emanen die.

–Lan-eremuak kontrolatzea, ezagutzea eta koordinatzea: Burlatako ikastetxe publikoak, liburutegia, kultura-etxea, jauregia, oinarrizko gizarte-zerbitzua, ludoteka, gaztelekua, bake-epaitegia, udal-titulartasuneko etxebizitza alokatuak, bai eta garbiketa-zerbitzua behar duen beste lokal oro ere, zerbitzu bakoitzaren arduradunekin koordinatuta eta haiek gainbegiratuta.

–Lan-eremuak aztertzea, hala behar denean, bai ohikotasunez, bai salbuespenez. Erreferentziako pertsona izatea langile guztientzat, gorabehera, salbuespen, ustekabeko eta abarri dagokienez, horiek jakinarazteko, era berean, Obra eta Zerbitzuen Departamentuko buruari.

–Ardura izatea erosketetan eta laneko produktuen eta materialaren kontrolean: produktuen etiketatze zuzena, eskariak egitea, eta horiek behar bezala erabiltzea, Burlatako Udalarekin koordinatuta.

–Langileen ordutegiak kontrolatzea: langile guztien hasiera- eta irteera-orduak.

–Zereginak eta gorabeherak jakinaraztea: eremuak koordinatzea langileen artean, abisuak, eremu-aldaketak eta abar, halakoak jakinarazten dituztenean buruek eta/edo garbiketa-zerbitzua ematen den zentroek.

–Zaintzea lantaldean bizikidetza ona izan dadin, gaizki-ulertuak argitzen saiatuz, eztabaidak lasaituz eta abar. Une oro jakinaraztea buruei langileen arteko edozein gorabehera. Gorabehera-partea irekitzea, abian jartzeko eta konpontzeko.

–Buruei ematea aldi baterako ezintasun-egoeran daudenen eta medikuaren sendagiria eskuratu dutenen berri. Giza baliabideen alorrari helaraztea bere ardurapeko langile guztien parteak (sendagiriak, baja berrestekoak eta aldi baterako ezintasunaren bajakoak).

–Buruei laguntzea urteko lan-egutegiak egiten, eta koordinatzea langileen eta zentroetako langileen oporraldiak.

–Puntualki ordezkatzea goragoko nahiz beheragoko kategoriako langileak, zerbitzuaren beharrek hala eskatzen dutenean; betiere, ordezkapen horiek eginen dira hala justifikatzen duten arrazoi teknikoak edo antolaketakoak badaude, eta beharrezkoa den denboraz soil-soilik.

–Etengabeko komunikazioan egon beharko du Obra eta Zerbitzuen Departamentuko buruarekin eta Giza Baliabideetakoarekin, eta orobat alkatearekin eta udal-alorretako gainerako arduradunekin, ikastetxe publikoetako zuzendariekin, alorretako udal-teknikariekin eta abar.

–Buruei laguntzea baldintza-agiriak prestatzen, garbiketarekin lotutako eginkizunak egiteko kontratazioetarako.

–Agintzen zaion beste edozein eginkizun, lanpostuarekin lotura badu eta haren maila eta kategoriari badagokio.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Deialdi honetan onartua izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Burlatako Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea.

b) Deialdiaren xede den lanpostua baino beheragoko maila batean egotea, hau da: E edo D.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Gutxienez titulu hauetakoren bat izatea: Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea, eta administrazio publikoetan aitortutako bost urteko antzinatasuna frogatzea.

e) Aurreko d) letran adierazitako baldintzaren ordez, administrazio publikoen zerbitzuan aitortutako zortzi urteko antzinatasuna froga daiteke.

f) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

g) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta ez egotea inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua.

2.2. Aurreko baldintzak oinarri hauetan jasotako epean eta moduan frogatu beharko dituzte gainditu ondoren lanpostua eskuratzen duten izangaiek. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean betetzen direla iritziko zaio, baita hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte ere.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskaerak aurkezteko, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Burlatako Udalaren Erregistro Orokorraren bidez aurkezten ahalko dira (Larrainetako plaza, z.g.), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotzen diren beste bideetako bat erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

Eskabideak Burlatako Udalaren Erregistro Orokorrean ez, beste batean aurkezten direnean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren babesean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea), eskatzaileek eskabidearen kopia igorri beharko dute oac@burlada.es helbide elektronikora, dena delako erregistroaren zigilua eta sarrera-data dituela, betiere eskabideak aurkezteko epearen barnean.

Eskabideak II. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izanen dira, eta udal web-orrian eskuratzen ahalko dira; era berean, udal bulegoetan ere eskuratzen ahalko dira (Larrainetako plaza, z.g.).

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartu eta baztertuen zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, eskabidean edo dokumentazioan akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea igarotakoan eta horiek ebatzi ondoren, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta probak hasteko lekua, eguna eta ordua zehaztuko dira. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko du Alkatetzak behin betiko zerrenda, ebazpen baten bidez.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Ana María Góngora Urzaiz, Burlatako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: ordezten duena.

Lehen epaimahaikidea: Oier Aizkorbe Arlegi, Burlatako Udaleko Obra eta Zerbitzuen Departamentuko burua.

Ordezkoa: ordezten duena.

Bigarren epaimahaikidea: langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: langileen ordezkari bat.

Epaimahaikide idazkaria: Silvia Gonzalo Etxarri, Burlatako Udaleko idazkaria, edo haren ordezkoa, hitzarekin baina botorik gabe.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat, kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.2. Hautaprobak hasi aitzin eratu beharko du epaimahaiak, eta eratzea baliozkoa izateko, baita jarduteko ere, kideen gehiengo osoak bederen bildu beharko du.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak ekar ditzake proba guztietan nahiz batzuetan. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

6. oinarria.–Oposizioaldia: gehienez ere 100 puntu.

