199. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

PUIU

Dirulaguntzen ordenantza orokorra. Behin betiko onespena

Puiuko Udalak, 2022ko uztailaren 20an egindako ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Puiuko Udalaren Dirulaguntzen orde­nantza orokorra.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2022ko 153. Nafarro­ako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 2an, baita Puiuko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan ere; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatutako foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako manuak eta 326. artikulua betez, ordenantzan egindako aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Puiun, 2022ko irailaren 16an.–Alkatea, María Rosario Guillén Guillén.

DIRULAGUNTZEN ORDENANTZA OROKORRA

Zioen azalpena

Puiuko Udalak, indarrean dagoen legedian aurreikusitako sustapenerako teknika aplikatuz, dirulaguntzak eman nahi dizkie proiektuak, jarduerak edo jokabideak garatzen dituzten pertsona juridiko edo fisikoei, edo nortasunik gabeko entitateei, horiek interes orokorrekoak diren eremuetan toki-era­kundeen eskumenekoak diren jarduerak laguntzen edo ordezkatzen badi­tuzte.

Jarduera hori eremu horretan arautzeko, esparru juridiko hau onetsi beharra dago, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuari egokitzen zaiona. Halaber, dirulaguntzak ematea eta sustatzea bat etortzen dira jarduera hori oinarritu behar duten printzipioekin: berdintasuna, publikotasuna, gardentasuna, objektibotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 9.2 artikuluari jarraikiz, dirulaguntzak eman aurretik, lege honetan ezarritako baldintzetan onetsi beharko dira laguntzak emateko oinarri erregulatzaileak ezartzen dituzten arauak. Halaber, Lege horren beraren 17.2 artikuluaren arabera, dirulaguntzak arautzen dituzten aipatu oinarri erregulatzaileak aurrekontua betetzeko oinarrien barnean onetsi behar dira, dirulaguntzen gaineko ordenantza orokor baten bitartez, edo, bestela, berariazko orde­nantza bat eginez, dirulaguntzen modalitate bakoitzerako.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa bete dadin, Dirulaguntzen orde­nantza orokor hau onesten da, Puiuko Udalak eman beharreko dirulaguntzen oinarrien esparru juridiko erregulatzailea izan dadin dirulaguntzen berariazko ordenantzarik ez dagoenean, eta, betiere, azken horien osagarri aplika dadin.

LEHEN TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Puiuko Udalak eman eta, haien alorra dela eta, berariazko orde­nantzarik ez duten dirulaguntzak honako hauek arautuko dituzte: ordenan­tza honetan jasotako aginduak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen V. tituluaren VI. kapitulua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta aplikagarriak diren administrazio zuzenbideko gainerako arauak.

2. Europar Batasunaren funtsen kargura finantzatzen diren dirula­guntzak jarraikiko zaizkie kasuan-kasuan aplikagarriak diren Batasuneko arauei eta horien garapen edo transposizio diren estatuko arauei.

2. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honen xede diren dirulaguntzak:

a) Publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibitatea, tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza.

b) Eraginkortasuna, ezarritako helburuak betetzean.

c) Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

d) Kongruentzia bitartekoen eta laguntzak ematea justifikatzen duten helburuen artean.

2. Ordenantza honetan araututako dirulaguntzak borondatezkoak eta behin-behinekoak dira, askatasunez errebokatzen eta murrizten ahal dira edonoiz, eta ezin dira aurrekari gisa alegatu.

3. Ez dute baliorik izanen, dirulaguntzak emateko, eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.

3. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honen xedea da Puiuko Udalak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoaren babesean, udalerriko lurralde-eremuan emandako dirulaguntzak emateko irizpideak eta prozedura arautzea eta finkatzea. Hori guztia, alde batera utzi gabe dirulaguntzen modalitate zehatzetarako oinarriak ezartzen dituzten orde­nantza espezifikoak egon edo onar daitezkeela. Kasu horretan, ordenantza hau osagarria izanen da.

Bere asmoa da herritarrei eta entitateei bermatzea, baldintza berdinetan, prestazio horiek izanen dituztela dirulaguntzen deialdi bakoitzean zehazten diren zerbitzu eta jardueretarako, berdintasun-baldintzetan eta betiere onura publikoko eta gizarte-intereseko helburu bati erantzunez.

2. Ordenantza honen babespean dirulaguntzak emateak xede haue­takoren bati lotuta egon beharko du:

2.1.–Arlo sozialean:

a) Laguntza ekonomikoak ematea larrialdi sozialeko egoeran dauden familiei, bizirauteko oinarrizko beharrei erantzuteko.

b) Garraiobide egokitua ematea mugikortasunaren aldetik desgaita­suna duten pertsonei, garraio publiko kolektiboa erabili ezin dutenean.

c) Laguntza ekonomikoak ematea familiei, adingabeak kirol jardue­retara joan daitezen eta Orbaibarko herrietako udal instalazioak erabil di­tzaten.

d) Laguntzak ematea familiei, eskola-jantokietara joan daitezen eskola-adinean dauden adingabeak.

e) Laguntzak ematea pertsonei, izaera terapeutikoko jarduera fisikoak egin behar dituztenean.

f) Laguntzak ematea 60 urtetik gorakoei, podologia zerbitzuak erabili behar dituztenean.

g) Laguntzak ematea garraio gastuak ordaintzeko, desgaitasuna duten pertsonak zentro okupazionaletara joaten direnean.

h) Aisia eta astialdiaren alorrean prebentzio eta sustapen proiektuak aurrera eramatea.

i) Gizarte ekintzako proiektuak aurrera eramatea, hala nola laguntza programak gutxiengo etnikoendako, etorkinendako, gizarte-bazterketan daudenendako eta abar.

j) Lankidetza proiektuak egitea garapen bidean dauden herrial­deekin.

k) Garapenerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza jarduketak eta proiektuak egitea.

l) Larrialdi humanitarioko jarduketak egitea.

m) Berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren arloetako proiektuak aurrera eramatea.

2.2.–Herritarren parte-hartzearen arloan:

a) Proiektuak eta jarduerak egitea herritarren parte-hartzearen arloan dinamizazio eta parte-hartze soziala bultzatzeko.

b) Laguntzak Orbaibarren asoziazionismoa bultzatzeko eta egoitza Orbaibarko udalerrietan daukaten elkarteak eratzea sustatzeko.

c) Dirulaguntzak ematea beren proiektuekin herritarren parte-hartzea bultzatzen duten elkarteei.

2.3.–Kirol arloan:

a) Federazio-liga ofizialetan parte hartzen duten kirol taldeendako laguntzak.

b) Kirol amateurrendako laguntzak (kirol taldeak, klubak eta abar).

c) Kirol jarduera, ikuskizun edo ekitaldiak antolatzen dituzten irabazi asmorik gabeko herritar-elkarteendako laguntzak.

d) Kirol ekitaldiak eta jarduerak, eta ikuskizunak, antolatzea, edo kirola sustatzekoak, eta kirol entitateekin lankidetzan aritzea.

2.4.–Hezkuntza eta gazteria arloan:

a) Gazteendako jarduerak egitea, irabazi asmorik gabeko elkarteek antolatuak.

b) Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako guraso-elkarteek antolatzen dituzten berezko jardueretarako laguntza.

c) Ikastetxeek eskolaz kanpoko jarduera osagarriak egitea Haur eta Lehen Hezkuntzan.

d) Ikasleen prestakuntzara bideratutako jarduerak eta hezkuntza sektorera bideratutako gainerako jarduerak.

e) Animazio soziokulturaleko jarduerak, gazteendako programak, lehiaketak, erakusketak, gazte kultura eta sorkuntzarekin zerikusirik duten bestelako jarduerak, argibideak eta aholkuak emateko programak, aisia eta astialdiko programak, prestakuntzako eta hezkuntzako jarduerak, aldizkariak eta argitalpenak, eta gazteen parte-hartzea zein asoziazionismoa bultzatzen dituzten jarduerak oro.

f) Animazio soziokulturaleko jarduerak, aisia eta astialdikoak, presta­kuntzako eta hezkuntzako jarduerak, argibideak eta aholkuak ematekoak, aldizkariak eta argitalpenak, eta haurren eta haien familien parte-hartzea bultzatzen duten jarduerak oro.

