196. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2474/2022 EBAZPENA, irailaren 27koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko C mailako lanpostu batzuetan, II. eranskinean zerrendatzen direnetan, gehieneko plaza kopuru bat salbuespenez merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko sarrera-prozeduren deialdiak, hori guztia enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuen esparruan.

Maiatzaren 25eko 57/2022 Foru Dekretuaren bidez, lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, 2022. urterako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako, hain zuzen, egonkortze-tasari dagokiona, maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege-dekretuari jarraikiz (foru lege-dekretu horren bidez, neurriak hartu dira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak egiteko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz). Eskaintza horretan, besteak beste, II. eranskinean zerrendatzen diren lanpostuetako plaza batzuk sartu ziren.

Uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legeak, non neurriak hartzen baitira Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze-prozesuak Nafarroako Administrazio Publikoetan egiteko, bere 5.3 artikuluan ezartzen du egonkortze-prozesuetan sartzen diren lanpostuetako batzuk oposizio-lehiaketa bidez beteko direla, alegia, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legearen 2.1 artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituztenak, eta enplegua egonkortzeko lan publikoaren eskaintzetan sartzen diren gainerako lanpostuak, berriz, merezimendu-lehiaketa bidez beteko direla, salbuespenez.

Bestalde, aipatutako foru legearen 7.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, enplegua egonkortzeko hautapen prozeduretarako onesten diren deialdietan, bete beharreko gehieneko lanpostu kopurua zehaztuko da, eta aurrerago, foru lege horren 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz tramitatzen den lekualdatze-lehiaketaren prozedura ebatzi ondoren, zehaztu eta identifikatuko dira eskaintzen diren lanpostu hutsak, lanpostu zenbaki zehatzak jakinaraziz. Gainera, sarrerarako hautapen prozeduran gehituko dira lekualdatze-lehiaketen ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostuak.

Era berean, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 30eko 1425/2022 Ebazpenaren bidez, zehaztu zen zer lanpostutarako exijitzen den Espainiako nazionalitatea izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2022. urteko lan publikoaren eskaintza partzialeko lanpostuen artetik, zehazki, egonkortze-tasari dagokion lan publikoaren eskaintza partzialeko lanpostuen artetik, maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege-dekretuari jarraikiz (foru lege-dekretu horren bidez neurri batzuk ezarri ziren Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze-prozesuak Nafarroako Administrazio Publikoetan gauzatzeko).

Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da onestea ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko C mailako lanpostu batzuetan, II. eranskinean zerrendatzen direnetan, gehieneko plaza kopuru bat bete dadila merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko sistema erabiliz eta sarrera-prozedurari jarraikiz.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko C mailako lanpostu batzuetan, II. eranskinean zerrendatzen direnetan, gehieneko plaza kopuru bat merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko sistemaren bidez betetzeko sarrera-prozeduren deialdiak, bai eta haien oinarriak ere.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Egituraren, Lanpostuen Antolaketaren eta Langileen Plantillaren Zerbitzuari eta Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko irailaren 27an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

II. ERANSKINEAN ZERRENDATZEN DIREN C MAILAKO LANPOSTUETAKO GEHIENEKO PLAZA KOPURU BAT MEREZIMENDU-LEHIAKETA BIDEZKO SALBUESPENEZKO SISTEMAREN BIDEZ BETETZEKO SARRERA-PROZEDUREN DEIALDIAK

Deialdi horiek oinarri hauen arabera arautuko dira:

OINARRIAK

1.–Deialdien xedea.

Deialdi hauen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko C mailako lanpostu batzuetan, II. eranskinean zerrendatzen direnetan, gehieneko plaza kopuru bat betetzea merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko sistemaren bidez eta sarrera-prozedurari jarraikiz; lanpostu horiek zehazki zeintzuk diren eta zein plantilla-zenbaki duten, bai eta bakoitzak dituen betebeharrak, araubide juridikoa eta destinoa ere, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onetsiko du, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 7. artikuluarekin bat, behin ebazten denean foru lege horren 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz deitzen den lekualdatze-lehiaketa (uztailaren 1eko 19/2022 Foru Lege horren bidez zenbait neurri hartu ziren Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze-prozesuak Nafarroako Administrazio Publikoetan gauzatzeko).

Honako hauek dira deialdi hauen xede diren C mailako lanpostuak:

–Administraria.

