196. ALDIZKARIA - 2022ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

83/2022 FORU DEKRETUA, irailaren 14koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeak jasotzen du, besteak beste, laguntzako zerbitzuburu eta atalburuen lanpostuak betetzeko prozedura eta langileen igoera.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuak arau hori garatu zuen, eta ezarri zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntzako zerbitzuburu edo atalburuen lanpostuak betetzeko hautapen prozedura oposizio-lehiaketa irekiaren bitartez egin behar zela, edo, bestela ere, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 31. artikuluan aurreikusitako merezimendu-lehiaketa sistema bereziaren bitartez (lehiaketa horietan parte hartzeko aukera ematen zitzaien kasuan kasuko deialdietan eskatutako baldintzak betetzen zituzten fakultatiboei).

Burutza horiek oposizio-lehiaketa irekiaren sistemaren bidez bete izan dira. Hala ere, ia guztiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren plantillako langileek betetzen zituzten. Horregatik, eta lanpostuak betetzeko prozedura horiek arintasun handiagoko sistema baten bidez egin behar direla egiaztatuta dagoenez, komeni da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua aldatzea. Horretarako, ezartzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntzako zerbitzuburu edo atalburuen lanpostuak betetzeko hautapen prozedura merezimendu-lehiaketa bidez edo merezimendu-lehiaketa sistema bereziaren bidez egin behar dela.

Bestalde, beharrezkotzat jotzen da 347/1993 Foru Dekretua aldatzea eta hura garatzea maila, talde edo kategoria handiagoko lanpostu bat betetzeko aldi baterako barne igoerako prozedurei dagokienez. Hori dela eta, kontuan hartu da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen igoera “jarduneko zerbitzu berezia” izeneko prozedura bakarrean bateratzeko beharra. Arau bat lortu nahi da, argitasun eta zabaltasun handiagoz arautuko dituena prozedurari berari zein lanbide sustapeneko sistema horretarako izangaien zerrenden sorrerari eta kudeaketari eragiten dieten alderdi guztiak.

Gainera, kontuan harturik 11/1992 Foru Legeak adierazten duela Estatu mailako lekualdatze-lehiaketaren deialdian parte hartu ahal izateko baldintzen ezarpena erregelamendu bidez arautu behar dela, komenigarritzat jo da foru dekretuaren 21.4 artikulua aldatzea.

Era berean, erizaintza unitateetako burutzei buruzko aipamena kendu eta, horren ordez, laguntza unitateei buruzkoa jarri da, kontuan hartuta unitate batzuetan burutza betetzen ahal duen pertsonak ez duela zertan erizaina izan. Koordinazioen figura ere arautu da, langile fakultatiboentzat ezarrita egon baitzen.

Arau hau ematen da Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.b) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz. Artikulu horrek eskumen osoa esleitzen dio Nafarroari Foru Komunitateko funtzionario publikoen estatutu-araubidearen gainean, Estatuko oinarrizko legediak funtzionario publikoei aitortzen dizkien funtsezko eskubideak eta betebeharrak errespetatuz.

Foru dekretuaren proiektua negoziatu da, nahitaezkoa baita, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoen Negoziazio Mahai Sektorialean, 2018ko apirilaren 26an eta azaroaren 20an, 2021eko martxoaren 3an eta 2022ko irailaren 6an egindako bilkuretan. Halaber, 2021eko otsailaren 12an eta azaroaren 8an eta 17an, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahaian negoziatu zen.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluari entzunik, eta Nafarroako Gobernuak 2022ko irailaren 14ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea 347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, zeinaren bidez arauak ematen baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko.

Bat. 1. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Hemendik aurrera testu hau izanen du:

“2.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoaren zerbitzuko langileak eremu organiko jakin bati atxikita egonen dira.

Oro har, zentroa da atxikipen eremua eta, ondorio horietarako, zentrotzat hartzen dira hurrengo unitate organikoak:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo zentralak.

b) Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa.

c) Tuterako Reina Sofía ospitalea.

d) Lizarrako García Orcoyen ospitalea.

e) Ospitalez kanpoko larrialdietarako dispositiboetako bakoitza: Iruñeko OKLZ, Tafallako LZU, Tuterako LZU eta Lizarrako LZU.

f) Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako bakoitza.

g) Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza, salbu e) eta f) apartatuetan sartutakoak.

h) Osasun Mentaleko zentroetako bakoitza.

i) Osasun Mentaleko eguneko ospitaleetako bakoitza.

j) Osasun Mentaleko Kudeatzailetza, salbu Osasun Mentaleko Zentroak eta Osasun Mentaleko Eguneko Ospitaleak.”

