196. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

885E/2022 EBAZPENA, irailaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren txostena egiten baita Buñuelgo Pestriz finkaren ureztatze modernizaziorako proiektuari buruz. Traza Sostenible SL da sustatzailea.

2021eko abenduaren 23an, “Buñuelgo Pestriz finkaren ureztatze modernizaziorako proiektu” izeneko dokumentua bidali zitzaion Biodibertsitate Zerbitzuari, Traza Sostenible SL enpresak sustatua, espedientearen ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera.

Espediente hori II. eranskinean dago, 1. c) taldean. 1. Lur ureztatuak finkatzeko eta hobetzeko proiektuak, 100 ha-tik gorako azalera hartzen badute (I. eranskinean sartzen ez diren proiektuak), Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeari jarraikiz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarri beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena eman beharrari buruz txosten horretan ezarritako moduan.

Proiektuaren deskribapena

Proposatutako modernizazioaren helburua uraren erabileraren efizientzia hobetzea da, bai eta ongarrien eta fitosanitarioen kudeaketa hobetzea eta nekazaritza lanetan behar den denbora murriztea ere.

Horretarako, finka osoan ureztatzea 294 hektareatik 282 hektareatan modernizatzea aurreikusten du sustatzaileak proiektuan, hala nola erreten eta grabitate bidezko egungo ureztatzetik presio bidezko ureztapenera aldatzea. Horren eraginez, labore horiek multzokatu egin beharko lirateke, 8 zona osatuz; beraz, lurzati bakoitzeko batez besteko azalera aldatu eginen litzateke: egungo lurzatietan 2,235 ha izatetik lursail berrietan 35,488 ha izatera. 172,6 hektarea inguru ureztatu nahi dira aspertsoreak instalatuz eta beste 111,3 hektarea pivot bidez.

Gaur egun ureztatzeko urak finkara eramaten dituen erretenaren ordez, lurpeko beste hodi bat jarriko da, 3,7 km ingurukoa, Lodosako kanaletik (El Montecillo, Buñuel eta Cortes) finkaraino. Hargunetik doan hodiak 2200 m inguru izanen ditu, DN 630 diametroko PVCzko hodiarekin, 1.493 m-ren diametroa DN 500 izanik. Hargunetik finkara arteko ibilbidea zuzena da: lehen tartea A-68 autobideraino doa landa bide batetik, eta bigarren tartea, berriz, A-68 errepidetik doa, laboreetan zehar, trenbideraino, Pestriz finkaren egungo erretenaren eta Udaleko ureztatze erretenarekiko paraleloan. Aurreikuspenen arabera, hodi berriak autobia eta trenbidea zeharkatuko dute, egungo erretenak bi azpiegiturak gurutzatzeko instalatuta dituen sifoiak aprobetxatuz. Kanalean hartunerako obra berri bat ere eraikiko da, baita altzairu helikosoldatuzko hodi bat ere, 500 mm-ko diametrokoa.

Pivoten zerbitzurako, 13,2 kV-ko aireko linearen eta 50 kVA-ko aireko transformazio zentroaren erdi tentsioko instalazio elektrikoa gauzatzea aurreikusten da, bideragarria bada.

Aurreikusten da finkako laboreetan fertirrigazioa gauzatu ahal izateko prestatzea ureztapena.

Obra guztietan –bideak, erretenak eta mugak desegiteko eta finkak birprofilatzeko lanak eta abarrak barne hartuta–, aurreikusita dago mugituko den landare lurraren bolumen osoa 60588,83 m³ izatea, eta mugituko diren soberako lurrak, berriz, 5000 m³ inguru.

Ingurumen eraginaren ebaluazio erraztua izapidetzea

Aurkeztutako dokumentazioan, Pestriz finkako ureztapena modernizatzeko proposamen teknikoa eta Lodosako kanalean gaur egun dagoen hargunetik lurpeko hoditeria berria egiteko proposamena jasotzen dira. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehaztutakora egokitzen den ingurumen eraginaren azterketa bat ere biltzen du. Bertan, proposamenaren justifikazioa, alternatiben azterketa, ingurunearen deskribapena eta obren, ustiapenaren eta desegitearen faseetako eraginen ebaluazioa jasotzen dira, eta obren faserako eta ustiapen faserako neurri zuzentzaileak proposatzen dira.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Txosten honen I. eranskinean laburbiltzen da izapide hori.