–Laborategiko laguntzaile teknikoa.

–Basozaina.

–Sukaldaria.

–Haur-hezitzailea.

–Artxiboko arduraduna.

–Liburutegiko arduraduna.

–Lehen mailako ofiziala eta mantentze-lanetako ofiziala.

–Nekazaritza jardueretako ofiziala.

–Turismo jardueretako ofiziala.

–Delineatzaile-ofiziala.

–Fotokonposizioko ofiziala.

–Sistema informatikoetako teknikari-ofiziala.

–Obra zibileko teknikaria.

–Errepideetako zaintzailea.

Lanpostu bakoitzak hautapen prozesu independente bat izanen du, eta prozesu hori ebazpen honetako oinarrien arabera arautuko da.

2.–Baldintzak.

2.1. Merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko prozeduran onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoan salbuespen dira basozainen eta errepideetako zaintzaileen lanpostuak, izangaiek Espainiako nazionalitatea izan beharko baitute horietara sartzeko.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Deialdiko lanpostu bakoitzerako II. eranskinean adierazitako titulu akademikoa edo baliokidetzat aitortutako titulua izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Euskarazko jakite-maila zehatz bat izatea betebehar gisa ezarrita duen lanpostu elebidun bat eskuratu nahi izanez gero, beharrezkoa izanen da lanpostu horretarako eskatzen den maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagirietako bat izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (titulu edo ziurtagiri horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean zehaztu dira), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.

g) Ingelesezko edo Europar Batasuneko beste hizkuntza bateko jakite-maila zehatz bat izatea betebehar gisa ezarrita duen lanpostu bat eskuratu nahi izanez gero, beharrezkoa izanen da lanpostu horretarako eskatzen den maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagirietako bat izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (titulu edo ziurtagiri horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean zehaztu dira), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.

h) Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Baldintza hori egiaztatzearren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari baimena eman beharko zaio abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez araututako Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion ziurtagiri hori, edo, bestela, erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.

i) Gidabaimena izatea eskatzen duen lanpostu bat eskuratu nahi izanez gero, B motako gidabaimena edukitzea.

2.2. Aurreko baldintza guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean, lanpostuaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi hauen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.

2.4. Aldi baterako enplegua egonkortzeko asmoz lanpostuz lanpostu deitzen diren sarrerako hautapen prozeduretan ezin izanen dute parte hartu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan deialdiaren xedeko lanpostu berean langile finkoak diren enplegatuek.

Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdi bakoitzean parte hartzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu hauetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, “Enplegu publikoko deialdiak”, deialdi bakoitzaren aipamenean sartuta.

3.3. Tasak.

Funtzio publikoan sartzeko hautapen prozesuetan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 26 euro da, izena ematen den lanpostu bakoitzerako.

Tasa hori telematika bidez ordainduko da izena ematen den lanpostu bakoitzerako, eskaera formalizatzeko unean, ordainketa telematikoko sistema seguru baten bidez.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Deialdi hau argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez, langabe gisa inskribaturik dauden pertsonak.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu, egiaztatzeko aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–Deialdiaren I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera aurkezten dituzten merezimendu guztiak egiaztatzeko dokumentazioa.

Dokumentazio hori telematika bidez aurkeztu beharko da, deialdiaren aipamenean ezarritako estekaren bidez, merezimenduen baremoan ezarritako atalen arabera.

Horri dagokionez, honako hauek aurkeztu beharko dira:

–Egindako zerbitzuen ziurtagiria, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz eta haren erakunde autonomoez besteko administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, I. eranskineko baremoan aurreikusitako baldintzetan, berariaz adierazita lanpostuaren izena plantilla organikoaren arabera, sailkapen maila, zerbitzua zer zentro edo unitatetan eman zen, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.

–Euskararen, ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren jakite-maila egiaztatzen duten tituluak edo ziurtagiriak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (titulu edo ziurtagiri horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean zehaztu dira), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.

Honako hauek ez dira aurkeztu behar, deialdia egin duen organoak zuzenean emanen baitizkio epaimahaiari:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako eta aitortutako zerbitzuen ziurtagiria.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan deialdi honen xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izanaren ziurtagiria, gainditu arren lanposturik eskuratu gabe gelditu bazen, eta, betiere, deialdia 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratu bazen.