Bi. 15. artikulua aldatzen da. Hemendik aurrera, testu hau izanen du:

“1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntzako zerbitzuburu edo atalburuen lanpostuak betetzeko hautapen prozedura eginen da urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 32.1.a) artikuluan aurreikusitako merezimendu-lehiaketa sistemaren bitartez, edo, bestela ere, lege bereko 31. artikuluan aurreikusitako merezimendu-lehiaketa sistema bereziaren bitartez (horretan parte hartzeko aukera izanen dute kasuan kasuko deialdietan eskatutako baldintzak betetzen dituzten fakultatiboek).

2. Merezimendu-lehiaketa sistema berezia erabiltzen den guztietan, aldez aurretik langileen batzordeari emanen zaio horren berri.”

Hiru. 16. artikulua aldatzen da. Hemendik aurrera, testu hau izanen du:

“1. Zerbitzuburutza edo atalburutza urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 32.1.a) artikuluko merezimendu-lehiaketaren bitartez lortzen duten fakultatibo espezialistek sei urtez beteko dute burutza hori.

Burutza betetzen den bitartean, izendatuak lehen zituen lanpostua eta destinoa gordetzeko eskubidea izanen du. Sei urteko epea igaro ondoren, langileak fakultatibo espezialistaren lanpostua beteko du, salbu eta dagokion bitarte baterako izendapenaren bidez edo merezimendu-lehiaketaren bidez lanpostua betetzeko dagokion prozedura egin ondoren burutzan jarraitzea erabakitzen bada.

2. Zerbitzuburutza edo atalburutza urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 31. artikuluko merezimendu-lehiaketa bereziaren bidez lortzen duten fakultatibo espezialistak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikita geldituko dira izaera mugagabez, fakultatibo espezialista gisa; organikoki, dagokion ospitaleko zerbitzu edo atalari atxikiko zaizkio eta, eginkizunetarako, berriz, ospitalea atxikita dagoen osasun barrutiari. Zerbitzuburutza edo atalburutza (dagokionaren arabera) sei urtez beteko dute, non eta ez den erabakitzen burutzan jarraitzea dagokion bitarte baterako izendapenaren bidez edo merezimendu-lehiaketaren bidez lanpostuak betetzeko dagokion prozedura egin ondoren.

3. Burutza betetzeko epea amaitu baino sei hilabete lehenago, gutxienez, burutzaren deialdia egin beharko da, foru dekretu honetan aurreikusitako edozein sistema erabiliz. Nolanahi ere, bitarteko egoera amaituko da burutza lortu duen pertsona izendatzen denean, dagokion merezimendu-lehiaketa edo merezimendu-lehiaketa berezia egin ondoren.”

Lau. 17. artikulua aldatzen da. Hemendik aurrera, testu hau izanen du:

“Merezimendu-lehiaketa edo merezimendu-lehiaketa bereziaren bidez lortutako burutza baten titular diren funtzionarioek honako kasu hauetan utziko dute burutza hori:

a) Sei urte naturaleko epea igaro ondoren, salbu eta burutzan jarraitzea erabakitzen bada dagokion bitarte baterako izendapenaren bidez edo merezimendu-lehiaketaren bidez lanpostua betetzeko dagokion prozedura egin ondoren.

b) Unitate organikoa kentzen bada, erakunde autonomoaren egitura organikoa aldatzeagatik.

c) Berariaz uko egitea.

d) Burutza hartu eta gero, ikusten bada ez dela lortzen behar adinako errendimendurik, gauza ez izateagatik haren eginkizunak behar bezala betetzeko edo hartan egoki aritzeko, edo aldaketarik bada lanpostuaren edukian, betiere interesdunari entzunaldia eman ondoren eta Langile Batzordeak bere txostena egin ondoren.

e) Zerbitzu berezietara edo eszedentziara pasatzeagatik, dela borondatezkoa dela nahitaezkoa nahiz berezia.

f) Diziplina-espediente baten barnean, zehapena jartzen bazaio, falta astun edo oso astun baten ondorioz, edo prozesu penal batean inhabilitazio zigorra jartzen bazaio.

g) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barrenean funtzionarioentzako izendapen libreko kargu baterako izendatzen badute.

h) Zerbitzu eginkizunetan aritzeko baimena ematen badiote, dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barrenean, dela beste administrazio publiko batean.”

