199. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

238/2022 FORU AGINDUA, irailaren 20koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita haurren eta nerabeen erakunde komunitarioen bi ordezkari hautatzeko prozedura, Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseiluan aritu daitezen.

Maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legeak, haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoak (aurrerantzean, 12/2022 Foru Legea) Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseilua eratu zuen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kide anitzeko organo gisa, eta arautu zituen haren funtzioak, antolakuntza eta osaera. Lege horrek ordeztu egiten du Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea, zeinetan eratu baitzen lehengo Nafarroako Adingabearen Kontseilua.

12/2022 Foru Legearen 50. artikuluak Kontseiluaren osaera berria arautzen du, eta kide kopurua handitzen, horien artean haurren eta nerabeen erakunde komunitarioetako bi ordezkari. Bestalde, hirugarren xedapen iragankorrean xedatzen du ezen legeak indarra hartzen duenean ez bada amaitu Nafarroako Adingabearen Kontseilurako egindako izendapenen gehieneko epea, Nafarroako Adingabearen Kontseilurako izendatutako pertsonek Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseiluko kide izaten jarraituko dutela, harik eta izendapenaren gehieneko epea amaitu arte, eta izendatuko dira foru lege honen 50. artikuluaren arabera sartu behar diren pertsonak, azken izendapenetik 4 urte bete arte geratzen den eperako.

Alde horretatik, Eskubide Sozialetako kontseilariaren azaroaren 5eko 383/2020 Foru Aginduak Nafarroako Adingabearen Kontseiluko kideak izendatu zituen, eta, ez denez amaitu kide izateko epea, Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseilu berriko kide izanen dira 2024ra arte.

Horrenbestez, hautatu egin behar dira haurren eta nerabeen erakunde komunitarioen bi ordezkari, lehengo Nafarroako Adingabearen Kontseiluan jasota ez zeudenak, eratu dadin Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseilua.

Beraz, nire eskumenak baliatuta, zeinak esleitu baitzaizkit bai maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legean (haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa), bai urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuan (Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena) honako hau

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseiluan haurren eta nerabeen erakunde komunitarioen ordezkari lanetan arituko diren bi pertsonak hautatzeko prozesuaren deialdia.

2. Prozesua arautuko duten oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinetan daude.

3. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Foru agindu hau igortzea Eskubide Sozialetako Departamentuko Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko irailaren 20an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da ezartzea Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseiluan haurren eta nerabeen erakunde komunitarioek izanen dituzten bi ordezkari hautatzeko prozedura.

Ondoren, ordezkari horiek izendatuko dira Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseiluko kide.

2.–Hautapen prozedurara deitutako entitateak.

Prozedura honetan parte hartzeko (dela hautagaitzak aurkezteko, dela hautaketan parte hartzeko), dei egiten zaie honako hauei: haurren eta nerabeen eskubideak sustatzen dituzten plan, proiektu eta ekintza komunitarioak Foru Komunitateko auzo, herri eta haranetan garatzen dituzten elkarte, federazio, fundazio edo bestelako gizarte-entitateei, baldin eta eskakizun hauek betetzen badituzte:

a) Legalki eratuta egotea eta erregistratuta egotea, elkartze-eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren ildoan, edo Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearenean.

b) Beren estatutuetan edo fundatze-arauetan helburu gisa jasota edukitzea haur eta nerabeen eskubideen sustapena eta babesa.

c) Antolamendu eta profesional- edo boluntario-lantalde tekniko egokiak edukitzea adingabeen arretarako gauzatzen dituzten proiektu komunitarioetan esleituta dituzten eginkizunak betetzeko.

d) Jarduten duten auzo, herri edo haraneko sare sozial eta komunitarioen aitorpen publikoa edukitzea.

e) Bai esparru komunitarioan bai Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen programetan haur eta nerabeak artatzen dituzten zerbitzu eta zentro publikoekin sarean lan egitea.

f) Erakunde horietan diharduten boluntarioen eta langileen prestakuntza eta kualifikazioa bermatzea.

3.–Hautagaitzak proposatzea eta horiek aurkezteko epea.

a) Aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera hautaketa-prozedurara deitutako entitateek hautagaitzak aurkeztu ahal izanen dituzte Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseiluko kide izateko, zeinek bere eremuaren baitan. Gerora, horien artean, bi ordezkari hautatuko dira gehienez ere. Oinarri hauetako 2. apartatuko erakundeek aurkeztuko dituzte hautagaitzak eta eginen dute bozketa.

