199. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

26/2022 FORU LEGEA, irailaren 29koa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aldatzekoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

FORU LEGEA, DIRULAGUNTZEI BURUZKO AZAROAREN 9KO 11/2005 FORU LEGEA ALDATZEKOA.

Dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagoka da, eta oso kasu zehatzetan baizik ez dira zuzenean ematen, besteak beste, "dirulaguntza izendunak" izenaz ezagutzen direnak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.2.a) artikuluan jasota daudenak alegia. Manu horren arabera, ekitaldi bakoitzeko Aurrekontuei buruzko Foru Legean aurreikusitako dirulaguntzak zuzenean eman daitezke, Parlamentuak onetsitako zenbatekoan, helburu jakin baterako eta hartzaile jakin bat identifikatuta. Horrek ez du eragozten foru lege horretan araututako gainerako gaiak aplikatzen jarraitzea: oinarri arautzaileen edukia, justifikazioen araubidea, aurrerakinak eta ordainketak, gastu diruz lagungarriak.

Bestalde, Nafarroako 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 20/2017 Foru Legean, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40. artikulua aldatu zen, etorkizuneko ekitaldien kargura gastu-konpromisoak hartzea eragozteko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.2.a) artikuluan jasotako dirulaguntzak ematen direnean. Artikulu horren testuak behartzen du dirulaguntza izendunen oinarri arautzaileak eratzera halako moldez non obligazioak ekitaldi berean aitortuko diren, eta horrek oso eragin negatiboa izan dezake lortu nahi den helburuan; izan ere, litekeena da proiektuak edo jarduerak gauzatzeko denbora luzeagoa behar izatea ekitaldiaren amaieran obligazioa aitortu beharrak dakarrena baino, eta aurrerakina dirulaguntzak ordaintzeko modu gisa erabiltzea ez da beti posible izaten. Dirulaguntzaren xede diren jarduketetarako denbora luzeagoaren beharra bereziki nabarmena da ziurgabetasun ekonomikoko garai hauetan, non kontratazio publikoko prozesuetan atzerapenak gertatzen ari baitira lizitatzailerik ez dagoelako eta kontratuen adjudikazioa atzeratzen ari delako; hori eragin handia izaten ari da kontratazio publikoari buruzko araudiaren mende dauden erakundeek jasotzen dituzten dirulaguntzetan.

Ondorio negatibo horiek saihesteko, beharrezkoa da dirulaguntza horien ordainketa aurreratua egiteko aukera, 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan jasotakoa, "dirulaguntza izendunetara" zabaltzea, aurrekontuaren urteko denbora-mugak ez dezan eragin justifikaziorik gabeko murrizketarik dirulaguntzaren xede den proiektua edo jarduera gauzatzeko. Horrela, obligazioak ekitaldi berean aitortu beharko dira beti, eta dirulaguntza ematen duten organoek dirulaguntza horien jarraipena eta egiaztapenak egin beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 38. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bestalde, ziurtatu behar da diruz lagundutako jarduketak berehala hasiko direla gauzatzen, eta gauzatuko direla arrazoizko epeetan, jarduera horien izaerarekin bat datozenetan; bestela, onuradunaren aldi baterako finantzaketa-mekanismo bihur liteke, emandako dirulaguntzaren izaera finalistarekin bateraezina da, eta nekez justifika daiteke eraginkortasunaren ikuspegitik, onura publikoko helburu bat lortzeari dagokionez. Dagoeneko finantzatuta dauden jarduketak gauzatzean justifikaziorik gabeko atzerapenak saihesteko, egokitzat jotzen da 33.5 artikuluari beste paragrafo bat gehitzea, justifikazio-epeei buruzkoa.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legea adierazitako moduan aldatuta, lehen aipatutako ondorio negatiboak saihestuko dira. Hala ere, ekitaldi honetan jada emandako dirulaguntzetarako, komenigarria litzateke bermatzea oinarri arautzaileak aldatu ahal direla emandako zenbatekoaren aurrerakinaren aukera sartzeko. Aldaketa horretarako ez litzateke arazorik egon behar, baina dirulaguntzak ematea oinarritu zuen esparru juridikoa ez den beste bat aplikatu nahi denez, arrazoizkoa da planteatzea aldaketa horiek lege-estaldura espezifikoa izan behar dutela. Horrenbestez, hori jasoko duen xedapen iragankor bat gehitu beharko litzateke.

Artikulu bakarra.–Aldaketa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean.

Bat.–33. artikuluaren 2. apartatuaren lehen paragrafoa aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"2. Gainerako onuradunen kasuan, emandako dirulaguntzaren ordainketak aurreratzen ahalko dira dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan hori berariaz aurreikusten denean soilik, oinarriok ezarritako muga, baldintza eta, hala egokituz gero, bermeekin, eta, betiere, dirulaguntzaren xedeak betetzeko funts-horniduraren beharra justifikatzen baldin bada, edo foru lege honen 17. artikuluko 2.a) apartatuan adierazitakoaren babesean emandako dirulaguntzak direnean".

Bi.–33. artikuluaren 5. apartatuari beste paragrafoa bat gehitzen zaio. Hauxe da edukia:

"Oinarri arautzaileek dirulaguntzaren guztizko aurrerakina emateko aukera ezartzen duten kasuetan, diruz lagundutako jarduera dirulaguntza ematen den ekitaldian hasi beharko da, eta gauzatzeko epea izanen da dirulaguntzaren izaerari dagokiona, baina gainditu gabe Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean urte anitzeko gastu-konpromisoetarako oro har jasotakoa".

Xedapen iragankorra.–Emanik dauden dirulaguntzak.

Foru lege honen edukia aplikatuko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.2 a) artikuluan xedatutakoaren babesean emanik dauden dirulaguntzei.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko irailaren 29an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2213145