Bost. 18. artikulua indargabetzen da.

Sei. 21. artikuluaren 1. apartatuko lehen paragrafoa aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren lan publikoaren eskaintzan onartutako lanpostu hutsak, lehiaketaren sistema bereziaren bidez betetzen direnak izan ezik, langile berriak sartu aurretik eskainiko dira merezimendu-lehiaketa bidez. Lehiaketa horretan parte hartzen ahalko dute Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langile guztiek, zein diren ere haien araubide juridikoa eta egoera administratiboa, baldin eta izendapena deitutako lanpostu hutsaren estamentu eta espezialitate berean sailkatuta badago eta langileak dagokion deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen baditu.”

Zazpi. 21. artikuluaren 4. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“4. Artikulu honetan aipatzen den merezimendu-lehiaketaren deialdiak barnean hartuko du estatu mailako lekualdatze-lehiaketaren deialdia, zeina eginen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruko merezimendu-lehiaketa amaitu ondoren.

Estatu mailako lekualdatze-lehiaketa horretan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren EPEan sartutako lanpostu hutsen %10 (zenbaki osoetan) eskaini eta hautatzen ahalko dira. Bestalde, EPEko lanpostuen kopurua hamar baino txikiagoa bada, lanpostu hutsen kopuru hori kontuan hartuko da hurrengo deialdien ondorioetarako, eta dagokion proportzioan eskainiko dira estatuko lekualdatze-lehiaketan, bakar-bakarrik, metatutako lanpostu hutsak hamar baino gehiago badira.

Osasun Sistema Nazionalean ari diren edo bertan lanpostua gordea duten plantillako langile finkoek hartzen ahalko dute parte Estatu mailako lekualdatze-lehiaketan, baita sistema horretako lanpostu batetik heldu eta jardunean ez direnek ere, baldin eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen azken egunean betetzen badituzte lekualdatze-lehiaketa bidezko deialdian jarduneko zerbitzura itzultzeko ezartzen dituen legezko eta erregelamenduzko baldintzak.”

Zortzi. 24. artikulua aldatu da eta honela idatzita agertuko da:

“1. Aldi baterako barne igoera langile finkoen lanbide garapenerako sistema bat da, eta lehentasunez erabiliko da, langileen aldi baterako kontratazioaren aurretik.

2. Langileen aldi baterako barne igoera eginen da honako egoera hauetan:

a) Plantilla organikoan hutsik dagoen lanpostu bat 6 hilabetetik gora betetzea.

b) Lanpostu bat betetzea, titularrak hura sei hilabetetik gorako aldian gordetzeko eskubidea duenean.

3. Lanpostuz igotzeko zerrenda jakin batetik eratorritako aldi baterako barne igoeraren egoerak gehienez 8 urteko iraupena izan dezake.

Gehieneko epea igarota, amaiera emanen zaio aldi baterako barne igoerari. Hala ere, langilea berriz igotzen ahalko da aldi baterako barne igoerako proba bat berriz ere gainditzeagatik edo dagokion sartzeko deialdian igoerako zerrendetan egoteko eskatzen den gutxieneko nota berriro lortzeagatik.

Foru dekretu honek ezartzen dituen prozeduretako baten bidez zerrenda berriak sortzen direnean, lehendik dauden zerrendek (halakorik balego) indarra galduko dute, eta ezin izanen da deirik egin indarrean ez dauden zerrendak erabiliz. 8 urteko gehieneko epea bete ez dutenei ere aplikatuko zaie.

4. Igoerako prozedura Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren esparrura mugatuko da. Barne-egokitzapeneko prozeduran zehaztutako esparruen artean, sartu nahi diren guztiak aukeratzen ahalko dituzte izangaiek.”