2.5.–Merkataritza, turismo eta lan arloan:

a) Orbaibarren turismoa sustatzeko jarduerak.

b) Laguntzak ematea herritarrei eta/edo saltegiei, tokiko kontsumoa bultzatzeko Orbaibarren.

c) Lan-ekintzailetzako proiektuetarako laguntzak.

2.6.–Kulturaren eta jaien arloan:

a) Kultur elkarteek programatu eta egiten dituzten arte eta kultur jar­duerak gauzatzea eta programatzea.

b) Sariak, besteak beste: jaietako kartela.

c) Kulturaren eta jaien lehiakortasuna sustatzea.

d) Kulturaren eta jaien alderdi guztiak sustatu eta zabaltzea.

e) Kolektibo profesionalen kultur jarduna sustatzea.

f) Euskarazko kultur jarduna sustatzea.

g) Sorkuntza eta arte plastikoak, eszenikoak eta musikalak susta­tzea.

h) Herriko jaiak girotzea eta haiek antolatzen parte hartzea.

i) Eta, oro har, sustatzea arteekin, zientziekin eta letrekin zerikusia duen kultur jarduera oro, bai eta herriko eta Orbaibarko berezko jarduera soziokulturalak ere.

2.7.–Ingurumen eta osasun arloan:

a) Osasun arloko prebentzio, babes eta sustapenerako jarduerak, bizilagun guztiei nahiz zenbait kolektibori bereziki zuzenduak, hala nola gazte, zahar, emakume, haur eta abarri. Populazio-talde batzuen edo besteen osasuna sustatzeko hezkuntza eta prebentzio helburuak dituzten proiektuak edo programak, arlo horretako argibideak eta prestakuntza emateko jarduerak, jardunaldiak, mintegiak eta abar.

b) Hiri eta natur ingurumena babesteko jarduerak, eta babes hori bere­ziki lortzeko egiten diren jarduerak oro sustatzea, besteak beste, presta­kuntzakoak, argibideak ematekoak, herritarrek parte hartzekoak eta ingu­rumenari buruzko sentsibilizazioaren gainekoak.

c) Energia-aurreztea, energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatzea.

2.8.–Hirigintza arloan:

a) Etxebizitzak birgaitzea, ordenantza espezifikoaren arabera, hala­korik badago.

2.9.–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan:

a) Elkarteek, ikastetxeek edo guraso-elkarteek jarduerak egitea eta programatzea berdintasuna sustatzeko eta emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko.

b) Hizkuntzaren erabilera ez-sexistaren sustapena.

c) Emakumeen ahalduntzerako jarduerak sustatzea.

d) Emakumeek kulturan ikusgaitasuna izan dezaten sustatzea.

e) Zaintzako erantzunkidetasuna sustatzea.

f) Orbaibarko herritarren artean berdintasun balioak sustatzea eta zabal­tzea.

g) Proiektuetan genero ikuspegia txertatzea.

2.10.–Aniztasun arloan:

a) Dirulaguntzak ematea beren ekintzekin dibertsitatea aitortzea sustatzen duten irabazi-asmorik gabeko entitateei (kultur dibertsitatea, genero dibertsitatea, dibertsitate funtzionala, etab.).

2.11.–Despopulazioaren aurkako borrokari dagokionez: udalerriaren eta/edo Orbaibarren despopulazioa minimiza dezakeen edozein jarduera, ekintza edo helburu.

2.12.–Beste batzuk: Udalaren jardunaren osagarri izan eta artikulu honetan deskribatu ez den beste edozein jarduera, betiere diruz laguntzeko modukoa bada.

3. Artikulu honetan diruz lagungarritzat ageri diren objektuak, alorrak, helburuak, proiektuak, jarduerak edo jokabideak ez dira numerus clausus moduan hartuko ordenantza honen ondorioetarako; aitzitik, dagokien deialdian zabaldu eta zehazten ahalko dira edo, orobat, dirulaguntza lerro berriak ezarri dirulaguntzei buruzko plan estrategikoaren bidez.

4. artikulua. Kontzeptuak eta aplikazio eremu materiala.

1. Ordenantza honen ondorioetarako, dirulaguntzatzat hartuko da Puiuko Udalak pertsona publiko edo pribatuen alde egindako diru-xedapen oro, baldin eta honako baldintza hauek betetzen baditu:

a) Dirua ematea pertsona edo entitate onuradunen zuzeneko kontra­prestaziorik gabe.

b) Dirua emateko baldintza izatea honako hauetako bat: helburu jakin bat betetzea, proiektu bat gauzatzea, jardueraren bat egitea, jokabide berezi bat hartzea (jada gauzatuak izan daitezke nahiz oraindik gauzatu gabeak), edo egoera bat gertatzea; pertsona edo entitate onuradunak ezarritako betebeharrak bete beharko ditu.

c) Finantzatzen den proiektuak, ekintzak, jokabideak edo egoerak xedetzat izatea onura publikoko, interes sozialeko edo interes orokorreko jarduera bat sustatzea, edo helburu publiko bat.

2. Honako hauek ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo daude:

a) Puiuko Udalaren eta beste administrazio publiko batzuen arteko diru-ekarpenak.

b) Udalak kuota edo derrama gisa egiten dituen diru-ekarpenak (ohikoak nahiz ezohikoak) toki-erakundeen elkarte edo federazioetan, Udala horietako kide denean, interes erkideak babestu eta sustatzeko helburuz.

c) Udalkideei egindako diru-ekarpenak.

d) Ematen diren sariak, pertsona edo entitate onuradunek aurretik eskatu gabe.

e) Onura fiskalak.

3. Gauzazko laguntzen araubide juridiko berezia:

Doan emandako ondasun eta eskubideak arautuko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluaren I. kapituluan xedatutakoaren arabera eta hura garatzen duten xedapenei jarraikiz. Aurrekoa gorabehera, ordenantza hau aplikatuko zaie emandako ondasunei, baldin eta Puiuko Udalak ondasun, eskubide edo zerbitzu horiek hirugarren bati emateko soilik eskuratzen baditu.

5. artikulua. Dirulaguntzak emateko beharkizunak:

1. Honako baldintza hauek bete behar dira dirulaguntzak emateko:

a) Dirulaguntza ematen duen administrazio organoa eskuduna iza­tea.

b) Kreditu egokia eta nahikoa egotea, dirulaguntza emateak berekin dakartzan betebehar ekonomikoei aurre egiteko.

c) Dirulaguntza emateko prozedura izapidetzea.

d) Eduki ekonomikoa duten egintzen aurretiazko fiskalizazioa, apli­katzekoak diren arauetan xedaturikoarekin bat.

e) Horretarako eskumena duen organoak gastua onestea.

2. Aurrekoez gain, nahitaezko baldintza izanen da Puiuko udalerriko lurralde-eremua izatea kokalekua, oro har, xedea, helburua betetzeko, proiektua gauzatzeko, jarduera egiteko edo jokabide berezi bat hartzeko (jada gauzatuak nahiz oraindik gauzatu gabeak), edo diruz laguntzen den egoera gertatzeko.

Salbuespen gisa, dirulaguntzaren xede den inguruabarra Puiuko udal-mugarteaz gaindikoa bada, Udalaren interesen aldekoa izan beharko du zuzenean edo zeharka, halako moduz non baldintza horrek aski justifi­katurik gelditu beharko baitu espedientean, txosten arrazoitu baten bidez, dirulaguntza eman baino lehen.

Baldintza horretatik salbuetsirik daude garapen eta lankidetza proiek­tuetarako dirulaguntzak, garapen bidean dauden herriendako laguntza pro­gramaren aurrekontuan aurreikusitako %0,7ari lotutakoak, hain zuzen.

3. Ezin izanen dira dirulaguntzen xede izan herritar orori irekiak ez diren jarduerak, hala horiek prestatzean nola gauzatzean.

6. artikulua. Organo eskudunak deialdiak onesteko eta dirulaguntzak emateko.

Alkatetzak izanen du deialdia onesteko eta dirulaguntzak emateko esku­mena, baldin baimendu beharreko gastua bada Udalaren ohiko balia­bideen %10 gehienez, eta baldin eta aurrekontu-ekitaldi bakarrean ematen badira.

Gainerako kasuetan, dirulaguntzen deialdia onesteko eta dirulaguntzak emateko eskumena udal honen osoko bilkurari dagokio.