Sustatzaileak, 2022ko martxoaren 31ko Ingurumena Eraginaren Atalaren lehen txostenari erantzunez, dokumentazio osagarria jasotzen duen eranskin bat entregatu zuen 2022ko maiatzaren 25ean. Bertan, zenbait murrizketa eta neurri zuzentzaile eta konpentsatzaile berri jasotzen dira, bai eta birlandatzeko proposamen bat ere, jarduketaren ingurumen integraziorako.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarri beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena eman beharrari buruz txosten horretan ezarritako moduan.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta

Sustatzaileak 3 aukera aztertu ditu (jarduketarik eza, lurzatiak multzokatu gabe modernizatzea eta lurzatiak multzokatuta modernizatzea), eta zehaztu du modernizazio proposamenak, finkaren nekazaritza erabilera hobetzeaz gain, hainbat ingurumen abantaila dituela: CO2 isuriak murriztea, ureztatzearen eraginkortasuna hobetzea eta ongarri eta fitosanitarioek eragindako kutsadura murriztea ahalbidetzen du.

Natura 2000 Sarea, habitatak, konektibitatea, flora eta fauna.

Proposamena Natura 2000 Sarean kokatzen ez bada ere, proiektuaren eremuak ingurumen balio potentziala du naturguneen arteko lotune gisa, bereziki Ebro ibaia eta Peñadil, Montecillo eta Monterrey kontserbazio bereziko eremuak Ablitasen. Beraz, interesekoak dira finka eta haren ingurunea sakabanatuta dauden edo zeharkatzen duten elementu naturalak (abelbideak eta lotutako larreak, ureztaketen drainaketa kanalak, lurzatien ertzak eta azpiegiturak, eta finketan tartekatutako zuhaiztiak eta zuhaitz lerrokadurak).

Lursailak handiagotzeak, laboreak homogeneizatzeak eta mugak, bideak eta erretenak kentzeak eragina dute eremua elikatzeko eta umatzeko erabiltzen duten fauna talde batzuen lurraldearen erabileran, bereziki hegazti eta ugaztun txiki eta ertainen kasuan. Finkako drainaketa kanalekin eta hustubideekin lotutako fauna anfibioak eta urtarrak ez du eraginik izanen, horien saila eta kokapena ez baitira aldatuko.

Finkaren barneko ingurumen balioa duten elementuak mantentzeari eta indartzeari dagokionez, sustatzaileak zenbait babes neurri proposatu ditu: ureztapen berriaren hornidura hodiaren trazadura zehaztu da (egungo erretenaren mendebaldean), laboreen bidez, erretenaren ondoko zuhaiztiari eta inguruko beste sail ureztatu batzuetako erreten paraleloei kalterik ez egiteko; gainera, finkan dagoen zuhaiztia mantenduko da, baita Pestriz finkaren mendebaldean dauden larre lurzatiak eta “Buñuelgo adar” deritzoneko abelbidea ere, eta sail irekian utziko dira, lurperatu gabe, Pestriz finkaren barneko eta perimetroko drainaketa kanalak edo hustubideak (Buñuelgo adarrekoa, 6. eremua zeharkatzen duena, 7. eta 8. zonen artean dagoena, eta finkaren hegoaldea eta ekialdea zeharkatzen duena Cortesekiko mugan), haietan landu gabeko 3 metroko zabalerako bi banda utziz, ertzekiko paraleloan; landaretza belarkara leheneratzeko landu gabeko eremu batzuk uztea proposatzen da (perimetro zerrendak finkei, haize-sorgailuen zabalguneak, Kanal Inperialarekiko paraleloan dagoen 5 m-ko banda ureztaketa berriko 1. eremuan, etab.).

Azkenik, landareztatze plan bat aurkeztu du, honako hauek barne hartzen dituena: haize-sorgailuen zabalguneak ereitea, landu gabe uzten diren eremuak ereiteen bidez sendotzea, eta hainbat landaketa: arteak (egungo 555 C lursailetan eta Buñuelgo 2. poligonoko 749 A lurzatian), Alepo pinuak, makal beltzak eta tamarizak (5 m-ko bandak, Aragoiko Kanal Inperialaren paraleloan), eta beste batzuk bideen eta lurzatien bandetan.

Hondakinak eta kutsadura.