Bi.–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Hiru.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badu eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badu, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

3.5. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du deialdi bakoitzean onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onesteko, eta zerrenda horiek Nafarroako Gobernuaren atarian, dagokion deialdiaren web fitxan, argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, dagokion deialdiari buruz dagoen aipamenetik abiatuta.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du deialdi bakoitzean onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak onesteko, eta zerrenda horiek Nafarroako Gobernuaren atarian, dagokion deialdiaren web fitxan, argitaratzeko aginduko du.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartutakoen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Gobernuaren atarian, dagokion deialdiaren web fitxan, argitaratzeko aginduko da.

4.4. Tasa ez da itzuliko, izangaiak baztertuak gelditzen badira berei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura hauetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaiak.

5.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez izendatuko dira kalifikazio epaimahaiak, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak onetsi aurretik, eta kide kopuru bakoiti batez osatuak egonen dira –hiru gutxienez–, eta beste horrenbeste ordezko kide izendatuko dira, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz (foru lege horren bidez zenbait neurri hartu ziren Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze-prozesuak Nafarroako Administrazio Publikoetan gauzatzeko).

5.2. Epaimahaiak ezin izanen dira eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoen eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

Behin kalifikazio epaimahaiak eratuak direnean, epaimahaiburua edo idazkaria gaixotzen bada edo haien aldi baterako absentzia justifikatuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

5.3. Kalifikazio epaimahaietako kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiek gehiengoz ebatziko dituzte deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.–Merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko prozeduren nondik-norakoak.

6.1. Merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko prozedura hauek merezimenduak baloratzeko edo lehiaketa fase bakar bat izanen dute. Fase horretan, izangaiek alegatutako merezimenduak baloratuko dira, deialdiaren I. eranskinean agertzen den baremoaren arabera.

6.2. Epaimahaiek izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak baloratuko dituzte.

Alegatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dituzte epaimahaiek.

Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko.

Merezimendu horiek egiaztatzeko dokumentazioa, 3.4 oinarrian ezarritakoa, telematika bidez aurkeztuko da, deialdiaren fitxan ezarritako estekaren bidez.

Epaimahaiek ezin izanen dute inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta baremoan atal bakoitzerako aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman ere.

Epaimahaiek azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dituzte izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

6.3. Merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko prozeduran parte hartzen duten pertsonen artean puntu-berdinketarik gertatuz gero, I. eranskineko merezimenduen baremoko b.1) atalean puntuazio handiena lortzen duen pertsonaren alde ebatziko da; eta, berdinketak badirau, a) atalean puntuazio handiena lortzen duenaren alde; eta hala ere berdinketak jarraitzen badu, atal horren azpiatal bakoitzean puntuazio handiena lortzen duenaren alde, zerrendatzen diren ordena berari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiek eginen duten berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

6.4. Merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiek argitara emanen dute Nafarroako Gobernuaren atarian, kasuan kasuko deialdiaren web fitxan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta 5 egun balioduneko epea ezarriko dute, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek puntuazioaren edo merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

6.5. Kalifikazio epaimahaiek egiten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko dituzte Nafarroako Gobernuaren atarian, kasuan kasuko deialdiaren web fitxan, eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrenda igorriko diote Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari, espediente osoarekin batera.

7.–Lanpostu hutsak hautatzea eta baldintzak egiaztatzea.

7.1. Aurreko tramitea bete ondoren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak kasuan kasuko deialdiko lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta, horretarako, honako hauek zehaztuko ditu: hautatzeko dauden lanpostu hutsak, hautaketara deitutako izangaien zerrenda (zehazten diren lanpostu hutsen kopuruaren arabera ezarriko dena) eta lanpostu hutsak hautatzeko ematen den epea, hots, hamar egun baliodunekoa.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiaren fitxan.

Ondoren, horretarako ezarritako epearen barrenean, izangai bakoitzak jakinaraziko du kasuan kasuko deialdiko lanpostu huts horiek betetzeko lehentasun-hurrenkera.

7.2. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek, sarrera-prozedurarako zehaztutako lanpostu kopuruan lekurik badute eta lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldira deitu badira, lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, gainerako izangaien aurretik.

Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

7.3. Izangaiek, lanpostu hutsak hautatzeko hamar egun balioduneko epe horren barrenean, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Deialdiko 2. oinarriko 2.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Adingabeekin ohiko harremana izatea dakarren lanpostu bat lortu nahi izanez gero, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa, baldin eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari ziurtagiri hori eskatzeko baimena eman ez bazaio.

c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia, betebehar hori duen lanpostua eskuratu nahi izanez gero.

8.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Lanpostu hutsak hautatzeko eta baldintzak egiaztatzeko tramitea bukatu ondoren, epaimahaiek espediente osoa igorriko diote Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari, eta, horrekin batera, lanpostu bakoitzerako ezarritako plaza kopuruan sartzen ahal diren izangaiak funtzionario izendatzeko edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatzeko proposamena. Proposamen hori Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, kasuan kasuko deialdiaren web fitxan.

8.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

c) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

d) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik. Txosten hori ofizioz emanen da, horretarako berariaz egindako osasun-azterketa egin eta gero. Lehen mailako ofizial eta mantentze-lanetako ofizialaren lanposturako, osasun-azterketa horrek zamalanetan aritzeko gaitasun funtzionala ebaluatuko du; horren arabera zehaztuko da deialdiko 2.1.d) oinarrian ezarritako baldintza betetzen den.

8.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira funtzionario izendatu, ezta lan-kontratudun langile finko gisa kontratatu ere, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arte haiek egindako egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

8.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangaien zerrendan –6.5 atalean aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, baldin eta hutsik geratu den lanposturako baldintzak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

8.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak besteren bat eskatu nahi izanez gero bere eskudantziak erabiliz, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honen 8.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

9.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatzeko baimena emanen du, behar den lanpostuan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostuen esleipena ere eginen da.

9.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Bestalde, lan-kontratudun langile finkoek dagokien araubide juridikoaren ondoriozko eskubide eta eginbehar guztiak izanen dituzte.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

9.3. Izendapena edo, hala badagokio, kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

Izendatzen edo kontratatzen diren izangaiek izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako datan lanpostuaz jabetzen ez direnek eskubide guztiak galduko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatua izateko. Kasu horretan, 8.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Funtzionario izendatzen den edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere 8.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

9.5. Aurreko ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, funtzionario berriei edo kontratatzen direnei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, epaimahaien ebazpen eta jarduketei buruzko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, kasuan kasuko deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.

11.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiek ematen dituzten egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdien, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiek hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

I. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

a) Merezimendu profesionalak:

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 60 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 3 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Gehienez ere 60 puntu emanen dira a) atal honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 40 puntu:

b.1) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan deialdiaren xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratutako deialdietan: 28 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.2) Ingelesa, frantsesa eta alemana:

Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, honako lanpostu hauetan aritzeko, eta, betiere, plantilla organikoaren arabera hizkuntza horiek jakitea nahitaezkoa ez denean: kazetaria, prestakuntzako eta enpleguko erdi mailako tituluduna, gizarte-langilea, gizarte-hezitzailea, lan-harremanetako diplomaduna, liburutegiko arduraduna, turismo jardueretako ofiziala, basozaina, administraria, gelako burua, koordinazioko operadore-ofiziala eta koordinazioko operadore laguntzailea, telefonista-ofiziala eta telefonista, errepideetako zaintzailea eta etxezaina, bai eta urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen A eranskinean (Osasun estamentuak) jasotako osasun arloko lanpostuak ere (11/1992 Foru Legearen bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen da): 5 puntu gehienez hizkuntza bakoitzagatik.

b.3) Euskara:

Euskara jakitea puntuazio honekin baloratuko da:

1. Eremu euskaldunean: euskara jakiteagatik, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean: 11 puntu gehienez.

2. Eremu mistoan: euskara jakiteagatik, honako lanpostu hauetan aritzeko, eta, betiere, plantilla organikoaren arabera hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa ez denean: kazetaria, prestakuntzako eta enpleguko erdi mailako tituluduna, gizarte-langilea, gizarte-hezitzailea, lan-harremanetako diplomaduna, liburutegiko arduraduna, turismo jardueretako ofiziala, basozaina, administraria, gelako burua, koordinazioko operadore-ofiziala eta koordinazioko operadore laguntzailea, telefonista-ofiziala eta telefonista, errepideetako zaintzailea eta etxezaina, bai eta urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen A eranskinean (Osasun estamentuak) jasotako osasun arloko lanpostuetan ere (11/1992 Foru Legearen bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen da): 7 puntu gehienez.