Eskumen horiek eskuordetzan ematen ahalko dira, eta, kasu horretan, esku­ordetze horietan jasotako irismenarekin, eskudun izanen dira eskuorde­tza horiek ezartzen dituzten organoak.

7. artikulua. Pertsona edo entitate onuradunak.

1. Dirulaguntzen pertsona edo entitate onuraduntzat joko da dirula­guntza emateko zer jarduera izan den oinarri, jarduera horixe gauzatuko duena, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran dagoena.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, pertsona edo entitate onu­raduntzat joko dira, orobat, entitate onuraduneko kide izanik, haren izenean eta haren kontura dirulaguntza emateko oinarri izan diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3. Pertsona edo entitate onuradun izaten ahalko dira pertsona fisi­koen edo juridikoen batasunak –publikoak nahiz pribatuak–, ondasun erki­degoak eta bestelako unitate ekonomikoak edo ondare bereiziak, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta dirulaguntza emateko arrazoi izan diren proiektu, jarduera edo jokabideak gauzatzen ahal badituzte edo dirula­guntza ematea bidezko egiten duen egoeran badaude.

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko dira batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak hala laguntzaren eskabidean nola emateko ebazpenean, bai eta haietako bakoitzari aplika­tzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, kide horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Batasunaren ordezkari edo ahalordedun bakar bat izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe.

Onuradunei funts publikoak ematea edo banatzea entitate laguntzaile baten bitartez egin dadila ezartzen ahalko da dirulaguntzak arautzeko oinarrietan. Halakoetan, lankidetza-hitzarmena formalizatuko da Udalaren eta entitatearen artean. Hitzarmen horretan, entitate horrek bere gain hartu­tako baldintzak eta betebeharrak arautuko dira.

8. artikulua. Pertsona edo entitate onuraduna izateko baldintzak eta debekuak.

1. Pertsona edo entitate onuraduna izan daitezke dirulaguntza ematea oinarritzen duen egoeran dauden pertsonak edo entitateak, edo ordenantza honetan eta deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituztenak.

2. Pertsona edo entitateak ezin dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, ondoren aipatzen diren arrazoietako bat dagoenean, dirulaguntzaren izaeragatik deialdiak berak salbuespena egiten duenean izan ezik:

a) Epai irmo baten bidez kondenatua izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera.

b) Konkurtsoaren deklarazioa eskatua izatea, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratua izatea, konkurtsoaren deklarazioa izatea, esku-hartze judizial baten pean egotea, edo desgaiturik egotea Konkurtso Legearen arabera, oraindik bukatu ez dela konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntza epealdia.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoak, merkataritzako sozietateen administratzaileek edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek bate­raezintasunen bat izatea kontratatzeko, kasu bakoitzari aplikatzen zaion berariazko legediaren arabera, edo Hauteskunde-araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak arautzen dituen hautapen bidezko karguetako bat izatea, hartan ezarritako moduan.

e) Dirulaguntza emateko ebazpen proposamena egiten den unean, bete gabe izatea zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, inda­rrean dauden xedapenek behartzen dutenez.

f) Egoitza fiskala izatea erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifika­tutako herrialde edo lurralde batean.

g) Udal honek edo haren erakunde autonomoek emandako dirula­guntzak itzultzera beharturik, haiek ordaindu gabe izatea.

h) Epai irmoz, zehapen gisa, dirulaguntzak hartzeko aukera galdu izana administrazio-prozedura batean, dirulaguntza eta laguntza publikoen arloan edo zerga arloan arau-haustea egiteagatik, edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko legediaren arabera.

i) Ordenantza honen 8. artikuluaren 3. apartatuaren bigarren paragra­foan aipatzen diren elkarteak ezin izanen dira pertsona edo entitate onu­radun izan, baldin haietako kideetako edozeinek aurreko debekuren bat badu.

j) Halaber, ezin izanen da dirulaguntzen onuradun izan bere edukien artean sexu-harremanetarako kontaktuen iragarkiak edo prostituzio-iragarkiak jasotzen dituen inongo elkarte edo entitate, eta halako jardue­ratzat hartuko da beste pertsona batzuekin sexu-harremanak diru truke edukitzea. (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.3 artikulua).

3. Ezin izanen dira inola ere izan ordenantza honetan araututako diru­laguntzen pertsona edo entitate onuradun edo entitate laguntzaile Elkar­tzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. arti­kuluaren 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak dituzten elkar­teak.

Halaber, elkarteak ezin izanen dira pertsona edo entitate onuradun edo en­titate laguntzaile izan, baldin eta etenik badaukate erregistroan inskri­batzeko administrazio-prozedura, lege-hauste penala egin izanaren arrazoiz­ko zantzuak atzeman eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedaturikoa aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

4. Halaber, ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman, Puiuko Udalarekin eta haren mendeko erakundeekin dauzkaten zorrak direla eta, premiamendu bidez kobratzeko prozeduran sarturik dauden entitate edo partikularrei, ez eta toki-erakunde honekin zerga-betebeharrak egunean ez dituztenei ere, harik eta zor horiek ordaindu eta likidatu arte edo zerga-betebeharrak bete arte. Ofizioz egiaztatuko dira inguruabar horiek.

Hala eta guztiz ere, salbuespen gisa, dirulaguntzaren izaera nolakoa den, aldez aurretik Puiuko Udalak eta haren mendeko erakundeek ofizioz kitatzen ahalko dituzte dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunekin kobratzeke dituzten zorrak, zenbateko horiek osorik edo parte batean konpentsatuta dirulaguntzen bidez; edo, baita ere, baldintza hori bete gabe uzten ahalko du, gizarte larrialdietako egoera berezietan.

Salbuespen hori aplikatu ahal izateko, aukera horrek jasota egon beharko du kasuan kasuko deialdian, hitzarmenean edo ordenantza honen 11. artikuluan aipatutako ebazpenean, eta espedientean justifikatu beharko dira, halaber, neurri horren salbuespen egoera egiaztatzen duten arrazoiak, txosten tekniko baten bidez.

5. Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko, artikulu honen 2., 3. eta 4. apartatuetan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, honako bideetako bat erabiltzen ahalko dute, hautara:

a) Lekukotza judizialaren, ziurtagiri telematikoen edo datu-transmis­ioen bidez, bat etorriz Estatuko Administrazio Orokorrak edo autonomia-erkidegoek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzea arau­tzen duten erregelamenduzko arauekin, edo kasuen arabera, adminis­trazio-ziurtagirien bidez.

b) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez. Deialdian berariazko frogabideak ezartzen ahalko dira. Betiere, administrazioak ahal­mena izanen du aurkeztutako adierazpen edo frogagiriak egiazkoak diren ikertzeko.

Ez da beharrezkoa izanen udal artxiboetan jasota dauden alderdiak agiri bidez frogatzea; halakoetan, entitatearen legezko ordezkariak erantzu­kizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, aditzera emateko udal artxi­boetan dauden agiriak indarrean daudela eta ez direla aldatu.

9. artikulua. Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

1. Hauek dira pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den helburua betetzea, edo proiek­tua gauzatzea, edo jarduera egitea edo jokabidea hartzea.

b) Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari justi­fikatzea betetzen direla betebeharrak eta baldintzak, eta gauzatu eta bete direla dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua.

c) Organo emaileak edo entitate laguntzaileak egin beharreko egiaz­tapenak onartzea, bai eta kontrol-organo eskudunek egin beharreko egiaz­tapenak eta finantza-kontrolak ere, eta halako jarduketak egiteko eska­tzen den informazio guztia ematea, udal artxiboetan jasota ez badago.

d) Organo emaileari edo entitate laguntzaileari komunikatzea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntzak, lagun­tzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta beti, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman baino lehen, frogatzea egunean daudela zerga-betebeharrak eta Gizarte Seguran­tzarekikoak. Ofizioz egiaztatuko da Puiuko Udalarekiko zerga-betebeharrak egunean daudela.

f) Egiaztatze eta kontrol ahalmenak behar bezala erabil daitezen berma­tzearren, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako dokumentuak behar bezala auditatuak izatea, pertsona edo entitate onuradunari kasu bakoitzean aplikatzen zaion merkataritzako eta sektoreko legeetan agindutako moduan, bai eta deialdietan eta ebazpenetan eska daitezkeen kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak ere.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elek­tronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

h) Behar bezalako publizitatea egitea, dirulaguntza jaso duten edono­lako programak, jarduerak, inbertsioak edo jarduketak Puiuko Udalak finan­tzatu dituztela jakitera emate aldera, baldin eta betebehar hori eskatzen badu kasuan kasuko deialdiak, hitzarmenak edo ebazpenak.

i) Jasotako funtsak itzultzea, ordenantza honek xedaturiko kasue­tan.