6.1. Oposizioaldian honako ariketa hauek izanen dira:

Lehenengo ariketa: ariketa hau teorikoa izanen da. Epaimahaiak, hasi aurretik, gehienez ere ezartzen duen denboran, idatziz erantzun beharko zaie zenbait erantzun posible dituzten galderei (gehienez ere 50 galdera izanen dira). Erantzun horietako bat baizik ez da baliozkoa izanen. Gaiak, berriz, deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendan jasotakoak dira.

Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu lortu daitezke, eta bazterturik geldituko dira 20 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Ariketari ekin aurretik zehaztuko dira ariketaren iraupena, akatsen penalizazioa eta galdera kopurua.

Bigarren ariketa: praktikoa edo teoriko-praktikoa izanen da. Kasu praktiko bat edo zenbait garatu beharko dira, lanpostuaren eginkizunei buruzkoak.

Ariketa honetan gehienez ere 50 puntu lortu daitezke, eta bazterturik geldituko dira 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Ariketaren iraupena eta kasu bakoitzaren balorazioa ariketari ekin aurretik zehaztuko dira.

6.2. Hizkera ez-baztertzailea. "Burlatako Udalak egiten dituen lanpostuen deialdi publiko guztietan %5 baloratuko da probetan hizkera ez-baztertzailea erabili izana"; halaxe ezartzen du Burlatako udal-esparruan hizkuntza ez-sexistaren erabilera eta sustapena arautzen dituen 2005eko otsailaren 7ko udal ordenantzak (29. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 9koa; ondoren aldatua, 2014ko 23. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 4koan). Beraz, oposizioaldian 5 puntu emanen zaizkie bigarren proba egitean hizkera ez-baztertzailea erabiltzen dutenei; ez da baztertzailea izanen. Izangaiek badute eskuliburu bat Burlatako Udalaren web-orrian (www.burlada.es), hizkera ez-baztertzailearen erabileraren gainekoa. Bigarren ariketa ez bada idatzizkoa, oposizioaldiko guztizko puntuazioa 95 puntukoa izanen da.

6.3. Euskaraz jakitea: gehienez ere 5 puntu. Euskararen ezagutza baloratzeko, ziurtagiri ofiziala aurkezten ahal da, edo borondatezko proba ez-baztertzailea egin. Gehienez ere 5 puntu jasoko dira (deialdiko guztizko puntuazioaren %5), eta ahozko eta idatzizko C1 maila frogatzen dutenek eskuratuko dute. Handik beherako mailak proportzioan baloratuko dira: B2, 4 puntu; B1, 3 puntu; A2, 2 puntu; eta A1, 1 puntu). Euskarazko proba egin nahi edo titulazioa aurkeztu nahi duten izangaiek, eskabidean azaldu behar dute. Eskabidean titulazioa aurkezteko aukera markatzen bada, titulazioaren jatorrizkoa edo kopia konpultsatua erantsiko da harekin batera. Izangaiak eskabidean hautatuko du titulazioa aurkezteko aukera edo proba egiteko eskaera, baina ezin ditu bi aukerak hautatu.

6.4. Ariketak burututa, epaimahaiak Burlatako Udalaren iragarki-taulan eta ohiko euskarrietan emanen ditu argitara izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak.

6.5. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

Izangaien kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak argitaratutako du, azken ariketa egin den lekuan, gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta puntu gehien lortu duten bi izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio organo deitzaileari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen-prozesua bukaturik, proposatutako izangaia izendatuko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez 5.59 lanpostua betetzeko.

8.2. Izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta organo eskudunak jabetza hartzeko eguna ezarri ahalko du.

9. oinarria.–Datuen babesa.

–Datuen tratamenduaren arduraduna: Burlatako Udala, Larrainetako plaza, z.g. Tel.: 948 23 84 00.

–Datuak babesteko ordezkaria: dpd@burlada.es

–Xedea: enplegu deialdiak kudeatzea, botere publikoak baliatuz.

–Oinarri juridikoa: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginari buruzko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta interesdunaren onespena.

–Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak.

–Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

–Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezabatzeko ere.

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

–Informazio gehiago: Pribatutasun-politika www.burlada.es gure web-orrian.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarrien kontra eta horiengatik eta hautapen organoen jarduketengatik etorritako egintza administratiboen kontra, aurkezten ahal dira honako errekurtso hauek:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen/erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, organo deitzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Burlatan, 2022ko irailaren 21ean.–Alkate udalburua, Ana María Góngora Urzaiz.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Lanaren antolaketa eta planifikazioa. Erabili beharreko ekipoa eta materiala prestatzea.

2. gaia.–Barnealdeak garbitzeko arduradunaren eginkizunak.

3. gaia.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duena.

4. gaia.–Garbiketa sistemei buruzko kontzeptu orokorrak.

5. gaia.–Garbiketarako tresnak. Deskribapena eta erabiltzeko modua.

6. gaia.–Makinak eta lanabesak. Motak, ezagupena eta erabilera. Segurtasun baldintzak.

7. gaia.–Garbiketarako produktuak. Ezaugarriak eta aplikazioak.

8. gaia.–Testu-prozesadoreari buruzko ezagutza informatikoak erabiltzaile mailan.

9. gaia.–Langileriaren kudeaketa: gatazkak konpontzeko teknikak, denboraren antolamendua. Eta pertsonen arteko komunikazioa lan ingurunean.

10. gaia.–Laneko Segurtasun eta Higienea. Norberaren eta ororen babeserako artikuluak. Segurtasun neurriak, laneko ondoz ondoko ataletan.

II. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2212749