Bederatzi. 25. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoak, erakunde autonomo horretan maila, talde edo kategoria handiagoko lanpostu bat betetzen badute aldi baterako barne igoerako prozeduraren bidez, jarduneko zerbitzu berezian daudela deklaratuko da.

2. Jarduneko zerbitzu berezian dagoen denboran, jatorrizko lanpostua erreserbatuko zaio, eta betetzen duen lanpostuari dagokion ordainsaria jasoko du.”

Hamar. 26. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen aldi baterako barne igoera bidez aritzeko izangaien zerrendetan langileak sartzeko, deialdi publikoak eginen dira, bide hauetakoren bat erabiliz:

a) LEP batetik eratorritako sartzeko deialdi bateko proban parte hartzea (oposizio-lehiaketa edo oposizioa).

b) Berariazko deialdi bateko proban parte hartzea.

2. Jarduneko zerbitzu berezia honako kasu hauetan amaituko da: lanpostu hutsa behin betiko betetzen denean edo amortizatzen denean, lanpostua erreserbatuta duen titularra lanpostura itzultzen denean, aldi baterako izendapena errebokatzen denean (hala gomendatzen duten inguruabarrak daudenean), edo Osasuneko kontseilariaren foru agindu bidez garatzen den edozein arrazoirengatik.”

Hamaika. II. kapituluko 5. atalaren izena aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“5. ATALA

Laguntza unitateetako eta laguntzako zainketetarako ataletako burutzak
eta laguntzaz kanpoko atal eta unitateetako burutzak betetzea”

Hamabi. 29. artikulua aldatzen da. Hemendik aurrera, testu hau izanen du:

“Laguntza unitateetako burutzak, laguntzako zainketetarako ataletako burutzak eta laguntzaz kanpoko atal eta unitateetako burutzak merezimendu-lehiaketa bidez beteko dira. Lehiaketa horretan parte hartzen ahalko dute Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileek, baldin eta jarduneko zerbitzuan edo zerbitzu berezian badaude eta dagokion deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Lanpostu horiek betetzeko merezimendu-lehiaketek bi fase izanen dituzte. Lehenbiziko fasean baloratuko dira izangaiek alegatu eta agirien bidez frogatutako merezimenduak. Bigarren fasea baztertzailea izanen da, eta honako honetan datza: bete beharreko lanpostuari eta deialdiaren xede den unitatearen antolamendu tekniko-administratiboari buruzko lan-memoria bat egitea, eta haren edukia jendaurrean azaldu eta defendatzea, bai eta izangaiak lanpostua betetzeko aurkeztutako merezimenduak defendatzea ere.

Deialdietan bi faseetako gehieneko eta gutxieneko puntuazioak finkatuko dira, eta bigarrenari bi faseen multzoaren %48ko balorazioa dagokio.”

Hamahiru. 31. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Hemendik aurrera testu hau izanen du:

“2. Burutza betetzen den bitartean, izendatuak lehen zituen lanpostua eta destinoa gordetzeko eskubidea izanen du. Izendatu zutenean ezarritako aldia igarotakoan, erreserbatuta zeukan lanpostua beteko du berriz, salbu eta burutzan jarraitzea agintzen bada dagokion bitarte baterako izendapenaren bidez edo merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez lanpostua betetzeko dagokion prozedura egin ondoren.

Burutzan jarduteko aldia amaitu baino gutxienez sei hilabete lehenago, haren deialdia egin beharko da. Nolanahi ere, bitarteko egoera amaituko da burutza lortu duen pertsona izendatzen denean, dagokion merezimendu-lehiaketa egin ondoren.

Burutza horiek betetzen dituztenen kargu-uzteen arrazoiak foru dekretu honen 17. artikuluan jasotakoak izanen dira.”

Hamalau. Erantsi da 5 bis atala II. kapituluan, bai eta 31 bis eta 31 ter artikuluak ere, eta honela idatzita agertuko dira:

“5 BIS ATALA

Koordinazioak

31 bis artikulua.

1. Osasun koordinazioko zereginak agintzen ahalko zaizkie Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko estamentu eta espezialitateen eranskineko osasun estamentu hauetako langileei: A.3 (osasun-diplomadunak), A.4 (osasuneko teknikariak), A.6 (osasun-laguntzaileak) eta A.7 (zeladoreak).