10. artikulua. Dirulaguntzak emateko irizpide objektiboak.

1. Deusetan ukatu gabe kasuan kasuko deialdietan ezarritako irizpide propioak eta berariazkoak, honako irizpide objektibo orokor hauek baliatzen ahalko dira Puiuko Udalak dirulaguntzak emateko oinarritzat:

1) Entitatearen antzinatasuna, ibilbidea eta udalerrian duen ezarpena, bai eta aurreko ekitaldian lortutako emaitzak ere.

2) Udalerriko edo Orbaibarko bizilagunek sustatzen dituzten jarduera artistikoetarako duten zaletasunaren eta kultura-mailaren gorakadaren gaineko inpaktua, oihartzuna eta eragina.

3) Haren aurrekontua osatzen duten gastuen eta diru-sarreren zenba­tekoa guztira, aurreikusitako defizita eta benetako finantzazio premiak.

4) Elkarteak duen bazkide kopurua eta kideen kualifikazio teknikoa edo profesionala.

5) Udalarekin proiektu kulturalen antolaketan eta kulturaren eta jaien programazioan ezarri duen lankidetza.

6) Aurkeztu den proiektuaren berrikuntza eta sormen maila.

7) Euskararen erabilera eta zabalkundea haren kultura programa­zioan.

8) Garatzekoa den kirol programaren garrantzia, entitateak hirian dituen ezarpenari eta errotzeari dagokienez.

9) Proiektua garatuko duten langileen kualifikazio tekniko eta profesio­nala.

10) Interesa eta eragina gizarteari eta kirolari dagokienez. Partaide kopurua eta ageriko eraginkortasuna eta emaitzak kirola sustatzeari eta garatzeari dagokienez.

11) Egitekoak diren kirol jardueren kostuak eta zenbateko ekono­mikoa.

12) Ekitaldiaren berezitasuna, kirol-izen onarekin, kalitatearekin eta mailarekin lotuta.

13) Gizarte interesa eta eragina, joan daitezkeen ikusleei, partaidetzari eta zaletasunaren sustapenari dagokienez.

14) Erakundeak jasandako kargak eta kostuak, egin beharko dituzten eginahalei, dauzkan baliabideei eta aurreikusten diren emaitzei dago­kienez.

15) Lortutako merituak eta maila, haren gizarte eta kirol testuinguruaren arabera ebaluatuta.

16) Herritarren artean lortutako errotzea eta tradizioa, lehiaketak orain arte izandako harrera onari lotuta.

17) Kalkulatzen den partaide kopurua eta lortutako hedapen soziala.

18) Jardueraren izaera berritzailea ikusle eta partaideen harrera onari dagokionez eskaintzen duen etorkizunarekin uztartuta.

19) Aurreko denboraldian izandako kirol ibilbidea eta lortutako emai­tzak.

20) Interesa eta eragina gizarteari eta kirolari dagokienez.

21) Lortutako merituak eta maila, haren gizarte eta kirol testuinguruaren arabera ebaluatuta.

22) Gazteendako proiektuek eta jarduerek xede duten biztanleria (bazkideak, gazteak oro har...).

23) Gazteendako proiektuaren edukia eta bilatzen dituen xedeak (aisia eta astialdia, minusbaliotasunak dituzten gazteen integrazioa, informazioa eta aholkularitza, hezkidetza eta berdintasunaren sustapena, bazterketa egoeren prebentzioa, asoziazionismoaren sustapena...).

24) Garatzekoa den proiektuaren prestaketa, kalitatea eta aurretiazko lana, herri mailako inpaktua, jarraitutasuna eta lankidetza izaera.

25) Proiektuaren argitasuna eta koherentzia.

26) Aurrekontuko kostua eta aurreikusitako helburuak bat etortzea.

27) Jardueraren xedeko ikasleek jasotzen dituzten ikasbide arautuak era egokian zabaltzea edo osatzea.

28) Xede dituen edo jardueran parte hartuko duten ikasleen kopu­rua.

29) Proiektuak Orbaibarko hainbat ikastetxe lotzea.

30) Proiektuaren zeharkakotasuna.

31) Proiektuan hezkuntza-komunitateko estamentu guztiek parte hartzea: ikasleek, irakasleek eta familiek.

32) Hezkuntza berrikuntza.

33) Desberdintasun sozioekonomikoak orekatzeko tresnak.

34) Proiektuak aurreikusita izatea beste finantzabide batzuk.

35) Proiektuak indartzea herritarren funtsezko eskubideak eta aska­tasunak, eta konstituzio eta estatutuko betebeharrak, eta haiekiko begiru­nean sakontzea.

36) Proiektuko jarduerek bilatzea ikasleen izaera etikoa eta intelektuala eta haien gaitasun kritikoa hobetzea eta sormenaren garapena eta gaitasun artistikoak sustatzea.

37) Proiektuak ingurunera egokitzea eta ekartzea ingurunea hobeki ezagutzea eta gizarte errealitatera hurbiltzea.

38) Proiektuaren xedea izatea ikasleak kontzientziatzea eta printzipio hauek zabaltzea: bizikidetza, genero-berdintasuna, besteekiko eta ondasun publiko eta pribatuekiko begirunea. Gizonen, emakumeen eta herrien arteko tolerantziaren eta elkartasunaren esparruan dena.

39) Proiektuak bizitza profesionaleranzko trantsizio positiboa, treba­kuntza teknikoa eta lan ohiturak bultzatzea.

40) Proiektuak sistema pedagogikoa hobetzea bilatzen duten espe­rientziak eta jarduketak lantzea.

41) Gaitasun eta errendimendu berezia.

42) Prestakuntza proiektuaren interesa.

43) Errenta maila.

44) Egoera ekonomikoa.

45) Gizarte eta familia egoera.

46) Merezimendu akademikoak.

47) Merezimendu artistikoak.

48) Kideen kopurua.

49) Komunitate ingurunearen barruko partaidetza eta ezarpena.

50) Dirulaguntza jasoko duen onuradunaren edo jardueraren ezau­garri bereziak, erakunde ofizial batek egiaztatuak, edo egoera berezi jakin bat egotea.

51) Eskatzaileen arteko hainbanaketa.

52) Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen duten jarduerak edo programak.

53) Ingurumen faktoreak.

54) Gizarte premiak.

55) Aukera-berdintasuna sustatzen duten jarduerak edo progra­mak.

56) Kulturarteko bizikidetza sustatzen duten jarduerak edo progra­mak.

57) Gizarte-bazterketaren kontrako borroka sustatzen duten jarduerak edo programak.

58) Despopulazioaren kontrako borroka sustatzen duten jarduerak edo programak.

59) Udalerrian erroldaturik duten antzinatasuna.

60) Eskabideak Erregistroan aurkezteko ordena kronologikoa.

61) Beste edozein irizpide, interes publikoa edo soziala bilatzen duena eta deialdiaren xedearekin bat datozen faktoreen diskriminazio positiboa dakarrena.

II. TITULUA

Dirulaguntzak emateko prozedurak

I. KAPITULUA

Prozeduren sailkapena

11. artikulua. Dirulaguntza emateko prozedurak: norgehiagokakoa, banakako ebaluazioaren bidezkoa eta zuzenekoa.

1. Dirulaguntzak emateko ohiko prozedura izapidetuko da norge­hia­gokako prozeduraren araubideari jarraikiz. Honako hau joko da norge­hiagokatzat: dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdi bakoitzean ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta dirulaguntza adjudikatzea irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei, deialdi bakoitzean ezarritako gastu muga gainditu gabe.

Eskaerak baloratzeko ebaluazio batzorde bat eratuko da, honako kide hauek osatua:

–Batzordeburua: ahal dela, alkatea edo dagokion alorreko zinegotzi ordezkaria izanen da.