Bi lege hauek hartu behar dira kontuan: alde batetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, 20. 3 artikuluan arautzen baitu kide anitzeko organoen osaeran ahaleginak eginen direla orekatua izan dadin emakumeen eta gizonen presentzia; eta beste alde batetik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea, 4. eta 16. artikuluetan arautzen baita emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruen arteko oreka. Beraz, emakumeen ordezkaritza eta gizonena orekatuak izatea bilatuko da.

b) Hautagaitzak aurkeztu ahal izanen dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik 2022ko urriaren 14ra arte.

c) Hautagaitzak, ahal dela, Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira, eta zuzenduko zaizkio Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari.

Hautagaitzak eredu normalizatuan aurkeztuko dira. Eredu horretan, berariaz adierazi beharko da zer erakunde aurkezten den, zer pertsona izendatzen diren haren ordezkari, eta nor den ordezkoa. Aurkeztutako hautagaitzak Eskubide Sozialetako Departamentuaren web-orrian argitaratuko dira (http://www.navarra.es/home_eu/), orok jakin dezan, eta, hala dagokionean, geroago bozketa egin dadin.

Eredu normalizatuaz gain, erakundearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, non adieraziko baita erakundeak betetzen dituela haurren eta nerabeen erakunde komunitario izateko baldintzak, baduela hori egiaztatzen duen dokumentazioa, eta Administrazioaren esku jarriko duela hala eskatzen zaionean. Era berean, hautagaien baimenarekin batera, haien izen-abizenak argitaratuko dira webgunean, ondoren bozketa egiteko eta, hala badagokio, izendapena egiteko.

Prozesuaren edozein unetan, Eskubide Sozialetako Departamentuak eska dezake adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko behar den dokumentazioa.

d) Gerta daiteke bi hautagai bakarrik aurkeztea, epe barruan, haurren eta nerabeen erakunde komunitarioetako ordezkarien kategoriarako. Horrelakoetan, Eskubide Sozialetako kontseilariak zuzenean izendatuko ditu.

e) Baldin epe barruan bi hautagai baino gutxiago aurkeztu badira haurren eta nerabeen erakunde komunitarioetako ordezkarien kategoriarako, Eskubide Sozialetako kontseilariak hautagai postulatua izendatuko du, baldin halakorik balego, eta, gainera, beste erakunde ordezkari bat izendatuko du libreki, erakunde horrek baiezkoa eman ondotik.

f) Epe barruan bi hautagaitza baino gehiago aurkeztu badira, bozketa eginen da aurkeztatutako hautagaien artean aukeratzeko, eranskin honen 4. apartatuan ezarritako prozedurari jarraikiz.

g) Bozketa egitea beharrezkoa ez bada, behar diren hautagaitzak aurkeztu ez direlako edo soilik behar diren biak aurkeztu direlako, horren berri emanen da aipatu webgunean argitaratutako hauteskundeen fitxan.

4.–Hautagaitzak bozkatzea.

Bozkatzeko prozedura honelakoa izanen da:

a) Bozketa eginen da prozesuaren web-orrian adierazten den egunean.

Bozketa telematika bidez edo aurrez aurre egin ahal izanen da Eskubide Sozialetako Departamentuaren egoitzan (González Tablas kalea 7, 31005, Iruñea), Idazkaritza Tekniko Nagusiaren bulegoetan. Batera zein bestera eman, 08:30etik 14:30era hartuko dira botoak, eta ordutegi horretatik kanpo emandakoak ez dira zenbatuko.

Elkarte, erakunde edo entitate bakoitzak boto bakarra eman ahal izanen du. Boto-txartelean erakundearen izena agertuko da, eta joko da botoa ematen zaiela titularrari eta ordezkoari.

Elkarteko edozein ordezkarik eman dezake botoa, baldin elkartearen edo erakundearen ordezkaritza frogatzen badu. Bere identifikazioa jasota geratuko da, eta zer ordezkaritza daukan adierazi beharko du.

b) Botoen kontaketa Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egoitzan eginen da; ekitaldi hori zein egunetan eta zein ordutan eginen den gutxienez 24 ordu lehenagotik iragarri beharko da webgunean argitaratutako deialdiaren fitxan.

c) Boto gehien eskuratzen duen hautagaitza aukeratuko da. Berdinketarik izanez gero, zozketa eginen da berdinduta dauden hautagaitzen artean.

5.–Ordezkariak, titularrak eta ordezkoak izendatzea.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru aginduaren bidez izendatuko dira ordezkariak, behar diren ondorioetarako.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Bete beharreko eredu guztiak deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2212651