2. eta 3. ataletarako oharrak:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

c) Behin merezimenduen balorazioa aurreko atalek ezarritakoari jarraikiz eginda, ehuneko 33ko edo gehiagoko desgaitasuna frogatzen duten pertsonek lorturiko puntuazioari 1,5 puntu gehituko zaizkio guztira, zuzenketa-faktore gisa.

II. ERANSKINA

Lanpostuak, deitutako gehieneko plaza kopurua eta titulazioak

LANPOSTUA

DEITUTAKO GEHIENEKO PLAZA KOPURUA

ESPAINIAKO

TITULAZIOA

ADMINISTRARIA

397

Batxilergoko titulua edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketa.

LABORATEGIKO LAGUNTZAILE TEKNIKOA

4

Honako titulu hauetakoren bat: Analisien eta Kalitate Kontrolaren Laborategiko goi mailako teknikari titulua, Laborategi Kliniko eta Biomedikoko goi mailako teknikari titulua, Kimika eta Ingurumen Osasuneko goi mailako teknikari titulua, Anatomia Patologikoko eta Zitodiagnostikoko goi mailako teknikari titulua, edo Elikagaien Industriako Prozesuetako eta Kalitateko goi mailako teknikari titulua.

BASOZAINA

4

BAI

Honako titulu hauetakoren bat: Basoaren eta Natur Ingurunearen Kudeaketako goi mailako teknikari titulua, Baso Ustiapeneko teknikari espezialistaren titulua, Baso Aprobetxamenduetako eta Natur Ingurunearen Kontserbazioko teknikari espezialistaren titulua edo Natur eta Paisaia Baliabideen Kudeaketa eta Antolaketako goi mailako teknikari titulua.

SUKALDARIA

4

Sukalde Zuzendaritzako goi mailako teknikari titulua edo Jatetxe Zerbitzuen Zuzendaritzako goi mailako teknikari titulua.

HAUR-HEZITZAILEA

10

Haur Hezkuntzako maisu-maistraren lanbidean jarduteko gaitzen duen graduko titulu unibertsitarioa, Haur Hezkuntzako espezialitateko irakaslearen titulu unibertsitarioa edo Haur Hezkuntzako goi mailako teknikari titulua.

ARTXIBOKO ARDURADUNA

1

Batxilergoko titulua edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketa.

LIBURUTEGIKO ARDURADUNA

3

Batxilergoko titulua edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketa.

LEHEN MAILAKO OFIZIALA ETA MANTENTZE-LANETAKO OFIZIALA

5

Goi mailako teknikari titulua lanbide-arlo hauetakoren batean: Elektrizitatea eta Elektronika, Energia eta Ura, Instalazioa eta Mantentze-lanak edo Fabrikazio Mekanikoa.

NEKAZARITZA JARDUERETAKO OFIZIALA

4

Honako titulu hauetakoren bat: Nekazaritza eta Abeltzaintza Enpresen Kudeaketa eta Antolaketako goi mailako teknikari titulua, Natur eta Paisaia Baliabideen Kudeaketa eta Antolaketako goi mailako teknikari titulua, Paisajismoko eta Landa Inguruneko goi mailako teknikari titulua, Basoaren eta Natur Ingurunearen Kudeaketako goi mailako teknikari titulua edo Abeltzaintzako eta Abere Osasunean Laguntzeko goi mailako teknikari titulua.

TURISMO JARDUERETAKO OFIZIALA

1

Batxilergoko titulua edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketa.

DELINEATZAILE-OFIZIALA

2

Batxilergoko titulua edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketa.

FOTOKONPOSIZIOKO OFIZIALA

1

Arte Grafikoetako lanbide-arloko goi mailako teknikari titulua.

SISTEMA INFORMATIKOETAKO TEKNIKARI-OFIZIALA

9

Batxilergoko titulua edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua.

OBRA ZIBILEKO TEKNIKARIA

5

Honako titulu hauetakoren bat: Obra Zibileko Proiektuetako goi mailako teknikari titulua, Eraikuntza Proiektuetako goi mailako teknikari titulua edo Eraikuntza Lanetako Antolaketa eta Kontroleko goi mailako teknikari titulua.

ERREPIDEETAKO ZAINTZAILEA

3

BAI

Batxilergoko titulua edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua.

Iragarkiaren kodea: F2212996