–Kide bat, normalean korporazioko zinegotzietako bat izanen da, baina, dirulaguntzak eskabideen azterketa teknikoa eskatzen duen kasuetan, beharrezkotzat jotzen diren kanpoko teknikariak izendatzen ahalko dira.

–Idazkari kontu-hartzailea; hitza izanen du, baina botorik ez.

Ebaluazio batzorde bakoitza eratuko duten kideen izendapena kasuan kasuko deialdian adieraziko da. Bestela, alkateak egiten ahalko du geroago izendapen hori.

Batzordearen jarduna lotuko zaio administrazio-prozedura erkideari buruzko araudiak kide anitzeko organoendako ezarririko araubideari; txosten-proposamen arrazoitu bat eman beharko du, eginiko ebaluazioaren emaitza zehazteko.

Salbuespenez, deialdiaren xedea zein den eta horrexekin bat, eta deial­dian hala aurreikusiz gero, organo eskudunak dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzen ahalko du dirulaguntzetarako esleituriko gehieneko zenbateko osoa.

2. Aurreko apartatuan xedatua gorabehera, dirulaguntzaren izaera kontuan harturik "konkurrentzia" izan bai, baina ez badu "norgehiagokakoa" izateko ezaugarririk, hau da, "norgehiagokarik gabeko konkurrentzia" bada, "banakako ebaluazioaren araubidea" aplikatuko da.

Banakako ebaluazioaren araubidetzat joko da norgehiagokarik gabeko konkurrentzia prozedura, non eskaerak jaso ahala espedienteak izapi­detu eta ebatziko baitira eta dirulaguntzak emanen baitira horretarako aurrekontu-krediturik dagoen bitartean.

Banakako ebaluazioaren araubideari ordenantza honetan jasotako norgehiagokako prozeduraren arau orokorrak zaizkio aplikagarri, salbu eta "norgehiagokaren" berezko ezaugarriari dagozkion alderdietan edo eskakizunetan, aplikagarriak ez badira dirulaguntza mota honen izaera bereziagatik.

Araubide berezi honetan ez da nahitaez eratu beharko aurreko apar­tatuan xedatu den kide anitzeko balorazio batzordea; izan ere, instrukzio organoari egokituko zaio ofizioz egitea eskaeren gaineko ebaluazioa, bat etorriz deialdian, hitzarmenean, ebazpenean edo berariazko ordenantzan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunekin.

3. Dirulaguntza hauek zuzenean eman daitezke:

a) Puiuko Udalaren aurrekontu orokorrean berariaz izendatuta­koak.

b) Udalak ematen dituenak lege mailako arauren batek hala aginduta edo horien zenbatekoa zehaztuta. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

c) Salbuespen gisa, interes publiko, sozial, ekonomiko, hezkuntzazko, kultural, zientifiko zein humanitarioko arrazoiak edo behar bezala justifi­katutako beste batzuk egiaztatzen dituzten dirulaguntzak, baldin eta, hartzaileak direla-eta, konkurrentzia publikoaren aukera baztertu behar bada, dirulaguntzaren xedea gauzatzeko gaitasuna pertsona edo entitate onuradun bakarrak edo pertsona edo entitate onuradunen talde bakarrak daukalako.

4. Hala norgehiagokaren araubidearen nola zuzeneko prozeduraren bidez emandako dirulaguntzek ezin izanen dute gainditu dagokien deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean ezarritako zenbatekoa.

II. KAPITULUA

Dirulaguntzak norgehiagoka bidez emateko prozedura

12. artikulua. Hasiera: deialdia.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da beti.

2. Ofiziozko hasiera gauzatuko da ordenantza honetan ezarritako organo eskudunak onetsiko duen deialdi baten bidez.

3. Deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) argitaratu beharko da, eta haren laburpena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

4. Deialdiak eduki hau izanen du, gutxienez ere.

a) Adierazi beharko da Puiuko Udalaren Dirulaguntzen Ordenantza Orokorra behin betiko onesteko Udalbatzaren erabakia, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialaren zein zenbakitan eta zein datatan eman zen argitara ere, salbu eta oinarri arautzaileak deialdian bertan argitaratzen badira, berariazkoak direlako.

b) Aurrekontuetako zein kredituri egozten zaizkion dirulaguntzak, eta dauden kredituen barnean zein den dirulaguntzen gehieneko zenbate­koa.

c) Dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua.

d) Adierazi beharko da dirulaguntza emanen den norgehiagokaren araubidean ala banakako ebaluazioaren araubidean.

e) Dirulaguntza eskatzeko betebeharrak eta horiek frogatzeko modua.

f) Prozedura ebazteko organo eskuduna zein den, bai eta instrukzio organoa ere.

g) Balorazio Batzordeko kideak izendatzea, beharrezkoa den kasuetan.

h) Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

i) Ebatzi eta jakinarazteko epea.

j) Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta argibi­deak.

k) Ebazpenak administrazio bideari amaiera ematen diolako oharta­razpena.

l) Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

m) Hala behar badu, eta deialdiaren xedea zein den, adierazi beharko da ea gehieneko zenbateko osoa hainbanatuko den dirulaguntzen pertsona eta entitate onuradunen artean.

n) Jakinarazteko edo argitaratzeko bideak.

ñ) Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka jartzen ahal diren erre­kurtsoak.

o) Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

5. Gehigarri gisa, deialdiak honako alderdi hauek jasotzen ahalko ditu:

a) Azpikontratazioa egiteko aukera, betiere ordenantza honetan ezarritako mugekin bat.

b) Pertsona edo entitate onuradunak proiektuaren aurrekontuaren ehuneko zenbat finantzatu behar duen, dela bere funts propioekin, dela beste dirulaguntza batzuen bidez.

c) Ordaintzeko modua, behar izatera konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egiteko aukera ezarri eta justifikatuta.

d) Justifikatzeko modua, dagozkion agiriak aurkezteko epea eta ebaluazio memorian adierazi beharreko alderdiak.

e) Proiektuan aldaketak egiteko aukera, aurreikusi ez diren inguru­abarrak direla medio.

f) Beharrezkoa bada, eta dirulaguntzaren izaera nolakoa den, adierazi beharko da ea posible den ofizioz kitatzea dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, zenbateko horiek dirulaguntzen bidez konpentsatuta.

g) Beharrezkoa bada, pertsona edo entitate onuradunek edo entitate laguntzaileek eratu behar dituzten berme neurriak, eta horiek eratzeko, gordailutzeko eta ezerezteko modua.

h) Beharrezkoa bada, diruz lagundutako jardueraren gaineko agiri guztietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan udal honen dirulaguntza jaso duela adierazteko baldintza.

6. Deialdi bakoitzaren testuak oniritzi juridikoa izan beharko du.

7. Pertsona edo entitate interesdunen eskabidearekin batera, dagokion deialdian zehaztutako agiriak eta argibideak aurkeztuko dira, salbu eta eskatutako agiriak administrazio honen eskuetan badaude; halakoetan, haien ordez erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, agiriak noiz eta zer organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, kasua bada, egin ziren edo jasota dauden.

Inoiz ere ezin izanen dira bost urte baino gehiago iragan, dagokien prozedura amaitu zenetik.

Arestian xedatua gorabehera, administrazio honek ezin badu agiria eskuratu, aurkezteko eskatzen ahal izanen diote eskatzaileari edo, bestela, agirian erakusten diren baldintzak beste bide batzuen bidez frogatzeko, ebazpen-proposamena egin aurretik betiere.

8. Dirulaguntzen deialdiak, aukeran, agiri jakin batzuen ordez, onartzen ahalko du eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea.

9. Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak, pertsona edo entitate interesdunari zuzen dezala eskatuko zaio, gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egintzat joko dela, aurretiaz ebazpena emanik.

13. artikulua. Instrukzioa.

1. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa Puiuko Udaleko idazkariak eginen du.

2. Instrukzio organoak datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beha­rrezkotzat jotzen dituen jarduketak eginen ditu, ofizioz, horiei jarraikiz eginen baita ebazpen-proposamena.

3. Instrukzio jarduketek honako hauek barne hartuko dituzte, nahi­taez:

a) Ebazpena emateko beharrezkotzat jotzen diren txosten guztiak eskatzea. Txostena emateko epea 10 egunekoa izanen da, instrukzio orga­noak, txostenaren edo prozeduraren ezaugarriak kontuan hartuta, txos­tena epe luzeagoan edo laburragoan emateko eskatzen duenean izan ezik; betiere epeak ez du bi hilabetetik gora joko.

b) Eskaeren gaineko ebaluazioa, betiere deialdian ezarritako balorazio irizpideak, moduak eta lehentasunak aintzat harturik.