2. Zeregin horiek kasu hauetan agintzen ahalko dira:

a) Osasun zerbitzuak behar bezala emateko garrantzi berezia duten proiektu berriak abian jartzeko.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren zentroetako unitate organiko edo bulego desberdinetan lan egiten duten lanpostu bereko langileak zeharka koordinatzeko.

3. Pertsona horiek gehienez ere sei urterako izendatuko dira, merezimendu eta gaitasun printzipioen araberako norgehiagoka prozesu baten bidez, non parte hartuko baitute koordinazioa eginen den zentroko langileek.

4. Izendatu zutenean ezarritako aldia igarotakoan, langileak bere ohiko eginkizunak beteko ditu berriz, salbu eta koordinazioko zereginetan jarraitzea agintzen bada dagokion bitarte baterako eginkizun-esleipenaren bidez edo dagokion prozedura egin ondoren.

Eginkizun-esleipeneko aldia amaitu baino gutxienez sei hilabete lehenago, koordinazioaren deialdia egin beharko da. Nolanahi ere, bitarteko egoera amaituko da koordinazioa lortu duen pertsonari eginkizun-esleipena egiten zaion unean.

Koordinazioko eginkizunak betetzeari uzteko arrazoiak foru dekretu honen 17. artikuluan jasotakoak izanen dira.

31 ter artikulua.

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lehen osasun laguntzako medikuek mediku espezialista aukeratzeko ahalmenari eta osasun laguntza espezializatuaren mailako atentzio eta segimendu pertsonalizatuari buruzko abuztuaren 3ko 241/1998 Foru Dekretuak aipatzen dituen espezialitate medikoetan, bai eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez zehazten diren beste espezialitate edo arlo batzuetan ere, koordinazio medikoko lanak egiten dituzten pertsonak egoten ahalko dira. Ebazpen berean, haiei dagozkien eginkizunak zehaztuko dira, baita horiek egiteko baldintzak ere.

2. Pertsona horiek gehienez ere sei urterako izendatuko dira, merezimendu eta gaitasun printzipioen araberako norgehiagoka prozesu baten bidez, non parte hartuko baitute koordinazioa eginen den zentroko langileek.

3. Izendatu zutenean ezarritako aldia igarotakoan, langileak bere ohiko eginkizunak beteko ditu berriz, salbu eta koordinazioko zereginetan jarraitzea agintzen bada dagokion bitarte baterako eginkizun-esleipenaren bidez edo dagokion prozedura egin ondoren.

Eginkizun-esleipeneko aldia amaitu baino gutxienez sei hilabete lehenago, koordinazioaren deialdia egin beharko da. Nolanahi ere, bitarteko egoera amaituko da koordinazioa lortu duen pertsonari eginkizun-esleipena egiten zaion unean.

Koordinazioko eginkizunak betetzeari uzteko arrazoiak foru dekretu honen 17. artikuluan jasotakoak izanen dira”.

Hamabost. Aldatzen da lehen xedapen indargabetzailea, eta honela idatzita agertuko da:

“Osasuneko kontseilariak garatuko ditu, foru agindu bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta lanpostuak betetzeko deialdietako oinarri eta merezimendu orokorren baremoak, bai eta aldez aurreko egokitzapenaren sistemen prozedura berezia ere, foru dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera, sindikatuekin dagokion negoziazio-mahaian negoziatu ondoren.

Deialdi horien tramitazioa egokituko da Foru Komunitateko Administrazioko gainerako lanpostuak betetzeko oro har ezarritako araudira.”

Hamasei. Zazpigarren xedapen gehigarria eransten da, eta honela idatzita agertuko da:

“Zazpigarren xedapen gehigarria.

1. Egitura organikoa arautzen duten xedapenetan izenak jartzen ahalko zaizkie II. kapituluko 5. atalean aipatzen diren laguntza unitateetako burutzei, eta izendapenari gehituko zaio unitatea gehienbat osatzen duten langileen kategoriaren izena.

2. Burutza horiek betetzeko deialdiak parte hartzeko baldintza gisa ezarriko du izendapenean agertzen den kategoria jakin batekoa izatea.”

Lehen xedapen gehigarria.

