197. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Aldaketa, Etxeko laguntza-zerbitzua arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Orkoiengo Udalak, 2022ko ekainaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxeko laguntza-zerbitzua arautzen duen udal ordenantzaren 8. artikulua aldatzea. Hasierako onespena 2022ko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 5ean.

Orkoiengo Udalak, 2022ko irailaren 15ean egin osoko bilkuran, ordenantzaren aldaketaren testuan atzemandako akatsa zuzendu zuen.

Bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), eta jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Orkoienen, 2022ko irailaren 21ean.–Alkatea, Carlos Arróniz Loyola.

ETXEKO LAGUNTZA-ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAREN 8. ARTIKULUAREN ALDAKETA

8. artikulua. Tarifak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira familia-unitatearen diru-sarrerak, eskaeraren aurreko urteari dagozkionak. Baloratuko dira lanetik, langabeziatik, pentsioetatik eta errentetatik datozen diru-sarrerak, bai eta landa-lurreko eta hiri-lurreko ondasunak, salmentak eta kapital-etekinak ere, eta, oro har, familia-unitatean diru-sarrerak dakartzaten guztiak. Helburu horretarako eta mendekotasuna duten pertsonen kasuan, kontuan hartuko da Eskubide Sozialetako Departamentuak egindako balorazioa.

Familia-unitatea da:

–A) Familia-unitatean mendekotasun-balorazioa duen pertsonaren bat baldin badago:

–Ezkontideak eta adingabeko seme-alabak, salbu eta gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi direnak.

–Bikote egonkorra eta adingabeko seme-alabak, salbu eta gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi direnak.

–Legezko banantze kasuetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik ez dagoenean, bikotea egonkorra ez denean edo bizikidetzarik ez duenean, amak edo aitak eta berarekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen duten unitatea, aurreko paragrafoetan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

–Familia-unitateko kide gisa sartu ahal izanen dira 18 eta 25 urte bitarteko seme-alabak, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoak badira eta gurasoengandik bereizirik bizi ez badira.

B) Familia-unitatean mendekotasun-balorazioa duen pertsonarik ez badago:

–Familia-unitatetzat hartzen da Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean ezarritakoa (etxebizitza berean bizi diren pertsonen multzoa, bigarren mailara arteko zuzeneko eta alboko ahaidetasuna dutenak, ezkontza-ahaidetasunagatik eta/edo harreman afektiboagatik).

Bigarren kasu horretan honela aterako da hilabeteko errenta, haren gainean tasa aplikatzeko:

Familia-unitatearen kontzeptu guztietako urteko diru-sarrerak kontatuko dira. Landa-lurreko eta hiri-lurreko ondasunei dagokienez, katastro-balioaren %3 zenbatuko da, ohiko bizilekua salbuetsita.

Kasu guztietan (A eta B), tarifa kalkulatzeko gastu kengarriak izanen dira mendekotasunaren arretari dagozkionak (eguneko zentroa, garraioa, zainketen kontratazioa eta beste batzuk).

Gaitasun ekonomikoaren balorazioa egiten zaien pertsonak edozein testamentutan beren alde dauden xedapenak aitortzera beharturik daude, baita azken 5 urteetan egin ondare-eskualdaketak ere.

Familia-unitatea B kasuan sartuta badago (mendekotasuna duen pertsonarik gabe) eta eskatzaileaz/ez gain, seme-alabek, suhiek, errainek, bilobek eta abarrek ere osatzen badute, horien diru-sarreren %50 hartuko da kontuan.

Aurrerago azaldu diren diru-sarrera guztien batuketaren emaitza zatituko da hamabi hilabetetan eta familia-unitateko kideen kopuruaren artean.

Hileko tasak aplikatzeko, arreta orduen kopurua biderkatuko da arreta orduaren prezioarekin. Arreta orduaren prezioa taula honetatik aterako da:

A) Familia-unitateak, mendekotasuna duten pertsonak badituzte.

Kuota sinbolikoa izanen da, eta hilean 8 eurokoa, honako diru-sarrera hauek gainditzen ez dituzten familia-unitateetan:

–OAEAParen %215 (Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa), kide konputagarri 1 duten familietan.

–OAEAParen %280, kide konputagarri 2 edo gehiago dituzten familietan.

2022rako OAEAP: 579,02 euro hilean.

Mendekotasuna duten pertsonak dituzten familiendako tasak, baldin eta aipatutako diru-sarrerak gainditzen badituzte, baloratuko dira baremo honen arabera:

–Diru-sarrerak OAEAParen %280tik gora, %295 gehienez ere: 4 euroko tarifa orduko.

–Diru-sarrerak OAEAParen %305 gehienez ere: 6 euroko tarifa orduko.

–Diru-sarrerak OAEAParen %320 gehienez ere: 8 euroko tarifa orduko.

–Diru-sarrerak OAEAParen %335 gehienez ere: 12 euroko tarifa orduko.

–Diru-sarrerak OAEAParen %350 gehienez ere: 16 euroko tarifa orduko.

–Diru-sarrerak OAEAParen %350 baino handiagoak: Nafarroako Gobernuak orduko ezartzen duen kostuaren pareko tarifa.

B) Familia-unitateak, mendekotasuna duten pertsonarik gabe.

Mendekotasuna duten pertsonarik gabeko familiendako tasak baremo honen arabera arautuko dira:

–Diru-sarrerak OAEAPa baino txikiagoak: 8 euroko tarifa hilean.

–Diru-sarrerak OAEAParen %105 gehienez ere: 12 euroko tarifa hilean.

–Diru-sarrerak OAEAParen %120 gehienez ere: 2,21 euroko tarifa orduko.

–Diru-sarrerak OAEAParen %135 gehienez ere: 4,42 euroko tarifa orduko.

–Diru-sarrerak OAEAParen %150 gehienez ere: 6,63 euroko tarifa orduko.

–Diru-sarrerak OAEAParen %165 gehienez ere: 8,85 euroko tarifa orduko.

–Diru-sarrerak OAEAParen %180 gehienez ere: 11,06 euroko tarifa orduko.

–Diru-sarrerak OAEAParen %195 gehienez ere: 13,27 euroko tarifa orduko.

–Diru-sarrerak, OAEAParen %200 gehienez ere: 14,75 euroko tarifa orduko.

–Diru-sarrerak, OAEAParen %250 gehienez ere: 17,20 euroko tarifa orduko.

–Diru-sarrerak OAEAParen %250 baino handiagoak: Nafarroako Gobernuak orduko ezartzen duen kostuaren pareko tarifa.

Bi modalitateetan (A eta B), guraso bakarreko familia-nukleoa duten familia-unitateetan, dagokion baremoaren aurre-aurrekoa, txikiagoa alegia, aplikatuko da.

31. ordutik aurrera, ezarritako prezioaren %50 aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: L2212734