4. Instrukzio organoak aurre-ebaluazio bat eginen du, eta haren emaitza txosten batean jasoko da, non egiaztatuko baita, eskura daukan informazioaren arabera, pertsona edo entitate onuradunek betetzen dituztela halakoak izateko bete behar dituzten baldintza guztiak.

5. Aurre-ebaluazioko fasea bukaturik, espedientea balorazio batzor­dera igorriko da, eskaeren ebaluazioa egiteko, betiere dagokion deialdian hala zehaztuta badago. Balorazio batzordeak egin beharko du proposamen-txosten arrazoitu bat, eta bertan agertuko da egindako ebaluazioaren emaitza.

6. Instrukzio organoak, espedientea eta balorazio batzordearen txos­tena ikusita, ebazpen-proposamena eginen dio, behar bezala arrazoitua, ebazteko eskumena duen organoari.

7. Ebazpen-proposamenak ez du inolako eskubiderik sortzen propo­sa­tutako pertsona edo entitate onuradunarendako Puiuko Udalaren aurrean, harik eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion arte.

14. artikulua. Ebazpena.

1. Behin ebazpen-proposamena eta espedientearen gainerakoa jasota, organo eskudunak prozedura ebatziko du, betiere Udalaren Kontu-hartzailetzak hori fiskalizatu eta gero.

2. Ebazpena arrazoituko da ordenantza honetan eta bera arautzen duen deialdian ezarritakoarekin bat; prozeduran egiaztaturik gelditu behar dira emandako ebazpenaren oinarriak.

3. Ebazpenak hauek adierazi beharko ditu berariaz: dirulaguntza ematea onartzen zaien eskatzaileen zerrenda, dirulaguntzaren zenbatekoa eta, eskaera ezetsirik izanez gero, horien pertsona edo entitate eskatzai­leak.

4. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabete izanen da, gehienez ere. Epea kasuan kasuko deialdia argitaratu eta hortik aurrera zenbatuko da, salbu eta deialdiak berak ondorioak aurreragoko data batera geroratzen baditu. Prozedura ebazteko gehieneko epea iragaten bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

5. Ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie, eta amaiera emanen dio administrazio bideari. Adierazi beharko da zein errekurtso diren bidezko haren aurka eta horiek zein organo administratibori eta judiziali zuzendurik aurkeztu behar diren, eta zein epetan, interesdunek egokia iruditzen zaien beste edozein erabiltzen ahalko badute ere.

15. artikulua. Publizitatea.

1. Dirulaguntza emateko ebazpena Dirulaguntzen Datu Base Nazio­nalean argitaratuko da indarrean dagoen legediak hala eskatzen duenean, honako hauek adierazirik: deialdia, aurrekontuan dagozkion kreditua eta programa, pertsona edo entitate onuraduna, ematen den zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea edo xedeak. Alabaina, argitaratzea ez da inoiz ere beharrezkoa izanen honako kasu hauetan:

a) Emandako dirulaguntzen zenbatekoak, banan-banan hartuta, 3.000 eurotik beherakoak direnean. Kasu horretan, horren ordez, Udalaren Gardentasun Atarian argitaratuko da.

b) Dirulaguntzaren xedea dela eta, daitekeena denean pertsona edo entitate onuradunaren datuak argitaratzeak kalte egitea ohorearekiko errespetu eta babesari, pertsona fisikoen edo horien familiaren intimitateari, edo norberaren irudiari, maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan xeda­turikoaren arabera (Ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako babes zibilari buruzko Lege Organikoa).

2. Puiuko Udalak emandako edozein dirulaguntzak berekin ekarriko du dirua jaso duen jardueraren gaineko agirietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan Udal honen dirulaguntza jaso duela adieraztea, bai eta Puiuko Udalaren logotipoa agertzea ere.

3. Puiuko Udalak emandako dirulaguntza orok, edo Nafarroako administrazio publikoen parte-hartzea dutenek, emakumeen eta gizonen berdintasunezko, aniztasunezko eta estereotiporik gabeko irudi bat emanen dute, eta programazioak prestatzean hizkera eta irudi ez-sexistak erabiliko dituzte.

III. KAPITULUA

Udalaren aurrekontu orokorrean berariaz izendatutako dirulaguntzak zuzenean emateko araubidea eta prozedura

16. artikulua. Araubidea.

1. Udalaren aurrekontu orokorrean berariaz izendatuta ezarritako dirulaguntzak arautuko dituzte berak emateko ebazpenek nahiz berak bide­ratzeko sinatuko diren hitzarmenek. Hitzarmen horietan ezarriko dira aplikatzen ahal zaizkien baldintzak eta berariazko konpromisoak, betiere ordenantza honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako xedapenekin bat, salbu eta konkurrentzia eta publizitate printzipioei dagozkienak.

17. artikulua. Abiaraztea.

Dirulaguntza emateko prozedura ofizioz edo interesdunak eskatuta hasten da, eta ezinbestekoa da dirulaguntza jasoko duen pertsona publi­koaren edo pribatuaren aldeko berariazko kontsignazioa egotea udalaren aurrekontu orokorrean.

Udalaren aurrekontu orokorrean zehaztu beharko dira dirulaguntza izendunaren pertsona edo entitate onuraduna, zenbatekoa eta kontzeptua (objektua).

Aurrekontu-aplikazioa Udalaren aurrekontuan agertzeak ez du sortzen inolako eskubiderik pertsona edo entitate onuradunarendako, harik eta organo eskudunak, ezarritako prozedurari jarraiki eta gero, dirulaguntza emateko ebazpena ematen duen arte.

Halaber, aurrekontu-ekitaldi batean dirulaguntzaren bat esleitu izanak ez du hurrengo urtealdietarako inolako eskubide itxaropenik sortzen.

18. artikulua. Instrukzioa.

1. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa Puiuko Udaleko idazkariak eginen du.

Instrukzio jarduketek honako hauek barne hartuko dituzte, nahitaez:

a) Dirulaguntzaren hitzarmen arauemailearen testua egitea.

b) Txosten juridikoa sartzea, non jasoko baita, eskura dituen datuen arabera, pertsona edo entitate onuradunak baldintzak betetzen dituela dirulaguntza eskuratzeko.

c) Udalaren Kontu-hartzailetzaren txostena.

2. Behin instrukzioa buruturik, dirulaguntza emateko proposamena aurkeztuko zaio ordenantza honetan ezarritako organo eskudunari, onets dezan.

19. artikulua. Ebazpena.

1. Behin ebazpen-proposamena eta espedientearen gainerakoa igorrita, organo eskudunak dirulaguntzak emateko prozedura ebatziko du.

2. Ebazpena arrazoituko da ordenantza honetan eta indarrean dagoen araudian ezarritakoarekin bat, eta onuradunari jakinaraziko zaio.

20. artikulua. Dirulaguntzaren onarpena.

Dirulaguntzaren onarpena formalizatuko da alderdiek hitzarmena sinatzean.

IV. KAPITULUA

Gainerako dirulaguntzak zuzenean eta salbuespen gisa emateko araubidea eta prozedura

21. artikulua. Araubidea.

Salbuespen gisa, zuzenean ematen ahalko dira interes publiko, sozial, ekonomiko, hezkuntzazko, kultural, zientifiko zein humanitarioko arra­zoiak edo behar bezala justifikatutako beste batzuk egiaztatzen dituzten dirulaguntzak, baldin eta, hartzaileak direla-eta, konkurrentzia publiko­aren aukera baztertu behar bada, dirulaguntzaren xedea gauzatzeko gaitasuna pertsona edo entitate onuradun bakarrak edo pertsona edo entitate onuradunen talde bakarrak daukalako.

22. artikulua. Hasiera, instrukzioa eta tresna.

Emateko prozedura hasiko da ofizioz edo interesdunak eskatuta.

Dirulaguntzaren erabilgarritasuna, interes soziala edo helburu publiko baten lorpena arrazoitu ez ezik, espedientean eta txosten arrazoitu baten bitartez, justifikatu beharko da ezinezko izan dela publizitate eta konku­rrentzia printzipioak aplikatzea.

1. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa Puiuko Udaleko idazkariak eginen du.

a) Dirulaguntzaren hitzarmen arauemailearen testua egitea.

b) Txosten juridikoa sartzea, non jasoko baita, eskura dituen datuen arabera, pertsona edo entitate onuradunak baldintzak betetzen dituela dirulaguntza eskuratzeko.

c) Udalaren Kontu-hartzailetzaren txostena.

2. Behin instrukzioa buruturik, dirulaguntza emateko proposamena aurkeztuko zaio ordenantza honetan ezarritako organo eskudunari, onets dezan.

3. Aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera emaniko dirulaguntzak bideratzeko tresna, oro har, hitzarmena izanen da, eta bertan ezarriko dira berariazko baldintzak eta estipulazioak.

23. artikulua. Ebazpena.

1. Behin ebazpen-proposamena eta espedientearen gainerakoa igorrita, organo eskudunak dirulaguntzak emateko prozedura ebatziko du.

2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabete izanen da, gehienez ere. Epea zenbatuko da hasteko ebazpena ematen denetik aurrera, salbu eta ebazpenak berak ondorioak aurreragoko data batera geroratzen baditu.

3. Ordenantza honen 14. eta 15. artikuluak arautuko dituzte dirula­guntza emateko erabakiaren motibazioa, edukia, jakinarazpena, errekurtso-araubidea eta argitalpena.

24. artikulua. Prozedurako salbuespenak.

Salbuespenez, ez da beharrezkoa izanen aipatu hitzarmenik egitea, baldin eta, ordenantza honen 21. artikuluan jasotako inguruabarrez gain, honako bi baldintza hauek betetzen badira:

a) Dirulaguntzaren zenbatekoa 3.000 eurotik gorakoa ez bada, per­tsona edo entitate onuradun, jarduera eta ekitaldi bakoitzeko.

b) Jarduera gauzatuko duen pertsona fisiko edo juridikoaren edo entitatearen ezaugarriak direla eta, ezinezko gertatzen bada konkurrentzia publikoa sustatzea, dirulaguntzaren xedea gauzatzeko gaitasuna pertsona edo entitate onuradun bakarrak edo pertsona edo entitate onuradunen talde bakarrak daukalako.

Kasu honetan, dirulaguntza emateko ebazpenak berak ezarriko du zergatik ez den deialdia konkurrentzia bidez egin, salbuespena egiteko arrazoiak emanez. Ebazpenean, orobat, baldintzak eta konpromisoak eza­rriko dira, bai eta pertsona edo entitate onuradunak edo onuradunek jasotako funtsen aplikazioa justifikatzeko modua ere, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.

Nolanahi ere, dirulaguntzak emateko espedientea izapidetuko da. Espedientean txosten tekniko bat jaso beharko da, norgehiagoka bidez ezin dela gauzatu eta salbuespenezko prozedura hau nahitaez aplikatu behar dela egiaztatze aldera, bai eta txosten juridiko bat ere, hori zuzenbidearekin bat datorrela adierazteko.

III. TITULUA

Udalaren dirulaguntzak kudeatu eta justifikatzeko prozedura

I. KAPITULUA

Gastu diruz lagungarriak eta finantzaketa

25. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarritzat joko dira diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta deialdian edo hitzarmenean ezarritako epean egiten badira. Gastu diruz lagungarriaren eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatu-balioa baino handiagoa.

2. Deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean kontrakorik xedatu ezean, egindako gastutzat joko da deialdian edo hitzarmenean zehaztutako justifikazio-aldia amaitu aurretik benetan ordaindu dena.

3. Honako hauek ez dira inoiz gastu diruz lagungarritzat hartuko:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

d) Tokiko tributuak, legean aurreikusi gabeko salbuespen fiskalak badira, eta toki ogasunarekiko zorren konpentsazioak edo murrizketak.

e) Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak. Zehazki, balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, pertsona edo enti­tate onuradunak ordaindutako zenbatekoak gastu diruz lagungarriak dira baldin eta kostu errealak badira, hau da, pertsona edo entitate onuradunak benetan ordaindu baditu eta kengarriak ez badira; izan ere, kengarriak badira, pertsona edo entitate onuradunak zerga berreskura lezake. Onuradunak modu fede-emailean frogatu beharko du.

f) Errentaren gaineko zerga pertsonalak.

26. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1. Eskatzen ahalko da diruz lagundutako jarduera zati batean edo ehuneko batean funts propioekin finantza dadila, dirulaguntzaren deialdi, hitzarmen edo ebazpenean. Justifikatu beharko da finantzaketa horren zen­batekoa eta jatorria, bai eta diruz lagundutako jardueran egindako aplika­zioa ere.

2. Dirulaguntzaren deialdi, hitzarmen edo ebazpenean bateragarritasun edo bateraezintasun araubidea zehaztuko da, xede bererako beste dirula­guntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzeko beste edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik, deusetan ukatu gabe hurrengo apartatuan xedatzen dena.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, dela bakarrik, dela beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.

4. Dirulaguntzak emateko kontuan harturiko baldintzetan egiten den aldaketa orok eta, betiere, deialdi, hitzarmen edo ebazpenean baimendutako kasuetatik kanpoko beste ekarpen batzuk ere eskuratzeak eragiten ahalko du dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

5. Dirulaguntzaren zenbatekoa banaka zehaztu ahalko da edo gas­tuetarako ezarritako portzentajeak aplikatzetik aterako da edo jarduerak berak ezarriko du.

6. Defizit erreala edo gastu errealak eskaera egitean aurreikusiak baino gutxiago diren kasuetan, kontuan harturik, betiere, horien arabera zehaztu zela hasiera batez dirulaguntzaren zenbatekoa, aintzat hartuko da inguruabar hori, eta proportzioan murriztuko da behin betiko ordaindu beharreko kopurua.

7. Deialdiaren oinarri arautzaileetan horrela ezartzen den guztietan, eman ez den aurrekontuko zenbatekoa hainbanatu ahalko da deialdiaren gainerako pertsona edo entitate onuradunen artean, gehieneko zenbateko osoa gainditu gabe.

8. Konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak eskatu ahalko dira justifikatuz gero. Beraz, justifikatu aurretik funtsak eman ahalko dira, dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatu ahal izateko finantzabide gisa.

II. KAPITULUA

Dirulaguntzaren justifikazioa eta kobrantza

27. artikulua. Justifikazioaren gaineko arau orokorrak.

1. Justifikazioa dirulaguntzaren onuradunaren nahitaezko egintza bat da eta berekin dakar egiaztatzea ezarritako baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko egintzan aurreikusitako helburuak lortu direla.

2. Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, azken kasu horretan hala ezarri bada deialdian, kontzesio-ebazpenean edo hitzarmenean.

3. Justifikazioa hurrengo artikuluan xedatutako moduan dokumenta­tuko da, eta deialdian, kontzesio-ebazpenean edo hitzarmenean ezarrita­koarekin bat etorriz.

4. Dirulaguntza eman bada hartzailearen halako egoera batengatik, egoera bera baizik ez da frogatu behar zuzenbidean onarturiko edozein bide erabiliz, betiere dirulaguntza eman aitzin, aparte utzita hori horrela dela egiaztatzeko ezar daitezkeen kontrolak.

5. Justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu ondoren, zerbitzu edo zentro kudeatzaileak txostena egin beharko du, ordenantza orokor honetan edo deialdian eskatutako betekizunetara egokitzen den ala ez adierazteko.

6. Dirulaguntza egiaztatzeko eskumena duen administrazio-organoak ikusten badu zuzen daitezkeen akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emanen dio onuradunari, eta hamar eguneko epea emanen dio horiek zuzentzeko.

7. Ezarritako justifikazio-epea igaro eta administrazio-organo esku­du­nari zuzenketarik aurkeztu ez bazaio, organo horrek onuradunari eska­tuko dio aurkez dezala hamabost eguneko epe luzaezinean. Justifikazioa apartatu honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, itzuli egin beharko da, eta horrek berekin ekarriko ditu Dirulaguntzei buruzko Lege Oroko­rrean ezarritako gainerako erantzukizunak. Justifikazioa apartatu honetan ezarritako epe gehigarrian aurkezteak ez du onuraduna salbue­tsiko Diru­laguntzei buruzko Lege Orokorraren arabera dagozkion zehapene­tatik.