Proiektuak soberako lurren 5000 m³ inguru sortuko ditu, eta zehaztu gabeko bolumena sortuko du bideak, erretenak eta abar eraisteko eraikuntza eta eraispen hondakinetatik. Ustiapen fasean, eremuan ezartzen den laborantza motaren arabera, baliteke hondakin plastikoak eta ontziak sortzea, eta hondakinei buruz indarrean den araudiaren arabera kudeatzen ahalko dira hondakin horiek.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduan jasotako nekazaritza jatorrizko nitratoengatiko kutsadurari dagokionez kalteberak diren eremuei buruzko proposamena berrikusi da, eta egiaztatu da Pestriz finka eremu kaltebera baten mugaketaren barruan dagoela: “049 zenbakidun lurpeko ur masa, Ebro-Aragoiko alubiala: Lodosa-Tutera, eta 052 zenbakidun lurpeko ur masa, Ebroko alubiala, Tutera-Alagón”. Beraz, ongarrien eta fitosanitarioen erabileraren ondoriozko kutsadurak izandako eraginari dagokionez, egun indarrean den eta etorkizunean indarrean izanen den araudiak nekazaritza jardueretarako –zehazki, nekazaritza jatorrizko nitratoengatiko kutsadurari dagokionez kalteberak diren eremuetan gauzatzen direnean– ezartzen duena bete beharko da.

Ustiapen fasean, ureztatze sistema aldatzean, uraren erabilera murriztuko da, eta horrek esan nahi du ur gutxiago itzuliko dela Ebro ibaira. Ebro ibaiko ura ateratzeko bolumena ere murriztuko da, azalera bera ureztatzeko.

Neurriak ezartzea aurreikusten da uraren erabilera eta ongarrien ekarpena kontrolatu ahal izateko eta dosiak eta ureztatze datak doitzeko; beraz, ziurrenik, lurpeko uretara iritsiko diren ongarri-lixibiatu gutxiago sortuko dira egungoak baino. Beraz, proiektuak ez luke ekarri behar ongarri, pestizida edo herbizida bidezko kutsadura iturri handiagorik aurreko egoerarekin alderatuta, eta, horregatik, aplikazioa murriztea espero da. Alabaina, laboreak gehiago areagotzeak (laboreak urtean, etab.) ongarritze premia handitzea ekar lezake, eta, horregatik, eragin hori handitzea. Horregatik, txosten honetan inpaktua prebenitzeko eta kontrolatzeko jasotako neurri zehatzak hartu beharko dira kontuan.

Beste alderdi batzuk.

Aurkeztutako dokumentuaren arabera, Ondare Historikoaren Zerbitzuak eman duen txostenean nabarmendu da proiektuak ez duela eraginik izanen ondare arkeologikoan.

Paisaiaren ikuspegitik, aspertsoreak eta, batez ere, pivotak sartzeak eragina izanen du finkak proiektuaren aurretik uholde bidezko ureztapeneko paisaiari dagokionez duen alderdi bisualean. Edonola ere, Pestriz finkan “Pestriz” haize-parkeko zenbait haize-sorgailu instalatu dira; linea elektrikoek eta azpiegiturek (trenbidea, komunikabideak, etab.) zeharkatzen dute eremua, eta, inguruan, industriagune urbanizatuak daude –hala nola eraldatutako laboreak Cortesen–, kalitate bisual handikoak ez direnak; beraz, proposamenak ez du eskualdeko paisaia kalitatea nabarmen aldatzen.

Proiektua ez dago ezein eremu geografiko sentikorretan, jasangarritasun printzipioak kontuan hartuta, eta ez dakar aldaketarik lurzoruaren erabilerari eta eremuko baliabide naturalen ugaritasun erlatiboa, kalitatea eta birsortzeko gaitasuna murrizteari dagokienez, ezta ingurumen balioengatik harrera ahalmen txikia duten lurretan ere (hezeguneak, Natura 2000 Sareko guneak, etab.).

Eremu geografikoari dagokionez (ureztatutako eremuak, Tuteratik Cortesera, Ebro ibaiaren hegoaldean), proiektuak ez du tamaina handirik eta ez dakar metaketa aipagarririk, gauzatu edo aurreikusiriko beste nekazaritza jarduketei dagokienez. Ez da aurreikustekoa duela gutxi exekutaturiko haize-parkearekin ondorio sinergiko adierazgarriak izanen dituenik, ez eta etorkizuneko beste proiektu batzuekin ere, hala nola Abiadura Handiko Ipar-ekialdeko Trenbide Korridorearekin (tartea: Zaragoza-Castejón. Plasencia de Jalón-Tutera azpitartea).

Proiektuak ez du garrantzi edo konplexutasun handiko inpakturik sortuko, eta uste da ez duela nabarmen handituko hondakin eta substantzia kutsagarrien sorrera egungo labore ureztatuei dagokienez.