Foru dekretu hau indarrean sartzen denetik, eta egitura organikoa arautzen duten xedapenen bidez burutzen izenean aldaketarik gertatzen ez den bitartean, erizaintza unitatetako burutzei egindako erreferentziak laguntza unitateetako burutzei egindakotzat hartuko dira.

Bigarren xedapen gehigarria.

Osasuneko kontseilariaren foru-agindu bidez, burutzen kudeaketa etengabe hobetzeko ebaluazio-sistema bat ezarriko da. Ebaluazio horren emaitza burutza betetzen duen profesionalaren hobetu beharreko arloei buruzko txosten bat izanen da.

Lehen xedapen iragankorra.

Laguntzako zerbitzu eta ataletako buruek, lanpostua oposizio-lehiaketa irekiaren bitartez lortu badute eta foru dekretu hau indarrean jartzen den egunean sei urte bete badituzte lanpostu horretan, hor jarraituko dute harik eta lanpostua betetzea ebatzi arte edo dagokion prozeduraren bidez bitarteko izendapena egiten zaien arte. Kasu horietan, 347/1993 Foru Dekretuaren 17. artikuluan jasotako kargu-uzteen arrazoiak aplikatuko dira.

Bigarren xedapen iragankorra.

Foru dekretu hau indarrean jartzen denean jarduneko zerbitzu berezian daudenak aurreko aldi baterako barne igoerako prozeduren ondorioz, egoera horretan jarraituko dute harik eta Osasuneko kontseilariaren foru agindu bidez garatzen diren arrazoietako batengatik egoera amaitzen den arte, eta 8 urteko gehieneko epea zenbatzen hasiko da arau hau indarrean jartzen denetik.

Hirugarren xedapen iragankorra.

1. Foru dekretu honek indarra hartutakoan hutsik dauden edo bitarte baterako izendapenez betetzen ari diren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako laguntza unitateetako burutza, laguntzako zainketetarako ataletako burutza eta laguntzaz kanpoko atal eta unitateetako burutza guztiak merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko deituko dira 2022., 2023. eta 2024. urteetan, bat etorriz ezartzen denarekin Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan eta hura garatzen duen araudian.

2. Deialdi honetarako soilik, hiru kidek osatuko dituzte kalifikazio epaimahaiak:

Epaimahaiburua: bete beharreko burutzaren gainetik dagoen nagusi bat.

Epaimahaikidea: burutzaren atxikipen eremuko Langileen Batzordeko kide bat, batzordeak berak proposatua.

Idazkaria: dagokion erakunde autonomoan langileen arloan eskumena duen organo gorenaren titularra edo hark eskuordetutako pertsona.

Laugarren xedapen iragankorra.

Arau hau argitaratzen den unean dauden koordinazioei dagokienez, izendapen askeko sistemaren bidez bete badira, horiek betetzeko deialdia egin beharko da merezimendu eta gaitasun printzipioen araberako norgehiagoka prozesu baten bidez, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean.

Bosgarren xedapen iragankorra.

Martxoaren 3ko 44/2003 Foru Dekretuaren eranskinak aldatzen ez diren bitartean (foru dekretu horren bidez zehaztu eta esleitzen dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuei dagozkien ordainsari osagarriak), arau horretan erizaintza unitateko buruari egindako erreferentziak foru dekretu honetan aipatzen diren laguntza unitateko burutzei egindakotzat hartuko dira. Orain arte erizaintza unitateek zuten sailkapen bera izanen dute burutza horiek (I, II eta III), baina B, C edo D mailari dagokionez, kasuan kasuko laguntza unitateko burutza betetzen duen langilearen sailkapen mailaren arabera.

Lehen xedapen indargabetzailea.

Indarrik gabe gelditzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko oinarrizko osasun laguntzako medikuek mediku espezialista aukeratzeko ahalmenari eta osasun laguntza espezializatuaren mailako atentzio eta segimendu pertsonalizatuari buruzko abuztuaren 3ko 241/1998 Foru Dekretuaren 8. artikuluko 3. apartatua.

Bigarren xedapen indargabetzailea.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.

Ahalmena eman zaio Osasuneko kontseilariari, foru dekretu hau garatzeko beharrezko xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko irailaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2212412