8. Dirulaguntza titulu honetan ezarritakoaren arabera justifikatzeko betebeharra betetzen ez bada edo behar bezala justifikatzen ez bada, kobratzeko eskubidea galduko da osorik edo zati batean, eta, hala badagokio, dirulaguntza itzuli beharko da Ordenantza Orokor honen IV. tituluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean ezarritako baldintzetan.

28. artikulua. Justifikatzeko modua.

1. Justifikazioa egindako gastua justifikatzeko kontuaren bidez eginen da eta, deialdian, emateko ebazpenean edo hitzarmenean ezarritako moduan. Nolanahi ere, onuradunak egiaztatu beharko du emandako dirula­guntzari eman zaion publizitatea, deialdian, ebazpenean edo hitzarmenean adierazitako baldintzetan.

Justifikazioko kontua aurkezteko, deialdiak, kontzesio-ebazpenak edo hitzarmenak zehazten duen eredua erabiliko da, eta honako informazio hau jasotzen ahalko du, diruz lagundutako jardueraren, jarduketaren edo helburuaren arabera:

a) Hala badagokio, dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak bete dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak azalduta.

b) Hala badagokio, egindako jardueren kostua justifikatzen duen me­moria ekonomikoa, honako hauek bilduko dituena:

–Diruz lagundutako jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatu bat, hartzekoduna eta agiria identifikatuta, baita zenbatekoa, jaulkipen eguna eta, kasua bada, ordainketa eguna ere. Baldin dirulaguntza ematen bada aurrekontu baten arabera, adieraziko da zer desbideratze izan diren.

–Aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan jasotako fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea duten dokumentuak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, gutxienez emandako dirulagun­tzaren zenbatekoarekin, eta, hala badagokio, ordainketa egiaztatzen duen dokumentazioa.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren zerrenda xehatu bat, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

c) Ondorioak eta lortutako emaitzak.

2. Justifikazioko kontuak deialdian, ebazpenean edo kontzesioan eskatutako beste dokumentu batzuk ere jasotzen ahalko ditu, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduan xedatutakoaren arabera.

29. artikulua. Justifikazio epea.

1. Dirulaguntzak justifikatu beharko dira deialdian, emateko ebazpe­nean edo hitzarmenean ezarritako epean.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoaren heren bateko justifikazio partzialak egiten ahalko dira gutxienez, azken justifikazioa izan ezik; izan ere, azken justifikazio hori egiteko dagoen gainerakoagatik egiten ahalko da, nahiz eta dirulaguntzaren herenera ez iritsi.

3. Dirulaguntza ematen duen organoak justifikazioa aurkezteko ezarritako epea luzatzen ahalko du. Luzapen hori ez da izanen justifikaziorako epearen erdia baino handiagoa, eta, betiere, ez da hirugarrenen eskubideen kalterako izanen.

4. Luzapena emateko baldintzak eta prozedura Administrazio Publi­koen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Le­gearen 32. artikuluan xedatutakoak dira.

30. artikulua. Justifikazioa egiaztatzea eta txostena.

Instrukzio-organoak egiaztatuko du dirulaguntza behar bezala justifikatu dela, jarduera egin dela eta dirulaguntza ematea edo baliatzea eragin duten helburuak bete direla, ordenantza orokor honetan eta dagokion deialdian, emateko ebazpenean edo hitzarmenean xedatutako baldintzetan.

Egiaztapena egin ondoren, dagokion txostena emanen da, eta, Kontu-hartzailetzak aldez aurretik fiskalizatuta, aurkeztutako justifikazioa onar­tzeko edo deuseztatzeko eta/edo itzultzeko espedientea hasteko proposa­mena eginen du, dagokionaren arabera.

31. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Dirulaguntza ordaintzeko, onuradunak aldez aurretik justifikatu beharko du dirulaguntza emateko arrazoi izan zen jarduera, proiektua, helburua edo portaera gauzatu duela, dirulaguntza arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da behar bezala justifikatzen ez bada edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako arrazoietako bat gertatzen bada, lege horren 42. ar­tikuluan ezarritako prozedura aplikatuz.

2. Dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egiten ahalko dira. Konturako ordainketa horiek zatikatuak izaten ahalko dira, diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahalean eginen direnak. Aurkeztutako justifikazioaren araberako zenbatekoa ordainduko da.

Ordainketa aurreratuak ere egiten ahalko dira, hau da, justifikazioa egin aurretik funtsak eman, dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatu ahal izateko finantzaketa gisa. Aukera hori eta berme araubidea berariaz ezarri beharko dira dirulaguntzaren deialdian.

Ezin izanen zaie onuradunei ordainketa aurreraturik egin, baldin eta horiek beren borondatez konkurtso-egoeraren deklarazioa eskatu badute, prozeduraren batean kaudimengabetzat jo badituzte, konkurtso-egoeran badaude –bertan hitzarmen batek indarraldia hartu ezean–, kontu-hartze judizial baten pean badaude edo, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, desgaitutzat jo badituzte, konkurtso-egoera deklaratzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.

Konturako ordainketak edo ordainketa aurreratuak egitea, eta berme araubidea, berariaz ezarri beharko dira dirulaguntzaren deialdian.

2. Ezin da dirulaguntza ordaindu onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu, edo itzulketa-ebazpen baten ondorioz zordun bada, hargatik eragotzi gabe gizarte-larrialdietarako egoeretarako ezarritako salbuespenak ordenantza honetan, deialdian, ebazpenean edo hitzarmenean.

IV. TITULUA

Laguntza itzultzea

32. artikulua. Baliogabetasuna eta itzulketa. Arrazoiak eta proze­dura.

1. Dirulaguntza bat emateko ebazpena baliogabetzeko arrazoiak dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritakoak. Kasu horietan, aipatutako manuaren arabera jokatuko da.

2. Emandako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea erabat edo parte batean galdu dela deklaratzen ahalko da Dirulaguntzei buruzko Lege Oro­korraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan. Ordainketa oso edo par­tzia­len bat egin bada, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta dirula­guntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabaki arteko berandutze-interesak eskatuko dira. Horretarako, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 42. artikuluan eta lege horretako itzulketari buruzko gainerako aginduetan ezarritako prozedura aplikatuko da.

3. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren II. tituluan ezarritakoa aplikatuko da.

BOSGARREN TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

33. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Dirulaguntzen arloko zehapen araubidea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren IV. tituluan ezarritakoa izanen da.

2. Alkatetzari dagokio titulu horretan ezarritako zehapenak ezartzeko eskumena, eskumen hori eskuordetzen ahal badu ere.

XEDAPENAK

Xedapen iragankorra.–Prozeduren araubide iragankorra.

Ordenantza Orokor hau indarrean jartzen den unean hasita dauden dirulaguntzak emateko prozedurei aplikatuko zaie hasi ziren unean indarrean zegoen araudia. Ondorio horietarako, prozedura hasitzat jotzen da norgehiagokako dirulaguntzetarako deialdia onesten den unetik, eta dirulaguntza emateko ebazpena ematen den unetik, edo zuzenean emateko direnendako hitzarmena sinatzen den unetik.

Aurreko apartatuan xedatutakoa hala izanik ere, Ordenantza Orokor honetan ezarritako zehapen araubidearen prozedurak indarrean jartzen direnetik aplikatuko dira.

Xedapen indargabetzailea.

Indargabetuta geratzen dira Ordenantza Orokor hau indarrean jartzean indarrean zeuden gainerako dirulaguntzen oinarri arauemaileak, baita Puiuko Udalak dirulaguntzen araubide juridikoari buruz onetsitako beste edozein arau, udal aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritakoa alde batera utzi gabe.

Azken xedapenetako lehena.–Araubide gehigarria.

Ordenantza Orokor honetan aurreikusten ez den guztirako, aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatua, baita Dirulaguntzei buruzko Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatua ere.

Azken xedapenetako bigarrena.–Ordenantza indarrean jartzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, ordenantza hau ez da indarrean jarriko eta ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte, eta igaro arte Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea, Estatuko Administrazioak edo Foru Komu­nitateak toki-erakundeei beren egintzak eta erabakiak baliogabetzeko errekerimenduak egiteko ahalmena baliatzeko.

Iragarkiaren kodea: L2212541