Kontsulten emaitzak kontuan hartuta eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proposamena gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondoriozko balizko ingurumen eragina aztertuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuaren bidez Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazten du Buñuelgo Pestriz finkako ureztapena modernizatzeko proposamen ez duela eragin kaltegarri nabarmenik sortuko ingurumenean, ingurumen eraginari buruzko ebazpen honetan jasotako determinazioak betetzen badira; horrek ez du baztertzen indarrean den legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortu behar izatea.

Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 22/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 258/2019 Foru Dekretua, urriaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Buñuelgo Pestriz finkaren ureztatze modernizaziorako proiektuak –Traza Sostenible SL enpresak sustatuak– ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginari buruzko txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egitea.

2. Aurrekoa gorabehera eta indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortzen ahal direla aldera batera utzi gabe, baimen horrek bere gain hartu beharko du honako zehaztapen hauek betetzea, hein batean sustatzaileak proposatutako ingurumen neurriak barne hartuta:

–Kontuan hartuta proiektua eremu kalteberaren mugaketaren barruan dagoela: “049 zenbakidun lurpeko ur masa, Ebro-Aragoiko alubiala: Lodosa-Tutera, eta 052 zenbakidun lurpeko ur masa, Ebroko alubiala, Tutera-Alagón”. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduan edo eremu horretarako etorkizunean onesten diren araudietan ongarrietarako jasotako aplikazio dosiei jarraitu beharko zaie.

–Bideak, erretenak eta abarrak desegitearen ondorioz sortutako eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak hondakinen arloan indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira; zehazki, kudeatzaile baimendun bati emanen zaizkio.

–Sorturiko soberako lurrak, emankorrak badira, finkako laborantza lurretan zabaltzen ahalko dira, eta, lantzeko egokiak ez badira, lurpeko hoditeria berriak ordeztuko duen erreten nagusia lehengoratzeko edo estaltzeko erabiliko dira. Lan horiek heskaia eta erreten horren ondoko landaredia hondatu gabe eginen dira.

Hala eta guztiz ere, hondeaketa lurren soberakinik badago, horiek beste obra batean erabiltzen halako dira, hau da, zabortegia leheneratzeko edo ezabatzeko proiektuan, indarrean dagoen legeriaren arabera, eta kudeatzaile baimenduari entregatzen ahalko zaizkio.

–Finkaren ingurua zaborrik eta hondakinik gabe egon dadin, sistema eraginkor bat ezarriko da, ustiapen fasean, finkaren nekazaritza jardueran sortzen diren hondakin plastikoak, ontziak eta abar bildu eta kudea daitezen, hondakinei buruz indarrean den araudiaren arabera.

–Honako neurri hauek beteko dira, hein batean 2022ko maiatzean emandako ingurumen dokumentazioan sartuak, finkaren barneko ingurumen balioko elementuen mantentze lanei eta ingurumen aniztasuna hobetzeari dagokienez:

  • Buñuelgo 9. poligonoko 522, 519, 517 B, 523 B eta 524 B lursailak larre erabileran utziko dira. Hori guztia paisaiaren sinplifikazioa saihesteko eta Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren (Basoen eta Ehizaren Zerbitzua) txosteneko zehaztapenak betetzeko, abelbideen babesari dagokionez.
  • Ibilgu irekian mantenduko dira finkaren barneko edo perimetroko drainaketa kanalak, hustubideak edo kolektoreak, eta 3 metroko bi banda ezarriko dira ertz bakoitzean, haietan belar landaredia leheneratze aldera.
  • Mugarrien edo beste modu eraginkor baten bidez zedarrituko dira drainaketa kanalen paraleloak diren bandak, ureztatze berriaren eremuekiko perimetro bandak eta berezko bilakaeran, ereitean edo landaketetan landu gabe uzten diren gainerako guneak, ustiapenerako aldian horietan eraginik ez izateko.
  • Instalatzen diren pivotek ez dute eragin nabarmenik izanen landu gabe utzitako hustubide edo isurbideetan eta landaredi naturaleko eremuetan. 6. eremuan aurreikusitako pivota instalatzen bada, horrek ez du zertan ekarri barruko kolektorea zonara lurperatzea, eta pontoiak instalatzen ahalko dira, gurpilak drainaketa kanalaren gainetik igaro daitezen.
  • Finkaren eraikinen ondoko zuhaiztia eta ureztatze berriaren 7. eta 8. eremuen artean dagoen drainaketa kanal horren hasieran dagoena zainduko dira.

–Aurkeztutako landareztatze proposamenean jasotako landaketak eta ereiteak eginen dira.

–Pivoten hornidurarako 1 kV-tik gorako tentsioa duen linea elektriko berri bat behar bada, proiektu osagarri horri ingurumen eraginen ebaluazioa eginen zaio, ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 2. eranskinaren E) apartatuko a) letran sartzen baita.

–Obrek dirauten bitartean, eta bereziki, Lodosako Kanaletik eroanbide berria instalatuko den zatian, aztarna arkeologikoren bat agertzen bada eta horren berririk ez bazegoen, aurkikuntza Ondare Historikoaren Zerbitzuari berehala jakinarazteko legezko betebeharra dago, ondare historikoaren alorrean indarrean dagoen legerian jasotzen denari jarraikiz.

–Sustatzaileak erantzun txostena kontuan hartu beharko du Trenbide Sarearen Plangintza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusitik (Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioa) jasotako kontsulta izapidean. Erantsita doa txosten hori, 01-700-Bilbao Abando Indalecio Prieto-Casetas ohiko trenbide linearen zortasunei eta mugei eta Abiadura Handiko Ipar-ekialdeko Trenbide Korridorean (tartea: Zaragoza-Castejón) onartu diren edo onartuko diren trazadurari dagozkionei buruz.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Buñuelgo Udalari, Cortesko Udalari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Trenbide Sarearen Plangintza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiari, Basozaintzako Zerbitzuari (Tuterako 11. barrutia) eta interesdunari helaraztea, dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2022ko irailaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Kontsulta eragindako administrazio publikoei eta interesdunei

2022ko martxoaren 7an, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluaren arabera, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi zen, eta kontsultatutako erakundeen eskura jarri ziren ingurumen dokumentua eta proposamenaren planoak.

Hau da ukitutako administrazio publikoen eta izapide honetan kontsultatutako pertsona interesdunen zerrenda:

–Buñuelgo Udala.

–Cortesko Udala.

–Klima Aldaketaren Atala, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketa Zerbitzua.

–Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia.

–Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala, Basoen eta Ehizaren Zerbitzua. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua.

–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua.

–Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

–Buñuelgo Montecillo Eremuko Ureztatzaileak.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

–Trenbide Plangintzarako Zuzendariordetza Nagusia (Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioa).

–Landazuria - Erriberako EkologisTak Martxan.

–Lurra Lurraren Defentsaren Aldeko Elkartea.

–Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean izapide honetako erantzunak igortzeko ezarritako epea igaro ondoren (30 egun baliodun), honako erantzun hauek jaso dira:

1. Buñuelgo Udalak eta Cortesko Udalak aldeko txosten bana eman dute.

2. Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak Nafarroako Abelbideen babesari buruzko informazioa ematen du, eta Nafarroako Gobernuaren 2010eko abenduaren 27ko Erabakiaren bidez sailkatutako “Buñuelgo adarra” dagoela adierazten du. Finkaren mendebaldean existitzen den bidean dago hori, NA-5210 errepidearen paraleloan.

Gogorarazi duenez, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legea betez, abelbideei dagokienez, alde bakoitzean 3 metroko zortasun-eremua dago, abelbideei dagozkien lurzatien kanpoko ertzetik abiatuta; Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 111.2 artikuluaren –”Jarduera debekatu eta bateraezinak”– bidez ezarri zen hori.

Eta honako aplikazio neurri hauek jasotzen ditu:

–Bidegurutzeen eta zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.

–Obrak bukatu ondoren, inola ere ez da bidearen zoladura eta/edo zabalera aldatzen ahalko, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude. Ondorio horietarako, eta dagokion mugaketa egiten ez den bitartean, zuhurtziaz jokatu eta abelbidearen ardatzaren hegoaldean kokaturiko landu gabeko ezpondak errespetatu beharko dira, honako marra gorri honek erakusten duen bezala:

https://tinyurl.com/yyrdaog3

–Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, lan horiek bukatutakoan, ukitutako eremua leheneratuko da altxonbideetan edo zortasun eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak leheneratzea, landareztatzea eta abar), makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilaketarik eta obra hondakinik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea ezta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak ere.

3. Lurraren Defentsaren Aldeko Elkarteak (Lurra) adierazi duenez, ingurumen eraginaren azterketak jaso beharko luke Pestriz lurzati ureztatua haize-sorgailuak instalatzeko egokia ez den eremutik kanpo dagoela; izan ere, 2030erako Nafarroako Energia Planaren arabera (110. orrialdea, haize-parkeak garatzeko eremuen mapa), Buñuelen zatirik handiena ez da egokia haize-sorgailuak instalatzeko.

4. Trenbide Sarearen Plangintza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiak (Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioa) ustiatzen ari diren trenbide azpiegituren babesari eta proiektuari buruzko informazioa ematen du, eta trenbideen zortasun eta babeserako eremuak, eraikuntzaren mugak, eta abar adierazten ditu, proiektuari aplikatzeko, batez ere 01-700-Bilbao Abando Indalecio Prieto-Casetas ohiko trenbide linea konbentzionalari (titulartasuna: RFIG, Estatuko Interes Orokorreko Trenbide Sarea) dagokionez (finkaren mugakide da haren hegoaldean.

Gainera, adierazten du proiektuaren jarduketa eremuan kokatzen dela “Abiadura Handiko Ipar-ekialdeko Trenbide Korridorearen Informazio Azterlana (tartea: Zaragoza-Castejón. Plasencia de Jalón-Tutera azpitartea)” delakoaren trazadura (Sustapen Ministerioak onetsi zuen arestian aipaturiko azterlana 2007ko azaroaren 28an) eta, halaber, jakinarazten du Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioa gaur egun “Abiadura Handiko Kantauri-Mediterraneo Korridorearen Informazio Azterketa. Tartea: Zaragoza Castejón” idazten ari dela; Zaragoza-Castejón trenbide tarteari dagokionez Europako zabalera estandarreko trazadura alternatiben azterketa egiteko jomuga izanen du azterlan horrek. Azterlan horretan, gaur egun, Buñuel udalerritik (besteak beste) igarotzen diren hainbat trazadura aukera aztertzen ari dira.

Ondorioz, txosten honek honako hau eskaera hauek ditu:

Proiektuaren dokumentazio grafikoan behar besteko zehaztasunez eta argitasunez irudikatu eta mugatu behar dira egungo trenbide linearen eragin eremuak (trenbide jabari publikoa, trenbide babeseko eremua eta eraikitzeko muga lerroa), trenbide arloko legeriari jarraikiz, egin nahi diren jarduketek trenbide eragineko lurretan mugaren bat ote duten egiaztatzeko.

Proiektuan berariaz aipa dadila onartutako azterlana, eta dokumentazio grafikoan, berriz, azterlan horretan aurreikusitako trenbide erreserba. Horretarako, “Abiadura Handiko Ipar-ekialdeko Trenbide Korridorearen Informazio Azterlana (tartea: Zaragoza-Castejón. Plasencia de Jalón-Tutera azpitartea)” delakoan onetsiriko trazaduraren –Buñueldik igarotzen den tarteari dagokionaren– planoak erantsi dira. Erantsitako planoaren arabera, Buñuelgo trenbide korridorearen ibilbidea egungo trenbidea bera da.

Halaber, jakinarazten du Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioa gaur egun “Abiadura Handiko Kantauri-Mediterraneo Korridorearen Informazio Azterketa. Tartea: Zaragoza Castejón” idazten ari dela; Zaragoza-Castejón trenbide tarteari dagokionez Europako zabalera estandarreko trazadura alternatiben azterketa egiteko jomuga izanen du azterlan horrek. Azterlan horretan, gaur egun, Buñuel udalerritik (besteak beste) igarotzen diren hainbat trazadura aukera aztertzen ari dira, eta, informazio azterlana gaur egun dagoen idazketa fasean behin betiko trazadurarik ez badago ere, hasiera batean, badirudi gaur egun aztertzen ari diren aukeretako batek ere ez dakarrela inolako eraginik txosten honen xede den proiektuan aurreikusitako jarduketetan.

Azkenik, adierazi du “Abiadura Handiko Kantauri-Mediterraneo Korridorearen Informazio Azterketa. Tartea: Zaragoza Castejón” azterlanean onetsiko den trazadurak ordeztu eginen duela (azterlan hori behin betiko onesten denetik aurrera) “Abiadura Handiko Ipar-ekialdeko Trenbide Korridorearen Informazio Azterlana (tartea: Zaragoza-Castejón. Plasencia de Jalón-Tutera azpitartea)” delakoan aurreikusitako trazadura.

5. Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Errepideen Zuzendaritza Nagusiaren txostena ere jaso da, jarduketak AP-68 autobidearen 100 metroko eragin zerrendari eragiten ez diola adierazten duena.

Iragarkiaren kodea: F2212100